Ruben Iglesias: “Balioa eman behar zaio herritarrak hezkuntzaz aritzeari eta hezkuntzan zeresana edonork duela jabetzeari"

2015-09-11

Maila lokalean hezkuntza proiektu bat nola diseinatu, sortu eta garatu landu du Hezkuntza Plataformen Topaguneak. ­Egun martxan dauden esperientziak eredu hartuta, bakoitzak bere auzo edo herrian hezkuntza proiektu bat egiteko gakoak eskaintzen ditu. Horretarako Euskal Herriko hamaika txokotan garatzen ari diren hezkuntza proiektuetako bat da Orioko ­herri-curriculuma. Egitasmo horren xehetasunen berri eman dio Ruben Iglesias, proiektuaren ­arduradunarekin elkartu da Hik Hasiri.

 
 
Ruben Iglesias: “Balioa eman behar zaio herritarrak hezkuntzaz aritzeari eta hezkuntzan zeresana edonork duela jabetzeari"

Zer-nolako garrantzia dauka herri batentzat hezkuntza-proiektu propioa izateak?

Hezkuntza-proiektu propioa izateak ikaragarrizko balioa du. Azken batean, herri horren izaera zein den ­eta zein izatea nahi dugun definitzen ari garelako. Era berean, herri hezitzailearen ikuspegia lantzeko aukera ere ematen digu. Izan ere, hezkuntza-­eragileetatik (Ikastolen Elkartea, Sortzen, sindikatuak, EHIGE…) eta alderdi politikoetatik kanpo, herritarrok elkartzen ari gara, hezkuntzaren gainean hausnartzeko eta ekiteko. Herritar bakoitzak bere ikuspegia eta bere ideologia ditu, baina gauza bat dugu komunean: jabetzen gara herri-proiektu hezitzaile baten garrantziaz, eta guk ere parte hartu nahi dugu horretan, goi-mailako beste esparru batzuetan izan daitezkeen proiektu edo akordioez gain.

Zer lantzen da herri bateko hezkuntza-proiektua egiten denean?

Hainbat alderdi har daitezke kontuan horretarako. Guk Orio herriaren curriculuma osatu dugu; baina herriko hezkuntza-proiektua hori baino gehiago da. Curriculuma pieza bat besterik ez da. Dima eta Egian hizkuntza-proiektua egin dute, Ondarroan hezkidetza-proiektua, Larrabetzun jantoki autokudeatua… Horiek beste pieza batzuk lirateke. Nire ustez, curriculuma hezkuntza-proiektuaren enborra izango litzateke, eta besteak, berriz, adarrak lirateke. Izan ere, garrantzitsua da denok ikuspegi komun bat izatea, eta hori curriculumarekin lortzen da. Gero, horren barruan, bakoitzak bere eremua landu dezake: parekidetasuna, ingurumenari loturiko proiektuak, aisialdikoak… Baina curriculumak osatuko lukeen bizkarrezurraren bueltan.

Orioko curriculuma diseinatu duzue zuek. Nola diseinatu, sortu eta garatu daiteke hezkuntza-proiektu bat?

Behar batetik eta hausnarketa batetik hasten da guztia. Diagnostiko bat egitea da abiapuntua. Orioren kasuan, diagnostikoa argia zen: herriaren nortasunaren transmisioa galtzen ari ginen. Orioren nortasuna definitzen duten ikur horien transmisio naturala eten egin zen, eta gazteak horrelako erreferentzia gero eta gutxiago ari ziren jasotzen. Horrek arduratu egiten gintuen. Errealitate hori Euskal Herrira estrapolatuta ere, antzeko ­egoeran geundekeela iruditzen zait.

Orioren nortasuna transmititzeko beharra izan da, hortaz, abiapuntua.

Hasierako hausnarketa horixe ­izan da: ez dakigu Orio herri arrantzalea den, turistikoa den… Ez dakigu zer den. Orio herri arrantzale gisa definitu izan da, baina, gaur egun, bospasei itsasontzi besterik ez du. Beraz, Orio herri arrantzalea da? Hala izan da, eta erro horiek baditu, baina, gaur egun, Orio zer den definitzeko eta, garrantzitsuagoa dena, etorkizunera proiektatzeko, ez dauka zentzu handirik herri arrantzale gisa agertzeak. Azken batean, klixe batzuk dauzkagu buruan iltzatuta, baina ez dira errealak ez XXI. mendeko Oriorako, ez herriaren garapenerako. Horregatik iruditu zitzaigun herritar guztion artean ildo komunak identifikatu behar genituela.

Hortik abiatuta, bi galdera egin dizkiogu guk geure buruari: batetik, zer daukagu komunean oriotarrok?; eta, bestetik, zer eduki nahi dugu komunean? Hirugarren galdera bat ere planteatu dugu: zer ekarpen egin geniezaioke Oriotik Euskal Herriari?

Eta galdera horien erantzunak herriaren curriculum batean egituratu dituzue?

Hori da. Galdera horien erantzunen bila joan ginen gu, erantzunak herriaren curriculum batean egituratzeko asmoz. Zentzu horretan, esperientzia honen berritasunetako bat ­eredua izan daiteke, hau da, nola ari garen egituratzen prozesua.

