Nerabezaroa, haurtzaroa eteten duen pasabidea

2016-07-14

Askotariko aldaketak dakartza berarekin neraberazoak. Haurraren gorputza eta emozioak atzean utziko ditu nerabeak, leku egiteko helduaren gorputzari eta emozioei. Bide horretan, bere askatasuna eta intimitatea aldarrikatuko ditu. Nerabea ez ezik, heldua ere aldatu beharko da, egoera berrira egokitzeko eta harremana berreraikitzeko.

 
 
Nerabezaroa, haurtzaroa eteten duen pasabidea

Aldaketa aroa da nerabezaroa: afektiboak, fisikoak emozionalak, sozialak... asko eta askotarikoak dira kanbiamendu horiek. Pertsona baten bizitzan pasabiderik intentsoenetarikoa da, epe laburrean, bospasei urte eskasean, haurtzaroa atzean utzi eta helduaroari aurrez aurre begiratuko baitio. 9 hilabeteko epe laburrean amaren sabelean egindako transformazioaren ondoren, aldaketarik bortitzena, segur aski. Orduan bezala, gorputzean gerta-tzen diren aldaketak izan ohi dira nabarienak: haurrarena zen gorputz hark helduaren gorputz bilakatzeko eraldaketa hasiko du. Handitu eta zabaldu egingo da, genitalak garatu egingo dira, bisaia bestelakotu, ahotsa loditu, ilea agertuko da nonahi haurrarena zen azal garbi hartan... Baina hain begi bistakoak ez diren aldaketak ere gertatuko dira: bere barne mundua, mundu emozionala, gorputza bezainbeste eraldatuko da. Ondorioz, bestelakoak izango dira bere jarrerak, eta, horrekin, baita besteekin dituen harremanak ere.

Arlo afektibo horretan, familia harremanetan etorriko da aldaketarik esanguratsuenetarikoa, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanean. Izan ere, bere nortasuna eraikitzen, edo berreraikitzen ari da nerabea, eta familiatik lagunartera, soziala den horretara pasatuko da bere bizitzaren epizentroa. Beraz, gurasoei ere badagokie bere seme-alabaren eraldaketara egokitzea, aldatzen ari den pertsona hori ezagutzeko eta berarekin harreman berriak eraikitzeko lan egitea. Eta, horretan, orekarekin egin beharko dute jolas: nerabeari bere prozesua egiteko espazioa eman beharko diote, baina baita behar duen babesa ere; pasabide horretan bidelagun izan, alegia. Izan ere, aldaketekin batera, kontraesanak dira nerabezaroa ezaugarritzen duten beste faktoreetako bat.

Aldaketa, kontraesanak… eta gatazka. Hori da nerabezaroaren bereizgarritzat hartu ohi den beste hitzetariko bat, are nerabezaroarekin sarrien lotzen den hitza. Gurasoen sufrikariotzat hartzen da sasoi hori. Baina zerk egiten du gatazka-tsu aldaketa-aro hori? Bizitzearen bizipenak bere dituen arriskuek? Nerabezaroak berezko dituen kontraesanek eta gorabeherek? Ala nerabeak bizitzan ezinbesteko duen eraldaketa-prozesu hori onartzeko eta horretara egokitzeko helduaren ezintasunak? Zuzena al da gatazkatsu deitzea horri?

“Egia da gizartean badugula nerabezaroa txarra den ustea, zaila, arriskuz betea, sexua eta drogak tarteko, baina ez dauka zertan hala izan beharrik”, dio Ana Elosegi psikologo eta sexologoak. Azpeitiko Harremanak zentroaren sortzaileetako bat da bera; osasunaren eta hezkuntzaren arloetan egiten dute lan, eta hezkidetzan eta sexologian espezialistak dira. Elosegiren esanetan, nerabezaroa “ilusioz eta esperientzia berriz beteriko aroa da. Umeak eremu sozialera jotzen duen aldia da: bere espazioa hartzen du, bere autonomia, bere lagunak... Eta horretarako prest egon behar dute gurasoek ere. Ikasi behar dute atzean egoten, euskarri emozional bat izaten; nerabeak jakin dezala behar dituenean hor daudela… baina tartean sartu gabe”.

