EDURNE ETXEBERRIA: “Denok gara inteligenteak, arlo batean ez bada bestean”
1983an aurkeztu zuen Howard Gardner psikologoak eta AEBko Harvard Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak askotariko adimenen teoria. Iraultza ekarri zuen ikaskuntza-prozesuan nahiz jakintza ulertzeko moduan. Izan ere, bi adimen mota ziren nagusi ordura arte: logiko-matematikoa eta linguistikoa. Horietan onak zirenak inteligentetzat jotzen ziren; gainerakoak, berriz, ez. Neurozientziaren garapenaren ondotik Gardnerrek landutako teoriaren arabera, ordea, pertsona guztiek zortzi adimen mota dituzte gutxienez, eta edonor da adimentsua, batean ez bada bestean.
Askotariko edimenen teoria oso ezaguna egin da mundu osoan zehar, eta hezkuntza-paradigma aldatzeko premia ekarri du. Diskurtsoan hain sonatu egin den teoriak, ordea, zer-nolako isla du praktikan? Nola txerta daiteke Gardnerren aurkikuntza eskoletako eguneroko jardunean? Hik Hasiren Udako Topaketetan, galdera horiei erantzuten ahalegindu da Edurne Etxeberria, Askotariko adimenak eta autoestimua, motibazioaren osagai izeneko ikastaroaren bidez; Antsoaingo Ezkaba eskolako Lehen Hezkuntzako irakaslea da, eta askotariko adimenen praktikarako coacha. Hala dio irakasleak: “Norberaren adimen nabarmenenak ezagutzeko aukera izango dugu ikastaro horretan, eta ahalik eta etekin handiena aterako diogu horri, beharrezkoak diren baliabide edo estrategiak ezagutuz. Hor ikasiko duguna ikasleekin aurrera eramaten badugu, ikasleen motibazioan eragin positiboa izan dezakegula ikusiko dugu”.
Zortzi adimen, gutxienez
Zortzi ordenagailu balira bezala, giza burmuinean, gutxienez, zortzi adimen mota daudela dio Gardnerren teoriak:
- Adimen linguistikoa: ondo komunikatzeko eta hizkun-tzak (ahozkoa, idatzia, keinu bidezkoa…) egoki erabil-tzeko gaitasuna da.
- Adimen logiko-matematikoa: logikarekin eta matematikarekin lotutako problemak ebazteko gaitasunarekin du zerikusia.
- Adimen musikala: doinuak eta erritmoak identifikatzeko, erreproduzitzeko eta sortzeko behar den adimena.
- Adimen zinestesikoa: norberaren gorputza erabiltzeko gaitasuna; adimen hau garaturik duten pertsonek gaitasun handia erakusten dute beren gorputza mugitzearekin lotutako eginkizunak ikasteko.
- Adimen bisual-espaziala: espazioaren hiru dimentsioak eta espazioko mugimenduak nahiz objektuen abiadurak identifikatzeko gaitasuna.
- Adimen intrapertsonala: norberaren burua ezagutzen eta norberaren emozioak kudeatzen laguntzen duen adimena.
- Adimen interpertsonala: besteekin erlazionatzeko eta harremanak izateko gaitasuna.
- Adimen naturalista: naturan dauden elementuekin (izaki bizidunekin, batez ere) harreman onak izateko gaitasuna.
Adimen horietako bakoitzak bere funtzionatzeko modua izango luke, baina, aldi berean, elkarrekin konektatuta egongo lirateke: “Aurkikuntza hori izugarrizko aurrerapausoa izan da hezkuntzarako. Sekulako iraultza da pertsona bakoitzak, gutxienez, zortzi adimen mota dituela jakitea, eta horietako batzuk besteak baino aurreratuago dituela jabetzea. Horrek esan nahi baitu, gauza batean ez bada bestean, denok garela onak edo adituak. Gainera, gaitasun agerikoago horiek izateak aukera ematen digu hain garatuak ez ditugun adimen horiek ere lantzeko, garatuago ditugunen bidez”, argitu du Etxeberriak.
