“Erditzean gorputzak berak eskatzen du mugimendua eta posizio askea”

2015-05-14

Mugimenduak mesede egiten dio erditzeari, uzkurduren min sentsazioa apaltzen laguntzen duelako batetik, eta, bestetik egozpen fasean haurrari bidea errazago egitea ahalbidetu diezaiokeelako. Pelbia askeen uzten duten mugimenduak dira, oro har, mesede handiena egiten diotenak haurdunari, baina norbere gorputzak eta minak berak esango dio andre bakoitzari nola mugitu. Pelbiaren mugimendua hain garrantzitsua izanik, haurdunaldian umetokiaren kabi eta erditzean jaiotzeko pasabide den hezurdura hori ezagutarazi digute Itsaso Ugartemendia eta Alazne Apalantza haurdunaldian eta erditze ostean espezialdutako fisioterapeutek.

 

 
 
“Erditzean gorputzak berak eskatzen du mugimendua eta posizio askea”

Gorputz kontzientzia hartzen, bereziki haurdunaldian eta erditzean parte hartzen duten atalak, horien mugimenduak  eta arnasketa lantzen dituzte Ibarrako Bat Izan osasun zentroko Itsaso Ugartemendia eta Alazne Apalantza haurdunaldian eta erditze ostean espezialdutako fisioterapeutek, emakumeek erditzeko unean baliabideak izan ditzaten, eta euren gorputzari eta minari entzuten eta erantzuten jakin dezaten lagunduz.

Historikoki emakumeak erditzean mugitu egin direla ikus liteke arte ondarean, eta denboraldi luze batez erietxeetan oheraturik egon badira ere, berriro mugitzeko askatasun handiagoa dute emakumeeak erietxeetako erditzeetan ere. Zer nolako garrantzia du mugimenduak erditzean?

Erditzea ezin da ulertu mugimendurik gabe. Era askean, kondiziorik gabe erditzen ari diren emakumeak ikustean ohartzen gara animalia sen horri esker, gorputzak berak eta minak eskatzen dutela bai mugimendua baita posizio aske bat ere. Uzkurdura-lanetan senti daiteke mugimenduaren eraginkortasuna, minaren sentsazioa txikiago bihurtuz. Ez du esan nahi mina txikitu denik edo desagertu denik, baina bai min hori sentitzen dugun modua. Beraz, tresna garrantzitsua izango da hau ere.

Aldi berean, mugikortasunak eta aktiboki parte hartzeak umetokiaren lana hobetu dezake. Egun, esaterako, Marcel Caufriezen hipopresiboen metodologia erabil dezakegu haurdunaldiko azken asteetan, baita erditzean ere umetokiaren uzkurduren intentsitate eta erritmoa hobetzeko, hori behar den kasuetan. Edo alderantziz, lasaitzen edo erlaxatzen ez den umetokia, tetanizatzeko arriskuan dagoenean, erlajazio tekniken bidez landu eta berriro lan erritmo egoki bat ahalbidetzen lagunduko dugu. Hau dena, mugimendua, postura eta arnasketa bezalako elementu sinpleak erabiliz lor dezakegu.

Eta pelbiaren mugimenduak zer-nolako garrantzia dauka erditzean? Bai dilatazio fasean, umetokiko uzkurduren bidez umea pelbian enkajatu bitarte eta era berean erabat dilatatu bitarte eta bai bigarren faseari, egozpenari begira, zer onura dakarzkio pelbiaren mugimenduak erditzeari?

Modu motz eta sinple batean esplikatzeko, haurdunaldiko eta erdi-
tzeko puntu estrategikoa pelbia izango da. Pelbi barruan kokatzen baitira bai bagina eta bai umetokia besteak beste. Umea eta umetokia handituz doazen heinean, pelbitik “ateratzen” eta “igotzen” doaz hauek, sabelaldea handituz doalarik. Orokorrean, azken lau asteetan hasiko da haurraren eta umetokiaren jaitsiera prozesua berriro, erditzean pelbia igaro eta haurra jaiotzeko.

Esan dezakegu beraz,  hasiera batean umearen eta umetokiaren kabia izango dela pelbia eta azken fasean berriz, bertatik igaro beharko duela jaiotza osatzeko. Pelbiaren ezaugarri bai eskeletikoak (hezurrak) eta baita malguak ere (muskuluak, lotailuak, fasziak, ehun konektiboa…) kontuan izanda, eta umearen morfologia ezagututa, bide hori pasatzeko mugimendu ezberdinak egin beharko ditu txikiak. Bide horren formak arindu ditzakegu guk bilatuko ditugun postura eta mugimenduekin, zoru pelbikoko eta pelbitik femurrera doazen muskuluen tonuari esker, eta nola ez, arnasketa egoki baten laguntzarekin.

