Haurrentzako kultur proposamenak Lorea Agirreren eskutik

2016-05-05

ELKARRI IRAKURTZEN, ELKAR IRAKURTZEN 

Orain hamalau urte sortu zen M mundura, eta, egia esatera, bera jaiotzearekin batera, biok sortu ginen mundura. Ordudanik mundu batzuk partekatu ditugu ipuin, eleberri, komiki, film, marrazki bizidun, kantu, bideo-joko eta bestelako artefaktoak direla tarteko. Ehunka pasa dira gure esku eta begietatik. Horietako asko nik aukeratuak, hastapenetan bereziki, eta beste asko M-k hautatuak. Bion aukeraketen arteko aldea, kasu batzuetan, nabarmena izan da, zuritik beltzerainokoa, M hazten joan den ahala, pentsatzekoa denez. Baina denak, bereak eta nireak, batak bestearenak, onartzeko akordio idatzi gabea izan dugu beti. Eta, gainera, batzuetan, M-k proposatutakoak edo nik ekarritakoak bat egin dute, eta irakurri, ikusi, entzun, jolastu dugun horretan mundu berberean bizi izan gara.

 
 
Haurrentzako kultur proposamenak Lorea Agirreren eskutik

Eta bat egin ez dugunetan ere sofakide eta ohekide izan gara, elkarrekin eseri eta ikusi, irakurri, entzun eta jolastu –baita sufritu ere, onartu dezadan– dugulako, eta ondoren hitz egin, eztabaidatu, eta, ñabartu, bai baina-ka aritu, M-k niri eta nik berari.

M mutil sortu zen mundura, mutil izendatzen dugun pertsona horren araberako. Eta, ordurako jada pentsatzen hasiak ginen beste mundu batzuk asmatzen hastea urgentea zela. Chimamanda Ngozi Adichie feministak idatzitako hura buruan, mundu zoriontsu eta zintzoago baten bidean, geure alabak beste modu batera hezi behar ditugula. Eta baita geure semeak ere.

Dena da ikasketa eta desikaste bat, finean. Ustez, aldamioak jarri nahi izaten dizkiegu seme-alabei, kultur elikagaiak emanez, bitaminak pentsakera baten oinarriak jartzeko, etika baten lehen zantzuak finkatzeko. Eta egia da, jarri jartzen dizkiegu –ez da alferrikako lana– baina transmisioaren goitik beherako bide tradizional hori, nago, alderantzizko norabidean ere egiten dela. M-k asko irakatsi digu, bera munduratu aurretik espero genezakeena baino askoz gehiago. Behetik gora ere asko ikasten da, bereziki makurtzen ikasten baduzu. Transmisioa baino gehiago sozializazioa baita funtzionatzen duena, gutxienez berdinagotik berdinagora entzutea eta hitz egitea. Bai, horixe bera, guraso eta seme-alaben arteko boterea berbanatzea, gauzak konplikatzea, bai, baina konplikazioan dago elkarbizitza. Alegia, elkarrizketa eta negoziaketa-mahai permanente bat ireki genuen duela hamalau urte etxean.

Eta elkarbizitzaren mahai horretan trikimailu eraginkor bat: elkarri irakurtzea, elkarri asko irakurtzea, baita M irakurtzeko gai izan eta gerora ere. M-ri gauero-gauero irakurri izan diot. Irakur diezazuten plazer hori. Ahozkotasuna. Bestearen ahotsean kulunkatzea. Nik berari lehenik, eta gero berak niri letrak lotzen hasi orduko. Eta ondoren elkarri liburu atal osoak. Horrela hasi nintzaion irakurtzen berak hautatutako Dragonball komiki japoniar bilduma luzeko dozena bat liburuki. Son Gokuren abenturak, ahots gora, bat-bateko euskarazko itzulpenarekin. Tarteka, komikiko elkarrizketak aldatuz eta asmatuz gainera, beste jite bat emanez, makurkeriak eta gizonkeriak esan gabe, istorioa, irakurri ahala, berridatziz, berrirakurriz, zapalkuntzak emantzipaziora ekarri nahian. Beste modu batez hezi nahian, finean. Baina ez du hori jar-tzen, esaten zuen M-k oraindik irakurtzen ez zekiela, hainbestetan irakurriaren irakurriz, istorio zatiak beti puntu berean –beti bertsio berri bat, amaren memoria txarraren erruz– aldatzen zirela ohartuta.

Eta hor beste trikimailu bat sortu eta adostu genuen: irakurtzen zuenak istorioaren zatiak asmatzeko, bere modura ‘irakurtzeko’, eskubidea eta pribilegioa izango zuen. Eta horrela, nire begietara goizero-goizero arkumetxoari biberoia ematen zion ume haren ipuina, arkumetxo berari zintzurretik labana sartzen zion umearen ipuina bihurtzen zen M-ren begietara. Horixe zen M-k etxekoneko baserrian ikusten zuena. Bizitza, heriotza, arkumetxoak, ustezko onberatasuna eta ustezko krudelkeria zenbateraino diren eraikiak, kartoi-harrizkoak sarritan, eta geure beldurren isla ia beti, M-ren beldur ezarena baino.

