HEZITU GABEKO SENA

2016-07-04

* Amaia Zubiriaren eskutik

Orduan gure sena hezitu gabea oraino biziraupen sena zen. Asmoa, justifikazio gisa, gure gurasoek baino askoz hobekiago egingo genuena. Batere zalantzan jarri gabe ordurako mundu desitxuratu hark gure haurrik behar ote zuen ala ez.

 
 
HEZITU GABEKO SENA

Baina hori beste historia bat da.

Halere, aldaketa baten zantzu batzuk agertzen ari zitzaizkigun. Kontzeptu hitza bera bezala.

Garbitasuna deitura, higienea, modernoagoaz trukatzen genuelarik.

Maitasuna ere gogoan hartzen hasi ginen. Bihotz gutiago burmuin gehiago. Gehiago eta batez ere hobeto, maitatuko genituen.

Axolagabekeriak, utzikeriak eta alferrikako kapritxoak alderatuz, hitza, musika eta ordena (eta higienea) etxe eta buruetan, antolatuz, erakutsiz, irakatsiz.

Betiko sendagileak pediatra izendatzen ausartu ginen.

Eta horrela heziketa pragamatiko baten izenean, oraindaino kontuan izaten ez zen umea, gure arrakasten (eta porroten) protagonista bihurtu genuen.

Usain ederraren irakaspenez, behin eta berriz, lorea genuen ahantzi.

Umea, alegia.

Aurrerantzean, noski, familia planifikazioa izango genuen iparrorratz. Zenbat, noiz, nola. Familia bera zalantza jarri gabe.

Urrun geunden oraino.

Ez genekien, beste eta hain beste gauzen artean, ohitura kristau hartara zerk eraman gintuen.

Edota hura ote zen aukera bakarra.

Ez genekien, susmatzen genuen arren, beste mundu batzuk posible zirenik.

Gu geu geunden hezitzeke.

Hogei urterekin, susmoz edo ezjakintasunaren ausardiaz, gure gurasotasun senaren aginduz, haurren heziketaz arduratzera abiatu ginen koittaduok, zertarako eta zergatik abiatzen ginen arrastorik gabe. Aurrekoek bezalaxe. Hurrengoen modura.

Ez zegoen gure zuzentasuna ziurtatuko zuen urratsik.

Edo zaharrek, zekitela jakin gabe, maiz errepikatzen ziguten bezala: “ez dun aski, ongi ikustea, nora begitu ez badakin”.

Gure proiektuen objektu ziren ume haiengan, kontraesanak eragindako harridurek, erantzun ezin ziren galderen erantzun tranpatiak, halere haurren gureganako mugagabeko maitasun behartsuak.

Eskolak bai- eskolak ez- erabaki artean- sorrarazi genituen ikastolak.

Burgesiari alternatiba asmatu nahian xaxi-iraultza petral eta lasai bati leku egiten ari ginenean.

Guk horratio! Ez genituen nolanahi heziko! Ez horixe!

Gaitzerdi, zalantzak agerian jarri baditugu...

Gaitzerdi, geuk ikusi badugu ez zela bizimodu bakar eta sakralizatu hura bizi zeiken bakarra. Patuak ez zuela zerikusirik. Gure esku zeudela erabakiak, erantzukizun eta ardurekin.

Ez zela genero kontua norbaitekin bizi eta proiektu bat aurrera eramatea!

Proiektu hartan, haurrak, aukera bat zirela. Garrantzi infinitoa izango zuena. Eta behin hori, ez zigutela izatea eskertuko. Eta behin hemen, dena entzun eta ikusi eta ulertuko zutela. Eta ez zutela guraso perfekturik behar.

Derrigorrezko bikote bat. Berdin ziola bi aita edo ama bi. Edo bakarka.

Ardura goxo bat, erantzun garbiak, hausnarketa konpartituak. Ikuspuntu ezberdinak. Halere legitimoak. Eta higienea bai, beno. Bizikizun guzti hauei esker noizbait, sekula osatzen ez den, baina beti osatzen doan heziketa hedatzen doa.