Aitor Albizu: “Irakasleon egitekoa da gela abegikorra sortzea, gela segurua, goxoa eta kohesionatua, alegia”
Orain dela bi urtetik, bullyingari aurre egiteko programa bat garatzen ari dira Durangaldeko hainbat ikastetxe, Berritzegunearen eta Aitor Albizu irakasle-aholkulariaren laguntzarekin. Ikastetxeetan bullyingari aurre egiteko hezkuntza-komunitateko kide guztien ahalegina bateratzea ezinbestekoa dela uste du. Era berean, gaiaren inguruan prestatzeko premiaz mintzo da, besteak beste, bullyingari buruzko ikuskera eta begirada ahalik eta antzekoena izan dadin. “Bakoitza bere usteetatik abiatzeko arriskuka dago, bai eta gai honen gainean dauden mitoetan oinarritzekoa ere. Horrexegatik, funtsezkoa da gai honen inguruan desikastea, hezkuntzan esku-hartze proaktiboa gauzatu nahi badugu”.
Hala, hiru fasetan banatutako prestakuntza-aholkularitza bideratzen dute Durangoko Berritzegunetik. Lehendabizi, zuzendaritza-taldearekin adosten dute irakasleekin egin beharreko prestakuntza, 6-8 ordukoa. Bigarrenik, ikastetxean sortutako talde tinko batekin −gerora ikastetxeko erreferentzia izango da bullyingaren eta bizikidetzaren arloetan−, sekuentzia-programa baten gaineko hausnarketa egiten dute. Eta, amaitzeko, ikastetxe bakoitzak, talde tinko horren gidaritzapean, ikastetxearen egoera aztertuko du, eta bullyingaren aurkako programa diseinatuko du.
Zein da eskolaren eta bullyingaren arteko lotura?
Dinamika sozial bat da bullyinga. Eskolan gertatzen da, umeek eskolan ordu asko igarotzen dituztelako. Eskolak, konstruktu soziala den heinean, erantzukizuna dauka, eta bullyingari aurre egitea dagokio. Hezkuntzaren eta psikologiaren ikuspegi batetik abiatzen gara gu, eta orain arte leku askotan nagusi izan den ikuspegi indibidualista horretatik harago joan nahi dugu; ezaugarriei erreparatuz, ikuspegi ekologiko-sistemikoa ezarri nahi dugu.
Guk proposatzen dugun ibilbidea ikuspegi sistemikoan oinarritzen da. Ikuspegi horren arabera, bullyingari aurre egiteko, ezinbestekoa da ikasleen, irakasleen, bestelako profesionalen nahiz familien parte-hartzea. Baina udalen eta eragile sozialen inplikazioa ere gehitu behar zaio horri. Azken finean, gizartean egituratzen diren giza harremanen ondorio ere izan daitekeelako bullyinga. Beraz, erantzukizun soziopolitikoa dutenek horri ere erreparatu beharko diote.
Horrekin batera, bost eremu handitan zentratu behar du eskoletako esku-hartzeak, eta era sinkronikoan jardun behar du guztietan: antolakuntzan, curriculumaren eremuan, partaidetzan, tutoretzan eta behaketa-prozesuan.
Zein izan da Durangoko Berritzegunean bullyingaren aurkako programa lantzen hasteko arrazoi nagusia?
Ikastetxeetan tratu txarren inguruan bizi duten kezka eta, kasu batzuetan, noraeza izan dira gai honi heltzeko arrazoi nagusiak. Gero eta eskaera gehiago heltzen zitzaizkigun Berri-tzegunera zonaldeko ikastetxeetatik, eta gai horren inguruko kezkak azaltzen zizkiguten. Noraezean zebiltzan gehienak. Askok ez zuten esku hartzen jazarpen egoeren aurrean, eta, esku hartzen zutenean ere, esku-hartze horiek negatiboak ziren maiz.
Horrez gain, sarri, gutxietsi egin dira jazarpen-egoerak: ohikoak izan dira “umeen kontua da”, “horrela izan da beti”, “bestea ere ez da hobea…” edo antzeko esaldiak. Hau da, erasoari nolabaiteko justifikazioa eman zaio zenbaitetan, beharbada nahi barik edo inkontzienteki. Eta, azken batean, jazarpen kasuak gutxiesteak edo aintzat ez hartzeak deskontrola dakar; deskontrolak, inpunitatea; inpunitateak, jazarpenaren legitimazioa… Eta, azkenean, sistema osoa ahulduta geratzen da.
Haurraren alderdi sozialari eta emozionalari ere erreparatu diezue.