Hezkuntza-paradigma aldatzeko premia
Askotariko edimenen teoriak agerian jarri du hezkuntza-arloan aldatzen joateko premia dagoela, Etxeberriaren aburuz. Izan ere, adituaren esanetan, Industria Iraultzaren aroan du jatorria gaur egungo eskolak. Produzitzeko beharrari erantzuteko sortu zen, modu estandarizatu batean industrian lan egiteko pertsonak prestatzeko: “Filosofia horrek eragina dauka oraindik hezkuntza-sisteman. Haurrak adinaren arabera sailkatzen jarraitzen dugu, testuliburu berbera erabiltzen dugu denentzat, denei modu berean irakasten diegu, guztiekin erritmo berean lan egiten dugu, azterketa berbera jartzen diegu denei… Hau da, taldea modu homogeneoan ikusten jarraitzen dugu oraindik”. Egoera horren aurrean, apurka, aldaketak txertatzen joan beharra dagoela uste du irakasleak, beste ezeren aurretik, haurra modu indibidualizatuagoan artatzeko. Umea banako gisa hartu behar dugu, bakoitzaren ahalmenak eta gaitasunak ezagutzeko eta ikasgelan hortik abiatuta lan egiteko.
Etxeberriari funtsezkoa iruditzen zaio adimen mota guztiei garrantzia ematea eta haurrei era guztietako gaitasunak lantzeko baliabideak eskaintzea. Haren irudiko, aukera andana eskaintzen du gaur egun gizarteak, eta eskolak ikasleari abagunea eman behar dio bizitzan bere bidea egin dezan: “Kirolari ona izan zaitezke, musikari ona, antzezle ona, arkitekto ona… Garrantzitsuena da egindako horrekin norbera gustura sentitzea, eta gure egitekoa da haurrari bere prozesua bizi dezan aukerak ematea”.
Testuinguru horretan, berebiziko garrantzia ematen die Etxeberriak bi adimen motari: intrapertsonalari eta interper-tsonalari. Bi horien uztartzeak osatuko luke azken urteetan eskoletan hainbesteko garrantzia hartu duen adimen emozionala. Irakasleak dioenari jarraiki, norbera bere zirrarekin bizi da egunero, bere pentsamenduekin, bere jokaerekin, bere sinesmenekin… Eta, horiek kudeatzeko duen abileziaren arabera, gaitasun handiagoa edo txikiagoa izango du berez dituen adimen horiei etekin handiagoa edo txikiagoa ateratzeko. Izan ere, Etxeberriak jartzen duen adibideari kasu eginez, pertsona bat izugarri ona izan daiteke matematikan, baina, gero, testuinguru jakin batean aplikatu beharko du adimen hori: “Garrantzitsua ez da soilik ezaguera edo gaitasun bat edukitzea; aitzitik, adimen hori testuinguru batean edo bestean garatzen jakin behar da. Eta, horretarako, beste gaitasun batzuk ere eduki behar dira: harremanetarako gaitasuna izatea, besteari entzuteko gauza izatea, enpatia, errespetua… Eta, beste ezer baino lehen, norberak bere burua ezagutzea: nola kudeatzen ditugun gure emozioak, geure burua doitzeko gai ote garen…”
Nola egin tokia eskolan adimen mota guztiei?
Askotariko adimenen teoriak zer dioen ulertu ostean, irudimena jarri behar litzateke martxan eskoletan, Etxeberriaren hitzetan, adimen mota guztiei tokia egin ahal izateko. Dagoeneko baliabide asko daudela sortuta dio, baina, lehenik eta behin, konfort-zonatik ateratzea eskatzen diela horrek irakasleei. “Argi dago ikasleari ez diogula askotariko adimenak lantzeko aukerarik ematen, une oro testuliburu bat erabiltzen ari bagara”. Txip-aldaketaz mintzo da aditua: “Zer lortu nahi dugu gaurko saioan?”, galdetu behar lioke irakasleak bere buruari, eta, helburu horretara iristeko, ahalik eta modu gehien eta aukera desberdinenak pentsatu behar lituzke. “Jarduera batek zenbat eta adimen mota gehiago bildu barnean, orduan eta hobeto ziurtatuko dut ikasle guztiengana iristea”.
