Isildutako emozioa, galdutako mezua
Haurra triste edo haserre ikusiz gero, emozio horietatik ‘ateratzen’ lagundu nahi dio sarri helduak, negatiboak iruditzen baitzaizkio. Alegia, emozio ‘txarrak’ isilarazten saiatuko da. Baina, “emozio bakoitzak mezu bat dakar berarekin”, dio Nerea Mendizabal psikopedagogoak; emozioa isilaraziz gero, mezua galduko da.
Haurrak sentitzen dituen emozioak eta helduonak berdinak ote dira? Eta, batez ere, haurrak sentitzen edo erakusten duen hori fidagarria al da? Gurasoek eta zaintzaileek euren buruari maiz egiten diozkieten galderak dira, Nerea Mendizabal psikopedagogoaren esanetan. Alegia, helduek sarritan zalantzan jartzen dituzte haurren emozioak. Esaterako, haurra eskolan negarrez utzi, eta zaintzaileak edo irakaleak esaten dionean bera joan orduko isiltzen dela. Kasu horietan, heldua beldur da haurra ez ote zaion “manipulatzen edo adarra jotzen” ari. Baina, Mendizabalen arabera, “guk sentitzen dugun amorrua, poza, beldurra, frustrazioa... horiek guztiak haurrak berdin-berdin sentitzen ditu, baina badago desberdintasun bat: bizitzen duen momentu horretan, intentsitate handiagoarekin bizi du, lehen urteetan umea emozio hutsa baita, ez dago beste ezer”.
Pertsona helduak kognizio gaitasunen ondorioz, ez ditu bere emozioak erakutsiko zenbait lekutan edo pertsona batzuen aurrean, horretarako “desegokiak” iruditzen zaizkiolako. Aldiz, “haurrak garunean arrazonamenduaren partea ez dauka hain garatua eta, horrenbestez, sentitzen duena bere horretan erakusten du: bera ‘ezezagun artean bakarrik’ utzi eta ama edo aita badoala ikusten badu, negar betean erakutsiko du horrek sortzen dion beldurra eta ezinegona. Eta orain eta hemen erakutsiko du, bat-batean eta osorik. Inondik inora ere ez da engainatzen ari”, dio Mendizabalek.
Onartuz gero haurrak adierazten dituen emozio horiek helduen berdinak eta benetakoak direla, kontuan hartzekoak alegia, nola lagundu haserre, triste edo beldurtuta ikustean? Mendizabalen ustez, argia da erantzuna: “Mezulari moduan ikusita: emozio hori mezu bat ekartzera dator”.
Heldu diezaiogun berriz ikasgelan negarrez utzi dugun umearen adibideari. “Momentu arriskutsua, deserosoa da beretzat. Ondo egon nahi du, arriskuetatik salbu, eta segurtasun hori gurasoen ondoan irudikatzen du. Hori ezin du hitzez esan, eta egin beharreko guztia egingo du guri bere ezinegona adierazteko: ez dut hemen egon nahi, ez bainago seguru; zurekin sentitzen naiz seguru”. Hortxe emozioa eta dakarren mezua.
Baina emozio horren aurrean, helduon “erreakzio automatikoa” ukazioa izan ohi da, aintzat hartu beharrean. Mendizabalen ustez, “ez digutelako erakutsi ukazioa ez den bestelako erreakziorik” herentzia kulturalaren parte dela uste du. Ukazio hori “hainbat estilotan” erabil-tzen da, gainera. Batzuetan zuzen-zuzenean haurrari esaten zaio oker dagolea hori sentitzean. Esaterako, gurasoak joatean ikasgelan negarrez gelditu bada haurra, ohiko da “ondo pasatuko ez duzu ba!” esatea, eta Mendizabalen ustez, “une horretan ez da ari umeak bidaltzen dion mezua aintzat hartzen, ezta behar bezala interpretatzen ere”. Haurrak ez dagoela ongi adierazi arren, helduak ukatu egiten du emozio horren egiazkotasuna eta garrantzia: emozio txar hori utzi eta beste emozio bat hartzera gonbidatzen du, beldurra utzi eta pozik egotera.
Beste batzuetan, zuzenean ez ukatu arren bere emozioa, isiltzera gonbidatzen da haurra. Negarrez ari den haur txikia, adibidez, besoetan hartu eta ‘lasai, bukatu da, shhhh...’ gisakoak esatea arrunta dela dio Mendizabalek. Eta, modu maitakorrean bada ere, isiltzeko eskatzen diote: berriz ere emozio hori ukatu eta baztertzeko eskatzen zaio.
Izan ere, Mendizabalen ustez “emozio batzuk ez zaizkigu atseginak edo gustagarriak iruditzen, adibidez beldurra, haserrea, tristura edo frustrazioa. Ez diegu ongietorria ematen; are gehiago, emozio horiek desagertzea nahi genuke”. Ukazioa baztertuta, zer jarrerak lagunduko luke orduan? Emozio hori baimentzeak, ongietorria egiteak. Izan ere, emozio bakoitzak funtzio bat betetzen du. Mezu bat ematera dator eta, beraz, emozioa isilarazten badugu, mezua galduko dugu. “Aldiz, emozioari lekua egiten diogun momentutik, lantzen has gintezke”, dio.
