Haurraren autonomia, norbera izateko egiten den ibilbidea
800 pertsona inguru elkartu ziren, “Haurraren autonomia” izenburupean 0-3 urte arteko haurrekin aritzen diren profesionalei bideratuta urriaren 16an Bilbon eta 17an Donostian egin ziren jardunaldietan. Xabier Tapia psikologo klinikoa, Myrtha Chokler psikomotrizista eta psikologiako doktorea, Teresa Godall Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea eta Alfredo Hoyuelos NUPeko irakaslea eta Iruñeko haur-eskoletako tailerista aritu ziren hizlari lanetan, autonomiaren itsaso zabalean argi izpi batzuk margotu nahian.
Mendekotasunik gabe ez dago autonomiarik
“Umeek egin beharrekoak, eurek bakarrik, laguntzarik gabe egiteko gaitasuna”. Hala definitu izan da sarri haurraren autonomia. Definizio hori, ordea, hankamotz geratzen da adituen esanetan, askoz ere sakonagoa eta konplexuagoa delako autonomiaren esanahia. Barne-gogoarekin, askatasunarekin, eraikuntza subjektiboarekin, harremanetan oinarritutako prozesu psikikoarekin, plazerarekin, norbere kabuz pentsatzeko gaitasunarekin, mundura irekita egotearekin, erabakiak hartzearekinn… lotzen dute autonomia Xabier Tapia psikologo klinikoak eta Myrtha Chokler psikomotrizistak.
Pedagogia eta hezkuntza arloetan itzal handiko hitza da autonomia Tapiaren irudiko, baina beste hainbat kontzeptu bezalaxe, errepikatzearen poderioz, edukiz jantzi beharrean, gastatzen, husten eta topiko huts bihurtzen ari ote den susmoa du. “Autonomia modan dago, oso ondo ikusia balio indibidual bezala eta gizarteak sutsuki eskatzen dio eskolari ahalik eta autonomoen eta azkarren hezi ditzan umeak”, azaldu zuen Haurraren autonomia izenburupean urriaren 16an Bilbon eta 17an Donostian egin ziren jardunaldietan.
Egiatan, baina, zer da autonomia? Zer dago hain preziatua den kontzeptu horren muinean? Zer sartzen da jokoan haurraren autonomiaz ari garenean?
Etimologiari erreparatuz, norberaren arauen araberako jarduera esan nahi du autonomiak. Kasu horretan, autonomiaren muina ez litzateke portaera; araua edo legea baizik, norberarena, barneratutakoa, psikikoa. “Etimologiak dioenez, garrantzitsuena ez da era autonomoan jokatzea, bai ordea barne askatasuna eta autonomia, gero portaera bihur litekeena ala ez”, dio. Baina, jatorrizko esanahia galduta, Tapiaren hitzetan, gauzak norberak bakarrik egiteko gaitasunari esaten zaio autonomo izatea, garrantzia barne-askatasunari baino gehiago, portaerari emanaz. Hala, landu beharreko trebetasun zerrenda luzeak egin ohi dira, batez ere errepikapenez ikasten direnak: bakarrik janztea eta eranztea, kremailera igo eta jaistea, botoiak lotu eta aska-tzea, motxilatik gauzak ateratzea eta sartzea… Tapiaren arabera, ordea, autonomia ez da ikasketa bat, ez da kanpotik irakasten den zerbait, ezta entrenamendua edo ariketa ere, ez azturaz edo ohituraz barneratzen den zerbait; baizik eta, etimologiak dioen bezala, barne-prozesu bat da, harremanetan oinarritutako prozesu psikiko bat.
Mendekotasunetik autonomiaranzko bidean egiten den prozesu luze batean txertatu behar da autonomia, Tapiaren ustez. “Giza garapena autonomia lortzeko egin beharreko prozesu luze, neketsu eta inoiz burutu ezinaren historia da”. Eta adituak gaineratzen duenez, autonomia lortzea ezinezkoa da txikitako mendekotasunik gabe. Izan ere, psikologoak esplikatu bezala, gizakia harremanetarako programatuta dago, ezinbestean programatuta ere, heldugabeko garuna izanik, bere gisa bizirauteko gauza ez denez, beste gizaki batzuen menpe baitago erabat. “Biologiak inposatutako heldugabetasun eta mendekotasun erradikalek bera eta beste gizaki baten arteko harremanetara behartzen dute ezinbestean gizaki-kumea. Harremana ez da ez on eta ez txar, ez da lantzea komeni den balio edo aukera bat, bigunkeria, onkeria edo samurtasun bihozkada bat; harremana, bada eta kito”.
