Esperimentatzen uzten duten parkeak
Gaur egungo haur parkeekin kritiko dira adituak, besteak beste, haurren benetako beharrak ez dituztelako kontuan hartzen, eta intimitatean nahiz askatasunez ibiltzeko aukerarik ez dietelako ematen. Beste parke eredu bat aldarrikatzen dute.
Haur-parke bat irudikatzean gehienei antzerako argazkia etorriko zaie burura: hiri edo herri barruan dagoen espazioa, segur aski hesitua, teorian haurren-tzat pentsatua, erdian zabu, txirrista, kulunkari, etab. dituena eta alboetan eserlekuak, inguruan, berriz, errepidea eta kotxeak.
“Haur-parke deitzen diogu, nahiz eta gaur egun haur-parkeen diseinua justu haurrentzat ez izan”. Baieztapen horixe egiten dute Txusma Azkona eta Alfredo Hoyuelos Lizarra eta Iruñeko haur-eskoletako aholkulariek, hurrenez hurren, “Herri hezitzailea eskola herritarra” egitasmoaren barruan publikatutako Parkeak bizitzeko modu berriak izeneko liburuxkan. Aditu asko kritiko dira gaur egungo parkeen diseinuarekin, haurren benetako beharrak ez dituztelako kontuan hartzen. Hain zuzen ere, helduen ziurtasunerako diseinatuta daudela salatzen dute, eta Francesco Tonucci pedagogo ezagunak dioen bezala, “nagusien-tzat pentsaturiko zerbitzuak ez dira onak haurrentzat”.
Zertan oinarritzen da, ordea, kritika hori? Hasteko eta behin, gaur egungo parkeetan haurrek intimitatean ibiltzeko eta askatasunez esperimentatzeko aukerarik ez dutela argudiatzen dute adituek. Izan ere, gehienetan aldamenean helduak izaten dituzte egindako guztia behatzen eta kontrolatzen. Askotan, gainera, parkeetan pertsona heldu gehiago egoten da haurrak baino. Haur bakoitzeko, ama, aita, amona, aitona, izeba… Zorrotz mintzo da Azkona: “Testuinguru horretan haurrek ez dute inolako askatasunik sentitzen euren jolasa, arriskua, harremanak… bizitzeko. Parkeen egiturari erreparatu besterik ez dago: jolasak erdian eta inguruan bankuak, helduak beroietan eseri eta haurrak ondo kontrolatuta izateko”. Ildo berean, Tonuccik “kontzentrazio esparru” hitzarekin deskribatzen ditu parke horiek, haurrek ez baitute euren kasa ibiltzeko inolako abagunerik, ezta helduaren “begirada kontrolatzailetik” ihes egiteko aukerarik ere.
Haurren ahotik “aspertu egin naiz” esaldia entzutea ere oso ohikoa izan ohi da gaur egungo haur-parkeetan. Hain zuzen ere, jolasik gehienak oso zuzenduta daudelako, arras estereotipatuak direlako eta guzti-guztia erabat kontrolpean egon ohi delako: “Salbuespenak salbuespen, horrenbeste mugatu ditugu haurrak, horrenbeste zuzendu ditugu beren jardueretan, ezen sormena zapuztu baitiegu eta dagoeneko, baten batzuek ez dakite dibertitzen, neurri batean erabakimena galdu dutelako eta gurekiko, nagusiekiko, mendekotasuna sortu dugulako”, esplika-tzen dute Azkonak eta Hoyuelosek liburuxkan.
“Ez igo! Jaitsi hortik! Kontuz, min hartuko duzu! Ez ukitu lurra, zikindu egingo zara! Hori kaka da” edo an-tzeko errietak ere eguneroko kontua dira haur-parkeetan. Azkonaren arabera, guraso eta seme-alaben artean gatazkak sortzen dira usu edozein aitzakia tarteko, plazer unea desatsegin bihurtzeraino. Baina gaurko gizartean gero eta zabalduago dagoen beldurraren ondorio ere bada hori. Izan ere, izuaren eraginez, helduek seme-alabak babestu nahi izaten dituzte, eta sarri, ia ohartu ere egiterako, gehigitxo babestera iristen dira.
Zenbat eta babes handiagoa, orduan eta ziurtasun gutxiago
Gurasoen beldurra ezin da ukatu eta existituko ez balitz bezala jokatu, baina beldur hori helduak landu beharko luke eta ez haurrarengan proiektatu, Azkonaren esanetan. “Galdetu al diegu haurrei zein den beraien benetako beharra? Zeren beldur diren?”. Adituaren arabera, “kontrolik gabeko” babes horretan, helduak ez dira ohartzen gehiegiz-ko babes horrek babes eza ekar dezakeela.
Parkeak bizitzeko modu berriak liburuxkan jasotzen denez, esate baterako, David Bell Londresko Middlesex Unibertsitateko arriskuen ikertzaileak baieztatu du haur-parkeetan jartzen ari diren gomazko zoruak, istripuak gutxitu ordez, gehitu egiten dituztela, ingurua ziurragotzat jotzen denean arrisku handiagoak —eta handiegiak— hartzen direlako. Norvegiako Ellen Sandseter psikologoa, berriz, Norvegia, Ingalaterra eta Australiako haur-parkeak ikertu ondoren, parkeetan oso dorre altuak ipintzearen alde agertzen da. Izan ere, bere ikerketan baieztatu du haurrak ez direla goraino igotzen lehen aldian, baizik eta poliki-poliki jartzen dituztela frogan euren gaitasunak.
