BOLONDRES PROIEKTUA. Ikasleak, beharra dutenen bidelagun
Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxean, Batxilergoko 2. mailako ikasleek boluntario-lanak egiten dituzte herriko hainbat elkarte eta egoitzatan. Izan ere, duela 7 urtetik hona Bolondres programa dute abian. Horren baitan, besteak beste, etorkinekin eta adineko pertsonekin jarduerak egiten dituzte, beraien denbora librea erabilita eta horrek azken notan inongo eraginik izan gabe. Modu horretan, justizia eta elkartasuna bezalako balioetan hezi nahi dituzte ikasleak. Ikasturterik akademikoenean, beren baitatik atera eta inguruan, munduan gertatzen diren arazoetara erakarri nahi dute gazteen begirada.
Une existentzial garrantzitsu batean” egon ohi dira Batxilergoko 2. mailako ikasleak, Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxeko Aitziber Agirre irakaslearen esanetan. Ordu arte eskolak eta familiak osatu dute nagusiki beraien eguneroko markoa, baina mundura atera eta etorkizunean zein bide hartu erabakitzen hasteko unea iritsi zaie. Aldi berean, ordea, kanpora baino, barrura begira egon ohi dira ikasleak, eta euren buruengan jarria izaten dute arreta osoa: zein diren beraien nahiak eta desirak, zein interesak, zein kezkak... “Momentu horretan oso zentratuta daude beraiengan: beraiek dira erdigunea, beraiek daude guztiaren erdian”. Beraz, nola ireki mundura, kanpoan dagoenari begiratu gabe?
“Eskolan nahiko ondo lantzen dugu pertsonaren ezagupenaren gaia: zeure burua ezagutu, zeure nahiak eta desioak... Baina ez dugu hainbeste jartzen begirada bestearengan: Zer gertatzen da nire inguruan? Zer gertatzen da munduan? Eta horrek nola eragiten du nigan eta nire erabakietan?” San Jose Jesuitak ikastetxeko irakasle talde batek, Agirrek tartean, pentsatu zuten ikasleei ariketa hori egiten ere lagundu behar zietela, “lagun hurkoa, hor egon arren ezezaguna zaigun hori, erdigunean jartzen, edo behintzat gure erabakietan aintzat hartzen. Ez pentsatzea bakarrik nigan, nire amets eta desioetan, baizik eta ‘zer behar du mundu honek nigandik?’ galdetzea geure buruari”, dio Agirrek. Gainera, Batxilergoa oso etapa akademikoa da, Agirreren irudiko, eta Haur edo Lehen Hezkuntzan ez bezala, Bigarren Hezkuntzan herriarekin kontaktu gutxi izaten dute ikasleek. Nahi zuten, beraz, mundura ez ezik ikasleak Durangoko herrira ere zabaltzea.
Hausnarketa horietatik abiatuta, duela zazpi ikasturte ikastetxean Bolondres proiektua jarri zuten abian. Horren arabera, Batxilergoko 2. mailako hainbat ikaslek boluntario lanak egiten dituzte ikasturtean zehar herriko hainbat elkartetan, eskolak babestuta eta koordinatuta, baina beraien denbora librean. Besteak beste, Agirreren ekimenari esker jarri zuten martxan egitasmoa, eta bera da gaur egun proiektuaren arduraduna.
Etorkinak, ezinduak, adinekoak...
Erlijio ikasgaiaren alternatiba da boluntariotza lana. Dena dela, “ez da hautazko ikasgai bat, izan ere ez baita ikasgai bat ere”. Nahi dutenek gauzatzeko aukera duten proiektu bat da. Batxilergoko 2. mailako ikasleen erdiak aukeratzen du, gutxi gorabehera, boluntario lana egitea.
Bolondres proiektua prozesu akademikoaren baitan txertatu dute, beraz, eta eskola-orduetatik gaiari astean ordubete eskaintzen diote. Denbora hori erabiltzen dute ikasleek egin beharreko lana zehazteko eta koordinatzeko, baita ikasleak formatzeko ere. Dena dela, proiektuaren muina da ikasleek eskolaz kanpo, beraien denbora librean, egiten dute boluntario lana. Asteburuetan nahiz astean zeharreko arratsaldeetan, lau esparru edo zerbitzutan banatuta aritzen dira ikasleak boluntario gisa lanean. Boluntario zerbitzuak egunero eskaintzen dituzte, baina, txandatzen joaten direnez, ikasle bakoitzak ez du egunero aritzeko ardura, dagokion asteko egunean baizik.