Gainera, nerabezaroaren nolakotasunak zerikusi zuzena du aurrez haurtzaroan egin den lanarekin, bere ustez. “Guraso-saioetan ikusten dudanagatik, gurasoei beldur asko pizten zaizkie seme-alabak nerabezarora iristean, batik bat sexualitatearekin lotuta. Baina lehenago ez dute jorratzen gaia, ez dute komunikazio-biderik sortzen, eta, beraz, ondoren gazteak elkarrizketa horretara itxita daude. Hori gertatzen da aurretik lan bat egin ez delako”. Beraz, familian giro aproposa sortzea eta aurrez lan egitea proposatzen du: “Zenbat eta maitasun gehiago familian, gero eta errazagoa izango da bide hori”.

Uste berekoa da Juan Carlos Alonso psikologoa ere. Honek Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean nahiz Donostiako bere kontsultan egiten du lan nerabeekin, eta bere ustez ere, helduek sarri arazoekin lotu arren, ez du uste garai negatiboa denik: “Esango nuke aro eraikitzailea dela; eraldaketa-prozesu bat, bai haurrarentzat bai gurasoentzat. Pertsona bera izan arren, nerabeak galdu egiten du haurra izate hori, baina heldua ere ez da oraindik. Eraikitzen ari den pertsona bat da, eta egoera horretan bere tokia aurkitu behar du”.

‘Ni’ berri bat eraikitzen

11 urteren bueltan hasten dira nerabezaroak eskutik dakartzan aldaketa horietatik begi bistakoenak: gorputza eraldatzen hasten da, eta pubertaroa deitzen zaio aro horri. Nerabezaroa, aldiz, 14 eta 17 urteen artean kokatu ohi da. Dena dela, Elosegiren ustez, orain gero eta lehenago hasten da, eta gero eta gehiago irauten du. Ikusten du nerabezaroa aurreratu egin dela hezkuntza-sisteman izandako aldaketen ondorioz: garai batean Lehen Hezkuntza 14 urterekin amaitzen zen, orain berriz 12 urterekin. “DBHra sartzearekin batera ikasgelaz, ikaskidez, eraikinez aldatzen dira... eta 12 urterekin etortzen dira lehen 14rekin gertatzen ziren aldaketa asko: arropa aldaketak, lagunekin gehiago ateratzea, ordutegi aldaketak... Faktore interesgarria iruditzen zait: nerabezaroa guk geuk aurreratu dugu, hezkuntza-sistemagatik eta gizartea oso azkar doalako”.

Baina, azala ez ezik, mamia ere mudatzen hasiko da; barne-mundua, alegia. Alonsoren esanetan, “nerabea ni-arekin topatzen da, eta hori eraikitzen ari da”. Eta, bere burua eraikitzeko trantze horretan, besteengandik bereizteko beharra sentituko du; indar handiz, gurasoengandik desberdintzekoa. Era berean, ni eraikitzeak dakarren autokonfirmazio hori lortzeko, beharrezkoa izango du introspekziorako aukera emango dion intimitate-eremuak sortzea; bere sentimenduak, bere joerak eta ezaugarriak esploratzeko ezinbesteko ariketa izango du barrura begiratzea; introspekzioa, alegia. Barrura begiratzeko espazioa emango dion intimitate eremu hori, ordea, gurasoekin gatazka-iturri izan ohi da maiz. “Gurasoak asko kexa-tzen dira, bat-batean ez dielako ezer kontatzen. Baina ulertu behar dute bere intimitatea eraikitzeko ateak eta leihoak itxi behar dituela, eta hori ez dela txarra; alderantziz, beharrezkoa”, dio Alonsok. Ildo beretik mintzo da Elosegi ere: “LH6ra arte bere whatsapp guztiak erakusten dizkizu eta horretara ohitzen zara, edo kontatzen dizu zein lagunekin egon den eta zer gertatzen den lagunartean... eta bat-batean ez. Hori onartu behar dugu, ezin dugu ezkutuan begira ibili. Beraien bizitza egin behar dute, eta beraien espazioak eraiki”. Horregatik, Elosegiren esanetan gurasoek ikasi behar dute ondoan egoten, baina kontrolatu gabe, “bere intimitatea eta askatasuna errespetatu baina ondoan eta adi egon, dantza horretan mugitzen ikasi behar dugu”.

