Puerperioa, lehengora itzultzen
Emakumeak haurdunaldi aurreko egoerara itzultzeko prozesua hasten du erditu ostean. Hainbat erronkari egin behar izaten dio aurre aldi horretan, besteak beste, emozioak eta espektatibak kudeatzeari, Haize Barandiaran psikologoaren ustez.
Hardunaldiko 9 hilabeteetan zehar, emakumearen gorputza etengabeko aldaketa bizian egon da, eta gorputzeko aldaketek isla izan dute bere egoera psikologikoan nahiz emozionalean. Erditu ostean, haurdunaldi aurreko egoerara itzultzen hasiko da emakumearen gorputza, eta, haurdunaldian bezala, puerperioan zehar jasandako aldaketek eragina izango dute emakumearen egoera psikologikoan eta emozionalean. Prozesu horrek irauten duen denbora tarteari deitzen zaio puerperioa, hau da, emakumeak haurdun gelditu aurreko egoerara itzultzeko behar duen epeari.
Berrogeialdi edo koarentena izenarekin ere deitu izan zaio aldi honi, 40 eguneko iraupena duelakoan, baina Haizea Barandiaran psikologoaren esanetan, emakume bakoitzarengan puerperioaren iraupena desberdina izaten da, bai maila fisikoan zein psikologikoan. Hain zuzen, perinatalitateko psikologian aditua da Barandiaran, haurdunaldian eta lehen haurtzaroan, alegia, eta, bere ustez, “konplexua da emakume bakoitzak bere haurrarekin egoteko behar duen denbora eta bizitza sozialera edo lanera itzultzeko momentua zehaztea; emakume batzuk besteek baino denbora gehiago behar izaten dute, puerperioa nola doanaren arabera”.
Izan ere, adaptazio-prozesu konplexua da puerperioa, eta neke emozionala eragin dezake emakumearengan.
Espektatibetatik errealitatera
Emakumeak 9 hilabete izaten ditu erditzea bera nahiz haurraren etorrera imajinatzeko. Umea nolakoa izango den irudikatuko du, baita umearekiko harremana nolakoa izango den ere, eta, gehienetan, bere espektatiben arabera, garai erabat gozagarri baten ateetan aurki-tzen dela usteko du; gerta daiteke umea nahiz umearekiko harremana idealizatzea. Baina, puerperioan, errealitatearekin egingo du topo aurrez aurre. “Jaio den haurra gehienetan ez da haurdunaldian zehar imajinatutako haurra izaten. Ume errealak espero zenarekiko ezaugarri desberdinak izaten ditu, eta amentzat ezezaguna den pertsona bat izaten dute aurrean”, Barandiaranek azaldu bezala. Egoera horretan, askotariko emozioak sortzen dira ama izan berri den emakume bakoitzarengan. Gainera, emakume bakoitzak puerperioa bizitzeko modu propioa du, eta, beraz, emozio desberdinak sortzen dira bakoitzarengan. Ez hori bakarrik, “emozio berberak erresonantzia desberdina izaten du emakume bakoitzarengan”.
Oro har, haurdunaldian zehar imajinaturiko zoriontasuna sentituko du; baina, gehienetan, horrekin batera, agian espero ez zituen beste hamaika sentipen ere iritsiko dira: tristura, haserrea, beldurra, ziurgabetasuna, urduritasuna, desilusioa... “Pentsatzen da puerperioa prozesu baten, haurdunaldiaren, amaiera dela, ama eta haurra bata bestearen aurrean egoteko unea dela, eta momentu hori beti emozio positiboz osatuta egongo dela, baina aipaturiko emozio negatibo horiei ere beraien lekua egin behar diegu”, Barandiaranen ustez.
Horretan, ordea, jendartearen exijentziekin egin ohi du talka emakumearen beharrak. Izan ere, “gizartean ez da emozio horien presentzia dagoenik onartzen, ez zaio amari triste edo haserre egoteko aukerarik ematen”, Barandiaranek salatu bezala. Amari emozionalki modu konpetentean jokatzeko eskatzen zaio, eta bizi duen esperientziak gozagarria izan behar duela azpimarratzen da, eta “ez da beti horrela izaten, edo ez behintzat modu absolutuan”.
Amaren beharrak, bigarren mailara
Eta, amaren behar handienetarikoa da, hain zuzen ere, bizi dituen emozioak onartuak direla senti-tzea, besteek entzun egiten dutela sumatzea, ingurukoek gertatzen ari zaionarekin konektatzeko. Azken finean, “sostengu emozionala” da puerperioa bizitzen ari den amaren behar nagusia.