Aipatu duzuen eran, pelbia ez da hezurdura bakar bat. Nolakoa da?

Pelbia lau hezurrez osatuta dago: bi hezur koxal, sakroa eta koxia. Elkarren artean artikulatzen dira, pubiko artikulazio bat, bi artikulazio sakroiliako eta artikulazio sakrokoxigeoaren bidez. Gainera, pelbia bere lotailuei esker ere mugikorra da, are mugikorrago haurdunaldian zehar, garunak relaxina deituriko hormona gehiago jariatzen digulako. Garrantzitsua izango da, gure pelbiaren hezur mugak sentitu eta ezagutzea, gero bere mugimenduak ahalbide-tzeko.

Pelbiaren hezur mugek hiru gune marrazten dituzte barne eskeletoan, erditze faseak ulertzen lagunduko diguten guneak dira. Hauek bisualizatzen baditugu, umeak erditze lanean egin beharreko bide hori ez dela zuzena ikus daiteke, ez du norabide zuzena; alderantziz justu, eskabazio pelbikoa zilindrikoa izateaz gain, kurboa baita.

Haurdunaldian zehar zerbait egin dezakegu erditzeko unean pelbia egoki edukitzeko?

Normalean haurdun gelditu ostean hasten gara gure zainketa fisiko nahiz emozionalarekin, baina garrantzitsua litzateke haurdun gelditu aurreko sei hilabeteetan egin beharreko lana ere. Nolabait ulertzeko, kabiaren prestaketa lana haurdunaldi aurretik egitea izango litzateke egokiena. Bai pelbiaren mugimenduari edota zoru pelbikoari dagokionez, baina baita ere elikadura, kirola, kutsagarri izan daitezken ohiturei etab. dagokionez ere.

Haurdunaldiko lehen 12-16 asteetan ez dugu eskuartzerik egingo emakumearengan, endogenesiko etapan dagoelako. Hortik aurrera ariketa konkretuak egiteaz gain, postura zuzentzeko lana egitea interesgarria izango da. Balorazio estatiko eta dinamikoez gain, egunerokotasuneko keinuak edota norbere lanpostua aztertuko dugu, oker dagoena zuzentzeaz eta egokitzeaz aparte, aurrera begira keinu edo ohitura horiek sor ditzaketen arazoak ekiditeko. Ezinbestekotzat joko dugu arnasketa lana ere, bere kontzientzia landu eta kontrolatzeko.

Hasieran aipatutako artikulazio horiez gain, pelbiak femurrarekin artikulatzen du aldakako artikulazioa sortuz. Estrategikoki puntu garrantzitsua izango da aldaka, bai pelbiaren mugimendu aske hori lortzen lagunduko digulako, baita erditzeko fase desberdinetan artikulazio honen mugimenduaren arabera, eskabazioko zonalde bat edo bestea “irekitzen” lagunduko digulako.

Haurdunaldian zehar eta erditze-lanean ari delarik, nola mugitu daiteke emakumea?

Batetik, gu geu bakarrik mugituz, laguntzarik gabe, postura desberdinetan, baita bikotekidearekin ere. Eta hirugarrenik, mugitzen lagunduko diguten elementu pasiboak erabiliz: fitball, dynair, fularrak, aulkiak, banketak…

Garrantzitsua izango da haurdunaldian mugimendua lantzea erditze-lanean behar dugun hori sentitu, entzun eta egiteko. Hau da, baloi bat sekula erabili ez badut, ez dut ulertuko lau hanketan bere gainean jarrita pelbia era askean mugitu ahal dudala, elementuarekiko ezjakintasunak berak, erditzetik aterarazteko arriskua baitu. Alderantziz berriz, fular elastiko batekin edota, zuzenean bikotearen lepotik zintzilika ariketak egiten baditut eta haurdunaldian zehar eroso eta gustura sentitu banaiz, posible da posizio eta mugimendu horiek ziurtasuna ematea erditzeko egunean eta lan hobe bat ahalbidetu dezake.

Emakume eta erditze bakoitza desberdinak direla jakinda, aurretiko lan hori nolabait egiazko egunean erabili ahalko diren baliabide desberdinak sentitu eta ezagutzeko erabiliko da, gorputz kontzientzia egoki bat lortu eta hortik abiatuta mugimendu askea lortzeko.

