Zein gako nagusi izan behar ditugu kontuan, eskoletan haurrak berdintasunean hezteko?
* Luixa Reizabal Arruabarrena EHUko irakaslearen eskutik
Asko dira eskoletan haurrak berdintasunean hezteko kontuan izan beharreko gakoak. Ezinbestekoa da, lehenik eta behin, hezitzaileek neska eta mutilekiko dituzten itxaropenak aztertzea. Nortasun-ezaugarriei, trebetasunei, jarduerei zein rolei buruzkoak izan daitezke itxaropenak, eta, gehienetan, jendartean nagusi den generoaren ikusmolde estereotipatu eta sexistaren araberakoak izaten dira (“neskek txukunak eta garbiak izan behar dute. Mutilek, berriz, indartsuak eta gogorrak”; “Mutilak hobeak izaten dira matematikan. Neskak, berriz, hitzezko trebetasunetan”…). Hezitzaileen jokabidea, haurrekiko duten tratua edota eskatzen dietena itxaropen horien araberakoa izan ohi da. Esaterako, neskei gutxiago onartzen zaie zikin egotea eta desordenatuak izatea; mutilei, berriz, sentimenduak azaltzea eta negar egitea.
Itxaropen sexistak eta horiekin zerikusia duten jokabideak, tratua, eskaerak eta beste baztertzea eta parekideak garatzea izango litzateke, beraz, berdintasunean hezteko urrats garrantzitsua. Arazoa da, generoaren ikusmolde estereotipatua oso barneratuta izatearen ondorioz, gerta daitekeela hezitzaileek ez jakitea horiek beraiek beren nahi, uste eta antzekoen arabera aukeratutakoak ala genero-aginduek zehaztutakoak diren. Halakoetan, itzulgarritasunaren araua lagungarri izan daiteke, hau da, neskak/emakumeak dauden tokian mutilak/gizonak jartzea, edo mutilak/gizonak dauden tokian neskak/emakumeak jartzea. Hala, imajinatuko dute hezten ari diren haurra beste sexukoa dela, eta aztertuko dute ea harekiko dituzten itxaropenak, tratua eta abar berdinak izango liratekeen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, ondo ari dira. Bestela, horiek aldatzea izango litzateke berdintasunean hezteko egin beharrekoa.
Eskolan sexismoa transmititzeko modu nagusiez jabetzea eta horiek ekiditeko eta berdintasunean hezteko egin beharreko aldaketak gauzatzea izango litzateke hurrengo urratsa. Hasteko, eskolan landu ohi diren edukiei erreparatu behar zaie. Izan ere, afektuarekin, zainketarekin eta heziketarekin erlazionatutakoak baztertu, eta lan ordainduaren arloan baliagarri direnak lehenesten dira gaur egun. Gainera, eduki horiek modu sexistan tratatzen dira, zokoratu egiten baitira emakumezko pertsonaiak eta haien ekarpenak, bai eta emakumeen bizimodu-ereduak ere, eredu maskulinoari jarraitzen ez badiote. Hala, gerrei, borrokei eta ekoizpen-moduei ematen zaie garrantzia, baina ez jendarteek bizirik irauteko behar izaten dutenari, hau da, zaintzari, elikadurari, garbiketari, harremanei, afektuari eta antzekoei. Eskolan berdintasunean hezteko, ezinbestekoa da lan ordainduaren arloan baliagarri diren edukiez gainera, autonomia pertsonalerako eduki eta gaitasunak —etxeko eta zainketa-lanen ardura norberaren gain hartzeko gaitasuna, arauak, norbera zein besteak errespetatzea eta antzekoak—, hezkuntza afektibo-sexuala, hezkidetza bera, arlo sozio-emozionala eta beste lantzea.
Zenbait estrategia erabil ditzakete irakasleek eduki horiek lantzeko. Tutore-ekintzan txertatzea izan daiteke bat. Edo une jakin bat aprobetxatzea horiek jorratzeko. Esaterako, emakumeen nazioarteko egunaz balia daitezke emakumeek jendarteari egindako ekarpenen ezagutza sustatzeko. Irakasten dituzten ikasgaien zati gisa aztertzea izan daiteke beste estrategia bat. Adibidez, Historian sexualitatearen eta sexu-aniztasunaren interes sozial, politiko eta erlijiosoen arteko harremanak azter daitezke. Ingurune Natural eta Sozialaren Ezagutzan, berriz, gorputzaren ezagutza zientifikoa, sexu bidezko gaixotasunak, indarkeria matxista eta antzekoak.
