Haurra ebaluatzetik testuingurua ebaluatzera

2016-11-10

Irakasleen artean kezka eragiten duen gaia da ebaluazioarena. Zer eta nola ebaluatu? Nola neurtu ikaslearen garapena? Nola jakin aurrez ezarritako helburuak betetzen diren?... Eta hori dena zertarako? Zer lortu nahi da ebaluazioarekin? Horren guztiaren inguruan hausnartzeko eta ebaluazioa ulertzeko moduan ikuspegi berri bat proposatzeko “Ebaluazioa Haur Hezkuntzan: paradigma aldaketa” izeneko lana prestatu dute Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Alexander Barandiaran eta Iñaki Larrea irakasleek. Ikaslea ebaluatzen duen paradigmatik testuingurua ebaluatuko duen paradigmara nola igaro aztertzen dute bertan. Monografiko formatuan emango du argitara Hik Hasik Durangoko Azoka baino lehen.

 
 
Haurra ebaluatzetik testuingurua ebaluatzera

Ebaluazioa ardura handiko kontua izan ohi da hezkuntzan dabiltzan profesional gehienentzat. Gai arantzatsua eta kezka eragiten duena. Zer dago, baina, horren guztiaren atzean? Zergatik da hain korapilatsua ebaluazioaren auzia? Alexander Barandiaran eta Iñaki Larrea Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasleek argi diote: “Ebaluazioak eskola, pertsona eta haren garapena ulertzeko modua ezkutatzen du bere baitan. Alde batetik, pentsatzen dugu ikasle talde batek mugarri berberak lortu behar dituela, alegia, irakasleak ikasle denei irakaste-prozesu bera eskaini behar diela. Bestetik, berriz, uste dugu ikasleek dena ikasteke dutela, berezko gaitasunik izango ez balute bezala. Ikasteak du zentralitatea eskoletan eta helmuga da aldi berean, eta sinetsita gaude ikasleak soilik ikasten duela irakasleak erakusten diolako”.

Ikuspegi horri buelta eman eta ebaluazioa ulertzeko moduan ikuspegi berri bat proposatzeko Ebaluazioa Haur Hezkutzan: paradigma aldaketa izeneko lana ondu dute Hazitegi Ikertaldeko bi irakasleok, eta Hik Hasik emango du argitara monografiko formatuan. Paradigma aldaketa egiteko “pertsona den horretatik” abiatu behar dela diote; horrek ikasle hitza baztertzera eta pertsona azpimarratzera daramatza. Premisa hori abiapuntu hartuta, lehen haurtzaroan pertsona zer den, nola garatzen den eta zein behar dituen azaltzen dute adituek monografikoan, ondoren, ebaluazio-paradigma berria aurkezteko. Hain zuzen ere, ebaluazioaren paradigma aldaketa egiteko Euskal Herriko eskola batean zer-nolako praktika ari diren egiten deskribatzen dute. 

Zer testuinguru eskaintzen diogu haurrari?

Gaur egun indarrean dagoen paradigmak ikaslea ebaluatzea du jomugan, Barandiaranen eta Larrearen hitzetan. Izan ere, orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu duen 12/2009 dekretuak, nahiz Heziberri 2020k oinarrian ideia bera dute ikerlarien arabera: umeak dena ikasten du. Ikuspegi horrek paradigma konduktista du jatorrian: umea orri zuri bat bezalakoa da, irakatsi egin behar zaio, ez baitirudi berez gaitasunik duenik.

Ikaslea ebaluatzea helburu duen paradigma aspaldikoa dela diote HUHEZIko irakasleek. Ebaluazioa ulertzeko modu horren arabera, pertsonaren egoeraren erantzulea per-tsona bera da, eta testuinguruak ez du zerikusirik pertsona horren garapenean eta bizi duen egoeran. Ikasleak ikasten ez badu, jokabide desegokia badu edo parekoekin gaizki moldatzen bada, berea da erantzukizuna eta testuingurua ez da zalantzan jartzen. Beste era batera esanda, ebaluazioaren emaitza desegokia bada, irakaslea ikaslea aldatzen saiatzen da testuinguruan aldaketarik egin gabe. Izan ere, ikaslearen ardura da irakasleak eskaintzen duen testuingurura moldatzea. Horren erakusle litzateke, adibidez, Heziberri 2020k aipatzen duen irteera-profila, umeak ikastearen bidez eskuratu behar dituen oinarrizko konpetentziei erreferentzia egiten diena. Horren arabera, eduki multzo jakin bat ikasi behar du haurrak, eta profilera heltzen ez bada, porroterako bidea hartzen du. “Iruditzen zaigu umearen eskubideak urratzeko arriskua dakargula horrek”. Era berean, ikaslearen aurrerapena egokia ez denean indartze-neurriak hartuko direla dio curriculum berriak. Barandiaranen eta Larrearen irudiko, ikaslea ez-gai bihurtzeko arriskua legoke kasu horretan. “Antza testuinguruaren eragina eragiketatik at geratzen da. Baina ohartu behar dugu zailtasunak agertzea normala dela umea aintzat hartu gabe helduok helmugak jartzen dizkiogunean”.

