Hastapenetik eten beharreko soka
Nerabeen arteko gatazka egoeretan bullyinga, eta honen senide ziberbullyinga, dira adierazpen muturrekoenak. Baina, Juan Carlos Alonso psikologoaren ustez, muturrera iritsi gabe bestelako indarkeria edo errespetu falta adierazpenak ugariagoak dira, eta zenbaitetan normalizatu egiten ditugu, gainera, esku hartu ordez.

Bullyinga eta ziberbullyinga, gure hiztegian indarrez sartu diren hitz kezkagarriak. Horien inguruko argibideen bila jo du HAZI HEZIk Juan Carlos Alonso psikologoarengana; izan ere, honek haur eta nerabeekin egiten du nagusiki lan, goizez bigarren hezkuntzako ikastetxe batean, arratsaldez bere kontsultan. Alonsok, ordea, gaia zabaltzea proposatu du berehala; bullyingari loturiko kasuak dira nerabeen arteko gatazka egoeren adierazpenik larrienak, baina, muturreko egoera horietara iritsi gabe, edo iritsi aurretik, bada kezkatzeko eta esku hartzeko motiborik, bestelako errespetu falta eta indarkeria adierazpenak ere agertzen baitira nerabeen arteko harremanetan. Sarri, ordea, txikikeriatzat edo gazteen arteko kontu normaltzat hartu eta gertakari horiei garrantzia kentzeko joera izaten du helduak. Alonsoren ustez, ordea, beharrezkoa da helduek nerabeei gatazka horiei aurre egiten laguntzea.
Saihestu beharreko 3 jokabide
Bullying gisa ulertu behar da mina edo kaltea eragiteko borondatearekin eginiko jazarpena, zeinak denboran jarraipena izango duen eta errepikakorra izango den; gainera, botere harremana egon behar da biktimaren eta erasotzailearen artean, izan arraza, klase, genero edo ezaugarri fisiko nahiz psikologikoen harira. Baina kideren bat jolaserako taldetxoan ez onartzea jolas orduan, edo kide jakin bati beti rol pasiboak esleitzea jolasetan, ikasgelako bromen edo irainen jomugan jartzea beti, txistuak edo oihutxoak egitea irakasleak kide jakin baten izena esatean... horiek ere badira jazarpen eta bestearekiko errespetu falta adierazpenak, eta helduen esku hartzea eskatzen dute. Izan ere, maldan behera doan elur-bolaren gisa haziz, bullyingari bidea egin diezaioketen aurrekariak izan daitezke. “Ez dezagun itxaron bullying kasu bat agertu arte zerbait egiten hasteko, badirelako aurretik bestelako biolentzia adierazpenak. Gustatuko litzaidake horra iritsi baino lehen helduek esku hartzea, batik bat gurasoek, beraien parte-hartzea oso garrantzitsua delako egoerak aurreikusteko, eta nola ez, seme-alabak hezteko egoera horietara iritsi ez daitezen”, dio Alonsok. Izan ere, “bullying kasuak ez dira perretxikoak bezala egun batetik bestera agertzen, badaude aurretikoagoko egoerak eta landu egin behar dira”. Jazarpen egoeren aurrean, Alonsok saihestu beharreko 3 portaera aipatzen ditu. Horien artean lehena, inhibizio jarrera litzateke. Alegia, helduek txorakeriatzat hartzea gertaera horiek, garrantzirik gabeko haurren kontuak direla agertzea, eta bizitzak irakatsiko diela umeei nola egin aurre egoera horiei adieraztea. “Jarrera hori hartzea oso kaltegarria da: ez bazara ohartzen egoeraren larritasunaz, ez diezu erakutsiko zure seme-alabei nola eraiki harreman osasuntsuak.”
