Ipuinak, lotura sendotzeko tresna

2015-09-15

Helduak eta haurrak elkarrekin irakurtzea lagungarria da bien arteko lotura afektiboa sendotzeko. Baina, hortaz harago, ipuinak berak bereziki egiten du bat haurraren barne-munduarekin eta errealitatea bizitzeko duen moduarekin, Juan Carlos Alonso haur psikologoaren esanetan.

 
 
Ipuinak, lotura sendotzeko tresna

Bazen behin batean.... ipuinak eta literatura biziki maite zituen haur psikologoa, Juan Carlos Alonso izenekoa (Errenteria, 1959). Eta berari eskatu dio HAZI HEZIk gurasoek haurrei irakurtzearen, edo elkarrekin irakurtzearen onurak azaltzeko. Izan ere, haur eta nerabeen behar psikoemozionalak ondo ezagutzen ditu, Donostiako kontsultan nahiz ikastxeetan haur eta nerabeekin psikologo gisa egiten duen lanari esker, eta ibilbide profesionala bere pasioetako batekin lotzen du: literaturarekin. Horrela, aspaldiko urteetan haur literatura eta haurren garapen emozionala eta psikologikoa lantzen du, gurasoei, irakasleei eta bitartekariei ematen dizkien ikastaroetan. Gainera, Galtzagorri elkarteko kidea da.

Bere esperientziatik abiatuta, haur literaturaren onurak bi alderditatik etor daitezkeela uste du Alonsok. Batetik, ekintzak berak, irakurtzeak, eta, bereziki, elkarrekin irakurtzeak sortzen dituen onurak leudeke. Baina, horrekin batera, tresnak berak, alegia, ipuinak haurrari eragiten dion onura izan du hizpide.

Ekintzatik hasita, alegia, irakurketatik bertatik, haurrari askotariko onurak sortzen dizkio bere garapen integralean: psikologikoki, intelektualki, balore aldetik, heziketa emozionalean, gaitasun linguistikoetan, jakinmina eta sormena sustatzean... Gainera, irakurtzeko ekintza hori guraso edo hezitzailearekin batera egiten badu, komunikazio afektiborako ekintza bilakatzen da: “Ipuina eta haur literatura bihur daiteke haurraren eta helduaren arteko lotura afektiboa sendotzeko tresna”, dio Alonsok. Beraz, haur batek ipuina irakurtzeko eskatzen dionean helduari, “batetik, ondo pasatu nahi du, baina, horrekin batera, helduarekin une goxo bat izan nahi du”, eguneroko betebehar eta aginduen dinamikatik kanpo.

Ipuinak haurraren hizkuntza mintzo

Baina, hasieran esan bezala, irakur- tzeko ekintzaz harago, tresnak berak, ipuinak edo haur literaturako beste edozein baliabidek, haurraren garapen afektiboan eta psikologikoan onurak dakartza. “Haurrak errealitatea ez du guk bezala ikusten, sentitzen, ulertzen. Errealitatea egozentrismotik ikusten, sentitzen eta ulertzen du. Zer esan nahi du horrek? Bada, zorionez oraindik ez duenez trebetasun kognitiborik, ez dituenez arrazonamendua, ulermena eta logikaren gisako tresna kognitiboak garatuak, eta afektiboki ere ego-zalea denez, errealitatea berak sentitu nahi duela; NI-a da dena. Ondorioz, fikzioa edo ipuina eta haurraren maila psikoafektiboa bat datoz, bat egiten dute: fantasia, sormena, pentsamendu magikoa, jolasa... daude beregan, balitz da hitza. Jean Piaget psikologoaren esanetan, 7 urte arte irauten du fase egozentriko horrek”.

Beraz, haur psikologiaren esanetan, haurraren barne munduak eta haur literaturak konektatu egiten dute, hizkuntza berean mintzo baitira. “Horregatik liluratzen du hainbeste haurra fantasiak edo ipuinak. Bere barruan sentitzen duena, bere nahiak eta bere beldurrak, bereziki ulertzen ditu ipuinaren eta fikzioaren bidez”.

Aldiz, haurrak ez du ulertzen logikaren eta arrazonamenduaren hizkuntza. Ondorioz, haurrak nekez ulertuko du txupetea utzi egin behar duela handia delako, edo ez diola beldurrik izan behar iluntasunari munstroak ez direlako existitzen.

Horren adibide gisa, gurasoekin izandako saio batean gertaturikoa gogoan du Alonsok. Gurasoetako batek, teoria hori praktikan jarri eta ipuina asmatu zuen txupetea utzi nahi ez zuen semearentzat. Izan ere, ordu arte umeari azaldutako argudio guztiak alferrikakoak izan ziren nonbait. “Bada, Bazen behin batekin hasi zuen istorioa, eta hor dago lehen gakoa arrakastarako, hasiera horrekin haurrak bai baitaki fikziora, mundu magikora daraman bidaia hastera doala, eta segituan konektatzen du”. Ondoren, baso batean bizi zen dragoiaz hitz egin zion haurrari, zeinak haur txikiak jaten zituen; parez pare, haurrak salbatu nahi zituen iratxoa ere bizi zen basoan. Eta hor arrakastarako bigarren gakoa, Alonsoren esanetan, elementu fantastikoak sartu baitzituen kontaketan, eta gainera, bata gaiztoa eta bestea zintzoa: “Bereizketa horrek pertsonaiekin identifikatzen laguntzen die”.

