Jolas sinbolikoa, adimenaren oinarri
Bi eta sei urte inguru artean, umearen garapenerako ardatza jolas sinbolikoa izan ohi da, alegia, haurrak objektuak birsortzen ditu eta inguruan dituen pertsonen rolak jokatzen ditu. Gaitasun kognitiboak nahiz emozionalak garatzen ditu hala.
Jolaserako aukera izatea, beste ezeren aurretik, umearen eskubide bat da. Jolasa da norbere identitatearen eraikuntzarako baliabide nagusia. Myrtha Chokler psikomotrizista famatuak dioen moduan, haur osasuntsu guztiek etengabe jolas egiten dute, jolastea hil edo biziko funtzioa delako gizakiarentzat, arnasa hartzea den bezalaxe. Jolasaren bidez eskuratzen du umeak motrizitatea; espazioa egituratzeko balio dio, errealitatea ulertzeko, sentitzen duena adierazteko, edota bere nahiak, beldurrak, fantasiak nahiz desioak sinbolizatzeko.
Hain zuzen ere, sinbolizazioa nahitaezko erreminta da nor garen, zer gustatzen zaigun eta zer ez, gure lehentasunak zeintzuk diren edota zer desio dugun jakiteko. Hortaz, haurraren garapenean oso funtzio garrantzitsua betetzen du jolas sinbolikoak. Haurrak bi urte inguru dituenetik hasi eta sei urte aldera arte hartzen du bereziki protagonismoa jolas mota honek. Aurrez, haurraren lehen bi urteetan, jolasa batez ere gorputzezkoa da, alegia, sentsoriomotorra. Sei urte ingurutik atzera, berriz, araudun jolasak izan ohi dira nagusi.
Jolas egiterakoan haurrek inguruan ez dauden objektu, pertsonaia eta egoerak simulatzen dituztenean sinbolizatu egiten dute. Adibidez, makilak, hostoak, egur zatiak, harriak... erabiliz umeek janaria prestatzen, mahaia jartzen eta elkarrekin jaten dutenean, jolas sinbolikoa ari dira egiten. Jolas mota horrek, besteak beste, inguruko errealitatea ulertzeko eta barneratzeko, helduen rolak ezagutu eta praktikatzeko, hizkun-tza garatzeko —jolasten ari diren bitartean uneoro hizketan aritzen baitira, nola euren buruarekin hala besteekin—, edota irudimena eta sormena lantzeko balio die. Era berean, jolas sinbolikoaren bidez, umeek euren burua berresten dute, hots, bestearengandik bereizten dira eta “Ni”-aren barne sentimendua sendotzen dute. Fase sinbolikoan, haurrak elkarrekin interakzioan ari-tzen direnez, elkarbizitza sozialerako oinarriak ere ezartzen dituzte.
Choklerrek azaltzen duen eran, jolas sinbolikoaren hastapenak agertu-desagertu jolasean topa daitezke. Kortina atzean edota mantapean ezkutatuz egiten diren jokoetan, adibidez. Geroago, haurra bizitza errealeko gertaerak errepikatzen hasten da eta bere beharren arabera horiek eraldatzen: “Haurrak objektuaren metamorfosi moduko bat egiten du. Errealitateko objektu baten zenbait ezaugarri ezagutzen ditu eta ezaugarri horiek beste objektu batzuei ezartzen dizkie. Hala, makil luzexka bat goilara izan liteke, kartoizko kaxa bat kamioia, uztai bat autoaren bolantea, erratz bat zaldia… Haurrak objektuak birsortu egiten ditu eta inguruan dituen per- tsonen eta jarduera sozialen paperak jokatzen ditu: aita, ama, irakaslea, medikua… Hala, beroien jarduna ulertzen du eta gatazka imaginarioak sortzen ditu”.
Azken batean, jolas sinbolikoak haurrei aukera ematen die euren nahien eta beharren arabera jolasa aldatzeko. Aro horretan haurrak goputzarekin egiten dituen jolasak —oreka, saltoak, erorketak, lasterketak, eskalatzeko jarduerak…— perfekzionatu egiten ditu, eta jarduera horiek pertsonaia bati eta mimika bati atxikitzen dizkio.
Gaitasun kognitiboak nahiz emozionalak garatzeko bidea
Bi eta sei urte artean eraikuntza jarduerekin batera —dorreak eraiki-tzea, buru-hausgarriak egitea, moztea, marraztea, pegatzea, abestiak egituratzea, ipuinak asmatzea…—, jolas sinbolikoari tokia egitea oso garrantzitsua da adituen esanetan. Ezinbesteko elementua baita haurrak pentsamendu garatuagorako pausoa eman dezan, baita hizkuntzarako nahiz matematiketarako gaitasuna gara dezan ere.
Emozionalki osasuntsu hazteko ere berebiziko garrantzia du jolas sinbolikoak. Beraz, nola familiak hala eskolak behar duen balioa eman behar lioke Silvia Palou heziketa emozionaleko adituaren arabera. Izan ere, haurrak bere harreman afektiboak berregin egiten ditu modu fiktizio batean, eta harreman horiek berarentzat esan nahi izan dutena interpretatzen du hala, inguruneko inorengandik epairik jaso gabe. “Jolas sinbolikoak eremu pribilegiatua eskaintzen dio haurrari ametsak eta desirak benetako bilakatzeko, barruan dituen ezinak eta amorruak adierazteko, norbere beldurrei aurre egiteko, lotsak alde batera uzteko…”. Esate baterako, ume batek bere beldurrei aurre egin diezaieke munstroekin borrokak irudikatuz eta sinbolizatuz. Izan ere, azken batean, jolas sinbolikoak haurraren alderdi inkontzientearen eta mundu errealaren arteko zubi-lana egiten du.