Boluntario gisa eskaintzen duten zerbitzuetako bat etorkinei zuzendua dago. Durangoko jesuitek etorkinentzako harrera-etxea dute martxan, eta horiekin elkarlanean aritzen dira ikastetxeko ikasleak. Urtero aldatzen da harrera-etxean egin beharreko lana, etorkinen beharren arabera. Ikasturte hasieran egoitzako arduradunekin elkartzen da Agirre, urte horretan egin beharrekoa zehazteko. Dena dela, gehienetan etorkin etorri berriei hizkuntza irakasteko zeregina izaten dute ikasleek, eta mintzamena lantzen dute bereziki. Eskola orduetan Aitziber Agirrerekin egiten dute koordinazio-saioan prestatzen dituzte etorkinei hizkuntza irakasteko erabiliko dituzten ariketak. Hizkuntza ondo dakitenekin, berriz, bestelako ekintzak egiten dituzte, informatika-eskolak, esaterako.
Arlo-soziala lantzen ere saiatzen dira. Hala, duela bi ikasturte, ikasleek jesuiten etxeko etorkinekin partekatzen zuten aisialdia, koadrilan elkarrekin aterata. Aurten ere bide hori landu nahi dute Durangora iritsi berria den etorkin batekin. 20 urte dauzka, hain zuzen boluntario lanetan dabiltzan ikasleek baino pare bat gehiago besterik ez. “Koadrilan atera dadila, agian hori hobea da berarentzat hizkuntza-eskolak jasotzea baino”, Agirreren ustez. Izan ere, etorkinei herrian integratzen laguntzea da helburua.
Ikasleek boluntario gisa lan egiten duten bigarren esparrua zahartzaroa da. Horrela, arratsaldetan eskolako boluntario multzo bat Durangoko zaharren egoitzara joaten da, eta ekintzak eta jolasak antolatzen dituzte. Egonkorragoa da esparru honetan egindako lana, ez hain aldakorra, urtetik urtera antzeko mantentzen baita. “Orain dela urte batzuk aisialdi proiektu bat jarri genuen martxan. Horren arabera, arratsalde guztietan izaten dira jarduerak egoitzan: eskulanak egiten dituzte, mahai-jolasetan aritzen dira, bingoan edo karta-jokoan, esaterako, eta aerobic-ere egiten dute, bakoitzak ahal dueneraino. Urte batean aromaterapia saioak ere antolatu zituzten ikasleek, batik bat oso txarto zeuden adinekoentzat. ‘Horiekin zer egin? Bada, zentzumenak landu’ pentsatu zuten, eta asmatu zuten halako tailer bat”.
Batik bat bakarrik daudenekin, edo bisita gutxi jasotzen dutenekin aritzen dira lanean boluntarioak. Parte hartuko dutenen zerrenda finko bat daukate ikasleek. “Planifikatu egiten dugu, eta arratsaldero behintzat zerbait daukate egiteko. Egoitzakoak oso eskertuta daude: egunero bizpahiru ikasle doaz eta jarduera bat jartzen dute martxan, eta egoitzakoei oso ondo datorkie. Izan ere, normalean aitona-amonek bazkalondoren albistegia ikusi eta lo kuluxka botatzen dute, eta gero bizpahiru ordu izaten dituzte zeregin handirik gabe. Bisita dutenak oso ondo, baina gainerakoak... Tarte horretan oso ondo etortzen zaie zerbait berezia edukitzea”.
