Beronika Azpillaga: "Gela barruan irakasleak eta bere transmititzeko indarrak baldintzatzen dute beste guztia"
Egin dituen ikerketa guztietatik ondorio argi bat atera du EHUren Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak: hezkuntzan edukiek eta metodologiak baino garrantzia handiagoa duela hori guztia komunikatzeko moduak. "Hezkuntzan zer irakatsi? galderari erantzuten saiatzen gara: konpetentziak, balioak, eduki curricularra, kontzeptuak... Baina alde batera uzten dugu hori guztia transmiti-tzeko modua; alegia, nola transmititzen dut?". EHUko irakaslearen ustez, bigarren arlo hori ere landu egin behar da, kontzientzia hartuta, modu teknikoan.
Irakaslearen komunikatzeko estiloari eta efikaziari buruzko ikastaroa emango duzu. Zer dela-eta ikastaro hori? Ez al da hezkuntzan behar bezala komunikatzen?
Geletan eta eskolan ondo egiten da lan eta iruditzen zait hor daukagula gizarte mailan lehenengo arazoa. Samurregi esaten dugu irakasleriak gaizki lan egiten duela eta eskolak huts egiten duela. Iruditzen zait irakaslea prestigiatzen ez duen gizarte batek hezkuntza-sistema makala edukiko duela beti. Hortaz, nik ez nuke esango inoiz irakasleek gaizki komunikatzen dutenik. Baina egin ditudan ikerketetan aukera izan dut gela barruetara sartzeko eta programa berbera aurrera eramaten irakasle desberdinak behatzeko. Atera dudan ondorio nagusia izan da segun eta nola egiten diren gauzak, alegia, segun eta nola garatzen diren programa horiek, emaitzak era batekoak edo bestekoak direla.
Zer-nolako garrantzia hartzen du, hortaz, irakaslearen komunikatzeko estilo horrek?
Komunikatzeko estiloa deitzen diot nik, baina ez daukat zalantzarik komunikatzeko estilo hori norbere izatearen sintoma bat besterik ez dela. Nolakoa naiz ni? Bada, nire komunikatzeko estiloak esango du ni nolakoa naizen. Alde handia dago irakasle bat eduki edo beste bat. Gure bizitzan zehar ordu, egun eta urte asko ematen ditugu eskolan, eta hor era askotako irakasleekin egiten dugu topo, komunikatzeko estilo oso ezberdina dutenekin. Baina ikasleek oso garbi daukate eurentzako irakasle “ona” zein den eta zein “txarra”. Ikasleek irakasle bat ontzat edo txartzat jotzea oso lotuta dago berarekin izan dituzten bizipenekin. Horretan eragina du transmititzeko erak, harremanak, loturak…; alegia, komunikatzeko estiloak. Eta komunikatzeko estiloa ona denean hori gelako giroan islatzen da. Baina nire ustez arlo horretan ez dugu behar besteko arreta jartzen. Irakasleen formakuntzan beti metodologietan eta edukietan zentra-tzen gara, eta oso gutxitan transmiti-tzeko edo komunikatzeko moduetan.
Hortaz, irakasleen formazioaz ari garenean, arreta handiagoa jarri behar litzateke transmititzeko moduan?
Bai, dudarik gabe. Beti “zer irakatsi?” galderari erantzuten saiatzen gara: konpetentziak, balioak, eduki curricularra, kontzeptuak… Baina alde batera uzten dugu hori guztia transmititzeko modua; alegia, “nola transmititzen dut?”. Azken batean, gela barruan irakaslea antzezle moduko bat da, eta adierazten nahiz komunikatzen jakin behar du. Era berean, irakasleak kontziente izan behar du ikasleari boterea eman behar diola, baldin eta ikaslea bere ikaskuntza-prozesuaren jabe izatea nahi badu. Horrek esan nahi du gelako komunikazioan hizketarako txaden kontrola ikasleak izan behar duela. Hau da, ni ikaslea entzuteko prest baldin banago, hari inportantzia eta prestigioa ematen ari naiz, eta estimatu egiten dudala adierazten ari natzaio. Ikaslea ahalduntzearen ideia hori ere, nire ustez, ez da nahikoa lantzen irakasleen formazioan.