Autonomia zantzuak, jaiotzatik
Tapiak bezalaxe, Choklerrek ere elkarri estuki loturik ikusten ditu autonomia eta mendekotasuna. Bere esanetan, ez dira bi osotasun independente, unitate bereko elementu kontrajarriak baizik. Horrexegatik dio autonomia dagoen lekuan, segur aski, mendekotasuna ere egongo dela. Haur jaioberriak mendekotasun izugarria duen arren, zenbat gauzatarako eta hainbat momentutan sekulako autonomia erakusten duela dio Choklerrek: “Adibidez, 7-8 egun dituenerako begirada interesatzen zaion zerbaitera bideratzeko ahalmena du. Horrexegatik, ulertu behar dugu autonomia ezingo litzatekeela garatu ernamuinik ezean, ezer ez baita garatzen ezerezetik”.
Emmi Piklerren esanei jarraiki, Choklerrek jardunaldian azaldu zuenez, umea oso txikitatik eraikuntza subjektiboa egiten hasten da indar handiz, eta bere burua besteengandik bereizi egiten du. Horretantxe ikusten du Choklerrek jarduera autonomoaren lehen arrastoetariko bat. Umea, pertsona eta gizartea ulertzeko kultura batek duen moduaren arabera, ordea, era bateko edo besteko heziketa bideak jarriko ditu martxan: “Jaiotzen denetik haurra erabat mendekoa dela ikusten badugu, bereziki helduaren mendekotasuna duela uste badugu, autonomia zantzuren bat izan dezakeela eta momentu jakinetan autonomoki jarduteko gai dela ohartzen ez bagara, duen autonomia apurra zapaldu egingo dugu, ez diogu autonomia horri tokirik egingo eta ez ditugu autonomia hori garatzeko baldintzak sortuko. Horrexegatik sekulako erronka daukagu haurraren ekimenetan ageri ohi diren autonomia zantzu horiek identifikatzen, nahiz eta oso txikiak izan. Gainontzean, oso zaila izango baita autonomia garatzen laguntzea”.
Haurrak subjektu dira jaiotzatik, Choklerren esanetan, ekintza-subjektu dira eta ez soilik erreakzio-subjektu. “Haurrak ez dira estimuluen aurrean erantzuten duten subjektu pasiboak, baizik eta euren ekimenez jarduteko gai diren subjektu aktiboak”. Haurraren ikuspegi hori babesteko Henri Wallon-en esaldi bat ekarri zuen gogora jardunaldian: “Haurra, jaiotzatik, mendeko den mundu horretara irekirik dago”. Baita Donald Winnicott-en beste bat ere: “Pertsona bat bera izan dadin, erreakzioz egiten diren ekintzen aurrean, norbere iniziatibaz egindakoak gailendu behar lirateke”. Horregatik, hezitzaileen eta, oro har, helduen egitekoa hasieratik ekimenez beterik dauden haurrak heztea dela gaineratu zuen: “Iniziatiba duten haurrak, euren kabuz pentsatzeko gai direnak, solidarioak, euren buruaz seguru daudenak eta bestearekin ere seguru sentitzen direnak... Azken batean, haur autonomoak heztea dagokigu”.
Izan ere, Choklerren esanetan, autonomiak zera esan nahi du: gai izatearen barne-sentimendua edukitzea, egin nahi dena aukeratzeko gai izatea eta erronka berrien aurrean irrika sentitzea; eta horrekin batera, norbere auto-ebaluazioa nahiz egoerarena egiteko gai izatea. “Horrek, ezinbestean, norbere buruaren kontzientzia positibo bat edukitzea esan nahi du, eta, gainera, haurrak egindakoa helduak errekonozitzen badu, haurrak pertsona baliogarria eta eraginkorra dela sinetsiko du. Eta horrek guztiak gizarteratzea erraztuko dio, bere buruarengan konfiantza duelako eta besteak ere berarengan konfiantza dutela sentitzen duelako. Ondorioz, komunikatzeko gogoa izango du, baita egiten dakien hori guztia helduari erakustekoa ere.