Bestalde, ezinduekin ere egiten dute lan ikasleek, hori litzateke Bolondres proiektuak lantzen duen hirugarren esparrua. Bizkaiko Adimen Ezintasuna duten Pertsonen Aldeko Elkartea da Gorabide eta aisialdi taldea dauka Durangon. Bada, horiekin ere elkarlanean aritzen dira San Jose Jesuitak ikastetxeko Bolondres proiektuko ikasleak, bai astean zehar bai asteburuetan. Astegunetan, arratsaldetan hainbat jarduera antolatzen du Gorabidek, eta horietan hartzen dute parte, 18:00etatik 20:00etara; asteburuetan, berriz, koadrilan ateratzen dira bai boluntarioak bai ezinduak, 16:00etatik 20:00etara: Durangon buelta bat ematen dute, edo zinemara joaten dira, edo txangoak egiten dituzte Bilbora...
Ikastetxean bertan lanean
Azken esparrua, ikastetxearen baitan dago; San Jose Jesuitetako kide dira bai laguntzaileak bai lagundutakoak. Izan ere, boluntario lanetan ari diren hainbat ikaslek, ikastetxean bertako beste ikasle batzuei laguntzen diete ikasketa-prozesuan. “Krisiaren ondorioz, gure familietako hainbat kide langabezian gelditu dira eta ekonomikoki ez dabiltza oso ondo, eta, beraz, seme-alabek eskolan arazo-akademikoak badituzte, zailtasunak dituzte eskolaz kanpoko errefortzuak emateko. Horrenbestez, diskrezio handiz laguntza akademikoa behar duten eta familian arazo ekonomikoak dituzten ikasleen zerrenda bat prestatu genuen, eta horiei eskolaz kanpoko orduetan klaseak ematen dizkiete Batxilergoko ikasleek”, dio Aitziber Agirrek.
Batik bat Lehen Hezkuntzako ikasleak dira laguntza jaso-tzen dutenak, baina badira DBHko ikasleak ere errefortzu-programa deitzen duten honetan. Izan ere, etorkin asko behin ikasturtea martxan dela iristen dira, jada irakasleen ordutegiak antolatuta daudenean eta errefortzurako orduak esleitzeko aukera gutxi dagoenean. Horrelakoetan, Bolondres proiektuko ikasleak aritzen dira etorri berriei laguntzen, batik bat hizkuntzarekin.
Agirreren esanetan, hau litzateke zerbitzurik “zailena”. Izan ere, “alde batetik diskrezioa oso garrantzitsua da proiektu honetan. Baina, horretaz gain, 17 urteko ikasleei eskatu behar diegu koordinatzeko ikasle horien tutoreekin; autoritatea mantentzeko haurrekin, baina era berean enpatia lantzeko horiekin... Zerbitzu honek jarraipen itzela eskatzen du”.
Ardura eta konpromisoa, ezinbesteko osagai
Dena dela, Agirreren ustez zerbitzu bakoitzak dauka bere konplexutasuna. Izan ere, adibidez adinekoekin lanean ari direnen kasuan, arlo emozionalak garrantzi handia hartzen du: “Gertatu izan zaigu zaharretako bat hiltzea, eta larri etortzen dira, nahiko ukituta. Beraz, esparru bakoitzak dauka bere jarraipen mota”. Eta, jarraipen lan hori, eskola orduetan Bolondres proiektuarentzat gordetako ordubetean egiten dute. Zerbitzu eta boluntario bakoitzari egin beharreko jarraipenaz gain, eskola ordua erabiltzen dute, era berean, antolaketa lanetarako. Dena dela, orain egin dituzte “egokitzapen batzuk”, eta autonomoagoak dira ikasleak. Esaterako, zerbitzu bakoitzerako arduraduna izendatu dute eta whatsapp aplikazioaren bidez koordinatzen dira; horrela, norbaitek ezin badu dagokion egunean bere zerbitzua ematera joan, gaixorik dagoelako edo bestelako arazo bat sortu zaiolako, ikaslearen beraren ardura da ordezko bat topatzea, zerbitzua eman egingo dela bermatzeko; “arduratsuak izan behar gara horretan”. Ildo horretatik, Agirreren esanetan “proiektuak asko laguntzen die pertsona bezala hezten. Konturatzen dira hartu dutela ardura bat, eta ezin dutela utzi azterketa bat dutelako, edo gogorik ez dutelako”.