Ikasleari entzutearen edota hitza ematearen garrantzia azpimarratu duzu. Hortaz, komunikazioa aipatzean zertaz ari zara zehazki?
Irakasleak gela barruan hiru gauza egiten ditu nagusiki. Batetik, ekintza didaktikoa; alegia, nola egituratzen duen bere klasea: edukiak, materialak, denboraren kudeaketa, taldearen antolaketa… Hori guztia teknikarekin lotzen da eta hori da nagusiki fakultatean ikasten dena. Baina horretaz gain, badaude hainbat gauza kontzientzia txikiagoarekin gertatzen direnak eta espontaneoak direnak. Horietako bat da komunikazio espontaneoa, eta beste bat bizipena. Eta horrekin lotuta legoke pentsamendua, hau da, pertsona baten hezkuntza ulertzeko modua. Hiru ardatz horiek sartuko nituzke nik komunikazio kontzeptuaren barnean.
Bizipena, komunikazio espontaneoa eta teknika jorratzea da hortaz gakoa?
Bai. Eta horren barruan nire ustez lehen urratsa da kontzientzia har-tzea nik bizi dudana gela barrura eramango dudala, eta horrek baldin-tzatuko duela nik ikasleekin nahiz irakasle-kideekin dudan hartu-emana. Kontuan izan behar dut nire pentsamenduak nire egiteko modua baldintzatuko duela.
Kontzientzia hartzea bizipenaren barruan legoke. Beste ardatz bat litzateke komunikazio espontaneoa.
Komunikazio espontaneoa da irakasle baten adierazkortasun gradua. Horren barruan sartzen da jaiotzen garenetik dugun bizikidetzarako gaitasuna. Jaiotzen denetik, helduekin elkarreraginean, umeak komunikatzen ikasten du. Antropologiak nahiz psikologia sozialak erakusten diguten moduan, gizakiak biziraupena bermatzeko komunikatzen jakitea ezinbestekoa du. Kulturak, komunikazioari dagokionez, kode batzuk ematen dizkigu, baina pertsona bakoitza bakarra eta esklusiboa gara, eta kultura horren barruan, komunikatzeko eta espresatzeko modu diferenteak garatzen ditugu. Batzuk efikazagoak dira beste batzuk baino. Beraz, transmititzeko efikazian dago komunikazio espontaneo horren garrantzia. Eta, zer da bada hezkuntza transmititzea ez bada? Zentzu horretan, ez-hitzezkotasunaren jabe izatea oso garrantzitsua da. Zer esan nahi du gelan ahotsa altxatzeak? Edo barre egiteak? Horiek denak gela barruan gertatzen ari denaren gaineko sintomak dira. Nire ustez hori ere landu egin behar da, ez soilik bizipenetik modu espontaneo batean, baizik eta kontzientzia hartuta, modu teknikoan: eszenifikazioa, adierazteko gaitasuna, askatasuna, ziurtasuna… Gela barruan sentimendu positiboak jorratzeaz ari naiz. Hori ere oso inportantea da.
Ez-hitzezkotasuna edota sentimendu positiboak teknikoki lantzearen garrantzia aipatzen duzunean, zertaz ari zara?
Adibidez, itxita dagoen irakasle bat gorputz espresio jakin batekin joango da gelara. Horren atzean egon daiteke beldurra, ziurtasunik eza, gelaren kontrola galtzeko kezka… edota an-tzekoak. Baina hori guztia aurrez landu dezakegu, edo profesionalizatzen goazen eran joan gaitezke lantzen. Irekitasuna, lasaitasuna, ziurtasuna… pixkanaka lortu daitezkeen balioak dira. Zentzu horretan iruditzen zait bi ildo hartu behar direla kontuan. Batetik, garrantzitsua litzateke irakasleak autoestimu profesional altua izatea, gainontzean ez baitu ziurtasunik izango eta beldurrez joango baita gelara. Horretarako sozialki estimatzen den lanpostua izan behar luke irakaslearenak, prestigioduna. Bestetik, berriz, kontuan izanik ikasleak ikasiko badu sentimendu positiboak behar dituela, irakasleak sentimendu positibo horiek sortzeko lan egin behar du. Hori normalki intuizioz egiten du irakasleak, edo duen esperientziaren arabera, baina ez kontzienteki. Horretan dago hutsunea eta hor ekin behar diogu.