Baina, oro har, askotariko edimenei eskolan lekua egiteko bi era nagusi egon daitezkeela gaineratu du irakasleak. Batetik, adimen jakin baten lanketan zentratzea. Adibidez, Haur Hezkuntzaren kasuan, zortzi txokotan antola liteke espazioa. Hala, adimen mota bakoitzari erantzungo lioke txoko bakoitzak, eta aukera izango lukete haurrek nahi duten txokotik nahi duten txokora mugitzeko: “Haur Hezkuntzatik hasita, oso argi ikusten da bakoitzak non dituen bere interesak eta, horrekin lotuta, zein txokotan sentitzen den haur bakoitza gusturago. Haurrak ezagutzeko oso modu egokia izan liteke adimenen araberako txokoena”. Bestetik, berriz, gai zehatz edo helburu zehatz bat hartu, eta adimen mota guztiak lantzeko aukera emango duten jarduerak edo bideak diseina daitezke horren inguruan. Askotariko adimenen paleta dei- tzen zaio horri. “Adibidez, itsasoa har genezake aztergai gisa, eta, ikerbide horretan, tokia egin, adimen mota guztiei”. Hain zuzen ere, proiektu bidezko metodologiak, arazoen ebazpenetan oinarritutakoak edota lankidetzako ikaskuntzak oso modu errazean ahalbidetuko lukete lanketa mota hori.
Nolanahi ere, ikasle bakoitza kontuan izanik, irakasleak zorrotz aztertu beharko luke haur bakoitzak bizitzako askotariko egoeretan ahalik eta hobekien moldatzeko zer beharko lukeen. “Kontua ez da nik gustukoen dudan adimena soilik lantzea eta beste guztiari garrantzirik ez ematea, adimen mota guztiak baitira lagungarriak bizitzarako”. Baina, Etxeberriak erantsi duenez, komenigarria da ikaslea berak gogoko duen arlo horren bidez erakartzea, motibatuago sentituko baita hala. Gainera, gustuko duen adimen horri jarraiki, hain gustuko ez dituen beste batzuetara iristea ere lortuko du: “Horretarako, ikasleak izan behar du bere prozesuaren protagonista. Haur bakoitzari bere erara ikasteko aukerak eskaini behar zaizkio. Horretarako, testuinguru aberatsak eskaini behar dizkio eskolak, eta irakasleak bidelaguna izan behar du”.
Autoestimuaren garrantzia
Askotariko adimenei tokia egiteak onura dakarkio haurren autoestimuari, Etxeberriaren irudiko, guztiok baikara argiak edo trebeak zerbaitetan. Eta berebiziko garrantzia du ikasleak horretaz jabetzeak: “Bizitzan aurrera egiteko motorra norberak bere buruarengan sinestea da, eta dituen askotariko gaitasunen jakitun izatea. Gure eskoletan, argi ikusten dugu egunerokoan: autoestimu baxua duten haurren errendimendua ez da autoestimu altua dutenena bezain ona. Azken batean, norberak bere buruarengan konfiantzarik ez badu, aurrera egiteko gai dela ikusten ez badu eta dituen pentsamenduak ezkorrak badira, horrek ez dio lagunduko modu egokian eboluzionatzen”. Aldiz, askotariko adimenen teoriatik begiratuta, errazagoa da ikasleak lehen egunetik baliotsuago sentitzea. “Denok zarete hemen adimentsuak edo inteligenteak” esaten bazaie haurrei eta ideia hori transmititzen bazaie, errazago sinetsiko dute beren buruarengan, beraiek ere adimentsuak direla bermatuko dute, eta aurrera egiteko bideak irekiko zaizkie.