Hilekoa, norbera ezagutzeko bidea

2016-02-05

Transmititu izan denaren kontra, hilekoa ez da zerbait lizuna edo zikina, baina ezta hutsala ere, garrantzirik gabekoa. Dagokion tokia egin eta gorputza esaten ari den horri entzutea gomendatzen du Txusa Balbas ginekologoak.

 
 
Hilekoa, norbera ezagutzeko bidea

Gainera etorri zaizun kaka zahar handi bat”. Horrela hautematen dute nerabe askok hilekoa, Txusa Balbas ginekologoaren arabera. Nerabezaroan hasten du hilekoarekin harremana emakumeak, eta bere bizitzaren zati handi batean presente egongo da. Baina, teorikoki nerabeak informazio asko izanagatik eskura, oraindik ere hilekoaz ideia negatiboa, okerra eratzen dutelakoan dago Balbas. Horretan zerikusia izan du kultura hegemonikoetan hilekoaz egin den transmisioak.

Patriarkatuaren baitako kultura gehienetan tabua izan da hilekoa, eta emakumea egun horietan “alde ilunarekin bat egin duen izaki toxiko, lizun eta gaizto” gisa aurkeztu izan da. Blacfinger edo hatz-beltz deitu izan zaio hainbat kulturatan hilekoarekin dagoen emakumeari. Gaur egundaino iritsi da pertzepzio hori, “oraindik gelditzen baitira hilekoarekin zauden bitartean landarerik ez ureztatzeko esango dizuten amonak, loreak hil egingo direla eta”. Hori gutxi ez, eta gaur egun “tabutik banalizaziora” goazelakoan dago Balbas: “Oraingo amek esaten diete alabei ez dela ezer gertatzen, hilekoa txorakeria bat dela, tanpoia jarri eta aurrera egiteko; finean, esaten diete gorputzari ez entzuteko. Mutil bat bezala portatu behar dute, baina baginan zilindro bat sartuta”. Giro horretan, nola sortu harreman osasuntsua gorputzarekin eta horren zikloaren parte den hilekoarekin? Hilekoa ez da “zerbait nazkagarria, edo zikina”, baina ezta banala ere. Ezinbestekoa da hilekoa aintzat hartu eta gorputza sentitzen ari denari, esaten ari den horri lekua egin eta entzutea. Izan ere, zertako da hilekoa? Zein funtzio betetzen du emakumearen gorputzean?

Andrearen aroekin bat

Hilekoak lagundu egingo dio txarra den hori kanporatzen emakumeari, bai fisikoki bai emozionalki. Alde batetik, gorputzetik toxikoak kanporatuko ditu hilekoaren odolaren bidez; eta, bestetik, “oreka emozionala” aurkitzeko bidea emango dio, “lehen ‘umore txarrak’ deitzen ziren” jarrera emozionalak kanporatzen lagunduko baitio.

Bestalde, hilekoak adierazten du nerabe hori “bizitza heldura esnatu” dela, eta “bizi-ziklo geldiezina” abiatu duela. Bizi-ziklo hori lotuta dago amatasunarekin, batetik, bizi berri bat sor baitezake aurreran-tzean; baina bizi-zikloa da, baita ere, hilekoarekin gailurra joko duen lau asteko ziklo horretan zehar “emakumearen aroak” deitutakoak biziko dituelako, bere gorputzean garatzen ari den obuluaren faseekin bat. Horrela, kontzientzia-egoera desberdinak igaroko ditu emakumeak zikloan zehar. “Zikloaren lehen astean, obulua bere bidea egiten hasten denean, emakumea harremanetan jartzen da gaztaroarekin; aro horretan energia handia sentituko du, eta proiektu asko izango ditu. Astebetez nerabe bat bezala sentituko da, berdin dio 40 urte baditu ere”.

Bigarren astea, berriz, amatasunaren astea da, Balbasen esanetan; hain zuzen, emakumea obulatzen egon ohi den asteari dagokio, eta “aro horretan, jarrera emozional irekia hartzen du, ulermenarena, laguntzekoa, presentziarena; hau da, amatasunarekin lotu ohi diren jarrerak hartzen ditu”. Hirugarren astean, heldutasunaren-aroa bizi du emakumeak, eta “bereizketa-ahalmen handia izango du, intuizioa oso garatuta eta erreflexiorako gaitasuna”. Kontzientzia-egoera hori emakumeak menopausian bizi duenari legokioke, eta bere gorpu-tzak bizi duen gainbeheraren kontzientzia hartu ohi du emakumeak; “sentsazio hori bat dator obuluaren gainbeherarekin, ernaldu ez bada hil egingo baita”. Laugarren astea zahartzaroarekin legoke lotuta, eta kontzientzia-egoera horretan “bakarrik egon nahi du, haserrekor dago, triste...”.