Inhibizioaren kontrako muturrean legoke gainbabesteko portaera, “gaur egun asko ikusten dena”. Horren arabera, haurra boteretu eta berari erakutsi beharrean nola aurre egin egoerari, gurasoak gatazkaren erdian sartzen dira, beste haurrei edo horien gurasoei beren portaera okerra aurpegiratuz. Alonsoren ustez, “hanka-sartze izugarria da, ekidin beharrekoa, egoera konpondu baino aldrebestu egiten duelako”. Batetik, haur edo nerabea ohitzen bada besteek babestera, ez dituelako ikasiko bere burua babesteko mekanismoak, eta, horrenbestez, zaurgarriagoa edo ahulagoa izango delako bullyingaren edo besteen indarkeria adierazpenen aurrean, babesgabeagoa. Gainbabesean hezi denak ez du gatazkei aurre egiteko dituen trebeziak erakusteko nahiz probatzeko aukerarik izan, eta senti dezake ez dela gai bere burua babesteko; ez du bere buruan sinesten. Gainera, gurasoa erdian sartzen bada gaiztotu egingo dira babestua izan den haurraren eta besteen arteko harremanak.
Azkenik, saihestu beharreko jarreren artean legoke portaera autoritarioa: “Dena zigorra denean, dena ezetza, dena debekua; alegia, seme-alaben akatsak onartzen ez direnean”. Izan ere, haur horiek indarkeriaren mekanismoa barneratu dezakete, eta portaera autoritarioak erreproduzitu.
Hartu beharreko jarrerak
Bada, jarrera horiek saihestu behar badira, zein dira hartu beharreko jarrerak seme-alaben gatazken aurrean? Hasteko, garrantzitsua da guraso bezala lasaitasuna eta argitasuna mantentzea gatazka horien aurrean. Izan ere, sarri beren azalean bizi dituzte seme-alaben minak, eta beren kontra egindako erasotzat hartzen dituzte seme-alaben kontra egindakoak: “Seme-alaben arazoen aurrean gaizki jartzen bagara, gure jarrerak eta erabakiak ez dira lasaiak izango, ondorioz ezta baikorrak edo zentzuzkoak ere”. Beraz, lehen urratsa da kontrol emozionala ez galtzea eta patxadaz jokatzea.
Baretasun horretatik, helduari egoeran esku hartzea dagokio. Aurrez esan bezala, gainbabesetik gatazkaren erdian sartu gabe, baina inhibizioan erori gabe. Gurasoei edo gertuko helduei aktiboki parte har- tzea dagokie. Alde batetik baloreetan, trebetasun sozialetan heziz, haurra lehenik eta nerabea ondoren; eta, bestetik, bere autoestimua landuz. “Besteekiko enpatian, tolerantzian nahiz elkartasunean heztea, hori da gaur egun gizarte-mailan orokorrean eta hezkuntzan bereziki daukagun erronka eta helburu nagusienetarikoa, harremanen eta emozioen alorrean. Horrekin talde bateko kide izateko sentimenduan ere heziko ditugu, kideen ‘gu’ berdinaren parte izateko sentimenduan”.
Balio horiekin batera, beharrezkoa da helduak irakastea umeari nola eraiki behar dituen besteekin harremanak, trebetasun sozialak garatzeko bidean laguntzea, alegia. “Norbaiti gain hartzeko joera badu, esango diegu jo beharrean hobe duela berarekin hitz egin, eta, aldiz, besteek gain hartzen badiote, esango diogu saiatzeko besteari tinko begiratu eta adierazten ez duelako gustuko berarekiko duen portaera”.
Autoestimuari dagokionez, berriz, Alonsoren esanetan, ohikoa da bai erasotzaileek bai biktimek autoestimu baxua izatea bullying edo bestelako indarkeria kasuetan. Biktimaren kasuan, autoestimu falta hori bullyingaren fruitu eta aldi berean eragile izan daiteke, sorgin-gurpil zoro batean: autoestimu faltaren eraginez ez da gai egoerari aurre egiteko, eta, era berean, jazarpen egoerak berak kaltetu egin du bere autoestimua; edonola ere, egoerari aurre egiteko ezintasunak elikatu egiten du bere kontrako jazarpena. Erasotzaileen kasuan, aldiz, hain zuzen autoestimu baxu hori konpentsatzeko hartzen dute indarkeriazko jarrera, besteei gain hartuz boteretsu sentitzeko. Bestalde, bai helduen inhibizioak, bai gainbabesak nahiz autoritarismoak elikatu, edo are eragin egiten dute autoestimu falta hori.