Bestetik, ni-a eraikitzeko prozesuaren parte den bestearengandik bereizteko bide horretan, oposiziorako joera izango du lagun nerabeak; alegia, helduak adierazitakoari kontra egiteko jarrera hartuko du. “Proban jartzen ditu bere iritziak, bestearen arauak, noraino iristen den bere askatasuna... Autokonfirmatzeko behar horretan, bilatzen du jakitea noraino errekonozitzen duen helduak, autoritate gisa, nerabe horren nahia”, dio Alonsok. Introspekzioa eta intimitatea bezala, ni-a eraiki-tzeko ezinbesteko urratsa deritzo oposizio-joera honi ere: “Muturretara joan gabe, etapa horretan behar du autoritatearekin erronka hori, sortu behar da eztabaida bat mugekin eta errealitatearekin”.

Eta, azkenik, ni-a eraikitzeko prozesu horretan bere berdinen onespena behar du nerabeak; izan ere, autoestimua eraikitzeko prozesuaren zutabe nagusietariko bat da besteekiko binkulazioa. Taldearen beharra du bera izateko: bere burua onartuko du besteek onartzen duten heinean. Eta, aldi berean, taldeko kide izateko, prest dago bere izaeraren nahiz askatasunaren zati bati uko egiteko, kontraesanekin dantzan. “Oso inportantea da beretzat zer lagun dituen, onartzen al duten, zerbaitegatik iseka egiten al dioten... Taldearen presioa oso handia da, onerako eta txarrerako. Batzuk aitortzen didate, ‘taldean ez naiz ni sentitzen’. Taldean eginiko zenbait proposamen edo ekintza beraien izaerarekin kontrajarrita daude, baina taldearen onespena galtzeko beldurrez, baietz esaten dute. Prest daude askatasun apur bat galtzeko taldeko izatearen sentsazio hori mantentzeko”, dio Alonsok.

Izan ere, kontraesan aro honetan, askatasuna galtzea dakarkion talde horrek berak indarra emango dio nerabeari bere askatasunaren alde borrokatzeko. Izan ere, “balia-tzen dira taldearen indar horretaz helduaren aurrean askatasuna eskatzeko, ordutegiak edo mugak negoziatzeko”. Era berean, besteen onarpenaren behar horretatik dator, Alonsoren ustez, sare-sozialetan eta komunikabideetan beren burua erakusteko gazteek agertzen duten erraztasun hori; intimitate beharraren kontrako joera da, eta exotimia bezala ezagutzen da. Beste kontraesan bat zerrendarako.

Epizentro aldaketa gertatu da, beraz, nerabe horren bizitzan: familiatik lagunartera, etxekotik sozialera. “Beraientzat lehentasuna lagunartea da, eta, helduek ez badituzte beraien lagunak onartzen, sentitzen dute ez dutela bera onartzen”, dio Alonsok. Bat dator Elosegi ere: “Gurasooi gustatuko litzaiguke bera atera-tzea honekin edo bestearekin, baina berak aukeratu behar ditu lagun horiek. Hala esango dizute, gainera: ‘Aizu, jada ez naiz ume bat’. Gurasoak puntu horretan jokoz kanpo gelditzen dira: alde batetik askatasuna eskatzen du, baina, era berean, gure babesa eskatzen jarraitzen du. Gurasoek jakin behar dute ondo dagoela hori, osasuntsua dela”.

