Eskola hesiarekin itxita eduki edo herriko plazara irekia egon, berdin ote dio? Haurrarentzat gauza bera ote da gela txikietan aritzea edota areto zabaletan jardutea? Eragin bera ote dute ikaskuntza-prozesuan espazio mota guztiek?
Eskola arbola baten azpian sortu zen, Louis Khan arkitektoaren teoriaren arabera. Pertsona bat, irakaslea zela jakin gabe, beste batzuekin eztabaidatzen hasi zen hainbat gairen inguruan. Beste haiek ere ez zekiten ikasle zirenik, baina gertakari hark eurengan izan zuen eragin onuragarriaz oharturik, euren seme-alabek ere maisu hari entzun ziezaioten desiratu zuten. Horretarako espazioak eraikitzen hasi ziren, eta hala jaio zen lehenengo eskola.
Zer funtzio betetzen du, ordea, lehen eskola izan zen zuhaitz hark? Ba ote du eraginik ingurune fisikoak ikaskuntza-prozesuan? Nolako rola jokatzen du arkitekturak hezkuntza-guneen esparruan? Zein erlazio dago eskola bateko espazioaren antolaketaren eta eremu horretan egiten den pedagogia motaren artean?
Arkitekturaren eta hezkuntzaren artean zer nolako erlazioa dagoen aztertzeko “The Best School in the World. Eskola Arkitektura Finlandian” proiektua ekarri dute Oteiza Museora Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren ekimenez. Izen bereko erakusketa ez ezik, mahai-inguruak, programa pedagogikoak eta bisita gidatuak ere antolatuko dituzte urtarrilaren 11 bitartean. Proiektu horren bidez Finlandiako zazpi hezkuntza-eremu arrakastatsutan arkitekturak eta diseinuak egindako ekarpena analizatu nahi izan da, eta, bide batez, arkitekturaren eta pedagogiaren artean egon daitezkeen loturen inguruan hausnartu.
Arkitektura hezitzaileen jardunerako osagarri bat da, laguntza bat; era berean, arkitekturak hezkuntza jarduera hori gertatzen deneko markoa ezartzen du. Horregatik arkitekturak sekulako indar pedagogikoa izan dezake. Ondorio horixe atera zuten Javier Larraz, Oscar Perez eta Clara Eslava arkitektoek eta Alfredo Hoyuelos pedagogoak arkitekturak hezkuntzan duen eraginaren inguruan urriaren 23an Oteiza Museoan egin zuten mahai-inguruan. Lau adituon irudiko, hezkuntzarako espazioak pedagogikoa izan behar du, arkitekturak haurrak hez baititzake formen, espazioen, materialen, argiaren, testuren, proportzioen… bitartez.
Etxearen atzetik eskola da haurrak ezagutzen duen lehen ingurune fisikoa. Eguneko orduen ia herena ematen du bertan, eta espazio horrek eragina du haurraren haziera eta heziketan. Perezen esanetan, indibiduo autonomo eta izaki sozial bihurtzen gara eskolan, eta prozesu horretan gure inguruneak isilean hitz eginez eragiten digu, modelatu egiten gaitu. Espazioak ez du esplikaziorik ematen, ez du metodologia zehatzik erabiltzen, haurrei ez die ongi edo gaizki zer egin duten esaten, baina hezkuntza garatzen deneko plaza da eta horrek baditu ondorioak: “Espazioak zuzenean eragiten du haurren formazio sentsorialean. Haurraren gaitasun espaziala eskolara mugatzen da sarri. Ingurune fisikoak eta arkitekturak zuzenean baldintzatzen du hezitzaileek eta haurrek jarduteko eta harremanetan egoteko duten modua. Hori imajina dezakeguna baino askozaz ere garrantzitsuagoa da. Zalantzarik gabe, espazio atsegin bat erabiltzaileentzat akuilu eta pizgarri izan daiteke, —izan eskala edo proportzioagatik, argiaren erabileragatik, materialengatik edota erosotasunagatik—”. Horrexegatik, arkitektoaren aburuz, espazio sosegatuak, lasaiak eta argitsuak eraiki behar dira; proportzio eta eskalagatiko tentsiorik izango ez dutenak, eta ondorioz, haurren heziketa-prozesua eskailera maila bat goragotik abiatzeko aukera emango dutenak. Hala, irakasleek ez lukete ikasleei besteekin harremanak izatea zer den azaltzeko beharrik izango, espazioak horretara bultzatzen dituenez, jada elkarrekin erlazionatzen baitira; ez lukete soiltasuna, malgutasuna edota gardentasuna bezalako kontzeptuak esplikatzeko premiarik ere izango, arkitekturak berak transmitituko bailituzke kontzeptuok.