Autonomiarako bidean, lau etapa
Hastapenean haurrak duen mendekotasun erradikal horretatik autonomiarako bidean lau etapa nabarmendu behar direla azaldu zuen Tapiak jardunaldian:
1. Lotura edo atxikimendua
Psikologoaren esanetan, autonomo izan baino lehen, heldugabetasunak edo mendekotasunak beste norbaitekin gorputzezko eta emoziozko lotura berezi batera bultzatzen du haurra: atxikimendura, hain zuzen. Haurra jaiotzerako prest dago gorputzezko eta afektuzko harremanak izateko. Tapiak gaineratzen duenez, lotura afektibo hori zenbat eta estuagoa izan, orduan eta sendoagoa izango da gero haur horren identitatea eta autonomia.
2. Bereizketa, urrunketa, banaketa
Autonomiarako bidean, helduaren eta umearen arteko lotura sendo hori arinduz joaten da pixkanaka. Hala, bigarren urtearen hasiera aldera, motrizitatearen heldutasuna lagun duela, umeak autonomiarako irrika eta gogo handia izaten ditu, eta helduengandik urruntzeko grina pizten zaio. “Dena den, urrundu bezain pronto, itzuli egiten da berriro bere helduleku afektiboengana. Banaketa-prozesuan oso nabarmenak izaten dira gorabeherak eta aurrera-atzerakoak”.
Psikologoak azaltzen duenez, etapa horretan distantzia fisikoaren nahiz psikikoaren kudeaketan dago gakoa. Aldi horretan, distantzia fisiko eta psikiko handi samarrak lortu arren, ez du esan nahi behin betikoak direnik; eta atzerako joerak ugaritu ere egin daitezke distantzia sendoagoak lortu aurretik: “Bi urteko hainbat haurrek adibidez, ikasturte hasierako egokitze prozesua ‘ondo’ gainditu arren, sarritan izaten dituzte urte osoan zehar, hala-moduzko ‘atzerako’ joerak. Helduek askotan gaitzetsi egin ohi dituzte jarrera horiek. Baina gaitzetsi eta zuzendu beharreko borondate falta, mimokeria edo mainak baino gehiago, barne-prozesu psikikoen gorabeherak izan ohi dira. Oso arruntak dira, eta zenbait kasutan, desiragarriak ere bai”.
Banatze bide horretan, hainbat elementu lagungarri eta euskarri topatzen ditu haurrak, Tapiak jardunaldian esplikatu zuenez. Horietako batzuk haurraren baitako gogoaren araberakoak izaten dira. Hasteko eta behin, haurraren eszena psikikoan pertsona garrantzitsuenen barne-irudiek gero eta protagonismo handiagoa izango dute. Bigarrenik, haurrak motrizitate helduagoa izango du, bere autonomiarako bidean oso garrantzitsua izango dena (eskuen manipulazioa, oinez ibiltzea, esfinterren kontrola...). Eta, hirugarrenik, hizkuntza eskuratuz joango da, hau da, absente dagoena presente egiteko gaitasuna eskuratuko du eta, bien artean distantzia egon arren, helduarekin komunikatzeko gai izango da. “Hiru gaitasun horiek izango dira euskarririk nagusienak banaketa-prozesua egiteko garaian, eta ez banaketen errepikapenak eta errepikapenak”.
Beste elementu lagungarri batzuk ere jasoko ditu haurrak ingurutik banaketa bide horretan; hala nola, onarpena, poza, harrotasuna, gogobetetasuna eta abentura edo lorpen berrietarako gonbitea.