Azkenik, hilekoa bera legoke. Jaitsi aurreko bi egunak, eta jaitsi ondorengo beste bi egunak leudeke. “Bat-batean miraria gertatzen da: hilekoa etortzen da, eta horrekin batera berriro bizitza. Hilekoa obuluaren heriotzaren ebidentzia da, bizitzarik sortu ez denaren ebidentzia, baina, era berean, ziklo berri baten hasierarena”. Egun horietan bereziki hauskor, sentikor egongo da emakumea, eta bakarrik egoteko nahiz barrura begiratzeko beharra sentituko du. “Amorrarazita zauden hiruzpalau egun horiek, isiltasun egun horiek, oso onak dira zeure burura hurbiltzeko; norbere buruarekin daukagun intimitate une bat da. ‘Hau nazka’ pentsatu beharrean, ‘honek zer esan nahi dit?’ pentsatuko bagenuke, zoragarria litzateke”. Bere ustez, inportantea da emakume bakoitzak bere zikloa behatzea eta ezagutzea, kontzientzia hartzea, horrek lagundu egingo baitio bere burua ezagutzen.

Izan ere, emakume guztiek ez dute ziklo bera, gerta daiteke aroetako bat oso luzea izatea, eta beste aroetako bat ez bizitzea. Nerabeen, kasuan, normalean bi fase besterik ez dituzte izaten: euforiatik zulo beltzera joaten dira, nerabezarotik zahartzarora zuzen-zuzenean. 16 urte arte-edo ohikoa da obulaziorik gabeko zikloak izatea; hortik aurrera hasiko da, oro har, 4 kontzientzia-egoerak bizitzen.

Nola hartu onerako, mina tarteko bada?

Baina, hilekoa, zikina ez izan arren, norberarengana hurbiltzeko baliabidea izanagatik, askotan sufrikario bilakatzen da emakume askorentzat, eta bereziki nerabeentzat, zenbait kasutan min handia eragiten baitu. Balbasen esanetan, ordea, “mina dagoenean galdetu behar dugu ‘zergatik? Zer ari da pasatzen?’. Izan ere, mina badago, entzun egin behar dugun zerbait dago gure baitan”. Balbas ez da gaixotasunez ari, isilarazitako emozioez edo energiaren blokeoez baizik: “Inportantea da neska bakoitzak bere hilekoa ezagutzea, horrekin harremanetan jarriko baita bere gorputzarekin. Eta, harreman hori sortzen badu, gai izango da bere burua sendatzeko, baditu eta horretako instrumentuak. Nerabeak animatuko nituzke beraien gorputza entzutera, ea zer esan nahi duen min horrek, zer adierazten duen”.

Mina sor dezaketen energia-blokeoak askatzeko, dantza baliabide egokia izan daiteke, Balbasen ustez. “Horrela egiten zuten Amerikako cherokee indioek. Emakumearen gorputz-jarrerari erreparatuta, dantza mota jakin bat gomendatzen zioten hilekoaren mina arintzeko”.

Sarri, ordea, min hori aintzat hartu eta ernamuinera jo beharrean, estaltzea edo ezabatzea izaten da helburua, eta botikak hartzea irtenbidea. Hain zuzen, emakumeari “gertatzen zaion guztia” medikalizatzeko joera salatzen du Balbasek. “Badirudi natura ez zela gehiegi saiatu gurekin, gaizki eginak gaudela edo. 11 urterekin hilekoa etortzen bazaio, ‘ze pena’ entzun beharko du, eta 14rekin etorri ez bazaio ere, ‘ze pena’. Baina utzi behar diogu pentsatzeari gaizki eginak gaudela, akastunak garela, eta gugan dagoen guztia den horretan perfektua dela sinetsi behar dugu. Horren kontzientzia hartzea oso inportantea da”.

Gizartean zer toki du hilekoak?

Hauskortasun emozional handia, sentikortasun handia bizi du emakumeak hilekoa duenean, eta ondorioz barrura begirako jarrera intimoa hartu ohi du. Bada, hauskortasun horri lekua egin behar zaiola aldarrikatzen du Balbasek, bai maila intimoan bai gizarte mailan.

“Onartu egin behar dugu sentikortasun hori eta baimena eman geure buruari horrela egoteko. Lau egun besterik ez dira izango”, dio. Horretaz gain, onarpen eta baimen hori gizartetik ere iritsi behar zaio emakumeari: “Ni emakume eta gizonen berdintasunaren alde nago, noski, baina aniztasunean oinarritutako berdintasunaren alde. Hau da, legearen aurrean berdinak izatea nahi dut, baina onar dezatela emakumeon izatea, gure natura”. Izan ere, parekoak lirateke emakumeak erditu osteko egunetan, hots, puerperioan, eta hilekoa duenean bizi duen kontzientzia-egoera. Eta, erditu ostean bezala, hilekoarekin dagoen emakumeak onarpena eta bere egoerarekiko errespetua behar ditu. “Gizartea errespetuzkoa balitz, desberdina litzateke emakumeek hilekoarekin luketen harremana”. Izan ere, “orain nola neskek mutilak bezainbestekoak edo hobeak izan behar duten, bada ezin dute utzi hilekoak eragin diezaien, ezer gertatuko ez balitz bezala portatzera behartzen ditugu. Baina ez gara berdinak, ezta behar ere. Emakumeari espazio hori ematea aldarrikatzen dut”.