Beldurra: ukatuz indartzen da
Adibide egokia da beldurra deitzen dugun emozioa. Helduari txarra iruditzen zaio sentitzea, eta, ondorioz, desagerrarazi nahi du: “Uste dugu beldurra gainditu egin behar duela umeak, kondizionatu egingo duelako edo aukerak kentzen dizkiolako. Baina beldurrak funtzio bat du: arrisku batez ohartaraztea; funtzio hori oinarrizkoa da”. Beraz, “umearengan egotea garrantzitsua da, eta egotea nahi dugu”. Mendizabalen ustez, beldurrak erakusten du umea bere burua zaintzeko adi-adi dagoela: “Ez al da polita hain txikia izanik kontzientzia maila hori izatea?”.
Gainera, ukatuz beldurra indartu egiten dela ohartarazten du psikopedagogoak: “Beldurra desagerrarazteko lehen zeregina honako da: beldurra kentzeko gogoa kentzea”. Izan ere, “beldurraren kontra zenbat eta borroka gehiago egin, orduan eta indar handiagoa hartzen du”. Adibidez, umeari esaten diogunean ‘ez zaitez horrela jarri, ez da horrenbesterako’, haurraren beldurrari ari gara esaten ‘ba, txorakeriak’. Baina, haurra oraindik ez da seguru sentituko, eta instintiboki beldurraren emozioa intentsifikatu egingo da: arriskuaz ohartarazten ari zaigu beldurra, eta entzugor egiten badiogu, are ozenago ariko da”.
Aldiz, haurraren beldurra aintzat hartu eta horrekin enpatizatzea proposatzen du Mendizabalek, bere tokian jartzeko ariketa egitea. “Haurrari esaten badiogu ‘ezer txarrik gertatuko ez zaizun toki batean egon nahi duzu eta uste duzu gelan bakarrik gelditzen bazara ez duzula jakingo zeure burua zaintzen, ezta?’, orduan ‘bai, horixe da, azkenean ulertu duzu’ erantzungo digu beldurrak”. Behin haurraren emozioa onartuz gero eta hori adierazteko espazioa emanez gero, errazagoa izango da ulertzea umeak beldur hori zergatik sentitzen duen. Alegia, emozioari bide eginda mezua en-tzungo da.
Mendizabalen ustez, behin emozioa eta bere mezua deskubritu dugunean, hori kudeatzeko estrategiak lantzen has daiteke, umearekin elkarlanean. Izan ere, ez zaio esango zer egin behar duen beldurra senti-tzean, “umearekin batera esploratuko dugu zein errekurtso gara genitzakeen beldurrak azalaratzen dituen beharrei erantzuteko”.
Haur autonomoagoa
Psikopedagogoak “emozioen akonpainamendu” deitzen dio umearekin elkarlanean eginiko lanketa horri eta umeari lagunduko dio “bere adimen emozionalaren ardura hartzen eta emozioak kudea-tzen”. Bestela esanda, autonomoago izaten.
Izan ere, bere emozioak ezeztatzean, edo horien aurrean zer egin behar duen esatean, umeak gurasoekiko duen dependentzia indartu egiten da, bere emozioek diotenaz ez dela fidatu behar ikasiko baitu: “Helduon lana izango da zer gertatzen zaion deskubritzen laguntzea haurrari, eta zer errekurtso dituen bere kabuz aurrera egiteko”, dio.
Abiapuntua, helduen emozioetan
Gure egunerokoan egoera arrunt bat izan daiteke: gurasoak gatazkaren bat izan du lanean eta haserre iritsi da etxera. Zerikusirik ez izan arren, haurrak pentsa dezake berarekin dagoela haserre. Gaizki-ulertuak sor daitezke, baldin eta guraso horrek ez badio egoki adierazten haurrari zein diren bere emozioak. Baina, horretarako, bere emozioak kudeatzen jakin beharko du gurasoak. Prozesu hori egin badu, haurrari bere emozioak kudeatzen lagundu ahal izango dio.
Izan ere, Nerea Mendizabalen esanetan, “gure haurren adimen emozionalari lagundu nahi badiogu, ezinbestekoa da lehendabizi gure emozioak ezagutzea eta kudeatzen jakitea. Bestela, egiten duguna ez da koherentea, ez da naturala”.
Guraso batzuk, ordea, beldur izaten dira emozioak adierazita haurraren aurrean ahul agertzeko. “Ahul, edo gizatiar? Emozioak izatea ahul agertzea bada, eta hori txarra bada, haurrari esaten ari gara bere emozioak ere txarrak direla eta ezkutatu egin behar dituela”.
Gainera, haurra “errudun” egiteko arriskua izan genezake geure emozioak ez baditugu egoki kudeatzen. “Askotan nire haserrearen ardura umeari ematen diot: ‘ez ditu gauzak jasotzen, ez dit kasurik egiten, kokoteraino nauka’. Eta nire haserrea nitaz ari da, ez beste inortaz”, dio. Hori azaltzeko adibide bat baliatzen du Mendizabalek: “Umeak ez badu jaten, haserretu egiten naiz. Baina, zergatik nago haserre? Iruditzen zaidalako ez badu ondo jaten gaixotu egingo dela, eta guraso bezala, ahal dudan guztia egingo dut halakorik ez gertatzeko. Hori da nire haserreak erakusten duena”. Eta beldur horren erantzulea ez da haurra: “Hor aske uzten du umea, ardura nire gain dago”.
Dena dela, horrek ez du esan nahi “24 orduz egon behar naizenik kontzientzia maila horrekin”. Ondoren ere beti dago denbora, elkarrizketaren bidez eta emozioen onarpenetik, berriro haurrarekin konektatzeko.