Begi-bihotz-eskutan izan ditugun ehunka aldamio zati horietako batzuk gogoangarriak izan dira bion-tzat hainbat arrazoirengatik. Hiru bat urtetatik aurrera, barre egitea zen motibazio bakarra, barrez lehertzera jolastea. Eta horretarako Ursula Wölfel-en edozein liburu da egoki: 27 ipuin zopa hartzeko, 28 ipuin barre egiteko edota 29 ipuin zoro. Barrearen boladak gora jo zuen maisu handi batekin topo egin genuenean: Lazkao Txikirekin, haren pasadizoak jasoz Joxantonio Ormazabalek idatzitako liburutxoarekin. Oporretako maletan ere ez zen falta izan urte askoan. Tarte batean, Joxe Arratibelen Kontu zaharrak liburuarekin animatu ginen, joana den garai bateko mundu magikoaz gozatzeko. Eta horren ondotik, edo aldi berean, Joseba Sarrionandiak ondutako Munduko zazpi herrialdetako ipuinak ere sarri-sarri bisitatu genituen. Gero etorri ziren Banbuloren abenturak. Eta Flannery eta Astakiloak. Eta Nire kuleroak, eta H gabe, eta beste asko.

Txukun samar irakurtzeko gai izatearekin batera, Greg gizajoaren egunkariak etorri ziren. Eta geroxeago Harry Potter agertu zen gurera. Geratzeko gainera. Espainolez lehen liburukoteak eta euskaraz ondorengoak. Lehen laurak irakurri genituen, eta, egia aitor-tzera, nahikoa. Ondoren pantailara egin genuen salto. Harry Potter-ekin batera hazi da M, adinkide izan du, eta hortik harekiko identifikazioa. Eta berriro magiaren eta fantasiaren eta izuaren xarma hori.

Komikiek leku propioa izan dute beti etxean. Eta baita M-ren apalategian. Dragonball-ekin hasita, Bone-ren bederatzi liburu daude oraindik apalategian, nahi gabe heroi bihurtzen den gizaki xelebre baten istorio bereziak, ohiko super-heroien ifrentzua. Eta azken aldiko beste komiki liburukote eder bat, Dream team dugu, futbolari izan nahi duen mutil batek aita alkoholismotik salbatzeko egiten dituenak kontatzen dituen komiki ederra. Ez da beti heldua umeari heltzen diona. Esperientziaz dakigu.

Komikiak bai, baina filmak ere bai. Zerrenda oso luzea da, azkenaldiko marrazki bizidun komertzialen kalitatea, edukiz eta itxuraz, ikaragarria da. Pixar etxearen bilduman, esaterako, harribitxiak topatu ditugu, film eder eta hezitzaileak: Up, Toy Story (hirurak, zein baino zein), Ratatouille, Wall-e, Brave eta beste asko. Klasikoak dagoeneko. Baina film bat bereziki aipatzekotan nik aukeratu eta lehen aldian M-k zehar begiradaz, errezeloz, ikusi zuen bat: Piztiak bizi diren lekuan, Maurice Sendak ipuinlari eta ilustratzaile handiaren izen bereko liburu ederra oinarri duena. Film hori ikusita, M-ren hitzekin esateko, ume izatetik “ume-gazte” izateko bide horretan urrats bat eman genuen, barne mundu berri bat zabaltzen hasi zitzaigun agian, ez dakit, baina pelikula hori mugarritxo bat izan ez ote zen susmoa dut. Kopeta zimurtuta ikusi zuen lehen aldian, baina hasi eta buka, osorik ikusi zuen. Gustatu zitzaion baino ez zitzaion gustatu. Ulertu zuen baina ez zuen ulertu. Beldur ematen zion baina ez zen beldur. Ez zuen berriro ikusi nahi. Baina berak eskatuta beste behin eta beste behin ikusi genuen. Eta ikusten genuen aldiro bazen zerbait berria, hau eta hura, piztia horrek zergatik egiten duen hori, noren antza ote duen besteak, eta batzuetan piztia batek M-ren antza zuen, beste batek nirea, eta askotan piztia guztiek biona. Gehienetan piztia guztiak biak ginen.

Biak gara. Biak gara. Elkar irakurtzen. Elkar irakurtzen eta elkarri irakurtzen. Elkarbizitzen asmatzen. Elkarrizketa eta negoziaketa mahaiak irekita jarraitzen du.

Ume bat hazten ikusi eta bizitzeak, badakigu, bizitzak bigarren aukera bat emango baligu bezala, jaioberritu, umetu eta ume-gaztetzen gaituela. Hori pagotxa. Umeentzako ipuin batekin mundu oso bat deskubri-tzea, barne eta kanpokoa, lehengoa eta oraingoa, eta bestearekin partekatzea, eta elkarrekin haztea, hel-tzea eta umetzea.