Familia-espazioak: esperientzia xume baten inguruko hausnarketa

2016-10-31

* Eider Garde Mazkiaran, Kattuka haur-eskolako hezitzailearen eskutik

Haurdun gaudenean, hainbat aukera eskaintzen zaizkigu; erditze-aurreko prestakun-tza, haurdunaldirako yoga… Eta, jaio eta gero, gidatutako ekintza estimulatzaile asko eta asko, haur txikientzat. Baina, zure barrenetik sortu den pertsona txiki hori beso artean duzunean, nola hartu behar duzun inork azaldu ez dizunean, familia gertu ez duzunean, 16 aste dituela lanean hasi behar duzunean…, nork egiten dio kasu sentitzen dugunari? Laguntza gutxi daukagu haurra mundura etortzen zaigunean eta gure buruari ama “ona” garen galdetzen diogunean, frustrazioari eta ezjakintasunari aurre egin behar diogunean, errespetuzko heziketa bat eman nahi diogunean... 

 
 
Familia-espazioak: esperientzia xume baten inguruko hausnarketa

Ni neu ere horrela sentitu nintzen, nire lehenengo alaba jaio zenean. Hezitzailea naiz, bai, eta, 16 urteko bizitza profesionala izan arren, zailtasunak izan nituen hainbat unetan. Haurtzaroaren inguruko ezagutza izanda, oso desberdina izan zen nire-tzat amatasuna. Nire alabekin dudan lotura afektiboak eragin dit gehien. Argi dago, hezitzaile naizen aldetik, goxotasunak, afektibotasunak, eta abarrek gure lanean eragina dutela; baina umeekin dugun lotura ez da ama-alaben artean dagoen lotura (edo ez luke izan behar). Agerian gelditzen dira askotan (ez beti, eta gero eta gutxiago, zorionez) profesionalen behar emozionalak, beldurrak…, eskolako haurrekin dituzten jarreretan. Lan pertsonal handia egin beharko genuke, kolektibo bat garen neurrian, horrelako jarrerak ekiditeko.

Orduan, ondorioztatu nuen beste ama guztiak bezala sentitu nintzela ni, hezitzaile urte askoan ibili arren, haurtzaroaren ezagutza izan arren, beste ama batzuek dauzkaten baliabideak baino gehiago izan arren. Inguruan hainbat pertsonak esaten zidatenari kasu egitera eraman ninduen horrek, eta nire sena alde batera uztera. Argi ikusi nuen zerbait falta zaigula gaur egungo jendartean, amatasunean eta aitatasunean laguntzeko.

Egoera horrek erakutsi zidan zerbait egin behar nuela nire sena ahalduntzeko. Prestakuntzen aukeraketan selektiboagoa izaten hasi nintzen, eta, alde batetik, nire amatasunaren eraikuntzan lagungarriak izango ziren prestakuntza-saioak egiten hasi nintzen, eta, bestetik, profesionala naizen aldetik, besteei amatasunean eta aitatasunean lagun egiteko eta hezkuntza-praktikarako erabilgarriak izanen ziren baliabideak garatzen joan nintzen.

Haur-eskolako lantaldean, argi daukagu prestakuntzetan jasotzen duguna taldean landu eta hausnartu behar dugula, ondorioak atera behar ditugula, erabakiak hartu behar ditugula, eta taldeko koherentzia sustatu behar dugula. Talde-lan hori gabe, oso garbi daukat bestelakoak izanen zirela nire ibilbide pertsonala eta profesionala.

Oraindik gogoan dut 2013an Hik Hasik antolatutako jardunaldi hau: Eskolaren eta familiaren arteko harremanak, haurraren garapen osorako lagungarri. Aukera izan nuen hainbat laguni entzuteko, eta nire arreta erakarri zuen hizlari batek esandakoak. Elia Martinez katalana zen; “La Céspedes” erlazio- eta elkartze-guneaz aritu zen. Pentsatu nuen oso esperientzia aberasgarria izan zitekeela, eta ikusi nuen, gainera, beharrezkoa dela horrelako zerbait gure inguruan.

Argi dago urteen joanean aldatu egin direla familia-ereduak, eta zailtasun handiak ditugula gure txikiak errespetuz hezteko, gurasoen lana dela tarteko, edo familia gertu ez dagoelako, amatasun eta aitatasunerako lan-baimenak oso motzak direlako, bozkatzen ez dutenentzat egiten diren politikak desegokiak direlako…

Gurasoei sortzen zaizkien zalantzen inguruan, umezaroaren inguruko jakintza zatikatua dugu parez pare gaur egun. Espezialista asko daude (pediatrak, emaginak, hezitzaileak…), eta gurasoak beren ardura neurri batean profesional horiengan uztera, eta gure umea aurkitzeko jatorrizko gaitasuna ez garatzera eraman gaitu horrek.

