D eredua eremu 'ez euskaldunean'. ERREPIDEA ETA SUSTRAIAK
Nafarroan, eremu euskalduna deitutakotik kanpo bizi diren familia askok ahalegin berezia egin behar dute hezkuntza euskaraz eta euskaratik jaso ahal izateko. Errepidea beraien egunerokoaren parte da, beraiena ez den herri batean pasatzen baitute eguna haurrek; beraz, herrian sustraitzeko ahalegin berezia egin behar dute.
Tolosan, Bermeon edo Agurainen bizi den familia bati, erraza iruditu dakioke seme-alabei hezkuntza eta eskola euskalduna eskaintzea. Herrian bertan izango dute, segur aski, D eredua eskola publikoan, agian baita herriko kristau-eskolan ere; eta, baliteke ikastola ere bizitokian bertan izatea. Jaioterrian bertan jasoko dute seme-alabek euskarazko hezkun-tza, etxetik gertu, eta herrian bertan egingo dituzte lagunak eta koadrila. Baina, Mendigorrian, Ezpeletan edo Bidarrain biziz gero, ahalegin berezia egin beharko dute gurasoek seme-alabei euskarazko hezkuntza eskaini ahal izateko.
Izan ere, euskarak ez du ofizialtasunik presentzia, oraina eta iragana duen herrialde guztietan. Ipar Euskal Herrian, euskararen ofizialtasunaren aldeko mugimenduak aldarrikapen jendetsuak egin ditu azken garaiotan, baina oraindik ez dute eskaerek erantzunik izan. Nafarroan, aldiz, ia 3 hamarkada daramatza indarrean euskararen ofizialtasuna hirutan zatikatzen duen Euskararen Legeak. Lege horren arabera, Nafarroa iparraldean hizkuntza ofiziala da euskara, gaztelaniarekin batera, eta, beraz, hezkuntza-publikoan eskaintzen da euskarazko D eredua. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, aldiz, eremu mistoa eta eremu ez-euskalduna zehazten ditu legeak: eremu mistoan, horrela eskatzen duten ikastetxeetan eskaini ahal da D eredua. Eremu ez-euskaldunean, aldiz, eskariaren arabera, administrazioak erabakitzen du D eredua eskaini ala ez.
Hain zuzen, eremu ez-euskalduna deiturikoan bizi dira Patxi Martinez de Goñi eta Eunate Lopez. Villatuertan bizi da bata, Mendigorrian bestea. Biek erabaki dute seme-alabak D ereduan heztea, eta, horretarako, egunero errepidera atera eta kilometroak egitera behartuta dago familia. Eunateren kasuan, Mendigorriako eskolan A eta G ereduak soilik eskaintzen dituztenez, Gareseko eskola publikora joaten dira egunero bere seme-alabak herriko beste 5 familiatako haurrekin batera, D eredua baitago bertan. Orain arte, sei familiaren artean ordaindu behar izan dute haurrentzako autobusa: 600 € kostatzen da, 100 € familiako. Haurra jangelan uztea erabakiz gero, hilero beste 100 € ordaindu behar dituzte seme-alaba bakoitzeko. Eunateren kasuan, hiru alaba izanik, 400 €-ko gastua litzateke hilero. Horregatik joaten da eguerdiro bazkalorduan Garesera alaben bila eta etxera ekartzen ditu bazkaltzera. “Eskola publikora eramaten ditugu, baina gastua handia da eta guk ordaindu behar izan dugu dena. Ahalegin ekonomiko hori ezin du edozeinek egin; familia batzuk ezin dute hori asumitu eta seme-alabak Mendigorriako eskolan gelditzen dira, euskara ikasi gabe”. Dena dela, Nafarroan gobernu aldaketa izan da aurten, eta, harrezkero, egoerak hobera egin du, ikasturte honetan diru-laguntza jasoko baitute garraio-gastuetarako.