Barandiaranen eta Larrearen aburuz, gaur egun indarrean dagoen ebaluazioaren paradigmak ez du aintzat hartzen ikuspuntu sistemikoa, “uneotan guztiz onartuta dagoena”. Ikuspegi sistemikoak dio testuinguru edo sistema bateko elementu guztiak elkarreraginean daudela eta elementu bakoitzaren garapena elkarrekintza horien araberakoa dela. Horrexegatik, adituek uste dute ebaluazioa umeak erakusten dituen jokabideetan oinarritzea haurraren garapena oker ulertzearen ondorio dela, ez delako aintzat hartzen umearen testuingurua: “Gaur egunera arte dugun ezagutzak erakusten digu umea gaitasunekin sortzen den pertsona dela eta bizi duen testuinguruaren arabera gaitasun horiek garatuko dituela neurri batean edo bestean”. Horrexegatik, aldarrikatzen dute ebaluazioa ez litzatekeela umearengan oinarritu behar, bizi duen testuinguruan baizik. Zehazki ebaluatu beharrekoa zera litzateke: umeari eskaini zaion testuinguruak bere gaitasunak zein neurritan garatzeko aukera eman dion”.

Eskolaren kultura berri bat

6 urte arteko umearentzat testuingururik eraginkorrena bere familia da eta horren atzetik dator eskola. Barandiaranek eta Larreak adierazten dutenez, eskolatik ia ezinezkoa da familiaren testuinguruak umearengan izan duen eragina ebaluatzea. Aldiz, eskolako testuingurua aztertzeko badira bitartekoak. Umearen garapenean eraginik handiena duena heldua denez —eta haurrak harekin duen harremana—, lehenik, helduak umeari eskaintzen dion harremanean oinarritu beharko litzateke ebaluazioa. Bigarrenik, kontuan izanik helduak haurrari espazio eta denbora zehatz batean objektuekin kontaktuan egoteko aukera eskaintzen diola, ebaluazioak bere baitan hartu beharko luke espazio (material) eta denboraren antolaketaren azterketa. Azkenik, eskolak haurrari beste umeekin harremanak izateko aukera ematen dionez, harreman horiek osasuntsuki eraikitzeko abagunerik ba ote lukeen baloratu beharko litzateke.

Hortaz, umeari eskolak eskaini dionak haur horrengan izan duen eragina ebaluatuko balitz, ebaluazioa ez litzateke inolaz ere umearengan zentratuko. Hartara, edozein hobekuntza umeari eskainitako horren baitan egongo litzateke. Barandiaranek eta Larreak azaltzen duten moduan, soilik modu horretan lor daiteke edozein umeren jokabidea aldatzea, beti ere umearentzako osasuntsua dena jomugan jarriz. Gaur egunera arte, ordea, kontrakoa egin dela salatzen dute: “Orain arte eskolak ontzat hartutako jokabide eta jarrera batzuk erakutsi ez baditu haurrak, heldua saiatu da haur hori aldatzen, baina testuingurua ukitu gabe. Esperientziak erakutsi digu, hori ezinezkoa dela, umea erreprimituz ez bada. Eta errepresioa erabiliz gero, jakina da umeari mesede baino kalte gehiago egiten zaiola bere garapen osasuntsua oztopatuz”.

Horregatik guztiagatik, ebaluazioaren paradigma aldatzearen premiaz hitz egiten dute Barandiaranek eta Larreak. Pertsonarengan oinarritutako ebaluaziotik testuinguruan oinarritutako ebaluaziora pasatzeaz ari dira: “Aldaketa horrek fokua umearengan jarri beharrean irakaslearengan jartzea suposatzen du. Norberaren burua ebaluatzeak, batetik, auto-ebaluazioa dakar, eta bestetik, espazioak, materialak eta denborak ume bakoitzarengan duen eragina neurtzea”. Beraz, Hazitegiko ikerlariek proposatzen duten ebaluazio-paradigmak eskolaren kultura berri bat ekarriko luke, “eta horretarako bidea egin behar da, orain arte egin ez dena, baina gure umeen ongizateak merezi duena”.