Gurasook aita edo ama izateko eta sentitzeko baimenaren beharra dugu; gure seme-alabak ezagutzen joan behar dugu, haurrari behatzen ikasi behar dugu; haren izaera ezagutu, haren gaitasunak; askotan, bizitzaren lehen uneak direla eta, estalian geratzen baitira. Haren garapenaren nolakotasuna ezagutu behar dugu, umearen desirak errespetatu behar ditugu, malgutasuna eta mugen oreka zein den bilatzen ikasi behar dugu…

Budapestera joan ginen batean, aukera izan genuen hango familientzako espazioak ezagutzeko, Zsuzsa Libertiny-ren eskutik. Oso espazio atsegina zen, material interesgarriz betetakoa. Han grabatutako bideoren bat ere ikusi genuen, non haurrak beren kabuz jolasten ziren eta familiak gelako ertzetan zeuden. Hezitzaile bat amengana gerturatzen zen, haurrek egiten zutenaz beste ikuspuntu bat emateko. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta, bide batez, amei sortzen zaizkien ezinegon handien lasaigarria ere bai.

Gogoetatik errealitatera

Denborak aurrera egin zuen, eta lo geratu zen buruan bueltaka izan nuen ideia hura. Iazko udaberrian, gure eskolan, Kattukan, familientzako espazio bat sortzeko proiektua proposatu zidan Joselu Macarrok.

Ama eta aita izateko prozesu horretan, uste genuen Kattukak eskaintzen dituen aukerek modu positiboan lagundu zezaketela, eta zailtasunen aurrean familiei lagun egiteko aukera genuela; haien seme-alaben gaitasunak ulertu ahal izateko tresna egokiak eskainiz, eta amatasuna eta aitatasuna modu autonomo, arduratsu eta positiboan garatzeko baliabideak bideratuz. Espazio horretan, profesionalek lagun egin ziezaieketen familiei haurrei denbora, espazioa, maitasuna eta laguntza eskaintzeko eta, horrela, haurrek beren kabuz eta modu autonomoan mundua aurkitzeko.

Dokumentaziorako denbora antolatu genuen. Hainbat artikulu irakurri genituen; askotariko bideoak ikusi genituen, Francois Dolto-ren “Maison Vert”, Magda Gerber-en “RIE©” (Resources for Infant Educarers), Pikler Loczyko familientzako espazioak… Oso esperientzia aberasgarriak ezagutzeko aukera izan nuela uste dut. Informazio horrekin guztiarekin, nire buruan zeuden ideiak testu bihurtu nituen, eta lankideekin partekatu nituen. Haien ekarpenak jaso, eta Kattukako Familia Espazioen txostena garatu nuen.

Txosten horretan, helburuak finkatu genituen jarduera horrekin lotuta.

-Profesionalen eta gurasoen gidari haurrak izatea, partekatutako ezagutzak haurraren garapen harmonikoan mesedegarriak izan daitezen.

-Gurasoentzako espazio bat bideratu ahal izatea, haurraren gaitasun libretik abiatuta, behatzeko, ulertzeko eta hausnartzeko aukera izan dezaten. Haurrek, beren ekintza espontaneoaren bidez, interesa eta plazera aurkitzea, eta beren burua eta ingurua ezagutzeko aukera izatea.

-Haurrak bakarrik egoteko duen gaitasuna aztertzea, eta familiak horretaz sentsibilizatzea. Beharrak (fisikoak eta emozionalak) aseta izateak duen garrantziaz jabetzea, gaitasun hori gauza dadin.

-Umearen jarreran nola eta noiz esku hartu eta noiz ez jakitea.

-Espazio eta denbora espezifiko bat ezartzeko aukera izatea, non gurasoen eta haurren erritmo eta beharrak errespetatuko diren.

Baina hainbat galdera sortu ziren proiektu honen inguruan. Ideia hauek gurasoekin parteka ditzakegu? Zein gurasok uler dezakete eta lor dezakete etekina hortik?

Gure ustez, denek. Guraso guztiek dute interesa beren seme-alaben gaitasunak garatzeko. Kattukaren bost urteko bizialdi honetan, argi ikusi ahal izan dugu hori. Behaketarako eta hausnarketarako espazio bat zen, gurasoei lagun egiteko eta haurrek jolas egin eta esperimentatzeko. Uste genuen pizgarri izan zitekeela amatasun eta aitatasun ulergarri baten eta haurren garapen autonomoago eta aktiboago baten eraikuntzan.

Azken finean, konfiantza sendotu behar dugu gurasoen erabakietan eta haien behaketetan, pertsona-baliabideak eskuratuz seme-alaben garapena ulertu ahal izateko (zein den beren semearen edo alabaren irudia, eta nolakoa izango den). Txikiengan konfiantza izatea eta zain egoten jakitea da kontua. Ez genituen gurasoak zerbaitez konbentzitu nahi; aitzitik, haurrekiko arreta nola hobetu jakiteko eta seme-alabei lagun egiteko baliabideak eskaini nahi genizkien.