Haurraren ikasteko gaitasunaz hitz egiten dugunean, kontuan izan behar dugu normalean garapen kognitiboan jartzen dugula arreta, autorregulazioarekin eta metakognizioarekin zerikusia duten elementuetan, alegia. Baina, horrekin batera, badaude ikasi ahal izateko beste bi funtsezko oinarri ere, sarri gutxietsiak izan direnak: batetik, alderdi soziala; eta bestetik, alderdi afektibo-emozionala. Lurzoru hori ongi ongarrituta egon ezean, nekeza da ikaskuntza-prozesua arrakastatsua izatea.
Zer prozesu egiten duzue bullyingari aurre egiteko lanketa horretan?
Prestakuntza eta material sorta bat eskaintzen zaizkie zonaldeko ikastetxe guztiei, Berritzegunean ditugun moduluen bitartez. Hau da, gu geu joaten gara ikastetxeetara prestakun-tza ematera eta, prestakuntzaren ondoren, jarraipena egitera. Askotan, bat-batean esku-hartze zuzena egin behar izaten da, bullying kasu batek eztanda egin duelako. Hau da, biktimari baldintzarik gabeko babesa eman behar izaten zaio; edozein tratu txar eten behar da, familiekin kontaktuan jarri behar duzu, informazioa jaso behar da kontakizunaren edo heteroinforme deritzenen bitartez, eta erasoan inplikatuta daudenekin elkarrizketak egin behar dira, egoerari era positiboan erantzuteko konpromisoak eskatuz. Era sinkronikoan gelan bizikidetza positiboa berreraikitzeko jarduera-plana gehitu behar zaio horri. Lehentasuna izan behar du ikastetxearentzat bullyingari aurre egiteak, eta horretarako uneak eta guneak bermatu behar ditu.
Edonola ere, ikastetxeak berak gai izan behar du bullyingari era antolatuan aurre egiteko. Burujabetza izan behar du. Beraz, aditu talde bat sortu behar da ikastetxe horretan. Horrexegatik, ikastetxe batek gure programa aurrera eramateko konpromisoa hartzen badu, prestakuntza jaso eta 15 egunera osatuta eduki behar du jazarpen-egoerak artatzeko taldea.
Zenbait arlotan aurrera egin dugu, baina badirudi orain dela 20 urteko datuak eta gaur egungoak antzekoak direla bullyingaren gaian.
2012ko datuen arabera, % 21ekoa da bullyingaren prebalentzia Lehen Hezkuntzan. Apur bat jaitsi egiten da ehuneko hori Bigarren Hezkun-tzan: % 15ekoa da. Baina, dena dela, esanguratsuak dira datuak. Nik esango nuke LHko hirugarren zikloan jotzen duela goia bullyingak; baina ez da egun batetik bestera agertzen. Bullyinga gorantz doan eskailera baten antzekoa da. Edozein zirrikitu baliatzen du eskolan sartzeko. Gatazken kudeaketaren inguruan ikastetxe batek ez badauka programa indartsurik, zirrikitua zabaltzen dio bullyingari. Edo taldean ez bada kohesio-lana egiten etengabe, bitartekaritza-sistemarik edo ados jartzeko tokirik ez badago, programazioan tutoretza lantzen ez bada, edo hezkuntza-proiektuan oso ondo ardazten ez bada bizikidetza positiboa nola garatu, bada, bullyingak bere lekua hartuko du. Beraz, eskolaren egitekoa da bullyingari ahalik eta zirrikiturik txikiena uztea.
Bitartekaritza-sistemaz edo ados jartzeko tokiaz ere hitz egin duzu.
Bai, eskola guztiek eduki beharreko egiturak direla uste dut. Baina egoki erabili behar dira. Ezin ditugu bi ume bitartekaritza-sistema batera edo ados jartzeko toki batera bidali besterik gabe. Izan ere, tratu txarraren ezaugarrietako bat zera da: botere-sumisioa egon ohi da pertsonen artean. Bitartekaritza-sistema erabiltzeko, ordea, oreka behar da, parean egon behar dute bi haurrek.
Askotan esan ohi zaie haurrei: “Konpondu zuen artean”. Baina oso kontuz ibili behar dugu horrelako esaerekin. Segur aski, konpontzeko gaitasuna izan balute, ez ziratekeen guragana etorriko. Laguntza eske etorri zaizkigu, eta guk zer egin dugu? Konturatu behar dugu laguntza eskatzea asko kostatzen dela, zaila dela. Izan ere, ahul ikusten dugu geure burua laguntza eskatzean. Segur aski, laguntza eske etorri zaigunerako, sekulako esfortzua egin du, eta, gainera, guk garrantzia kendu diogu haren eskariari, eta ez diogu behar besteko arretarik jarri. Askotan, ez gara kontziente keinu, esaldi, esan edota uste batzuk zeinen kaltegarriak diren, eta, horrelakoetan, ezinbestekoa da desikastea.