Alde horretatik, konpromisoa eskatzen diete ikasleei, gogorra izan arren, behin bidea hasita ez baita komeni laguntzen ari diren lagunak bidean uztea. “Hasieratik garbi uzten diegu proiektu honetan parte hartzeak zer suposatzen duen. Nik urteren batean galdetu izan diot ikasleren bati ea ziur al dagoen parte hartu nahi duela: kirola egiten du, herriko bandan dabil... badauka denbora? Izan ere, hau ez da hasi eta gero utz dezakezun gauza bat”, argi uzten du Agirrek.
Esparru berriak aztertzeko prest
Horiek dira gaur egun indarrean dauden zerbitzuak, baina gehiago ere izan dituzte 7 urteko ibilbidean. Esaterako, Durangoko Udalak kudeaturiko Zainduz proiektuarekin elkarlanean ere aritu izan dira ikasleak. Udalak formazioa eskaintzen zien Alzehimer gaitzak jotako herritarren zain-tzaileei, eta, horiek formazioetan zeuden denbora tartean, Bolondres proiektuko ikasleek zaintzen zituzten gaixorik zeuden lagunak. “Oso proiektu polita izan zen, baina krisi ekonomikoa etorri zen eta bertan behera gelditu zen. Polita izango litzateke egunen batean berreskuratzea”, Agirreren esanetan.
Izan ere, ikastetxea prest dago boluntario lanetan aritzeko esparru berriak aztertzeko. Ildo horretatik, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langile Maria Villar-ekin harremanetan dago Agirre, eta urtero aztertzen dute ea ikasleek laguntzeko moduko proiekturik ba ote dagoen martxan herrian. “Urtero diseinatu behar izaten dugu boluntario lana, eta urtero galdetzen diot Udalari: gure boluntarioak ikusten al dituzue nonbaiten ekarpena egiten? Urteroko lana da proiektu hau diseinatzea”, dio Agirrek.
Dena dela, momentuz aipaturiko lau esparruak izan dira denboran jarraipen luzeena izan dutenak Boluntario proiektuaren baitan, eta modurik egokienean funtzionatu dutenak, arduradunen ustez.
Zertan eragiten die ikasleei boluntario gisa egindako lanak?
Ikasturte amaieran, Bolondres programan parte hartu duten ikasleek memoria bat aurkeztu behar izaten dute, beraien bizipena zein izan den azalduz: zer eman dien boluntario gisa egindakoa lanak, zertan aldatu den, adibidez, inmigrazioaren inguruan daukaten ikuspegia... Agirreren ustez, “ez da berdina programa honetan parte hartu duen edo ez duen ikasle bat, edo ez luke izan behar, behintzat”. Izan ere, esperientzia bat izan daiteke ikaslearentzat, besterik gabe, bere baitan zerbait utziko duena, baina harago ere irits daiteke, eta pertsona horren bizitzaren norabidean eragina izan dezake.
Esaterako, zenbait ikaslek beraien unibertsitate ikasketetako aukerak aldatu dituzte ikasturtean zehar, hain zuzen boluntario-lanak beraiengan izan duen eragina dela eta. “Agian inoiz ez zuten pentsatu arlo sozialarekin zerikusia zuen ikasketaren bat aukeratzea, eta bat-batean erabaki hori hartzen dute eta diote ‘nik horretan egin nahi dut lan’, ezagutu duelako Gorabideko eta zaharren-egoitzako kideen lana”.
Beste hainbatek, boluntario gisa lanean jarraitzea erabakitzen dute zaharren-egoitzan edo Gorabiden. Agirrek aitortzen duenez, hori da proiektu honen alderdirik politena: “Zuzendaritzakoei beti esaten diet proiektuaren balorazioa egiteko orduan: badago inon jasotzen ez den datu bat. Zenbat ikaslek jarraitzen duten boluntario gisa lanean eskola amaitu ondoren ere? Aldatu al ditu barrutik proiektu honek? Beraien eguneroko erabakietan eragina izan du? Bada, kasu horretan, merezi izan du proiektuan jarri dugun indarrak”.
Alde horretatik, pertsonaren garapenerako proiektua garrantzitsua dela deritzo: “DBH arte ikasleak konpetentzien arabera baloratzen ditugu, baina iristen dira Batxilergora eta nota, zenbakia da axola duen bakarra. Uste dugu Bolondres proiektuaren bidez autonomia, garapen pertsonala, ardura... bezalako konpetentziak garatzen direla”.