Guraso eta bidelagun, nola?

Oposizio-joera, bereizteko beharra, askatasun eta babes eskaera… Badirudi, beraz, nerabeak eraldaketa-prozesu horretan besteekin interakzioan, eta, bereziki, gurasoekin hartu-emanean eraikitzen duela bere ni-a. Hain zuzen, aldaketa horien guztien aurrean sarri nerabea bezain galduta dagoen guraso horrekin. Lanak izaten dituzte harreman-eredu berri horretan beren tokia aurkitzeko, seme-alabarekin eraikitako zubien zimenduak sendotzeko, edo, zenbaitetan, berreraiki-tzeko. Elosegiren ustez, bide horretan lagungarria da helduak bere nerabezaroarekin, bere bizipenekin konektatzea: “Lan hori egin behar du, gogoratu bera nola sentitzen zen eta zenbat gauza ikasi zituen bizitako guztiarekin. Eta onik ateratzea lortu zuen, gainera! Nerabeak behar duen intimitate eta askatasun hori emateko helduak hainbat klik egin behar ditu bere baitan”. Horretarako, era berean, gurasoek ulertu behar dute “gure umeak ez direla gureak, beraien bizitza dutela. Eta, zenbat eta esperientzia gehiago dituzten, orduan eta gehiago ikasiko dutela”.

Eta, heziketa-prozesu osoan bezala, errespetua nerabezaroan ere ezinbesteko osagai izango da seme-alabekin harreman osasuntsu bat eraikitzeko. Errespetuan oinarrituriko harremanen bizipen batetik, nerabeak ere errespetuan oinarrituriko harremanak sortzen ikasiko duen heinean. Elkarrekiko begirune horren baitan, gurasoak onartu beharko du joera diferenteak izan ditzakeela nerabeak bereekin alderatuz: beste pertsona bat dela, beste izaera batekin eta beste behar batzuekin. Izan ere, “gurasoak kezkatzen dira lagunekin asko ateratzen delako, baina baita gutxiegi ateratzen bada ere”.

Batzuk nahiago dute asteko erritmo bizkorra eta gero asteburuan etxean gelditu film bat ikusten lasai, edo beste batzuk espazio irekien, kalearen beharra izango dute; baina, zenbaitetan, joera hori ez badator bat gurasoenarekin, gatazka sortzen da. “Errespetua izan behar dugu erritmo desberdinekiko, eta alde batera utzi problematizatzeko joera”. Baina kezkatzeko, edo beldurtzeko joera hori oso errotuta dago gurasoek nerabezaroaren aurrean hartzen duten portaeran. Izan ere, Elosegiren ustez, gurasoek euren nerabezaroarekin konektatzen dutenean, segun eta nolakoa izan zen beraien bizipena, beldur asko pizten dira aro horrekiko. Puntu horretan, inportantea da gurasoek lanketa bat egitea seme-alabak eurengandik bereizteko, “zu zaren bezalakoa zara eta bera den bezalakoa da”. Bestea denarekiko errespetua eta onarpena lantzea, alegia.

Gainera, aldi horretan “aukeraketa asko egin behar ditu bere burua definitzeko: lagunekin aterako den edo ez, zeinekin aterako den, nolako giroa aukeratzen duen… eta, bide horretan, erraz erortzen da kontraesanetan, tsunami emozional batean murgilduta dagoelako. Gurasoek jakin behar dute horrelakoak estu ez hartzen”. Alonso ere bide beretik mintzo da: “Bere formak zuzendu behar ditugu, bai, baina hein batean baita onartu ere: berak ni errespetatzeko, nik ere errespetatu behar dut bera”.