Bestetik, Alonsoren ustez, ezinbestekoa da gurasoek euren seme-alabak diren bezala onartzea. Izan ere, gatazka egoeren aurrean, izan euren seme-alaba biktima edo erasotzaile, defentsarako jarrera har dezateke, ukazio edo desplazamendu mekanismoak piztuz; hau da, “proiekzioa egin dezakete eta besteengan beraien semearengan edo alabarengan dagoen ahulezia edo gabezia bat”.
Bestalde, ohartarazten du guraso batzuk ez direla kezkatzen baldin eta beren seme-alabak ez badaude gatazkaren erdigunean, biktima edo erasotzaile gisa, baina “guraso bezala arduratu egin beharko gara parte hartu edo ikusi egiten badute. Nabarmendu behar da ikusle direnak ere gatazkaren parte direla”.
Hain zuzen ere, seme-alaba jazarpen egoeraren testigu den kasuetan, Alonsoren ustez, adierazi behar zaio guraso bezala gustatuko litzaigukeela nolabait egoera hori zuzentzeko parte hartzea. “Baloreetan hezitzeaz ari gara, azken finean. Gizartean inplikatzea eta bidezkoak ez diren egoeretan hitza eta esku hartzea balore on bat da.” Gainera, enpatia lantzea gomendatzen du, eta seme-alabak animatzea biktimari gertutasuna adieraztera, besterik ezean zer moduz dagoen galdetuz.
Egoera muturrekoa denean
Bestalde, muturreko egoera diren bullying kasuetara etorrita, seme-alaba jazarpen egoeraren biktima bada, segurtasuna eta babesa adierazi behar zaizkio, jasaten ari denaz hitz egiteko gai izan dadin. Izan ere, sarri kosta egiten zaie jasaten ari direnaren berri ematea salatari bezala gelditzeko beldurrez, horrekin bere kontrako jazarpena areagotu egin daitekeelakoan. Beraz, isiltasun horretatik ateratzea izango da lehen helburua. Bestalde, gurasoek ulertu behar dute, eta seme-alabei ulertarazi behar diete, egoerari aurre egin behar diotela, ez dela berez konponduko. Horrekin batera, nerabeari transmititu beharko zaio helduak badakiela zein diren jarraitu behar dituen urratsak, eta bidelagun izango duela horretan.
Nerabea erasotzailea den kasuetan, aldiz, Alonsok batik bat enpatia lan-tzen du horiekin. “Esaten diet agian ez direla konturatu, baina beraien portaerak min handia eragin duela beste norbaitengan. Eskatzen diet proposatzeko zer egin dezaketen min hori gutxitzeko. Horren helburua da enpatia lantzea erasotzaileekin. Izan ere, zinez batzuetan ez dira konturatzen beren jarrerak beste batengan sor dezakeen kalteaz”. Gurasoei, aldiz, enpatia hori lan-tzearekin bat, “gauzak argi uztea” eskatzen die. “Egoera hori moztu egin behar dutela argi eta garbi adierazi behar diote nerabeari. Horretarako, irmotasun morala izan behar dute, erlatibismoan erori gabe. Izan ere, haurrek nahiz nerabeek behar dute gauzak argi esatea, adieraztea portaera jakin bat oso gaizki dagoela, onartezina dela”. Eta, onartezina den heinean, ondorioak izango dituela. Ondorio horiek naturalak izan behar dute, hau da, egin den ekintza desegokiaren erreparazioa ekarriko dutenak, egoera konponduko dutenak. “Min egin badiozu, barkamena eskatu; gaizki-esaka jardun baduzu, pertsona horren izen ona berrezarri; zerbait kendu badiozu, itzuli.” Eta jazarpena gailu digitalen bidez egin denean, sare-sozialak edo bestelako aplikazioak erabiliz, whatsapp-a kasu, gailu horiek kentzea, edo horren erabilera murriztea izan daiteke ondorioetako bat, “erakutsi duelako momentuz ez dela gai gailu horren erabilera egokia egiteko”.