Haurrak etengabeko elkarrizketan aritzen dira arkitekturak eskaintzen dituen espazioekin; haurra bera ere espazioa baita, eta haurrak ere jaiotzen denetik inguruak eskaintzen dizkion aukerak arakatzen baititu gorputzaren bidez. Hoyuelosen arabera, haurrak arkitekturak eskaintzen dizkion gainazalak islatzaileak —ispiluak, adibidez— erabiltzen ditu bere burua ezagutzeko, eta txiki txikitatik arkitektura horren baitan besteekin harremanean egon nahi du; “haurrek euren espazioak eraikitzen dituzte, eskuekin arkitekturak eskaintzen dizkien forma, material eta eiteak ukituz ingurunea arakatzen dute, sortzeko, berregiteko eta deseraikitzeko; gardentasunak baliatzen dituzte beste toki batzuetan gertatzen ari dena behatzeko eta ezagutzeko, eta begiratokiak inprobisatzen dituzte perspektiba diferenteetatik errealitatea ikusteko”. Ondorioz, Hoyuelosek uste du eskoletako arkitektura egiten ezin dela jarraitu haurrek uneoro ematen dituzten ideiei muzin eginez: “Zergatik ez arriskatu apur bat gehiago eta arkitektura ludikoagoa egin haurrentzako?” Era berean, eskolak diseinatzerako orduan arkitektoen eta pedagogoen artean elkarrizketa handiagoa beharko litzatekeela irizten du. Osmosiari, hau da, barrualdearen eta kanpoaldean arteko loturari, behar besteko garrantzirik ez ematea ere kritikatzen du. Barneko espazioak asko zaintzen diren arren, kanpokoekin kontrakoa gertatzen dela pentsatzen baitu. Dikotomia horren atzean hierarkizazioaren kultura dagoela dio; garrantzitsuena —benetako ikaskuntza— barruan gertatzen baita eta kanpokoa denbora-pasa baita.
Espazioaren esperientzia bizipen existentziala da eta guztiok esperimentatzen dugu lehen haurtzarotik, jaiotzen garenetik eta, akaso, lehenagotik. Hortaz, Eslavak azaldu bezala, eskolen arkitekturak badu eragina heziketan: “Eskola emozioetatik proiektatu behar dugu, izan dadila nahi kolektiboaren ispilu. Eskolak babesgune ere izan behar du, baita barruko espazioaren eta kanpokoaren arteko zubi ere. Eskolak esperientzia ekologikoari bidea ireki behar dio eta bertakoarekin, lokalarekin lotura egiteko balio behar du. Eskolaren arkitekturak malgutasunez jokatu behar du eta haurrari espazioaren esperientzia estetikoa bizitzeko aukera ere eman behar dio”.
Finlandiako eskolek herrixken tankera dute
Finlandiako hezkuntza-sistemak dituen helburu berberak erdietsi nahi dira hango eskolen arkitekturaren bidez ere; hala nola, pertsonen osasun fisikoa, mentala eta soziala bermatzea; berdintasuna bultzatzea edota guztientzako balioko duen eskola eraikitzea. Horrexegatik, eskolako espazioek era bateko zein besteko erabiltzaileentzat balio beharko lukete eta haur bakoitzak bere garapen-ziklo ezberdinetan izan ditzakeen premiei erantzun beharko lieke. Eskolak ziurtatu behar du ikasleen eguneroko jarduna esanguratsua, osasuntsua eta segurua dela euren garapen eta ongizaterako. Arkitekturaren bidez, ordea, nola sustatzen dituzte Finlandian balio horiek? Espazioen diseinu eta egiturak lagun ote dezakete hezkuntza-sistemak dituen helburu horiek betetzen?
Galdera horiei erantzuteko hainbat gako ematen dira Oteiza Museoan inauguratu berri duten “The Best School in the World. Eskola Arkitektura Finlandian” erakusketan. 2000 eta 2010 urteen artean Finlandian eraikitako zazpi eskola eredugarri erakusten dira bertan. Zein dira, baina, zentro horiek bikaintasun pedagogikoa lortzeko jarraitu dituzten irizpideak? Nolako ezaugarriak dituzte hezkuntza-emaitzei dagokienez, halako arrakasta lortu duten eskola horiek?