‘Tsunami emozionala’ kudeatzen ikasten

Emozio zurrunbilo horretan, nerabeak behar du laguntza bere emozioak identifikatzen eta kudeatzen ikasteko. Hain zuzen ere, Harremanak-eko kideek eskoletan egiten duten lanaren parte da nerabeei emozioen tsunami hori ikusaraztea, baita horrek beraien arteko harremanetan nahiz erreferentziazko helduekin (guraso zein irakasle) dituztenetan sortzen dituen ondorioez ohartaraztea ere. “Askotan liburuetan, eskolan, nerabezaroak gorputzean sortzen dituen aldaketak azaltzen zaizkie, baina ez alderdi emozionalean dakartzan aldaketak”, dio Elosegik. Errealitate hori azalarazteko, ideia-zaparradaren ariketa egiten dute ikasleekin, galdera baten bueltan: ‘nola sentitzen zarete gorputz aldaketa horiekin?’. “Erantzunak askotarikoak dira: lotsa, beldurra, gogoa… Eta beraietako bakoitzak emozio horiek guztiak sentitzen ditu egunean zehar. Aldakorrak dira, eta hala izan behar dute. Horrekin batera, oso ondo konektatzen dute ‘amorrurik sentitzen al duzue?’ galdetzen diegunean. Sentitzen dute, baina ez dakite azaltzen zergatik, edo nola. Saiatzen gara azaltzen hori guztia normala dela, ondo dagoela, eta denborarekin baretuko dela. Inportantea da beraiek ulertzea emozioek sartu eta atera egin behar dutela, ez direla hor gelditu behar”.

Eskolan egindako lanaz harago, ordea, gurasoei ere badagokie nerabeari bide-laguntza hori egitea bere emozioen munduan barna. “Hori bai, gurasoek ez dute erori behar nerabea sentitzen ari den larritasun horretan”, ohartarazten du, “helduari dagokio egoera emozional sendoa mantentzea. Nerabearen erreferentea den heinean, gurasoak jakin behar du bestearen emozioei eusten…. Heldua ere berarekin batera zurrunbiloan sartzen bada, akabo!”, Elosegiren ustez.

Bestetik, emozioak kudeatzen ikasteko bide horretan, nerabearentzat erreferentzia inportantea izan daiteke gurasoek izandako bizipenak ezagutzea, gurasoek ere beraiekin partekatzea bizi izan zituzten emozioak. Gainera, horrek bi aldeen arteko komunikazioa errazten du. Izan ere, “gurasoek jakin nahi dute maitemindu al den, norekin, nola… baina ez dute berea partekatzen nerabearekin, eta hori tranpa da. Konpartitzen baduzu, beraiek ere konpartituko dute”. Bat dator horretan Juan Carlos Alonso ere: “Gure bizitza partekatzen badugu, orduan eta gehiago hitz egingo digu berak ere bereaz. Konfiantza sortzen du, binkulazioa”. Dena dela, honetan ere garrantzitsua izango da aurrez egindako bidea. Izan ere, haurtzaroan ez badira komunikazio bideak sortu seme-alabekin, nekeza izango da nerabezaroan horiek irekitzea.

Horren harira, Alonsok inportantea deritzo nerabearekin komunikatzeko moduari ere: “Oso inportantea da etxeko giroa goxoa eta irekia izatea, nerabeari komunikatzeko espazioa emango diona”. Horrenbestez, galdeketak eta sermoiak ekiditea aholkatzen du, baita nerabearen portaerak esajeratzea edo horiengatik erabat kulpabilizatzea ere; bestela esanda, gurasoen sufrikarioaren erantzule egitea zuzenean nerabea. Aldiz, espontaneoki sortzen diren momentu goxoak baliatu behar direla zubi horiek eraikitzeko. “Eta ez kendu garrantzirik beraientzat garrantzitsua den horri, oso sentiberak baitira aro horretan. Agian kontatuko dizu ‘lagun bati’ gertatu zaion zerbait, bere kezka edo zalantzaren bat agertzeko modua izan daiteke, eta oso inportantea da patxadaz entzutea eta lasai erreakzionatzea horien aurrean. Eta erabili umorea beraiekin komunikatzen garenean, asko eskertzen dute hori jarrera gogor eta itxien aldean”.