Formaziorik onena, balioak
Boluntario lana gogorra izan daiteke sarri ikasleen-tzat, Aitziber Agirrek aitortu bezala. Agian ordu arte ezagutu gabeko bizitzako zailtasunekin aurrez aurre egiten dute topo 17-18 urteko gazteek: probezia, deserria, ezintasuna, gaixotasuna, heriotza... Bada, horiei aurre egiten laguntzeko, ikasturte hasieran formazioa jasotzen dute Bolondres proiektuko ikasleek.
Hasiera batean, egin behar zuten lanaren araberako formazio zehatza ematen zieten: zaharren egoitzan arituko zirenek, hango psikologoen laguntza jasotzen zuten, geriatria kontuen inguruan; Gorabiden arituko zirenek, berriz, ezinduekin lan egiteko trebatzen zituzten... Baina ez zen ikasleen gustukoa, “ez zuela balio zioten”, eta, gainera, ikastetxeak ere “balio unibertsalagoen” falta sumatzen zuen formazio eredu horretan: “Konturatu ginen azkenean ez dela hain beharrezkoa esparru jakin batean formatzea, baizik eta balio orokorragoak landu behar direla. Azkenean proiektuaren helburua da pertsona balio jakin batzuetan heztea: justizia, elkartasuna, enpatia, poztasuna... Horiek dira mundua aldatuko duten balioak”, dio Aitziber Agirrek, Bolondres proiektuaren arduradunak.
Balio horiek guztiak aintzat hartuta boluntarioek egin beharreko lana hitz bakarrarekin laburtzen du Agirrek: bidelaguntza. “Batzuetan kezkatuta egoten dira ikasleak, arratsalde pasa joan ezinduena edo adinekoena, eta ‘berarekin nago eta ez da enteratzen’ diote. Eta erantzuten diet, ‘zuek zarete enteratzen ez zaretenak’. Izan ere, kontua ez da berak ekintza honetan edo hartan parte hartzea, baizik eta bere ondoan egon eta bere bidea egiten laguntzea, behar duen horretan. Adibidez, zahartzaroaren bide horretan, beraientzat erreferente bat izatea”.
Alboan-en laguntza
Balioetan formatzeko eta bidelaguntza lan horretarako prestatzeko, beraz, formazio orokorra jasotzen dute gazteek. Hasteko eta behin, herrialde aberatsen eta pobretutako herrialdeen arteko desorekaren, eta desoreka horien zergatien inguruko saio informatiboa egiten dute, eskolan bertan. Ondoren, herritarren partaidetzaren inguruko beste saio bat izaten dute; gizartean parte-hartzearen garrantzia eta gure ingurunea aldatzeko gaitasunaren inguruan hitz egiten dute bertan. Horretaz gain, gazteen formazioan garrantzia handia dauka Alboan-ek, jesuiten Gobernuz Kanpoko Erakundeak.
Hala, GKE hori lantzen ari den proiektu bat ezagutarazten da ikastetxean; aurten, teknologiak eta gatazkak izan dituzte hizpide, eta orain dela bi urte Emakume Ausartak proiektua aurkeztu zuten Alboan-eko lagunek ikastetxean; hain zuzen, orduan Bolondres proiektuan parte hartzen ari ziren bi ikaslek (gaur egun unibertsitatean daude) oraindik ere Alboan-eko proiektu horrekin kolaboratzen jarraitzen dute. Proiektua aurkezteaz gain, Alboan-en bidez pertsonaren bat etortzen da eskolara hitzaldia eman eta bere bizipena ikasleekin partekatzera. Aurten, esaterako Chad-etik etorriko emakume baten bizipena ezagutzeko aukera izan dute. Duela bi urte Jacinta etorri zen Indiatik, eta eskolan “lan itzela egin genuen Indiari buruz: hango egoera ezagutu, bereziki emakumeena, erlijioa, gizartean daude desberdintasunak...”, dio Agirrek. Hori guztia, pixkanaka, beren baitatik begirada altxatu eta mundura begiratzen hasteko.