Bigarrena dator, zer dio zaharrenak?
Etxeko nagusi izateari uzten dio senide zaharrenak bigarrenaren etorrerarekin. Anai-arreba txikia jaio aurretik nagusiak bizi izan dituen esperientzietan eta gurasoekin izan duen harremanean dago egoera berrira ondo egokitzeko gakoa, Alberto Lasa haur-psikiatraren esanetan.

Ez da beti samurra izaten familiarentzat bigarren haurraren etorrera. Sendiko kideek egoera berrira egokitu behar izaten dute, euren buruak berkokatu. Eta ez soilik gurasoek, baita haurride zaharrenak ere. Izan ere, gurasoengandiko arreta osoa jasotzetik, arreta hori bere anai-arreba jaioberriarekin partekatzera igarotzen da haur nagusia. Eta gainera, berak hala erabaki gabe, etxeko senide zaharrena bilakatzen da.
Kasu horietan ohikoa izaten da ume zaharrena jeloskor agertzea eta gurasoen arreta eskatzea. Adituen esanetan, ordea, haurraren garapenean egokitzapen- eta heltze-prozesuaren erakusle baino ez da jarrera hori. Haurrak familian izan diren aldaketez bera ere jabetu dela adierazten du hala: beldur dela bere tokia galduko ote duen eta arretarik gabe geratuko ote den. Etxeko nagusi izateari utzi dio eta aldaketei aurre egitea dagokio.
Haur bat garatuko bada, ezinbestean, zailtasunak gainditu eta egoera berrietara egokitu behar dela dio Alberto Lasa haur-psikiatrak. Aldaketa horiek, beti, umearentzat abantailak eta desabantailak izango dituztela gaineratzen du, onurak eta zailtasunak, atsegin dituen bizipenak eta gustuko ez dituenak… Eta testuinguru horretan kokatzen du “tronutik kenduta” geratu den seme-alabak bizi dezakeen gatazka. Bigarren haurraren jaiotzak seme-alaba nagusiari eragin diezaiokeen ezinegona erraz nabarmentzeko modukoa izan ohi da, gehienean. Adituen arabera, besteak beste, tristezia, antsietatea, kexuak edota garapenean atzerapausoak erakusten dituzte umeek. Lasak adierazi bezala, kasu horietan haurra “galdutako” arreta eskatzen ari da, eta gurasoei gogorarazten bera ere oraindik ez dela heldua eta haur-premiak izaten jarraitzen duela.
Kasu gehienetan “nahiko erraz” konpontzen dira arazo horiek haurrari kasu egin eta arreta eskainiz gero. Aldiz, psikiatrak gogorarazten duen moduan, seinale horiei behar besteko garrantzirik ematen ez zaienean, eta behar horiek merezi bezala aseta ez daudenean, arazo larriagoak sor daitezke: gehiegiz-ko atzerakuntzak, etengabeko suminkortasuna, plazera ematen duten harremanak eta ekintzak alboratzea, gorputzeko zailtasun psikosomatikoak… Horiek, ordea, ez dira hain ohikoak izaten. Eta gertatzen badira, Lasaren hitzetan, onena laguntza profesionala eskatzea da.
Enpatia oso txikitatik bizitzen da
Erraza izan ez arren, ez du zertan mingarria izan anai-arreba nagusiarentzat bigarrenaren etorrerak. Hain zuzen ere, senide txikia jaio aurretik anai-arreba nagusiak bizi izan dituen esperientzietan eta gurasoekin izan duen harremanean dago egoera berrira ondo egokitzeko gakoa. Lasak azaldu bezala, anai-arreba txikia jaio aurretik ume bat nahi ahala gauza guztiak eskuratzen ohituta badago, eskatu ere egin gabe dena eman bazaio, eta ez badu esperimentatu besteekiko harremana eta elkarrekikotasuna ezinbestekoak dituela bizitzan aurrera egingo badu, askoz ere nekezagoa izango zaio senide gazteenarekin ezer partekatzea.