Hori guztia aintzat harturik, Alonsok gogorarazi nahi die gurasoei “prozesu hori azkenean baretu” egingo dela: “Ikusten ditut gerora nirekin egon izan diren nerabeen gurasoak eta esan didate ‘eman zigun gerrarekin eta ze jatorra den orain!’. Alegia, ekaitz bat bezala, pasatzen dela. Kontua da gu beraien alboan egotea, etsi gabe. Izan ere, batzuetan gezurra badirudi ere, nerabe horiek ere nahi dute heldu hori bere ondoan egotea”.

Sexu-desioa eta maitemina iratzarri dira

Jakin-minez eta ezjakintasunez. Oro har, horrela bizi dituzte nerabezaroa iristean euren sexualitatearekin loturikoak. Aro horren osagai den kontraesana presente berriro, arlo honetan ere. Gorputz eta emozio aldaketen parte, nerabeak sexu-desioa edo maitemina bezalako inpultsoak indartuta sentituko ditu helduarorantz daraman pasabide honetan. Eta sentitzen duen horren inguruan jakiteko, deskubritzeko, esperimentatzeko gogoarekin aurrez aurre, informazio falta.

Egia da duela belaunaldi batzuetatik hona eskoletan denbora gehiago eskaintzen zaiola sexu-heziketa deiturikoari. Baina, oraindik ere, heziketa hori ugalketa-prozesua azaltzera bideratua dago, nagusiki, “eta beldurretik egiten da, batik bat”, Ana Elosegi psikologo eta sexologoaren esanetan. Alegia, nahi gabeko haurdunaldien arriskuaz hitz egingo zaie, horiek ekiditeko neurriez, sexu-transmisioko gaitzen ondorioez… Beraz, arriskutsua, ekidin beharrekoa den horrek hartzen du protagonismoa; sexualitatearen alde iluna izan daitekeenak. Baina, plazeraz, sexuaren gozamenaz, norbere buruarekin nahiz bestearekin esperimentatzearen irrikaz, maiteminaren zorionaz… ezer gutxi entzungo dute, segur aski hori izanik beraien jakin-minaren iturburu nagusi.

Eta, informazio hori eskoletan ematen ez bada, are gutxiago familietan. “Gurasoak sexu-heziketa lantzen hasten direnean beldurretik egiten dute, alegia, alabari hilekoa laster etorriko zaiola ikustean, edo beranduago, nahi gabeko haurdunaldien beldurra etortzen zaigunean”. Eta, nagusiki, alabekin hitz egiten da honetaz guztiaz. Izan ere, Elosegiren ustez, sexu-heziketarekin loturikoak jorratzean, mutilak albo batera utzi dira, eta “ikasgai hori pendiente daukagu. Mutilek ere igoal-igoal sentitzen dituzte emozio horiek eta jakin-min ikaragarria dute”.

Elosegi eta Harremanak zentroko kideek eskoletan sexualitatearekin loturiko saioak egiten dituztenean galdera botatzen diete ikasleei: ‘norbaiti hitz egin al diote gurasoek sexualitateaz?’ Neskak dira eskua altxatzen duten ia bakarrak, eta hilekoaz soilik infomatu dituztela aitortzen dute. “Amek pentsatzen dute hobe dela semeari lehen isurketa eta kontu horietaz aitak hitz egitea, eta aitek maiz pentsatzen dute ‘gu ere moldatu ginen eta bera ere moldatuko da’. Gurasoekin egindako saio batean aita batek aitortzen zidan semearekin elkarrizketa hori atzeratzen eta atzeratzen joan zitzaiola… azkenean beranduegi egin zen arte, semeak 16 urteak beteak baitzituen”.