Azkenik, zenbait ikasgai —Historia edo Ingurune Sozialaren Ezagutza, kasu— beste modu batean iraka-tsiz landu daitezke eduki horiek. Esaterako, Historia ikasleen artean emakumeen lana aztertzeko ikerketa-lanak sustatuz; historian eta egungo jendartean dauden sexismo-zantzuak atzemateko eduki eta ariketak txertatuz, indarkeria matxista mota guztiei erreparatuz edo historian mugimendu feministak eta LGTB (Lesbianen, Gayen, Transexualen eta Bisexualen) mugimenduek egindako ekarpenak azalduz. Ingurune Sozialaren Ezagutzari dagokionez, besteak beste, lanbideen inguruko ezagutza ez-estereotipatua landu daiteke, eta ogibide guztiak gizonek zein emakumeek egin ditzaketela azpimarratu.
Eduki berriak txertatzeaz gainera, irakasgai guztietan edukiak hezkidetzan oinarrituta jorratu beharko lirateke, emakumearen irudia, emakumezko pertsonaiak; haiek historian, zientzian, kirolean eta antzeko eremuetan egindako ekarpenak, bai eta emakumeen bizimodu-ereduak ere aintzat hartuz. Hala, jendarteek bizirik irauteko egin behar izaten dutenari zor zaion garrantzia aitortuko litzaioke. Hori ez ezik, familia- eta bikote-ereduei buruzko informazioa eskaini beharko litzateke, eta familia-aniztasuna jendartearentzat aberastasun-iturri eta ekarpen baliotsua dela transmititu beharko litzateke.
Balioei dagokienez, jendartean “maskulinotzat” hartzen direnak lehenesten dira. Esaterako, lehia eta mendekotasun-harremanak sustatzen dira, eta ez lankidetza; lan ordaindua etxeko lana, zainketa-lana edo lan boluntario ez ordaindua baino gehiago balioesten da; ekoizpena osasunaren eta ongizatearen gainetik jartzen da; lehia-kirolak jolasak baino gehiago balioesten dira… Hala, zainketa, afektibitatea, lankidetza eta antzeko balioak sustatu beharko lirateke berdintasunean hezteko.
Egun indarrean dauden irakaskuntza-metodologia eta diziplinaren bitartez ere sexismoa transmititzen da. Izan ere, autoritarioak dira, hau da, boterean oinarritutakoak eta bertikalak, jendarte patriarkala bezala. Irakasleek esandakoa onartu edota ikasi egin behar izaten dute ikasleek, zigorra, suspentsoa eta antzekoak ekiditeko. Hala, botere-mendekotasun harremana sortzen da irakasleen eta ikasleen artean, eta «arauak» (besteak beste, genero-aginduak) betetzen ez dituztenak «zigortu» egin behar direla ikasten dute ikasleek. Horren ondorioz, aniztasunarekiko jarrera negatiboak garatzen dituzte, eta «arauak» hausten dituztenak (homosexualak edo transexualak, kasu) zigortu egiten dituzte. Gainera, irentsi egiten dute irakasleek transmititutako informazioa, horren inguruan inolako hausnarketarik egin gabe.
Beraz, aldatu beharrekoak dira berdintasuna sustatze aldera. Lehenari dagokionez, autoritate-eredu berriak bultzatu behar dira. Izan ere, boterea eta autoritatea bereizi egin behar dira. Boterea norberak bere buruari esleitzen dio, eta besteak mendeko-tzat hartzea ekartzen du. Autoritatea, berriz, pertsonari aitortzen zaion zerbait da, egiten duenaren, sortzen duen errespetuaren, konfiantzaren eta besteren arabera. Halakoetan, ez dago mendekotasun-harremanik, autoritatearekiko errespetua, konfiantza eta antzekoak baizik. Ikasleek irakasle batzuei autoritatea esleitzen dietenean, irakasle horiek eredu bihurtzen dira, eta ikasleek berez hartzen dituzte aintzat haien irakaskuntzak, modu horretan ikasiz. Autoritatea duten irakasleek ikasleak errespetatzeaz eta haien esanak entzuteaz gainera, nahiak, ardurak eta borondatea aitortzen dizkiete. Hori horrela izan dadin, gomendagarria litzateke ikasleekiko harremana konfiantzan, errespetuan eta zintzotasunean oinarritzea, beraiek ere besteenganako konfiantza, errespetua eta zintzotasuna gara ditzaten; ikasgelan konfiantza-giroa sortzea, ikasleek beren kezkak, desadostasunak eta beste adieraz