Beste herrietan ere egin dira antzeko ariketak; adibidez, unitate didaktikoak. Baina horiek askotan adituen eskuetan geratzen direla iruditzen zitzaigun. Lanak egiten direla eta oso txukunak direla, baina, gutxik esku hartzen dutenez, jendea ez dela parte sentitzen. Horren aurrean, erabaki genuen gure curriculuma definitzeko orduan herritar guztiok geneukala zer esana. Herritarrengana jo nahi izan dugu Orioko curriculuma ­osatzeko. Hori da berritasuna, eta hortxe dago proiektuaren indarra.

Nola lortu duzue herritarren parte-hartzea eta inplikazioa?

Prozesu osoan zehar, modu berezian zaindu dugu parte-hartze hori. ­Esan bezala, guk eredurik ez geneukan, eta geuk asmatu behar izan ditugu parte-hartze hori sustatzeko formulak. Formula berriak egin behar ­izan ditugu, formula irekiak, denen parte-hartzea bermatuko zutenak eta jende guztia eroso sentitzea ahalbidetuko zutenak. Eta uste dugu asmatu dugula, hein handi batean. Herritar askok parte hartu dute prozesu guztian zehar, eta horrek ematen dio balioa gure proiektuari.

Duela bost urte hasi zineten Orion hezkuntzaren inguruko hausnarketekin, eta ekainaren 12an aurkeztu zenuten herri-curriculuma. Prozesu luzea izan da. Nolako garapena izan du?

Hiru jardunalditan burutu dugu prozesu guztia, Orio iruten hezkuntza-jardunaldiak izenburupean. Hasierako jardunaldietan, Euskal Herriko hezkuntzaren nahiz Oriokoaren gaineko hausnarketa egin genuen, indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko eta diagnostikoa prestatzeko. Herriko hezkuntza-eragile guztiek hartu zuten parte lehen jardunaldi hartan: bi ikastetxek, haur-eskolak, musika-eskolak, aisialdiko taldeek…

Lehen jardunalditik, bi ondorio ­atera genituen: batetik, hezkuntza-mahaia osatu behar zela; eta, bestetik, ikusirik Orioko nortasunaren transmisioa kinka larrian zegoela, Orioko curriculuma egin behar genuela.

Lehen jardunaldiaren ondoren, urte eta erdian proiektua partekatzen eta bideragarria ote zen begiratzen ­aritu ginen herriko eragile guztiekin. Horrelako proiektu bat abian jartzeko zenbaterainoko indarra zegoen ikusi nahi genuen. Arlo askotako pertsona eta elkarteekin bildu ostean, konturatu ginen haien jarrera ona zela. Lantaldea handitu eta indartu genuenean, bigarren jardunaldiari ekin genion.

Eta inflexio-puntua etorri zen bigarren jardunaldian: hezkuntza-akordio bat sinatu zenuten.

Ijitoen akordioa deitu genion, ­oriotarrok ijitoak garelako. Alde batetik, curriculumaren filosofia azaltzen genuen akordioan, eta Orioko curriculuma euskal curriculumaren tokiko ekarpen gisa definitu genuen. Baina garrantzitsuena konpromisoak mahai gainean jartzea izan zen. Konpromiso horiek norbanakoei, hezkuntza-eragileei eta udalari begirakoak ziren. Hezkuntza-eragileei, batetik, curriculuma osatzeko prozesuan parte hartzeko eskatu genien; eta, bestetik, curriculuma definitu ondoren, aplikatzeko. Herritarrei, berriz, eskatu genien bakoitzak bere hondar-alea jartzeko eta bakoitzak bere esperientziatik curriculumari ekarpenak egiteko. Azkenik, udalari eskatu genion proiektu hau bideragarri egiteko behar genituen baliabide ekonomikoak eta teknikoak emateko. Konpromiso horiek onartu ziren, eta, hortik aurrera, curriculuma idazten hasi ginen.

Zer egitura eman diozue curriculumari?

Curriculumak lau arlo izango zituela erabaki genuen: natura-zientziak, gizarte-zientziak, hizkuntza eta musika. Kirola eta hezkidetza zeharka lantzeko proposamena egin genuen, hau da, curriculum guztia bustiko zuten zerbait elementu gisa hartu behar genituen.

Eta euskal curriculuma erabili duzue erreferentzia gisa?

Euskal curriculumaren azken zatia, hau da, euskal curriculum espezifikoa, hartu dugu eredutzat. Hortik ­abiatuta, curriculum partikularra ­esan diogu gureari. Aurrez aipatutako lau arlo horiek hartu genituen, eta gaitasunak, ebaluazio-irizpideak eta prozedurak definitu genituen bakoitzaren barnean. Eta, arlo bakoitzeko herriko adituekin elkarlanean, zer ­eduki landu beharko liratekeen zehazten joan ginen. Dokumentua prest geneukala ikusi genuenean, ­ikastetxeetara eraman genuen, haiek ere dokumentua aztertu zezaten eta ekarpenak egin zitzaten. Ekarpen horiekin guztiekin, dokumentua berritu genuen. Hori guztia hirugarren jardunaldiaren aurretik egin genuen. ­Amaitzeko, hirugarren jardunaldia ­egin genuen, joan den udaberrian. Jardunaldi hartan, parte-hartzea zabaltzeko eta herritar guztien ekarpenak jaso ahal izateko, hainbat ekimen gauzatu genituen.