Herri txikien antza dute Finlandiako eskolek. Era guztietako jarduerak egiteko espazio ugari dituzte: talde-lanean aritzeko areto handiak, bakarkako lanerako gela txikiak, tailerrak, beste ikasleekin nahiz profesionalekin erlazionatzeko pasabide eta plazak, egongelak, jantokiak, kirol-eremuak... Eskolen egitura fisiko horren bidez Finlandiako gizartean hain errotuta dauden hainbat balio sustatzea dute xede: inklusioa, kulturartekotasuna, berdintasuna, malgutasuna, gardentasuna... Erakusketaren komisario Javier Torresek dioenez, arkitekturaren bidez ere balio horiek landu baitaitezke: “Azaleren, proportzioen, konpartimentazioen, bolumenen, koloreen, testuren, altzarien, materialen... bitartez imajinatzen duguna baino balio pedagogiko gehiago transmititzen dira”.
Finlandian hezkuntzari ematen zaion garrantziaren isla da heziketa-zentroen arkitektura eta diseinua. Bigarren Mundu Gerraz geroztik herrialdearen garapenerako giltzarri izan da hezkuntza, eta nagusiki, 70eko hezkuntza-erreformaren ondotik joan da egikarituz aldaketa eta garapen hori. Aurrez, forma hierarkizatuan eta ikasgela estandarizatuetan irakasten zen Finlandian ere. Ikasleak idazmahaien atzean jesarrita, banaka eta errenkan, arbelera begira egon ohi ziren. Gelako atea itxita, bertako jarduna irakaslearen domeinupean egoten zen, eta hark oholtzatik ikasleek bizitzan aurrera egiteko behar zituzten irakaspenak ematen zizkien. Eskola haiek bulegoen, fabriken edota ospitaleen antza zuten. Azken urteetan, baina, irakaslean zentratutako irakaskuntzatik, erdigunean haurra duen irakaskuntzara igaro dira Finlandian, eta horrek arkitekturan ere eragina izan du.
Komunitatera irekita daude Finlandiako eskolak. Ez dituzte ikasleek soilik erabiltzen, baizik eta herritar guztiei begira eraiki dira. Izan ere, eskola ez ezik, gizarte-zentro ere badira eraikuntza horiek, eta eskola orduetatik kanpo beste hamaika funtziotarako erabili ohi dira; hala nola, haurrak zaintzeko, familiak elkartzeko, gaueko eskolak emateko, kontzertuak egiteko, jarduera kulturalak antolatzeko, aisialdiko ekintzetarako... Hiritar guztien zerbitzura dauden zentroak dira eta Finlandiako eremu askotan herriko eraikuntza publiko bakarrak. Horrexegatik, orain dela bizpahiru hamarralditik honantz, eskolen diseinua eta egituraketa erabakitzeko orduan ez dute arkitektoek soilik parte hartzen, baita irakasle, ikasle, guraso, bestelako profesional eta herritarrek ere. Eskolaren irekitasunaren ispilu da hango hezkuntza-zentroek itxiturarik ez izatea. Kanpoaldean ataria izan ohi dute eta berau ingurunearekin —herriarekin, auzoarekin, basoarekin, parkearekin...— harmonian egon ohi da. “Finlandiarrentzat eskola funtsezko pieza da komunitateari begira, ez da heziketarako pieza klabea soilik, baizik eta gizartean egituraketa eta kohesioan ere funtsezko rola jokatzen du”, argitzen du Torresek.
Finlandiako eskoletan ohikoa da erabilera anitzeko areto handiak eraikitzea. Elkartzeko toki publikoak izan ohi dira. Eremu horiek pertsonen arteko interakzioa sustatzen dute eta hori kontzienteki erabilitako estrategia da. Espazio komunak edukitzeak sozialki batasuna ematen dio eskolari, era guztietako pertsonen arteko —gazteak, zaharrak, ikasleak, gurasoak, emakumeak, gizonak...— elkarrizketa bultzatzen du, eta gune horren erabiltzaileei komunitate bateko kide izatearen sentsazioa ematen die. Areto horiek talde-lanerako edota tailerretarako ez ezik, eskola-orduez kanpo ere, beste hamaika jardueratarako erabiltzen dira: hitzaldiak, kontzertuak, elkarretaratzeak... Finlandian argi baitute ikaskuntza ez dela soilik gela jakin batzuetan ematen, baita jangeletan, kirol-guneetan, patioan edota auditorioan ere; eta ez dela irakasleekin soilik ikasten, baita norbere gela eta adinekoak ez diren beste ikasleekin nahiz zentroko gainontzeko langileekin edota beste herritarrekin ere.