Ebaluazioa, haurra ulertzeko moduarekin bat

Barandiaranek eta Larreak dioten moduan, testuinguruak baldintza dezake haurraren garapen osasuntsua. Eta Haur Hezkuntza etapa gakotzat hartzen dute ikerlariek. Eskolako praktikak haurra ulertzeko moduarekin koherentea izan behar duela iruditzen zaie, eta, beraz, baita ebaluazioak ere. Alegia, ebaluazio-paradigmak bat etorri behar luke Haur Hezkuntzaren gaineko ikuspegiarekin eta etapa horretako helburuekin. “Dakigun bezala adin tarte honetan bizitakoak aparteko eragina du pertsonaren garapenaren norabidean. Horregatik, iruditzen zaigu arreta berezia jarri behar dugula Haur Hezkuntzan; esfortzu berezia egin behar dugula etaparen ezaugarriak ulertzeko; horiekiko koherentea den eskaintza egiteko; eta gure egunerokotasuna ebaluatzeko”.

Eta ebaluazioak bat etorri behar badu Haur Hezkuntzako helburuekin, zein dira etapa horretan lortu nahi diren xedeak? HUHEZIko maisuen arabera, eskola askotan Lehen Hezkuntzako helburuak Haur Hezkuntzara eramateko bidea abiatu dute, umeen ongizatearen kaltetan. Beraz, argi eman behar litzaioke ezetza joera horri. Behin puntu hori argi utzirik, iruditzen zaie helburuek ere paradigma aldaketa behar dutela, oraindik ere “ikastean” jartzen delako fokua toki askotan. Eurek proposatzen duten ebaluazio-paradigmak, berriz, azken helburu bakarra du: haurraren ongizatea. “Kontuan hartuta pertsonaren bizitzan lehenengo 7-8 urteak garrantzitsuenak direla, haur bakoitzaren ongizatea berma-tzea izango da eskolaren lehentasuna. Beste guztia —baita ikastea ere— horren ondorio izango da”. Eta adituek gaineratzen dutenez, haurrak ongizatea lortuko du bere gaitasunak garatzeko aukera egokiak eskaintzen bazaizkio: “Haurrak gaitasuna badauka helduarekin lotura esangura-tsua eraikitzeko, bere burua eta testuingurua deskubritzeko, jolasteko, imitatzeko, esperimentatzeko, bere barneko bizipenak proiektatzeko, erakusteko eta lotsatzeko, beldurtzeko, bere parekoekin hartu-eman positiboak izateko, kooperatzeko, era askotara komunikatzeko, mugitzeko, barre egiteko, disfrutatzeko, erabakiak hartzeko, bizitzen duen guztiarekin loturak egiteko… helduon egitekoa gaitasun horiei guztiei bide ematea litzateke”.

Hortaz, Haur Hezkuntzako helburua izango litzateke umeei eskainitako aukera horiek pentsatu, antolatu, gauzatu eta ebaluatzea, horien garapenaren bidez haur bakoitza zorion-tsu izan dadin. “Gure ebaluazio-paradigmak, beraz, Haur Hezkuntzarako helburu nagusi horrekin egiten du bat eta, horrenbestez, helburuak ohiko ikaste-emaitzekin lotzeko joerarekin apurtzen du”.

Haur Hezkuntzaren garrantzia aitortuta eta bere helburu nagusia haurren garapen osasuntsua dela onartuta, Barandiaranek eta Larreak eskola ez dute “ikasteko” toki soiltzat hartzen. “Ez gatoz bat haurrei jaten, lo egiten edo ikasten ‘irakatsi’ behar diegula dioten horiekin, ezta haurrak ‘instruitu’ behar ditugula diotenekin ere”. Izan ere, haurra modu “natural” batean ikusten dute, testuinguru naturalera moldatzeko gaitasunekin. “Horregatik, testuinguru ekologikoa aldarrikatzen dugu, naturala; pertsona moduan garatzeko egokia den testuingurua, alegia. Hortaz, ikastea helburutzat baino gehiago, ondoriotzat duen garapen testuinguru ekologikoaren zatitzat hartzen dugu eskola”.