Curriculuma publikatuta dago dagoeneko, eta Orioko Udalaren webgunean dago erabilgarri.

Ez dugu paperean atera, Interneten zintzilikatu dugu. Azken batean, oinarri bat jarri dugu, tresna bat jarri dugu herritarren eskura, eta ibilbide bat izango du tresna horrek. Dokumentu ireki bat da, guztion artean ­osatzen eta eguneratzen joan beharko duguna. Paperean egin izan bagenu, zerbait hertsia eta estankoa dela ­emango zukeen, dagoeneko eginda dagoen eta aldatu ezin den zerbait.

Curriculuma zintzilikatzeaz gain, curriculum hori garatzeko lagungarri izan daitezkeen materialak ere jarri ditugu webgunean. Adibidez, Antzinako Aroan, badirudi Altxerriko kobazuloarekin harremana izan zuela herriak, eta hainbat lan egin dira horren inguruan. Hortaz, Gizarte Zientzietan Orioko historia lantzean, jada eginda zeuden lan horiek aprobetxatu ditugu, eta, curriculumaren barruan, lan horien erreferentziak eman eta estekak jarri ditugu. Dagoeneko eskuartean ditugun baliabideak erabili nahi izan ditugu, eta herritarren eskura jarri. Sarean dagoenez, edozein unetan edonork jo dezake curriculumera, modu errazean, eta irakasleek era erosoan balia dezakete.

Hortaz, curriculum hau, gidalerro izateaz gain, baliabide ere bada eskolentzat.

Ez dira tresna fisikoak. Aitzitik, bestelako tresna batzuk jartzen ditugu irakasleen eskura. Gainera, badakigu baliabide hori osatzen joan beharko dugula. Hau da, erreferentzia gehiago txertatzen joan behar dugula. Eta irakasleek eurek ere zerbait sortzen dutenean, aukera izango dute hor bertan baliabide gisa txertatzeko.

Horretaz gain, iruditzen zaigu baduela bestelako indargune bat ere. Azken batean, oriotarrok zer daukagun komunean definitzen ari gara. Hortaz, iruditzen zaigu herria kanpora saltzeko ere balia daitekeela. Hau da, ez dugu bakarrik hezkuntzari loturiko proposamena egiten, beste arloetarako ere baliagarria izan baitaiteke. Adibidez, herrian aisialdi-gida bat sortu behar baldin bada, edo ibilbide-gida bat egin, curriculumean material asko dago jada bilduta, eta horrelako zerbait esan dezakegu: “Ibilbide horrek hiru leku hauetatik pasatu behar du, hiru leku horiek oso garrantzitsuak baitira herriaren historian”.

Zer ekarpen egiten du horrelako proiektu batek, Euskal Herrirako hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko bidean?

Lehenik eta behin, eredua bera balioetsi behar da; hau da, balioa ­eman behar zaio herritarrak hezkuntzaz aritzeari eta hezkuntzan zeresana edonork duela jabetzeari; hezkuntza ez baita soilik eskolari dagokion zerbait edo irakasleen ardurapeko zerbait, herritar guztion zeregina baita.

Bestetik, euskal curriculuma egin zen eta eginda dago, baina badirudi ­itzaliz joan dela. Guk berriro piztu nahi izan dugu, euskal curriculuma mahai gainean jarri behar dela iruditzen baitzaigu. Euskal curriculuma badugu, baina, erabiltzen ez bada eta ez badiogu bizia ematen, ia-ia halakorik ez izatea bezalaxe da. Euskal curriculumak zerbait dinamikoa izan behar du, Euskal Herriko ikastetxe guztien elkargune pedagogikoa izan behar du. Hortaz, gure nahia euskal curriculuma berriro mahai gainera ateratzea izan da.

Gure ibilbidea zeinen positiboa ­izan den ikusita, beste herri batzuetan ere eredu ere izan nahi dugu. Soraluzen, Oñatin, Durangon, Mutrikun, Getarian, Eibarren… izan gara, eta interesa azaldu dute. Pixkanaka herriz herri horrelako edo antzeko ereduak abian jartzen baditugu, euskal curriculuma lehen lerrora ekarriko dugu nahitaez.

Azkenik, EHUko Pedagogia Saileko kideei aurkeztu diegu proiektua, eta ondo balioetsi dute, baita Huhezin ere. Proiektu herritarra izan zedin nahi genuen, baina pedagogikoki ere babesa, aitortza eta sinesgarritasuna ­izan behar zituen. Hau da, akademikoki ere zer edo zer serioa egin nahi genuen. Azken batean, herriak egina izatea nahi genuen, baina kalitatezkoa izan behar zuen. Eta lortu dugula uste dut.