ditzaten; ikasleei afektua adieraztea eta haien lorpenak laudatzea, haien autoestimua eta autonomia sustatuz; Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza, Proiektu Bidezko Ikaskuntza, Ikaskuntza Kooperatiboa eta antzeko irakaskuntza-metodologia aktiboak erabiltzea, ikasleek informazioaren lanketa egin, eta benetan barnera dezaten; ikasleak ulertzea, haiengana hurbildu ahal izateko; zintzo jokatzea, eta irakasleek ere kezkak, beldurrak, haserrea eta bestelako sentimenduak eta antzekoak dituztela adieraztea; ikasleek esaten dietena entzutea, haiengandik asko ikas dezakete eta…
Diziplinari dagokionez, berriz, boterean oinarritutakoa utzita, diziplina demokratikoa erabiltzen hasi beharko litzateke, zeinean ikasleak berak diren arauak zehazten dituztenak. Horretarako, gelako arau inplizitu eta esplizituak berrikusteak eta horiek hausteak ekar ditzakeen ondorio hezigarriak proposatu, negoziatu eta adosten dituzte ikasleek. Ondorioei dagokienez, ezinbestekoa da, batetik, zerikusi zuzena izatea hautsitako arauarekin (adibidez: ikasle batek ikasmahaia zikintzen badu, horren ondorio hezitzailea izan daiteke zikindutakoa garbitzea, eta ez ehun aldiz idaztea «ez dut berriz ikasmahaia zikinduko», ez baitu arau-haustearekin zerikusirik). Bestetik, ondorioek proportzionalak izan behar dute. Aurreko adibidean, ez litzateke egokia izango, ondorio gisa, ikaslea aste osoan jolas-denborarik gabe uztea, gehiegizkoa da eta. Halaber, portaera aldatzea eskatuko zaio ikasleari, baina epaitu edo iraindu gabe («arduragabea zara; ez duzu inoiz ikasiko» eta antzekoak ekidin). Azkenik, araudi berria aplikatu eta haren funtzionamendua berrikusi eta jarraipena egiten dute.
Askotan, sexismoa ere transmititzen dute hezkuntza-material askok. Hala, garrantzitsua da eduki sexistak jasotzen eta heteronormatibotasuna sustatzen dutenak baztertzea edo modu kritikoan erabiltzea; hau da, zalantzan jartzea transmititzen dituzten eduki horiek, horien inguruko eztabaida sustatuz. Halaber, emakumeen ekarpenak jasotzen dituzten hezkuntza-materialak erabil daitezke. Eta, ez badaude, sortu egin daitezke. Gainera, gomendagarria da orain arte sexu bakoitzari ezarri zaizkion estereotipoak apurtzen dituzten irudiak erabiltzea, bai eta emakume eta gizonen irudi kopuru orekatua erabiltzea ere. Ildo beretik, min-tzaira modu ez-sexistan erabiltzen duten hezkuntza-materialak baliatu beharko lirateke, edo modu sexistan erabiltzen dutenak gelara eraman beharko lirateke, eta horietan sexismoa hautematen irakatsi.
Ebaluazioaren bitartez ere sexismoa transmititu daiteke. Izan ere, ebaluatzeko erabiltzen diren testu eta probetan agertoki eta pertsonaia maskulinoak izaten dira nagusi; irudiak sexistak izaten dira, bai eta mintzairaren erabilera ere. Gainera, irakasleen genero-estereotipoek eragina izaten dute neska-mutilak kalifika-tzeko garaian. Hala, berdintasunean hezteko, ezinbestekoa da ebaluazioa hezkidetzan oinarritzea. Horretarako, besteak beste, hezkidetzan oinarritutako testu eta irudi ez-sexistak eta ez-estereotipatuak txertatu behar dira azterketa edo frogetan; mintzaira modu ez-sexistan erabili behar da; ikasleen lana kalifikatzeko garaian, hura egiteko moduari –eta ez ikaslearen sexuari– erreparatu behar diogu, eta ebaluazio-irizpide berak erabili beharko lirateke mutilentzat zein neskentzat.
Azkenik, irakasleek –eta eskolako beste estamentuek– mintzairaren erabilera sexista egiten dute askotan (esaterako, maskulinoa generiko gisa erabiltzen dute), eta hori saihestu egin beharko litzateke, berdintasunean hezi nahi bada.
Asko dira, beraz, eskoletan haurrak berdintasunean hezteko kontuan hartu beharreko gakoak. Gure esku dago aurrerantzean horiek guztiak aintzat hartzea eta gure ikasle-jardunaren ardatz hezkidetza bihurtzea.