Eta nola utzi ahalik eta zirrikiturik txikiena bullyingari?
Hiru esku-hartze maila bereizten ditugu guk. Lehen mailan, irakasleon egitekoa da gela abegikorra sortzea; gela segurua, goxoa eta kohesionatua sortzea, alegia, bizikidetza positiboaren parametroetan eraikiko dena… Irakasleak giza taldeen kudeatzaile dela konturatu behar du. Gizaki horiek nola hartzen duten arnasa, nolakoak diren, zer arazo dituzten… jakin behar du. Horretarako, oso garrantzitsua da begiratzen jakitea. Eta, begiratu diodanean, ez da soilik behatu, baita zaindu ere.
Lehen esku-hartze maila honetan, bada deseraiki beharreko historia bat. Gatazka bat dagoenean, sarri entzun ohi dira honelakoak: “Trankil, bi haur horiek txikitatik ezagutzen dute elkar”. Argi izan behar dugu horrek ez duela ezer bermatzen. Are gehiago, beharbada rolez josita egongo dira, eta edozein astakeria egiteko justifikazioak aurkituko dituzte. Beharrezkoa da egoera horietan esku-hartze positiboak egitea.
Ikasle bakoitza nola sentitzen den jakiteko bitartekoak jartzea litzateke bigarren esku-hartze maila.
Bai. Eta, horretarako, ikasturtean bizpahiru aldiz (beharraren arabera) haurrei autoinforme bat egiteko eska geniezaieke, hausnar dezaten nola sentitzen diren: gustura dauden ikastetxean, lagunartean ondo sentitzen diren, euren emaitza akademikoekin pozik dauden, frustraziorik baduten, eskolarekiko harremanean zenbateko asebetetasuna duten… Ebaluazio hori egitearekin soilik, ikasleei beren ongizateaz arduratzen dela adierazten die irakasleak: “Nik gure ikasgela abegikorra izatea nahi dut, eta jakin nahi dut nola sentitzen zareten”. Kasu horretan, irakaslearen paperaz baino gehiago, irakaslearen jarreraz ariko ginateke hizketan. Ikasleak pentsatuko du: “Hemen kontrola dago; muga batzuk daude; gu nola sentitzen garen jakin nahi dute; babestuta gaude; zainduta gaude…”.
Eta harreman dialogikoa gehitu behar zaio horri. Tutoretzetan, berba egin behar da, enpatia lantzeko, besteei entzuten trebatzeko, bestearen lekuan jartzen ikasteko, sormenari eta autoestimuari lekua egiteko…
Horrez gain, bereziki garrantzitsua iruditzen zait pertsona solidarioa eta salataria ondo desberdintzea. Kontzeptu horiek ondo bereizi ezean, arazoak izango ditugu bullying kasuen aurrean. Asertibitatea, solidaritatea, enpatia eta horrelako balioak Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Hezkuntza amaitu arte landu behar dira. Azken batean, zirrarez berba egin behar dugu.
Eta zein da hirugarren esku-hartze maila?
Hirugarren maila jada bullyingak eztanda egiten duen uneari dagokio, begi-bistan daukagun uneari, salaketa bat izan dugulako, ume bat lur jota etorri zaigulako, epaitegitik jakinarazpen bat iritsi zaigulako edota gurasoek jakinarazi digutelako. Zoritxarreko une bat da, baina hori ez da egun batetik bestera gertatu. Pixkanaka joan da garatzen. Kasu batzuetan, urteetan zehar. Gure porrotaren adierazle nagusia da. Gelako giroa zaintzeko unean edota behaketa-prozesuan, non egon gara? Segur aski, beste gauza batzuetan izan dugu burua, eta ez dugu jakin gertatzen ari zena ikusten. Beraz, ahalik eta azkarren esku hartzea dagokigu orain. Lehenik, baldintzarik gabeko babesa eman behar diogu erasoa jasan duenari. Bigarrenik, tratu txarra moztu egin behar dugu, kanpotik norbait gauzak konpontzera etorriko zaigulako esperoan egon gabe. Hirugarrenik, garbi utzi behar da ikastetxean ez dela horrelako jarrerarik onartzen, baina jokabidea eta pertsona bereiziz eta errudunen bila hasi gabe. Azkenik, behaketa-prozesu bati ekin behar zaio, atzean zer dagoen ikertzeko. Informazioa jaso behar da, datuak edukitzeko. Izan ere, gu ezin gara iritziekin ibili; aitzitik, argudioak behar ditugu. Eta, beste ezeren gainetik, kontziente izan behar dugu bullyinga lehentasunezko gai bat dela, gure sistema kolokan jar dezakeelako, hau da, hezkuntza-sistemaren kalitatea eta benetako zentzua zalantzan egon daitezkeelako.