Bada, aitak asmaturiko ipuinean, iratxoa herriko etxe guztietara joan zen, dragoia garaitzen lagunduko zioten haurren bila, elkarrekin abentura bizitzera gonbidatuz. Etxeetako batean, haurra txupetearekin aurkitu zuen, ordea, eta iratxoak ez zuen berarekin eraman, “haur txikia zelako eta ezin zituelako handien abenturak bizi oraindik”. Azkenean iratxoak eta umeek garaitu zuten dragoia. “Aita hori emozionatuta etorri zitzaidan kontatzera nola ipuina kontatu eta egun berean etorri zitzaien haurra txupetea eskuan hartuta, ez zuela nahi esanez, bera handia zela jada. Hainbeste aldiz arrazoiaren bidez azaldutakoa ipuinaren bidez ulertu zuen azkenean umeak!”.

Izan ere, Alonsok azaldu du ipuinak komunikazio intuitiboa duela oinarri, eta ez komunikazio logiko-mentala. Aurrez esan bezala, komunikazio intuitibo hori erabat bat dator haurraren barne hizkuntzarekin.

Pentsamendua garatzen

Dena dela, 7 urte arteko fase egozentriko horretan, bi azpi-etapa bereizten dituzte psikologiaren eremuan. Hasierako etapan, 4 urte arte edo, pentsamendu magikoa da nagusi haurrarengan; ondorioz, mahai ertzarekin min hartzen badu, adibidez, haserretu egingo da mahaiarekin, jo egin diolakoan; edo zapi batekin estaliz gero jostailua, desagertu egin dela sinetsiko du. Bigarren fase batean, aldiz, 4tik 7 urtera bitartean, pentsamendu sinbolikoa garatzen hasiko da haurra, eta metaforak nahiz ipuinak eman nahi dion mezua hartzen hasiko da. Ipuinak askotan zerbait irakatsi nahi baitio haurrari, metaforak dira, eta loturik daude pentsamendu sinbolikoarekin. “Metafora ulertzeko pentsamendu sinbolikoa garatua izan behar du, eta, era berean, ipuinak edo metaforak laguntzen dio pentsamendu sinbolikoa garatzen.”

Horrekin batera, irudikatzeko eta introspekziorako gaitasunak garatzen laguntzen du fikzioak. “Irudikatzeak esan nahi du estimulu edo kanpoko objektu gabe neure barruan eraikitzen dudala irudia, begiak itxi eta ikusten dudala”. Hain zuzen ere, gaur egun haurrek eskura dituzten ikus-entzunezko baliabide guztiekin, Alonsoren ustez, irudikatzeko gaitasuna landu beharreko kontua da, “gehiegizko kanpo estimulazioa baitute”. Izan ere, “irudikatzea ohitura kognitibo bat da, eta, ez badu txikitatik landu ahozkotasuna, ez du garatzen ahalmen hori; ipuin bat kontatzen diozunean, ez da gai izango hori entzun eta irudiak eraikitzeko.”

Eta, irudikatzean dago, hain zuzen, literaturaren xarma handienetako bat, Alonsoren esanetan. Izan ere, “zer da bada sormena eta literatura? Norbere munduan sartzea, buruarekin eta bihotzarekin bidaiatzea, zure bizipenekin eta sentipenekin bidaiatzea”. Eta hala bazan ez bazan, sar dadila kalabazan.

Nola irakurri elkarrekin?

Elkarrekin irakurtzea komunikazio ekintza da, ekintza afektiboa. Horretaz oharturik, edozein komunikazio ekintzatan bezala, ez da esandakoarekin edo hitzarekin bakarrik komunikatzen; “bereziki, esaten ari garenarekiko sentitzen dugunarekin komunikatzen dugu”. Beraz, Alonsoren ustez komenigarria da ez-ahozko trebetasunak ere lantzea: haurrarengandik hurbil egotea, elkar ukitzea, begietara begiratzea, aurpegiko espresioa zaintzea...

Horrekin batera, nola ez ezik, zer kontatu ere kontuan hartu behar dela uste du; alegia, kontuan izan behar dela baliabidearen kalitatea. Horrekin lotuta, haur literatura genero desberdinak erabiltzea proposatzen du: “Egun batean album ilustratu bat, bestean ipuina, istorio bat inolako euskarririk erabili gabe, abesti bat, zeure anekdota propio bat, poesia bat.... aniztasuna, bai istorio motetan, bai kontakizunean, bai estetikan. Alde horretatik, beharra dago guraso eta irakasleen artean irizpide kritikoak garatzeko”.

Dena dela, Alonsok gomendio bat egiten du nagusiki: “Hainbat teknika daude, baina nik beti esaten diet gurasoei; ‘badakizue nola kontatu behar duzuen ipuina? Bihotzarekin’. Orduan munduko ipuin kontalari onenak izango zarete”.