Pelbiari dagokionez, aipatu bezala eta mugimendu askea helburu nagusi izanik, fisioterapia tradizionala ere tresna garrantzitsua izango da, blokeo, muga, min edota bestelako arazoak lantzeko. Izan ere, pelbia hezur bezala azpimarratu dugun arren, bertan sortu eta bertara iristen diren muskuluen egoera osasuntsu eta egoki bat garrantzitsua izango da, lotailu eta fasziak bezala, mugimendu ona bermatzeko.

Pelbiaren zainketak eta mugimendu egokiak zoru pelbikoa gutxiago kaltetzen lagunduko luke?

Pelbi mugikor eta postura aske batek gure pelbi zorua gutxiago kaltetuko du. Pelbian ditugun aipaturiko zati desberdinen artean, muskulu, lotailu eta ehun konektiboz osatzen baita zoru pelbikoa ere, nolabait erditzean umeak topo egingo duen azken “muga” delarik. Beharrezkoa izango da egitura hauek ere tonu muskular eta indar egoki bat izatea, erditzean parte hartuko dutelako. Besteak beste, erditzeko azken faseko errotazioan aktiboki lan egiten du gure zoru pelbikoak eta lan hori efektiboa izateko mugimendua eta postura asimetrikoak lagungarri izango dira, tonu muskular egoki bati esker nolabait haurrarentzat “txirrista” bat sortuko duelako. Halaber, ezinbestekoa izango da, arnasketa egoki bat mantentzea eta denborak errespetatzea lesioak ekiditeko.

Hau guztia ulertzeko, argi izan behar dugu fisiologikoki haurdunaldiko azken asteetan batik bat, pelbia asimetrikoa dela (edo hala izan beharko lukeela; hala ez balitz gainera, asimetria bilatzeko lana egingo genuke) eta ez dugula egoera hori zuzentzeko normalizazio lanik egin behar, erditzeko lehen faserako prestakuntza baita. Arlo hori erditze ostean landuko dugu, hor bai beharrezkoa eta garrantzitsua izango delako berriz pelbi orekatu bat izatea. Erditze ondorengo garai hau erditu osteko zortzi hilabetetara luzatuko litzateke. Baina aipatu berri dugun haurdunaldiko azken asteetan, azken hiru asteetan gehienbat (azken hiru aste hauetan jada erditzea hasten dela esan ohi da, progesterona tasa jeitsiera handia dugulako garai horretan eta horrek ahalbidetuko du neurofisiologia arlotik erditzeko hormonen lanaren abiatzea), pelbiaren balorazio bat egin eta gure umearen kokapena jakinda, arnasketa eta mugimendu ariketak asimetrian egingo ditugu umearen enkajamendua bideratzen eta errazten joateko.

Erditzeari begira, eta pelbiaren mugimenduari mesede egite aldera, zein da erditzeko postura egokiena?

Ama bakoitzak bere erditzeko fase bakoitzean sentitzen duena. Ez dago denontzat hoberena den postura bat. Era askean utzitako emakumeak, bere gorputzak eta senak eskatzen dion posizioa bilatuko du eta berarentzat hori izango da hoberena.

Egia da pelbi zoruari dagokionez, albokakoa izan daitekeela hoberena, gero lau hanketakoa eta hauen atze-
tik makurtuta edo erditze aulkietakoa; azken hauetan agian urradura eta etendura gehiago izaten dira, bertikalizaio horrek erditzearen azkartasunarekin duen erlazioagatik, horregatik garrantzitsua izango da bultzadetan bereziki, denborak errespetatzea eta azken faseko lan aktibo hori uzkurdurak indartsuen direnean egitea. Kasu batzuetan zein besteetan, profesionalarentzat oso zaila izango da episiotomia bat egitea (ezinezkoa ez esatearren).

Eta, ikuspegi honetatik,  zein litzateke erditzeko postura desegokiena?

Litotomia gutxien gustatzen zaigun posizioa da. Ginekologia ikuspegitik lan egiteko posizio egokiena izan daitekeen arren, emakumearen posizioa eta umearena kontuan izanda eta eskabazio pelbikoa irudikatuta, argi dago erantzun honen zergatia: Pelbiaren forma zilindrikoa gorunzkoa da; umearen igarobidea luzeagoa da eta  grabitate indarraren aurkakoa; Posizio horizontalean umetokia odol basoen gainean kokatzen da eta umeari iritsi beharreko oxigenoaren bidea oztopa dezake; mugikortasun ezagatik eta episiotomiak egiteko erraztasunagatik, pelbi-zorua kaltetzeko arrisku handia dago, instrumentalizazioa erabiltzeko postura izanik, hauen parte-hartzea dagoenean, pelbi zorua kaltzetzeko arriskua biderkatu egiten da; eta, mugikortasun ezak, min sentsazio haundiagoa eragingo digu.