Tapiaren aburuz, barne irudiez eta motrizitateaz gain, haurrek beren nortasuna garatu ahal izateko beste modu eraginkor bat “ezetza” adieraztea da, ahoz zein mugimenduz. “Umeen autonomia-grinaren lehen ageriko jokabideak ezezkoaren eta kontra egitearen eskutik etortzen dira ia beti”. Psikologoak gaineratzen duenez, umeak ezetz esaten edo kontra egiten hasten direnean, helduengandik bereizteko eta urruntzeko gogoaz eta grinaz ari dira. “Garai honetan haurrek ‘ez’ diotenean, ‘ni neu’ esan nahi izaten dute. Ez dago autonomo bilakatzerik, helduekin konfliktorik eduki gabe”.
3. Banakotasuna eta indibiduazioa
Tapiak esplikatutako eran, 3 urteren bueltan sendotzen da banatzeko ahalmena edo banakotasuna, haurra “ni” izenordea erabiltzen hasten denean, bere burua besteengandik bereizten duen seinale izaten baita hori. “Ni’ esaten hasteak ez dauka zerikusirik irakastearekin, ikastearekin, errepikapenekin, ohiturekin, azturekin... aurretik bizi izandako prozesu psikiko eta gorputzezko baten ondorioa eta emaitza baino ez da, hau da, helduaren eta haurraren artean ondo burututako lankidetzaren emaitza”.
“Ni”-aren barne-sentimendua sendotzen duten bidelagunak ezagunak izan ohi dira hezitzaileen eguneroko jardunean: bat-bateko irudimen-jolaserako gaitasuna; bat-bateko motrizitate askea zein bideratua; bat-bateko grafismoa, askea zein bideratua; agresibitatea bideratzeko edo sozializatzeko gaitasuna; edota kalitatezko hizkuntzaren gaitasuna. Era berean, garai horretan ohikoa izaten da identitate sortu berriaren krisia. Tapiak azaldu bezala, ezinegona, aztoramena, suminkortasuna edota esfinter-kontrolaren atzerapena erakutsi ohi ditu haurrak.
4. Identitatea
Autonomiarako prozesuan laugarren urratsa “ni”-aren zakua betetzen hastea izan ohi da, Tapiaren hitzetan. Izana, bizitzan zehar topatutako hainbat eta hainbat “bidaide erakargarrirekin” egiten den identifikazioari esker osatzen da, psikologoaren ustez. “Identifikazio askoren ondorioa da identitatea, originala, bakarra, norberea eta propioa. Urte askotako lanaren ostean, hainbat eta hainbat identifikaziotan oinarrituta, nerabezaroan finkatzen den identitateaz ari gara azken batean”. Baina, Tapiak adierazitako moduan, kasurik onenetan ere, autonomia horrek gorabehera eta atzera-aurrera handiak izango ditu hil arte, autonomo bilakatzeko prozesuak ez baitauka amaierarik.
Autonomiarako bidean gozamena da haurraren jardueraren bultzatzaile nagusia, Tapiaren esanetan. Jardute hutsaren gozamenaz mintzo da aditua, ez kanpotik jasotako sariek eman dezaketen gozamenaz: “Ez dago oso aditua izan beharrik haurrek bere baliabide propioak erabiliz, bere kabuz jarduten dutenean bizi duten gozamenaz jabetzeko. Barneratutako lotura afektibo sendoen seinale izaten da beti gozamenezko jokaera hori”.
Tapiak gaineratzen duenez, haurrari eskaintzen zaion arreta eta afektuaren adierazle izan ohi da haurrak bere buruarekin eta bere gorputzarekin duen harremana; gurasoak berarekin nola, haurra bere buruarekin hala. “Haur batek bere pertzepzio, motrizitate eta kognizio jarduerekin biziko duen gozamena helduek haurraren jarduera horiei eskaini dieten arretaren neurrikoa izango da. Arreta diot eta ez estimulazioa. Osagarri afektiboa, kognitiboa eta motorra batera badoaz ere, gozamena da jardunaren bultzatzaile nagusia eta ez helduaren alde bakarreko estimulazioa. Finean, lehen jarduera autonomoa, era autonomoan gozatzeko gaitasuna dela esango nuke, eta ez jarduteko gaitasuna bera”.