Hitzezko komunikaziotik edo diskurtso tradizionaletik harago doa hori guztia.
Bai, hala da. Komunikatzeko era tradizionalean boterea beti batek dauka. Eta besteak erantzun egiten dio botere horri. Zentzu horretan, zer gertatzen da geletan? Boterea daukanak, alegia irakasleak, askotan txanda guztiak hartzen dituela. Berak hitz egiten du beti eta ikaslea subjektu pasiboa da. Gela barruan txandaketaren antolaketa gelako giroaren erakusgarri izan ohi da. Txanda horietan ikasleek asko parte hartzea, giro onaren isla izaten da, horrek erakusten baitu ikaslea interesatua dagoela. Beraz, esan dezakegu gela barruan irakasleak boterea duenez, giroa berak ezartzen duela, eta giroa diodanean tonu emozionalaz ari naiz. Irakasle batek ezarri dezake beldurrezko giroa, umorezkoa, goxotasunezkoa, ziurtasunezkoa… ezarri dezake mundu emozionala. Izan ere, irakaslearen bizipena gela barrura hedatzen da. Horrexegatik da garrantzitsua kontuan izatea zer-nolako harremana duen irakasleak bere lanarekin: ziur sentitzen den, gustura egiten duen, interesekoa duen, bere eguneroko arazoetatik distantzia har-tzeko zer-nolako gaitasuna duen…
Gako nagusi batzuk emate aldera, irakasle batek zer izan behar du kontuan gela barruan komunikazio eraginkorra bidera dezan?
Barne formaziorako biderik argiena hausnarketa da, nahiz eta akaso errazena ez izan. Beraz, batetik hausnarketa, eta bestetik, norbere lana besteekin partekatzea. Askotan gelako ateak itxi egiten ditugu, baina kontrakoa egin behar genuke: gelako ateak ireki eta irakasleak bata bestearekin elkarreraginean jardun. Nik irakasle moduan nire gorabeherak partekatzeko leku bat baldin badaukat, askoz ere hobeto egingo dut nire bidea: ziurtasun handiagoarekin, lasaiago, gusturago… Horri gehituko nioke irakasleak bere burua ez duela ikusten lanean ari denean. Beraz, hori lantzeko ere moduren bat aurkitu behar genuke.
Zenbait tokitan hasiak dira irakaslearen lana bideoz grabatzen, eta gero taldean bideoan ikusitakoaren gaineko gogoeta egiten.
Hori da bide bat. Baditu bere zailtasunak, oraindik ere ez gaudelako gauza horietara ohituta, baina pixkanaka ohitzen joan beharko ginateke. Horretara, eta ebaluazioetara, eta hobekuntza-prozesuetara, eta kritikotasuna garatzera, eta zer transmititzen dugun zalantzan jartzera… Gelan pasatzen den gauzarik garrantzitsuena harremana da, eta irakasle gisa, ezin naiz eskuliburuen atzean gorde. Iruditzen zait irakaslearen sormena eta adierazkortasuna gehiago landu behar liratekeela. Irakasleak agertoki bat dauka, publiko bat dauka eta hor eszenan sartu beharra dauka. Horretarako tresna batzuk erabiltzen jakin behar du: begirada, ahotsa, keinuak… Hitzezkoa ez denaren bidez mundu emozional guztia ezartzen du irakasleak, beraz irakaslearen adierazkortasuna oso garrantzitsua da. Horretarako sentitu behar du bera egiten ari dena inportantea dela, baina askotan kontrakoa gertatzen da: gainkarga dauka, estresatua dago, irakaskuntzarekin zerikusirik ez duten hamaika eskaera ditu… Gizarte mailan irakasleen lanbidea ez daukagu batere mimatua.