Noiz eta nola?

Gurea haur-eskola publikoa zenez, baimena eskatu nuen Arbizuko eta Lakuntzako Udaletan eraikina eskola-ordutegitik kanpo erabiltzeko, eta proiektuaren berri ematen zuen txosten bat eraman nien. Ez zen inolako arazorik sortu, eta proiektu interesgarria zela adierazi zidaten hainbat udal-ordezkarik.

Hasieratik, familiei esan zitzaien proiektu hau esperientzia pilotu bat zela, eta gure hausnarketarako erabiliko genuela han gertatutakoa, grabatutakoa eta hitz egindakoa. Gerora balioetsiko genuela haur-eskolan ezartzeko aukera.

Gurasoei esku-orri bat helarazi zitzaien, gure ustez aurretik jakin beharreko hainbat ideia biltzen zituena. Magda Gerberrek bere espazioetan erabiltzen zituen zazpi printzipio partekatu genituen haiekin.

-Arreta guztia jarri haurrak egin duenari. Arreta hori sumatu egiten dute haurrek, eta beren ekintzak helduarentzat garrantzitsuak direla sentitzen dute.

-Haurrentzako inguru egokia sortu. Fisikoki segurua, kognitiboki erronkak eskainiko dizkiona eta emozionalki aberasgarria izango dena.

-Denbora eman etengabe jolasteko.

-Beste haurrekiko harremanak esploratzeko eta harremanak izateko askatasuna eskaini.

-Zaintzarekin zerikusia duten ekintza guztietan parte-hartzaile aktibo bihurtu, hartzaile pasibo izateari uzteko. -Haurren erantzunei adi egon, haien beharrak ulertu ahal izateko.

-Haurrek ulertuko dituzten muga argiak ezarri.

Lehenengo bileran, gurasoei informazioa eman genien Emmi Pikler eta Magda Gerberren pedagogia-printzipioen inguruan. Jolas eta ekintza librerako espazio bat sortu zen, eta espazio horren antolaketa umearen garapenari, nahiei eta interesei egokitu zitzaien; toki horretan, helduak (taldeko hezitzaileak) ez zuen parte hartuko, beharrezkoa ez bazen. Bazegoen espazio bat gorputz-zaintzarako ere, non gurasoek fardela aldatzeko aukera zuten. Familiei galdetu zitzaien jarduera honekiko zer-nolako espektatibak zituzten.

Onartu beharra daukat banuela nik halako ezinegon bat nire jardueraren inguruan. Ez nengoen oso ziur eginen nuenaz; izan ere, horrelako esperientzia bat garatzen nuen lehen aldia nuen. Alde batetik, lasai nengoen, familiekin espazioak partekatzea ez baita bortitza niretzat; gure haur-eskolan, gurasoak eskola osoan zehar ibiltzeko aukera dute; geletan sar daitezke, edo jangelan, eta kafetxo bat prestatu… Askotariko ekintzak antolatzen dira: hitzaldiak, auzolanak, festak… Harrera garaian ere, gurekin eta haurrekin batera, espazio bera partekatzen dute; baina, une horretan, beste egoera batzuei egin behar diegu aurre: familiak txikitxoa eskolan uzteko dituen zailtasunei, eta abarri.

Harreran, helburua bestelakoa da; haurrak eskolan geratu behar du, eta alde egingo du haren familiak. Hezitzaile garen neurrian, hasiak gara ordurako haurrarekin harreman afektibo bat eraikitzen, eta, gurasoen faltan, gu izango gara haien erreferentzia. Baina desberdina da kontua gurasoen espazioetan. Azaleratu zitzaidan lehenengo zailtasuna harremanena zen. Nola eraiki harreman bat haurrarekin, haren gurasoak han bazeuden, astean ordubetez, espazioa ezagutzen ez zuten haurrekin…? Lehen saioan desagertu ziren nire kezkak. Berriro ere, haurrek eman zidaten erantzuna. Gurasoak gelaren ertzetan zeuden eserita, lasai, haurrei begira, eta nik lagun egiten nien haurrei jolas-espazioan. Txikiak izan arren, segituan ohartu ziren ni nintzela haien bidelaguna, eta, edozer gauza behar bazuten, gurasoei edo niri eska ziezaguketela; keinu bat, begirada bat… Oso lasaigarria izan zen niretzat. Eta aberasgarria, gurasoek seme-alabek egiten zutenaren zergatia galdetzen zidatenean, edo eta haien hausnarketak nirekin partekatzen zituztenean. Oso esperientzia gomendagarria.