Autonomo izateko hainbat gako
Mendekotasunetik autonomiarako bidea egiteko orduan, kontuan izan beharreko hainbat gako azpimarratu zituen Myrtha Choklerrek jardunaldiko hitzaldian:
- Helduaren jarrerak eta jokatzeko moduak barneratzea
Tapiak aipatzen zituen haurraren barne-irudien sinonimo gisa, Choklerrek azaldu zuen, haurra autonomo izan dadin helduaren jarrerak eta jokabideak bere barnean txertatuta izan behar dituela. Alegia, psikomotrizistaren esanetan, helduaren jarduteko moduak arrastoak uzten ditu haurraren gorputzaren nahiz garunaren memorian. Hasieran haurrak rol bat jokatuko du eta helduak beste bat (adibidez, umea janztean edota haurrari jaten ematean), baina pixkanaka, helduaren jarrera eta jokabide horiek barneratuz doan heinean, umeak hartuko ditu bere gain bi rolak, dagoeneko helduaren rola barneratua duelako (bere kasa jantziko da, bakarrik jateko gai izango da...): “Autonomoa izateak haurrak heldua bere barnean sartzea esan nahi du, eta ez mekanikoki gaitasun bat ikastea. Horrek haurrari ahalbidetuko dio helduarengandik banatzea. Hala heldua aldendu arren, haurrak bere barnean sentituko du, heldua bere egin duelako eta bere kasa egoteko gai izango da”.
- Haurrak duen heldutasunaz jabetzea
Duen heldutasunaren arabera izango da autonomo haurra, eta beraz, Choklerren aburuz, heldutasun hori onartu behar zaio, horrek emango baitio gaitasuna hainbat konpetentzia izateko eta beste zenbait ez. Baina “heldutasuna” aipa-tzean, umeak “hemen eta orain” duen heldutasunaz ari da, ez “izan beharko lukeen heldutasunaz”, ezta “hemendik hilabetera izango dituen gaitasunez” ere, horrela soilik igaro ahalko delako mendekotasuna nagusitzen den egoeretatik autonomia nagusitzen denetara. “Inor ezin da autonomo izan egitea proposatzen dioten hori egiteko nahikoa heldutasun ez badu; nahikoa heldutasun biologiko, emozional eta kognitibo”.
- Haurrak plazera eta gozamena bizitzea
Choklerren arabera, plazera funtsezkoa da haurra autonomia eskuratuz joan dadin. Izan ere, plazerak nerbio-sistema osoa aktibatzen du batetik, eta bestetik haurraren gogoa, nahia, borondatea eta aurrera egiteko nahia aktibatzen ditu. “Plazeraren laguntzaz haurrak itxaron egiten du, egoera bat imajinatzen du, egoera hori behin eta berriz desiratzen du...”. Choklerren esanei jarraiki, nahi izatea, nola egin jakitea eta egin ahal izatea ezinbesteko baldintza dira haurra autonomo izan dadin egoera jakin baten aurrean.
- Erabakitzeko eta aukeratzeko gai izatea
Autonomiaz jarduteko haurrak bere testuingurutik programa bat egiteko beharreko informazioa ematen dioten elementuak aukeratu behar ditu, hau da, informazio garrantzitsua hautatzeko eta prozesatzeko gai izan behar du. Horrela soilik izango baita egin nahi duena egiteko gauza. “Haurraren autonomiaz ari garenean, garrantzitsua da konturatzea haurra erabakitzeko gai dela eta egoeraren kontrola duela, eta ondorioz, bere ekintzen ondorioa aurreikus dezakeela.
- Segurtasun afektiboa edukitzea
Choklerren iritziz, autonomo izateko emozionalki ziur sentitzea ezinbestekoa da, horrek haurrari ezaguna denaren edota zailtasunen aurrean aktibatzen diren emozioak neutralizatzea ahalbidetzen baitio. “Babesten duen helduaren alboan haurrak ez du antsietaterik izango, lasai egongo da eta motrizitatea ondo egituratua izango du. Horrexegatik, ingurunean gertatzen dena behatu eta neurtu ahalko du, interesatzen zaiona bereganatzeko eta horrekin nahi duena egiteko”.