Areto eta pasabide espaziotsuekin batera, ondo diseinatutako eskola batek txoko pribatuak ere izan behar lituzke, Finlandiako hezkuntza-sistemaren arabera. Bertan ikasleek euren kasa jarduteko aukera dute, helduen ikuskapen beharrik gabe. Pertsonek isiltasunean aritzeko parada izango duten eremuak beharrezkotzat jotzen ditu Finlandiako hezkuntzak. Taldean aritzeari ez ezik, garrantzia ematen baitiote txikitatik, nork bere buruaren ardura hartu eta bakoitza bere kasa aritzeko gaitasunari ere. Hala, espazio txiki horiek kontzentratzeko, analisirako, ikaskuntza autonomorako, hausnarketarako, erlaxatzeko... aukera ematen diete ikasleei.
Garapen jasangarriari ere begiratzen dio Finlandiako arkitekturak. 2000. urteaz geroztik eraikitako eskolen helburu nagusietako bat iraunkortasuna da, hau da, ez daitezela egun batetik bestera hondatu edota zaharkituta geratu. Erakusketan ageri diren zazpi eraikuntzak mantentzeko eta konpontzeko errazak eta merkeak dira. Malgutasuna kontzeptua ere behin eta berriz errepikatzen da Finlandiako arkitekturan. Erabilera anitzeko espazioei ez ezik, etorkizuneko beharrak aurreikusteko gauza izateari eta unean uneko premietara egokitzeko gaitasunari ere egiten die erreferentzia kontzeptu horrek.
Ez dago gomendio unibertsalik eskolaren tamaina zehazten duenik. Eskola batera ehunka ikasle badoaz, bloke txikiagoetan banatzen dute eraikina. Hala, irakasle bakoitzak berari dagokion blokeko ikasle guztiak ezagutu ahalko ditu, eta ikaslerik gazteenek ere, orientatzeko zailtasunik gabe, euren bidea aurkitzeko modua izango dute. Ildo berean, Finlandiako eskoletan ez daukate egituraketa edota altzari estandarizaturik ere. Zentro bakoitzak autonomia du bere hezkuntza-proiekturako egokienak diren bitartekoak erabiltzeko.
Finlandiak kalitate handiko arkitektura-tradizioa du, Torresek adierazi bezala, eta horri ere zor zaio eskolen diseinuaren arrakasta. Kurioski, arkitektura japoniarrak eragin handia izan du eurengan: “Espazio malguak izan ohi dira, balioa handia ematen diete ondo diseinatutako objektuei, espazio hutsei, espazioen jarraitutasunari edota itzalei. Hemen baino eskuzabaltasun handiagoarekin aukeratzen dituzte eraikinen kokalekuak, eraikuntzaren eta bere ingurunearen arteko elkarrizketa oso garrantzitsutzat jotzen dute, eta kanpoko espazioak asko erabiltzen dituzte”.
Berdintasuna eta kalitatea, zutabe
PISAko emaitzek finlandiarrek bazekitena jakinarazi zieten besteei: munduko hezkuntza-sistemarik onenetakoa duela herrialde eskandinaviarrak. PISAko emaitza bikainak, gainera, ekitatiboak dira, ikasle gehienek lortzen dituzte goi mailako puntuazioak, eta oso ikasle gutxik emaitza kaxkarrak. Berdintasuna eta kalitatea dira, bada, hezkuntza sistemaren oinarriak. Eta hezkuntza-sistema herrialdearen ongizatearen eta garapenaren oinarri.
Ez ditu ehun urte Finlandiak. Eta ia 40 urteko sendotasuna du hango hezkuntza-sistemak. 1917an, Errusian iraultza egin zutela baliatuz, independentzia aldarrikatu zuen Finlandiak edo Suomiko Errepublikak, Suediaren menpe ia 700 urte bizi izan ondoren. Europako herrialde handienetakoa da azaleraz, baina txikienetako dentsitatez. Herrialdean zatirik handienean suomieraz hitz egiten da, eta iparraldean laponieraz.