Elosegiren ustez, horren arrazoia izan daiteke semeek gutxiago aktibatzen dutela gurasoen beldurra: “Baina mutilekin ere egin behar da lanketa emozionala. Gero kexatu egiten gara bikote-harremanak etortzen direnean mutilak ez direlako gai emozioez hitz egiteko. Nola hitz egingo dute ba, beraien garapenean zehar inoiz ez badiegu halako gaiez hitz egiteko atea zabaldu?” Beraz, bikote-harreman osasuntsuak eta tratu onak eraiki-tzeko bidean ere oztopo izan daiteke mutilen heziketa-emozional falta hori: “Gero nekez eska diezaiekegu arduratsuak, irekiak izateko, berdintasun gaietan tratu onak izateko… ez badugu inolako lanketarik egiten beraiekin, ez baditugu aintzat hartzen. Maskulinitate-ereduen inguruan asko dago egiteko”. Alde horretatik, nerabeekin egindako saioetan ikusten dute mutilek ezjakintasun handia dutela, galdera asko dutela, eta asko eskertzen dutela horietaz hitz egiteko aukera, “behar handiagoa dutelako”.

Zer esan nahi du hitz bakoitzak?

Bestalde, Elosegik bere jardunean ikusten duenez, kontzeptuak nahastu egiten dituzte nerabeek, edo hitzetik hortzera erabiltzen dituzten hitz askoren benetako esanahia ez dute ezagutzen. Horregatik, kontzeptuen-lanketa da sexualitate saioetan egiten duten lanetariko bat: “Azaltzen diegu zer esan nahi duen sexuak, sexu-harremanak zer diren, koitoaz harago ere, orientazio-sexualaz hitz egiten dugu, masturbazioaz… Asko interesatzen zaie, eta, gure garaian bezala, ezjakintasun handia dute”. Horretaz gain, maiteminaz, maitemintzeaz mintzatzen dira. Izan ere, beraien gorputza eta honekiko harremana aldatzen doan heinean gora egiten du sexu-desioak, eta, horrenbestez, baita bestearekiko interesak ere, erakarpenak.

Eta, uste orokorraren arabera gaur egun nerabeek harreman gehiago badituzte ere, Elosegiren ustez, “ez dira gu ginenarekiko oso desberdinak. Egia da saltsa gehiago izaten dutela eta agian gehiago aldatzen dutela bikotez, baina gu maitemin-tzen ginen bezala maitemintzen dira. Azkenean nahi dutena da maite duten horrek beraiek ere maitatzea, harreman bat izatea zeinetan goxo egongo diren eta zainduak sentituko diren. Gaur egungo gazteek ere hori bilatzen dute”.

Baina nerabearentzat kuriositate-iturri dena, maiz gurasoentzat beldurren iturburu izaten da, seme-alaben maitemintzeek eta lehen bikote harremanek beldurra sortzen baitiete; “batik bat koitoaren inguruan pizten dira kezkak, baina sexu-harremanak askotarikoak izan daitezke, eta ez dut uste aurreratzen ari denik horietako adina, ez dut sentsazio hori”. Kezka horien aurrean, emozioekin proposatutakoaren bidetik, osasungarria litzateke gurasoak bere nerabezaro propioarekin konektatzea, eta orduko emozioak eta bizipenak ekar-tzea gogora, nerabearekin enpatizatu eta komunikazio bideak sortzeko.

Izan ere, Elosegiren ustez, oso garrantzitsua da nerabeek sexualitatearen inguruan familietatik jasotzen duten mezua. “Ulertu behar dugu hori ere beraien espazioa dela, sexu-harremanak beraiek esploratu behar dituztela. Familietatik iritsi behar zaien mezua da zer den positiboa, nolakoa den tratu onetan oinarrituriko harreman osasuntsu bat. Eta honetan ere partekatu gure bizipenak beraiekin, hitz egin diezaiegun plazeraz lasai familietan. Nerabeentzat oso inportantea izaten da gurasoen aldetik mezu positibo hori jasotzea, eta nik uste opa behar diegula hori gazteei. Beraz, ez jarri arreta arriskuetan, baizik eta plazerean eta tratu onetan”.