- Mugitzeko askatasuna izatea
Choklerrek adierazi bezala, mugitzeko gaitasuna ez da “hemen eta momentu honetan” eskuratzen, baizik eta jaiotzatik poliki-poliki eraikiz joan beharreko zerbait da, “gorputza bitarteko izanik, lasai egoten ikasteko eta haurrak berak egin dezakeela sentitzeko. Baina proba egin eta ezin duela ikusten badu, egiten ari den hori egiteari utziko dio eta beste zerbaitetan hasiko da”.
- Testuinguru egokia edukitzea
Haurrak autonomiarako bidea urra dezan, inguruneak ere egokia izan behar du psikomotrizistaren hitzetan: espazio segurua, objektu egokiak, arropa erosoa, toki goxoa eta kalitatezkoa, arriskurik gabea...
Mugimendu asketik hasten da autonomia
Umeen mugimenduak nolakoak diren aztertzeko, testuinguruak haurraren mugimenduan zer-nolako eragina duen ikertzeko, eta mugimendu askearen garrantzia irudi bidez gurasoei azaltzeko Mugimendu librea eta errealitatea izeneko dokumentala osatu dute Iruñeko haur-eskolek. Teresa Godall proiektuaren bideratzaileak eta Alfredo Hoyuelos lanaren egileak aurkeztu zuten dokumentala jardunaldian. Godall Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea ere bada eta Emmi Pikler-en gainean tesia egina du; Hoyuelos berriz, NUPeko irakaslea da, Iruñeko haur-eskoletako tailerista ere bai, eta Loriz Malaguzziren gainean tesia egina du.
“Jaioberriak gaitasunak ditu” Emmi Piklerren esalditik abiatuz, autonomia kontzeptua nola ulertzen duten azaldu zuten Godallek eta Hoyuelosek aurkezpenean. Hain zuzen ere, haurraren gaitasunez gehiago hitz egin zuten autonomiaz baino, iruditzen baitzaie 0-3 adin tartean autonomiak soilik motorra izan behar duela: “0-3an ez dago autonomia emozionalik, ezta autonomia linguistikorik ere, ez dago autonomia sozialik… 0-3an haurra irakurtzeko gai bagara soilik existituko da autonomia. Haurrak gorputzean, begiradan, keinuetan, harremanetan… erakusten dituen gaitasunak irakurtzeaz ari naiz. Eta, horretarako, haurrarekin elkarrizketan aritzeko prest egon behar du helduak, haurrari itxaroteko gai izan behar du eta hark zer esango dion zain egoteko gauza. Eta orduan soilik hitz egin ahalko dugu autonomiaz”, argitu zuen Godallek. Baina ezaugarri horietaz gain, haurrak autonomoki mugitzeko gaitasuna eskura dezan kalitatezko testuinguru bat ere ezinbestekoa dela gaineratu zuen, hezitzailea bezalaxe espazioa ere erreferentziazko beste elementu bat baita haurrarentzat. Autonomia motorraz hitz egin nahi izan zuen Godallek, haur guztiak direlako autonomo motrizitatean. Izan ere, pertsonak jaiotzatik programatuta dakarren zerbait da hori eta bere kasa ernetzen da, baldin eta espazioa, denbora eta haurrak helduarekin dituen harremanak kalitatezkoak badira. “Haurrak bizitzen dituen esperientzien bidez eraikitzen du bere ezagutza. Horrek esan nahi du haur-eskola batean haur bat hartzen dugunean bere esperientziaren gaineko informazioa eduki behar dugula, hau da, haur horrek duen autonomiaren jakitun izan behar dugula”.
Espazioaren garrantzia
Dokumentala ikusi osteko galdera-erantzunen tartean, haur-eskolako ingurunea antolatzeko hiru aholku nagusi eman zituen Godallek. Hasteko eta behin, haurrek gauza guztiak eskura eduki behar lituzketela adierazi zuen. Adituaren esanetan, ordea, horrek ez du esan nahi gauzak “mutur aurrean” jarri behar zaizkienik umeei, ezta gauza horiek eskuratzeko haurrek inolako mugimendurik egin behar ez dutenik ere. Hala, adinaren arabera, objektuak gertuago edo urrunago, altuago edo baxuago jartzeko gomendatu zuen.