Harremanak, espazioa eta materiala

Testuinguruaren ezaugarrien arabera, haurraren garapenak norabide bat edo beste har dezake, onera zein okerrera, Barandiaranek eta Larreak diotenez. Horregatik egiten dute garapen testuinguru ekologikoaren alde: haurraren garapen osasuntsua sustatzeko bere gaitasun guztiei (atxikitzeko, arakatzeko, beldurtzeko, berdinkideekin harremanak izateko…) modu egokian erantzuten diela uste dutelako. Horretarako, eguneroko praktikan nahiz ebaluazioan ezinbestean kontuan izan beharreko hiru arlo identifikatzen dituzte: harremanak, espazioa eta materiala.

Testuinguruak aldagai asko biltzen baditu ere, HUHEZIko irakasleen iritziz, aparteko garrantzia dute eskolan eraikitzen diren harremanek; haurrek beren inguruko berdinkideekin eta bereziki helduekin dituzten elkarrekintzak gakoak iruditzen zaizkie. Zentzu horretan, haurrak bere ahozko hizkuntzaren bidez nahiz bere jokabidearen bidez, hau da, mugimenduen, keinuen, begiradaren, negarraren, irribarrearen, ahoskeraren… bidez bere beharrak adierazten dituela diote, eta heldu sentikorrak umea behatzen duenez, jokabide horiek egoki interpretatzeko gai izan behar duela, hots, jokabide horien esanahia antzemateko gai, alegia gai izango dela jakiteko umeari zer gertatzen zaion, zer behar duen, eta hori kontuan izanda haren premiak asetzeko “Zertarako gai den eta zertarako ez haurrak berak deskubritu behar du, aurrean dituen erronkei noiz eta nola aurre egingo dien erabakiz. Heldu sentikorrak, beraz, haurraren berezko erritmoak errespetatzen ditu”.

Barandiaranen eta Larrearen hitzetan, sentikortasunak eskatzen du begirada umearengan jartzea, umea den bezala ikustea, eta ez helduari gustatuko litzaiokeen bezala. Heldu sentikorren kontrako muturrean leudeke sarkorrak eta arduragabeak direnak: “Arduragabeki jokatzen duenak ez du umea buruan, nahikoa lan du bere beharrak asetzearekin, eta agian horiek ase gabe dituelako ezin du besterik egin, akaso zaintza behar duen heldu batek ezingo du ume baten ardura hartu, agian heldutasun minimo bat behar da horretarako. Aldiz, heldu hori sarkorra bada, haurra izango du buruan, baina ez aurrean duen benetako haurra, bere buruan irudikatu duen ume ‘ideal’ bat baizik. Alegia, ez da gai aurrean duen haurra ikusteko, baizik eta haur hori izatea nahiko lukeen horretan zentratzen da”. Kontrara, ordea, Barandiaranek eta Larreak adierazten duten eran, haurrak bera “ikusten” duen pertsona behar du alboan, “sentikorra dena haurraren beharren aurrean, batzuetan behar horiek aurrez ikusten dituena, maitasunezko begiradaz begiratzen duena, ulertuko duena, bere frustrazioen ondorioak jasaten dituena, errudun sentiarazten ez duena, berarekiko harremanean mugak jartzen dizkiona, koherentea dena, umearen seinale guztiak ikusi, egoki interpretatu eta egoki erantzuten dituena”. Eta ikerlariek gaineratzen duten moduan, irakaslea sentikorra izan dadin zainduta sentitu behar da. “Horrek eramango gintuzke denok elkar zaintzen dugun eredu batera”.

Garapen testuinguru ekologikoaren beste aldagai garrantzitsu bat testuinguru fisikoa da, eta berorri osatzen duten espazioa eta materialak. HUHEZIko irakasleen hitzetan, haurrak bere garapen osasuntsurako hobesten du ukitu, usaindu, entzun, ikusi eta dasta dezakeen testuingurua eskuragarri izatea. Horrek, alde batetik, eskatuko luke material anitzak erabiltzea. Zentzu horretan, Barandiaranek eta Larreak azaltzen dutenez, helduak zera galdetu beharko lioke bere buruari: “Material hauek zer deskubritzeko aukera ematen diote haurrari?”. Izan ere, eransten dutenez, ezagutza ondo eraiki ahal izateko, norbaitek zerbait kontatzea baino garrantzitsuagoa da, norberak deskubritzea, ukitzea, dastatzea, bizitzea... “Horretarako, helduak materialak espazio zehatz batean kokatu eta antolatu behar ditu. Komeni da espazioa zabala izatea, umearen ibilbideak mugatzen ez dituena eta aldi berean definituta dagoena, erraz identifika daitekeena eta gainontzeko umeekin elkarrekintza izateko aukera ematen duena”.