Hala ere, Eunateren kezka nagusia bestelakoa da. “Egoera aldatu arren, gure bizimodua berdina da: haurrek kanpora atera behar dute euskaraz ikastera, eta, eguna herritik kanpo pasatzen dutenez, zailtasunak dituzte herrian harremanak egiteko”. Izan ere, Gareseko ikaskideak dira 10 urteko Maialenen, 7 urteko Eiderren eta 4 urteko Izaroren lagunak, eta asteburua iristean ere askotan Garesera jotzen dute, lagunekin egoteko. Gauzak horrela, ahalegin berezia egiten dute herrian antolatzen diren jardueretan parte hartzeko, alabek herrian sustraiak bota ditzaten, baina “zaila da, askotan jarduerak Mendigorriako eskolaren inguruan antolatzen baitira”.
Antzekoa da Patxi Martinez de Goñiren sentsazioa ere. Honek ere hiru alaba ditu, 6 urteko Zuriñe, 4 urteko Amane eta 2 urteko Saioa. Bi zaharrenak Lizarrako Remontival eskola publikora joaten dira D ereduan ikasi ahal izateko, Villatuertako eskolan ez baitaukate horretarako aukerarik. Dioenez, desplazamendua ez da hainbesterainoko arazoa: Lizarra inguruko herrietako haurrak jasotzen ditu doako autobus batek, horietako zenbaitetan jada itxi egin baitituzte herri-eskolak, eta Villatuertako haurrak ere jasotzen ditu autobus horrek; Lizarrako eskolan jangelan gelditzen direnek ere laguntzak jasotzen dituzte. Patxirentzat, penarik handiena da alabek herritik kanpo jasotzea heziketa: “Guretzat gogorrena deslokalizazioa da. Beldur gara Lizarran egingo dutela koadrila, eta galtzen dutela herriaren esentzia. Herriko eskolakoek Villatuertako lantegiak bisitatzen dituzte, edo osasun-etxea, edo... Ikusten dugu sare-sozialetan nola joan diren baso-eskolara, adibidez, eta, pena handia ematen digu: gure alabak hori dena galtzen ari dira, beraiek Lizarrari buruz ari dira ikasten”. Gainera, Lizarrakoa eskola handia da, eta Patxik faltan botatzen du alabentzat Villatuertako eskolan ematen den arreta pertsonalizatuagoa; noski, faltan sumatzen du hori bera euskaraz jasotzeko aukera.
Euskara, edo herria?
Gauzak horrela, alaba zaharrena eskolatzeko orduan, hainbat gauza jarri zituzten balantzan: “batetik, euskara zegoen; bestetik, herria, sustraiak...”. Azkenean euskararen aldeko apustua egin zuten. Dena dela, Patxi borrokatu egin zen aukeratu beharrik ez izateko: hau da, alabari heziketa euskalduna herrian bertan eskaintzeko. “Zuriñe eskolaratzeko orduan, Villatuertako eskolako zuzendariari esan nion D ereduan aurre-matrikulatu nahi nuela alaba. Ezinezkoa zela esan zidan, ordenagailuak ez zuela horretarako aukerarik ere ematen”. Hori ikusirik, kexa aurkeztu zuen Nafarroako Hezkuntza Kontseilaritzan, baita Arartekoaren aurrean ere. Erantzun zioten hori zela Euskararen Legeak ezarritakoa.
Patxik badu itxaropena Saioa alaba txikiena herriko eskolan bertan matrikulatzeko D ereduan. Izan ere, aurreko legegintzaldian Euskararen Legeari egindako aldaketek aukera emango dute eremu guztietan nahi den ereduan egiteko aurre-matrikula, “baina susmoa dut herri txikietan zaila izango dela. Villatuertan 8 ume daude Saioaren adinekoak, eta horietatik 7-edo geldituko dira herrian. 3 edo 4 aurre-matrikulatzen badira D ereduan, zer egingo du Gobernuak? Izan ere, nik badakit ia ezinezkoa dela Villatuertan bi linea zabaltzea, eredu bakoitzeko bat... Dena dela, 3 edo 4k D ereduan ematea izena, hori bera jada inportantea litzateke”.