Baina, haurdunaldian zehar ama izatear dagoen emakumeak hartzen badu protagonismoa, honen egoera eta beharra jartzen badira erdigunean, behin erditu ostean hori dena bigarren mailara pasatu ohi da, nolabait, eta umearen beharrek hartzen dute lehen amarenek zuten erdigunea. “Horrek amarengan tristura, amorrua, melankonia... eragiten ditu, eta hauek gainditzea izango da puerperioko erronketako bat”, Barandiaranen ustez.
Erronkei aurre egiten
Aipaturikoarekin batera, edoski-tzea izan daiteke puerperioko beste erronka nagusietako bat. “Biziraupenarekin erabateko lotura duenez, primarioa denez, amak espero ez bezalakoa bada, larritasunez bizi dezake, eta honek erabat baldintzatu dezake amaren egoera emozionala, eta, ondorioz, baita haurrarekin harremantzeko modua ere”, dio.
Bestalde, haur jaioberriaren portaeren aurrean amak bere emozioak kudeatzeko erronka izango du. Izan ere, loa edo negarra bezalako faktoreen aurrean amarengan sortzen den erreakzioa askotan ez da hain zuzen emozio positiboekin loturikoa izaten: “Askotan haurrarekin haserretu egiten da ama, lasaitu ezin duelako, lokartu ezin duelako, ulertzen ez duelako, lagundu ezin duelako...” Eta, ezintasun horien guztien atzetik, erru sentimendua etor daiteke, hain zuzen ez delako gai izan esperotako eta exijuturiko emozio positiboekin erantzuteko egoerari. Horrek, era berean, amaren eremu psikologikoan oinazea sortzen du. “Oro har, amak sentitzen dituen emoziek eta horien aurrean duen jokabideak determinatuko dute erronka hauei aurre egiteko modua”.
Kontu pertsonala da
Izan ere, azken finean kontu pertsonala da puerperioa bera, eta, Barandiaranen irudiko, inguruak baimendu egin behar du emakume bakoitzak bere amatasuna modu pertsonalean eraikitzea: “Garrantzitsuena da amek beraien beharren eta egoera emozionalaren nahiz haurraren hazkuntzaren inguruko erabakiak hartzeko intuizioa onartzea eta baloratzen laguntzea”. Ama, ordea, askotan ingurukoen nahiz “oso interbentzionistak izan ohi garen profesionalen” aholkuz gainezka egongo da. Baina aholku orokorren eraginkortasun maila txikia da”.
Haurdunaldiak eta erditzeak ere eragiten dute
Puerperioa modu lasaiagoan bizi-tzeko, haurdunaldian bertan has daitezke gurasoak amatasunari nahiz jaioko den haurrari buruzko fantasiak lantzen, modu pertsonalean; zenbait herrialdetan badira horretan laguntzen duten programak ere.
Bestalde, amaren eta haurraren arteko atxikimendua sortzeko bidean, eragina du erditzeak berak ere. Izan ere, “erditzeak ez dira onak eta txarrak izaten, baina horien inguruan norberak dituen bizipenak errealak dira”, eta ezinbestekoak puerperioan ager daitezkeen zailtasunak ulertu ahal izateko. Horren harira, Barandiaranen ustez, kausalitate lotura zuzena ezartzea ezinezkoa zaion arren, puerperioko depresioek lotura izan dezakete erditzean jasandako deshumanizazio eta tratu txarrekin: “Erditu behar den emakumeak onarpen, afektu, babes eta laguntza aurkitzen ez baditu, tristura, bakardadea eta konfusioa biziko ditu”.
Zailtasunetik harago, patologia agertzen denean
Barandiaranek aipaturiko zailtasunak eta erronkak puerperio arrunt eta fisiologiko baten parte dira. Maila emozionalean ez ezik, maila hormonalean nahiz gorputzean hainbat aldaketa jasango ditu emakumeak berrogeialdian zehar, eta horiek guztiak prozesuaren parte dira. Baina, ohikoak diren era- gozpenetaz harago, puerperioa izan daiteke irregularra edo patologikoa ere: infekzioak, hemorragiak, umetokiak bere onera etortzeko izan ditzakeen zailtasunak... Horiek guztiak emakumeen artean herio-tza-kausa nagusietako bat izan dira mende luzetan zehar, eta medikuntzaren garapenari esker lortu da egun kontrolpean izatea.