Bigarrenik, Godallen esanetan, testuinguruak eta haur-eskolako giroak haurrari bere burua bere kasa asebetetzeko aukera eman behar lioke. Reggio Emiliako testuinguruak ekarri zituen gogora. Izan ere, espazio mota horiek irekiak dira, eta haurrak bere interesen arabera, batetik bestera, kanpotik barrura, goitik-behera… mugitzeko aukera du, eta bide batez, baita era askotako esperientziak bizitzekoa ere. Hirugarrenik eta azkenik, haurrak berak bere kabuz gauzak egiteko, bizitzeko eta ekiteko aukera izan behar luke espazio horretan, adituaren arabera.
Pseudoautonomia
Autonomiaren ifrentzua litzateke pseudoautonomia edo autonomia faltsua Myrtha Chokler psikomotrizistaren arabera. Judith Falk Pikler Loczy-ko zuzendari ohiaren definizioari erreferentzia eginez azaldu zuen kontzeptua jardunaldian. Definizio horren arabera, pseudoautonomia litzateke norbere iniziatibaz sortzen ez den jarduera. “Badakigu haurrek helduen poza eurena bailitzan bizitzen dutela. Ezinean eta beldurrez izan arren, haurrak bi urrats ematen dituenean heldua poztu egiten bada, haurra helduari poza eragiten saiatuko da, eta nola edo hala, bi pauso horiek ematen”. Hala, Choklerren esanei jarraiki, momenturen batean haurrak berari zer gertatzen zaion jakiteko gaitasuna galduko du, heldua sentitzen ari dena izango baitu barnean txertaturik. “Kasu horretan, —ezinean eta beldurrez bi pauso ematen ari delarik—, baliteke haurra ziurgabe sentitzea, baina pentsatuko du horixe dela heldua alboan izateko modu bakarra. Hala, haurrak zenbateraino gaizki sentitzen den jakiteko gaitasuna galduko du. Izan ere, haurra zailtasunean egoteak helduari plazera ematen dio eta haurrak bere plazerarekin nahasten du helduarena. Haurrak zera barneratzen du: ‘Nik sufritu beharrak daukat besteak plazera senti dezan’. Beraz, horrenbesterainoko beharra baldin badauka bestearen plazera ikusteko, bere kabuz pentsatzeko eta jarduteko ahalmena galtzen du”. Choklerrek eransten duenez, horrek guztiak gehiegizko eskakizuna sortzen du haurrarengan, eta era berean, “gainegokitze” deituriko mekanismoa eragiten du, hau da, haurra ez da errealitatera aktiboki egokitzen, baizik eta etengabe alerta egoeran dago zer gertatuko ingurunean, eta behartuta egiten du egokitzapena. “Gaur egun badakigu gainegokitzapena estres kronikorako biderik zuzenena dela. Eta egunetik egunera haur gehiago ikusten ditugu estresatuta, gehiegizko eskakizun eta gainegokitzapen horien ondorioz”. Psikomotrizistaren hitzetan, horrek guztiak haurrarengan sekulako ezgaitasun, ziurgabetasun, mendekotasun, beldur eta arrisku sentsazioa eragiten du, eta, gainera, horrelako kasuetan haurrak uste izaten du inoiz ez duela lortuko helduek berak lortzea nahi dutena. Aldi berean, sozializazio prozesurako izugarrizko oztopoa da hori, Choklerren arabera. “Haurra etengabe kanpoan gerta-tzen denari adi egongo da heldua asebete nahi duelako. ‘Zu gustura bazaude existitzen naiz ni’ esango du haurrak bere baitarako. Helduak berriz zera sinetsaraziko dio umeari: ‘Nik nahi dudana egiten baduzu eta pozik uzten banauzu, maiteko zaitut, bestela ez’”. Jokabide horrek guztiak gaur egungo patologia nagusienetako bat eragiten dutela uste du Choklerrek: “Nortasun hutsalak egituratzen ditu, kanpoko estimulu bila, etengabe bere burua erakutsi beharra daukaten pertsonak, eta ilusio faltsuz bere burua eraikitzen dutenak, pixkanaka identitatea erabat galdu arte”.