Gela barruko komunikazioaren efikazian, zer-nolako garrantzia du irakasle baten hizkuntza-gaitasunak?
Ikastoletan ingelesaren irakaskuntza aztertuz hasi nintzen gai hau ikertzen. Zein izan zen ondorio nagusia? Ingelesez gehien zekiten irakasleak ez zirela ingeleseko irakaslerik onenak. Zenbait kasutan oso gutxi zekiten irakasleek hobeto erakusten zuten asko zekitenek baino. Gakoa zen hizkuntzaren jabekuntza nola bultzatzen zuen irakasle bakoitzak, eta konturatu ginen hitzezkotasuna bigarren planoan geratzen zela, behintzat Lehen Hezkuntzan. Bigarren Hezkuntzan kontuak bestelakoak dira, aldi horretan diskurtsoak beste indar bat hartzen duelako.
Zertan zegoen irakasle batzuen eta besteen arteko diferentzia?
Oso jarraipen sakona egin genien bi urtez. Eta konturatu ginen funtziona-tzen zuten irakasleen geletan alaitasuna zegoela, lasaitasuna zegoela, ikasleak gustura zeudela, arduratsuak zirela, eskolara pozik zetozela… Besteetan, berriz, arazo diziplinarioak zeuden, ikasleak aspertu egiten ziren… Beraz, hitzezkotasuna inportantea da, baina bere neurrian.
Eta ikerketa horietatik ondorioztatu zenuten irakasle “on” horiek zein ezaugarri zituzten?
Ondorioztatu genuen metodologiak badaukala indarra, baina indar handiagoa duela egiteko moduak. Teorikooi ez zaigu gehiegi gustatzen horrelakorik esatea, baina hori da egia. Gela barruan irakasleak eta bere transmititzeko indarrak baldintzatzen du beste guztia. Esate baterako, ezaugarrietako bat da irakaslearen begiratzeko modua. Emaitza txarrak lortzen dituen irakasleak ikasleei begiratzeko duen moduak eta emaitza onak lortzen dituen irakaslearen begiratzeko moduak ez dute zerikusirik. Baina inork esan al die irakasle horiei nola begiratu behar duten? Txandaketen azterketarekin ere sorpresak hartu genituen. Kontatu genuen gela bakoitzean zenbat aldiz hitz egiten zuen irakasleak eta zenbat aldiz ikasleek. Konturatu ginen emaitza onak lortzen zituzten ikasleek besteen aldi bikoitzetan hartzen zutela hitza. Gero, irakasleak elkarrizketatu genituen eta ikusi genuen bakoitzaren pentsamenduaren isla zela ikasleek zenbatetan hartzen zuten hitza. Irakasle “onek” argi zuten: “Hizkuntza bat ikasteko erabili egin behar da”.
Keinuen garrantzia ere aipatu duzu.
Keinuen azterketan ere ezustekoa hartu genuen. Bi keinu mota aztertu genituen: errepresentatiboak eta abstraktuak. Adibidez, “this is a house” (“hau etxea da”) esan eta eskuarekin etxeko paretak eta teilatua irudika-tzea keinu errepresentatiboa litzateke. Pentsatzen genuen horiek ondo menderatzen zituen irakasleak emaitza onak lortuko zituela, baina oker geunden. Nork lortzen zituen emaitza hobeak? Txalo jo, ahotsa altxa eta esaten zuenak: “Ok. Good Morning! How are you?” (“Ondo da. Egun on! Zer moduz zaudete?”) eta hitzei emozioak jartzen zizkienak; alegia, keinu abstraktuak erabiltzen zituenak. Izan ere, tonu emozionala keinu abstraktuek ematen dute, eta irakasle hori makurtu egiten zen, ikasleen izenak esaten zituen, ahotsaren gorabeherak zaintzen zituen, umeei begietara begiratzen zien…