Esan bezala, jolas sinbolikoaren bidez, gaitasun kognitiboak eta hizkuntzari dagozkionak ez ezik, gaitasun emozionalak ere eskuratzen ditu haurrak, bai sozialak bai afek-tiboak. Gaitasun sozialetariko bat deszentratzeko gaitasuna da, alegia, norbere baitatik atera eta gauzak beste ikuspegi batetik begiratzekoa eta besteak nola sentitzen diren hobeki baloratzekoa. “Pertsonaia baten rola hartzeak horretan lagun-tzen dio haurrari. Adibidez, amaketan jolasteak umeari lagundu egiten dio amak zer, nola eta zergatik egiten duen ulertzen”.
Jolas sinbolikoarekin umeak garatzen duen beste gaitasun sozial bat negoziatzeko gaitasuna da. Palouk adierazi bezala, haurrek asmatuz doazen gauzen esanahiak adosteko premia izaten dute. Hala, aukeratzeko, erabakitzeko, adosteko, galtzeko, amore emateko, erdibideak aurkitzeko…. gaitasuna garatzen dute.
Gaitasun afektiboei dagokienez, batetik, jolas sinbolikoak emozioak erregulatzen laguntzen duela dio Palouk; bestetik, berriz, norbere emozioak, nahiak eta ametsak irudikatzen: “Norbere desioak irudika-tzea, desio horiek kontrolatzen ikasteko lehen urratsa da. Era berean, bakoitzaren beldurrak kudeatzen ere laguntzen du eta horretantxe dago, hain zuzen, pertsonon oreka emozionalerako gakoa”.
Baina Palouk gaineratzen duenez, hori guztia posible izan dadin inguruneak jolas sinboliko librerako aukera eman behar dio haurrari. Ohikoa da eskoletan nahiz etxeetan “espazio sinbolikoak” edota “jolas sinbolikorako txokoak” prestatuta izatea. Gogor kritikatzen dituzte adituek. Izan ere, Choklerrek salatzen duen moduan, eremu horietan nork egiten du sinbolizazioa? Haurrak? Edotak objektuek balio sinbolikoa dute aurrez helduak sinbolizatu dituelako? “Gauza bat da haurrak kaxa bat hartzea eta lehenik kaxa hori karrotxo moduan erabiltzea, gero gordeleku gisa eta hurrena mahai bezala. Beste gauza bat da, ordea, arrautza frijitua ere egina duen plastikozko sukaldetxora umea jolasera bidaltzea. Argi dago bigarren kasu horretan haurrak ez daukala aukerarik ezer eraikitzeko, sortzeko, sinbolizatzeko… zeren jada dena egina eman zaio. Egoera horretan umeak egingo duen jolasa imitaziozkoa izango da, baina ez sinbolikoa. Izan ere, jolasa sinbolikoa izan dadin objektuak eraikitzean (kartoizko kaxa bat) esanahien transferentzia bat gertatu behar da (kartoizko kaxa hori une batean karrotxoa izatea eta hurrena berriz mahaia)”.
Beraz, haurrak jolas sinbolikorako aukera izan dezan, hasteko eta behin, garrantzitsua da era askotako materialak eskura izatea. Material horiek errealak (sokak, goilarak, erra-tzak, kaxak...) eta egituratu gabeak (erabilera askotarako aukera ematen dutenak) izatea gomendatzen dute adituek. Horrek aukera emango baitie materiala manipulatzeko eta birsor-tzeko. Era berean, Palouk aholkatzen duenez, jarduera lasaierako guneak nahiz ariketa fisikoa bultzatzen dutenak eskaintzea komeni da, baita giro intimoak zein taldean jardutekoak tartekatzea ere. “Haurrei autonomiaz aritzeko aukera eman behar diegu eta horretarako espazio aberatsak izan behar dituzte, estetika atsegina dutenak, jolastera eta besteekin erlazionatzera gonbidatzen dutenak”.
Jolas sinbolikoaren aroan ohikoa da:
- Era askotako objektuak sortzea.
- Haurrak helduekin nahiz kideekin duen harremanari lotuta, gauzak eraistea, eraikitzea, berregitea…
- Norbere, bestearen eta objektuaren iraunkortasunaren kontzientzia hartzeko presentzia-ausentzia jolasak egin nahi izatea.
- Harrapaketa jolasak gustuko izatea (nik bestea harrapatzea eta besteak ni harrapatzea, nik bestea irenstea eta besteak ni irenstea…), antsietate eta fantasia primitiboak kudeatzeko.
- Ahalguztiduntasuna proban jartzea. - Haurrari “ni” idealarekin identifikatzen laguntzen dioten jolasak egitea.
- Erasotzailearekin identifikatzeko jolasak asmatzea eta jolas horietan rol bat zein bestea hartzea.
- Etxeak eta babeslekuak eraikitzea “Ni”-aren luzapen edo jarraipen gisa.