Enpatiaren bizipena, ordea, oso txikitatik esperimentatzen dute haurrek; alegia, oso garaiz ikasten dute besteak sentitzen duena norberak sentitzen. Izan ere, jaiotzatik haur txikiak gurasoekin duen harremanean du oinarria enpatiak. Horrexegatik, Lasak argi azaltzen duen moduan, gurasoek seme-alaba nagusiarekin eraikitzen duten harreman-ereduak baldintzatuko du senide gaztearen etorreraren aurrean zaharrenak zer-nolako jarrera hartzen duen. “Haurrak besteen mendeko dela ulertu eta onartu egin behar du. Era berean, familiak zein eskolak haurrari lagundu egin behar dio egoera berrira egokitzen. Izan ere, seme-alaba nagusiak gazteak baino gauza gehiago egin ditzake bere kasa. Norbere kabuz jarduteak, ordea, galera bat dakar: erreferentziazko helduengandik bereiztea, hain zuzen. Bereizte-fase hori gainditu beharko du haurrak, baina, era berean, autonomia irabazten du apurka, eta prozesu hori egitea ezinbestekoa izango da familian kide berri bat onartzeko”.
Nagusia, txikiaren zaintzan inplikatuta
Jaioberria ezezagun bat da senide nagusiarentzat, arrotza zaio. Gainera, erabat ezgauza dela eta edozertarako besteen beharra duela ikusten du. Testuinguru horretan bestearen tokian jartzeko gaitasunak sekulako garrantzia hartzen du, Lasaren irudiko: “Ezezagun bati etxean tokia egiteko, senide zaharrenak gai izan behar du haur txikiak ere berak jaso zuen bezalako zaintza merezi duela konturatzeko. Eta egiteko horretan berak ere parte har dezakeela jabetu behar du, zaharrena baita eta txikiak baino gehiago baitaki. Hala, bestearen ongizatearekin berak ere disfrutatu egingo du. Gainontzean, ez zaio erraza egingo gurasoen arreta eta maitasuna ezezagun batekin partekatzea”.
Seme-alaba nagusiek asko eskertu ohi dute eurak ere gazteenaren zaintzan inplikatzea. Izan ere, psikiatrak esplikatzen duen eran, txikiari lagunduz, segituan pizten zaie nagusiei “zaurgarri” den “ttipi” hori babesteko nahia, eta beraz, pozik hartzen dute parte jaioberria zaintzeko lanetan. “Seme-alaba zaharrena bestea baino kapazago eta arduratsuago sentitzen da, eta handitzeak dakarren poza bizitzen du. Horixe da ume nagusiak txikiari laguntzearen trukean jasotzen duen ordaina. Baina hori umeak berak esperimentatu behar du, hau da, barnetik sortzen zaion zerbait izan behar du, eta ez helduok agindutakoa oso zintzo betetzen duelako jasotzen duen zerbait. Ez dugu ahaztu behar esperientzia mota horietan duela jatorria ahulenarenganako enpatiak, eta gerora, baita aitatasun edo amatasun desioak ere”.
Zaintzaren ardura partekatzearen garrantzia
Bigarren haurraren etorrera samurra eta atsegina izan dadin berebiziko garrantzia du Lasaren hitzetan, gurasoek jokatzen duten paperak. Haren aburuz, garrantzitsua da haurren sentimenduei kasu egitea eta bizitzen ari daitezkeen zailtasunetan arreta jartzea.
Sarri gertatu ohi da, ordea, gurasoek eurek txikitan bizi izandako esperientziak, eta beroien ondorioz sentitutako beldurrak eta sufrimenduak haurrengan proiektatzea. Guraso batzuk, anai-arreba nagusi izanik, baztertuta edota gutxietsita sentitu zirelako; eta beste batzuk gehiegitxo baloratu edota idolatratu zituztelako. Lasak adierazitako eran, kasu batzuetan gurasoek norbere txikitako bizipen horiek “esajeratu” eta seme-alabengan proiektatzen dituzte, eta ondorioz, haurraren jarreren eta jokabideen aurrean neurriz kanpoko erantzunak ematen. “Seme-alaba nagusiari arreta egokia emateak ez du esan nahi harekin errukiz jokatzea, ezta haren gaitasunak kontuan izan gabe gehiegi exijitzea ere”.
Edozein kasutan, haurren zaintza tartean dagoenean, Lasari interesgarria iruditzen zaio inguruko konfian-tzazko pertsonekin heziketaren ardurak partekatzea. Batetik, besteen ikuspegiekin eta irizpideekin norberarena osa daitekeelako; eta bestetik, haurrek familia edo zaintza-sare handiak oso gustuko dituztelako, nahiz eta beroietan iritzi desberdinak eta kontrako ikuspegiak egon.