Kalea berreskuratzea xede
Lehen ez zegoen parkerik. Plaza zegoen, zelaia, basoa, kalea… Herrian jolasten ziren haurrak, pilotalekuan, kaian, auzoan... Jolaslekua haur taldetxoa zegoen tokia zen. Horietan sortzen ziren jolasak: ezkutaketa, txapak, zuhaitzetara igotzea, harrapaketa… Pixkanaka, ordea, haurrak herrian tokirik gabe geratuz joan dira, eta horregatik sortu dira, “modu artifizial batean”, umeentzako espazio espezifikoak.
Errealitate horren aurrean, haurrak jolasa modu libre batean bizitzeko eremuak behar dituela eta bere gaitasunak garatzeko aukerak eskaini behar zaizkiola aldarrikatzen dute adituek, eta, era berean, umeen nahiak eta desioak ere kontuan izan behar direla; hau da, kalea berreskuratzeko egitekoari haurraren kulturatik abiatuz erantzun behar zaiola. “Herria denona da, eta hirigintza egiterako orduan ezin dugu pertsona mota bakarra izan buruan, baizik kontuan izan behar dira haurrak, emakumeak, elbarrituak, adinekoak, gizonak, kirolzaleak…”.
Horrexegatik, Azkonak dio beste parke mota bat planteatzen dutenean, herria eta hiria berreskuratzeko bide bat ari direla proposatzen. Ez dute beste jolas mota batzuk eskainiko lituzkeen parke handirik nahi, atzera ere haurrak “ghetto batean” sartzeko arriskua ekarriko bailuke horrek, pixkanaka, espazio txiki asko egokitzea litzateke desiragarriena, continuum moduko bat sortuz joatea hirian. “Hiria eta herria irabazi nahi baditugu, hobe da haurrentzat egokitutako espazio txiki asko sor-tzea pixkanaka”.
Kontuan izan beharreko ezaugarriak
- Lurzati lauak saihestea: haur-parkeek aldapak, mendixkak, sakonuneak… edukitzea aholkatzen dute adituek, hala haurrek ikuspegi askotatik errealitatea behatzeko aukera izan dezaten, eta baita igotzekoa, jaistekoa, salto egitekoa, itzulipurdika ibiltzekoa ere. Aldo Van Eyck arkitekto holandarrak dioen moduan, “metro eta erdiko tontorretik mundua oso era bestelakoan ikusten da”.
- Arriskua duten eraikuntzak jartzea: irudimena bultzatzeko eta arriskua bizitzeko aukera emango duten eraikuntzak eskaini behar direla diote adituek. Françoise Dolto pediatrak zioen eran, arriskurik gabeko jolasa oso arriskutsu bilakatzen da. Haurrek arriskua esperimentatzeko beharra dute, gero euren bizitzan sortzen zaizkien arazoei aurre egiteko: “Parke batean dena erabat segurua jartzen badugu, haurrek ez dute ikasten zein den arriskua, zein diren euren benetako mugak, eta hori oso garrantzitsua da etorkizunerako prestatzeko”, gaineratzen du Azkonak.
- Belaunaldien arteko jolasa ahalbidetzen duten espazioak eraikitzea: parkean sortzen diren espazioek hainbat adinetako haurrei elkarrekin ibiltzeko aukera eman behar lieketela aipatzen du Azkonak, hau da, haurtzaroko adin-tarte bakoitzak hainbat aukera izatea parkeko tramankulu edo eraikuntza horrekin modu askotara komunika-tzeko. “8, 9, 10 urterekin ausardia eta baliabideak dituzte tramankulu batean goraino igotzeko edo batetik bestera ibiltzeko. 3, 4, 5 urterekin puntu bateraino igoko dira, akaso, baina ez dira ausartuko hortik gora joaten. Baina 1, 2 urteko haur bat ere arrastaka ibil daiteke inguruan, beste umeekin harremanetan”.
- Haurrei intimitaterako tokiak ahalbidetzea: haurrek, helduen begiradapetik urrun, euren kasa jolasean aritzeko aukera izan behar lukete parkeetan, adituen iritziz. Horrexegatik, ezkutalekuak, txabolak, zuhaitzak, zuloak... edukitzea beharrezko ikusten dute, haurrek askatasunez esperientzia aberatsak bizi ditzaten.
- Erabilera anitzerako aukera ematen duten tramankuluak ipintzea: bideratuta ez dauden eta erabilera bat baino gehiago izan ditzateken jolasak hobesten dituzte adituek, hala haurrei eurek asmatzeko eta sortzeko bideak irekitzen baitzaizkie. Era berean, espazioak sortzerako orduan naturako elementuak edo material errealak (harea, enborrak, zakuak, ura, lurra, adarrak…) erabiltzea gomendatzen dute.