Beraz, Alonsok nerabeen gatazketan esku hartzea proposatzen du, baina ez zuzenean, baizik eta horiek boteretuz eta gatazkei aurre egiteko nahiz ekiditeko heziz, eta behar denean eskolarekin lankidetzan arituz.
Hauteman al daitezke ‘sintomak’?
Jazarpen egoera bat jasaten ari den nerabeak hainbat sintoma edo ezaugarri erakutsi ohi ditu. Nabarmenenak aldaketa animikoak dira, triste eta abailduta egon ohi baita, eta ez du eskolara joan nahi izaten, hori baita jazarpen egoeren ohiko agertokia. Horretaz gain, ordea, hainbat sintoma psikosomatiko ere ager daitezke, horiek guztiak jasaten ari den antsietatearen ondorio: buruko minak, tripako minak, zorabioak, gonbitoak, asma, azaleko gaitzak... Baita portaera aldaketak ere, bat-batean agresibitatea erakutsiz, adibidez.
Erasotzailearen kasuan, sintomez baino gehiago portaera arazoez hitz egin behar da: errespetu falta inguratzen dutenekiko, besteen minarekiko enpatia falta erakusten du adibidez egoera dramatikoen aurrean, trebetasun-sozialik ez du eta harreman gatazkatsuak ditu ingurukoekin...
Alonsoren ustez, komeni da sintoma horiek testuinguruan kokatzea, gehiegikeriarik gabe, baina aldi berean adi egotea seme-alabek erakusten duten garapenarekiko.
Ziberbullyinga: gatazkatik delitura
Nerabeen arteko gaztaka-egoeren adierazpenik muturrekoena dira bullying egoerak. Gailu digitalen agerpenak, gainera, ziberbullying fenomenoari bide egin dio, eta horrekin biderkatu egin da bullying kasuetako bakoitzaren eragin-eremua nahiz oihartzuna: erasotzaileak ez du zertan ondokoa izan, ezta nerabearekin zuzeneko harremanik izan ere, eta gertakariaren berri izango dutenak jada ez dira ikastetxe jakin bateko kideak, hiri osoko gaztetxoen artean zabal daiteke kontua. Ziberbullyingaren baitan kokatzen diren hainbat fenomeno, gainera, delituak dira, eta beharrezkoa da horiek salatzea, Adingabeen Fiskaltzak esku har dezan. Horregatik, Alonsoren aburuz garrantzitsua da gurasoek ondorengo kontzeptuak ezagutzea:
- Ziberbullying-a: Nerabeen artean gertatzen den jazarpena, bulllyinga bezala besteari min egiteko borondatez egina, denboran iraunkorra eta errepikakorra, botere harremana egonik tarteko. Bullyingarekin desberdintzen duena da jazarpena egiteko modua: sare-sozialen, gailu digitaletako aplikazioen eta antzerakoen bidez egiten da. Ohikoenak izaten dira kide zehatz bat whatsapp eta antzerako aplikazioetako taldeetatik kanpo uztea, sare-sozialetan iraintzea, mehatxatzea difamatzea...
- Sexting-a: Nerabe batekin loturiko eduki pornografikoak edo erotikoak dituzten bideoak eta argazkiak zabaltzen dituenean beste nerabe batek, sare sozial edo bestelako aplikazioen bidez, bestea kaltetzeko edo xantaiatzeko asmoarekin. Alonsok ezagutu eta landu ditu horrelako kasuak, eta eraginak oso larriak izan daitezkeela uste du, jasan duen pertsonarengan antsietate handia sor baitezake. Sarri tratamentua behar izaten du biktimak.
- Grooming-a: Sare sozial eta gainerako aplikazioen bidez heldu batek nerabe bat limurtzen duenean honen konfiantza irabazteko, sexu-onuren bila. Adibidez, nerabeari eska diezaioke bideo pornografikoak edo argazki erotikoak bidaltzeko. Horretarako, xantai emozionala erabil dezake eraso-tzaileak, adibidez.
Azken bi egoeretan bereziki, “gomendioa da salaketa jartzea, Ertzaintzak eta Fiskaltzak neurriak har ditzaten.”