Sendoa da Finlandiako hezkuntza-sistema. Irakasleriak, herritarrek, komunikabideek eta politikariek babesten dute hezkuntza-sistema. 1978an erreforma sakona egin zen eta ordudanik, boterean aldaketak egon diren arren, politikariek adostasunari eutsi diote gaurdaino. Egonkortasun horren ardatzetako bat udalek duten esku hartzea da; erabakiak hartzeko eta baliabideak kudeatzeko eskumen handia dute udalek. Horrez gain, Hezkuntza Kontseilu Nazionala eta Hezkuntza Ministerioa arduratzen dira sistemaren antolaketaz. Beti ere, eskolen autonomia zainduz: ikastetxeek egitasmo pedagogikoan eta curriculum planteamenduan autonomia handia dute.
Gako ugari ditu Finlandiako hezkuntza-sistemaren bikaintasunak, baina gako nagusietako bat sistemaren ezaugarri guztien elkarrekikotasuna da. Eskolen arkitektura da hezkuntza-bikaintasunaren ezaugarrietako bat ikusi den bezala, baina horrekin batera, administrazio-antolaketa malgua, tokiko erakundeen indar eta esku hartzea, komunitatearen presentzia, ikasleen aniztasuna zaintzea, inklusioa, aukera berdintasuna, doakotasuna, metodologia, ebaluazioa, ikasleak duen protagonismoa, ardura, autonomia... ezaugarri horiek guztiak elkarreraginean garatzen dira Finlandiako eskoletan.
Irakasleriak gidatzen du, komunitatearekin batera eskola, nahiz eta familiek euren gain hartzen duten seme-alaben heziketaren ardura nagusia. Zuzendariari dagokio ikastetxearen kudeaketaren erantzukizun handiena, eta berau udalak hautatzen du. Hautaketa horretan zuzendari-gaiaren profila, lanbide ibilbidea, zuzendaritza-plana eta gaitasun pertsonalak balioesten dira. Zuzendariak aukeratzen du bere lan taldea garatu nahi duen eskola-proiektuaren arabera, eta irakasle gehienak finkoak eta iraunkorrak dira.
Komunitatearen presentzia ere garrantzitsua da Finlandiako eskoletan. Bai fisikoki —eskolak herritar guztiei irekitzen baitizkie ateak— baina baita erabakimenetan ere, gurasoek ohitura handia baitute udaletako hezkuntza-batzordeetan parte hartzeko, baina baita euren seme-alaben prozesuaren jarraipen zuzena egitekoa ere, eta besteak, ebaluazioan parte hartuz, familiek eta irakasleek elkarrekin hausnartzen baitute ikasleen ikaste-prozesuaren inguruan. Haurren autoebaluazioak ere garrantzia handia du, nork bere prozesuaren indarguneak eta ahulguneak ezagutzeko lana hartzen dute. Azken batean, hasieratik bukaera arte, haurra da bere ikasketa-prozesuko protagonista. Haatik, ikastetxeek ez dute kanpoko ikuskaritzen ebaluaziorik —soilik DBH amaitzean nazio mailako azterketa dute—, eta errepikapenak saihesteko lan handia egiten dute eskolek. Finlandiako hezkuntzaren ezaugarrietako bat ikasle bakoitzaren prozesua jarraitzea denez, beharrak edo arazoak dituen ikaslea garaiz eta ondo ezagutzea, eta beharrezko duen laguntza ematea lehenesten baitute.
Eskolatik kanpoko egitura eta ohiturek ere laguntzen diote hezkuntza-sistemari. Familiek irakurtzeko eta liburutegietara joateko duten ohitura handia lagungarri da, baina baita irakasleen prestigio soziala ere, neurri handi batean haien prestakuntza handiarekin lotua dagoena (urtero 4.000-6.000 ikaslek eskatzen dute Irakasle Eskolan sartzea, baina 700-800 besterik ez dira onartzen bost urteko unibertsitate-ikasketa horiek egiteko). Finlandiako sistemaren arabera, irakasle onenak lehen etapetan kokatu behar dira, ikaskuntzako lehen urteak garai erabakigarri eta garrantzitsutzat hartzen baitira. Era beran, irakasleek gurasoen eta komunitatearen babesa jasotzen dute.