Hala ere, lehenengo mailarekin hasiko litzateke D eredu hori eta, beraz, bai Patxiren bai Eunateren alaba zaharrenek Lizarrara eta Garesera bueltaka jarraitu beharko dute. “Badakit ia ezinezkoa dela Zuriñek eta Amanek herrian bertan ikastea”, dio Patxik.
Gauzak horrela, Eunaterenak bezala, Patxiren familiak ere ahalegin berezia egiten du haurrak herrian errotzeko; “badakigu lan handia egin behar dugula”. Horrela, kalean denbora asko pasatzen dute, eta Zuriñe Villatuertan bertan hasiko da eskolaz kanpoko jarduerak egiten, herriko haurrekin harremanak sortzeko.
Eta, haurren deserrotzea, karga ekonomikoak, errepidearen zama... zergatik, bada, ahalegin hori? Eunatek dioenez, “nahi dugulako gure alabek aitona-amonen, birramona eta birratoinen hizkuntza hitz egitea. Hemengo hizkuntza, eta beraien ohiturak ikastea nahi dugulako. Nafarroako hizkuntza euskara da, lehen eta orain. Eta, gure etorkizuna eraikitzeko, nora goazen jakiteko, jakin behar dugu gure sustraiak non dauden, nor garen eta nondik gatozen. Gure herriaren izenak berak, Mendigorria deiturak, erakusten du hemengo sustraiak euskaldunak direla”.
Ildo beretik mintzo da Patxi ere: “Euskararen aldeko jarrera dugu, guretzat gure hizkuntza da euskara, eta nahi dugu gure alabak benetan elebidunak izatea, bi hizkuntzak menderatzea”.
Eskubide berdintasuna
Gauzak horrela, etorkizunari eta administrazioari, eskatzen diote, batik bat, “nafar guztientzako eskubide berdinak bermatzea”. Izan ere, Eunateren ustez, Euskararen Legeak dakarren eremuen banaketak gaur egun desberdinkeria egoera bat sortzen du: “Guk ere berdin ordain-tzen ditugu gure zergak, baina guk ez daukagu eskubiderik gure hizkun-tzan, euskaraz, eskolaratzeko gure seme-alabak. Segun eta non bizi zaren, eskubide batzuk dituzu nafar gisa, edo ez. Murriztu egiten dituzte zure aukerak”. Eta, Eunaterentzat, Gobernuak ezin du esan ez dagoenik euskaraz ikasteko eskaerarik zonalde batzuetan, ez baitakite horrela denik: “Jendeari ez badiozu aukera ematen eskaria egiteko, nola dakizu ez dutela nahi? Mendigorriako eskolan ez dago aukerarik aurrematrikula D ereduan egiteko, nola esan dezakete jendeak ez duela nahi? Eta, aukera emango balitzateke? Ikusi egin behar zenbat jendek eskatuko lukeen D eredua”. Izan ere, sinadura-bilketak ere egin dituzte herrian D ereduan matrikula-tzeko aukera eskatuz.
Eunateren aburuz, konponbidea etorriko litzateke aukera emanda horrela nahi duenari D eredua eskatzeko; eta, “dioten bezala, eskaririk ez balego, hala nahi dugunoi laguntzak eman beste leku batera mugitzeko. Baina bermatzea euskaraz eskolatzeko gure eskubidea”.
Dena dela, jende asko nekatu da bidean, urte asko daramatzate gauza bera eskatzen “eta orain nola garraiorako diru-laguntza daukagun, jendea erlaxatu egin da, uste dute egoera konpondu egin dela. Baina nork ziurtatzen digu lau urte barru, beste hauteskunde batzuk izatean, horrela mantenduko dela egoera?”
Patxi, aldiz, gustura legoke “gutxienez lau urtez herrian ikasteko aukera balute”. Izan ere, euskararen eta jaioterriaren artean aukeratu beharra gogorra egiten zaie. Dena dela, badakite hori bidearen parte izango dela: “Nahi genuke lagunartea Villatuertan izatea, baina horrek esan nahi du, segur aski, ez luketela aukerarik izango euskaraz hitz egiteko. Alde batetik dago euskaraz bizitzea, eta bestetik Villatuertan bizitzea, eta momentuz zaila da biak batera egitea”.