JOLASA. Eskubide aitortua, ez errespetatua

2017-01-13

1959an Umeen Eskubideen Deklarazioa onartu zenetik, haurren jolaserako eskubidea ustez onartutako kontua da Nazio Batuen pean dauden herrialdeetan bederen. Baina, Francesco Tonucci pedagogoak salatu moduan, maiz eskubide hori blokeatu egiten du helduak, eta, ondorioz, murriztu haurraren eskubideak.

 
 
JOLASA. Eskubide aitortua, ez errespetatua

Jolasa eskubide gisa aztertzea; maila teorikoan aitortua dagoena, errealitatearekin, egunerokoarekin alderatzea. Besteak beste zeregin horri heldu diote Txusma Azkonak, Lizarrako haur-eskolako zuzendariak, eta Alfredo Hoyuelosek, Iruñeko haur-eskoletako taileristak, herri hezitzaileen inguruan sorturiko Oinherri elkartearentzat prestatu duten liburuxka batean. Bertan, euren hausnarketa propioez gain, hainbat pedagogo eta hezitzaileren gogoetak ere bildu dituzte, baita haurrek eurek jolasteko eskubidearen inguruan egindakoak ere.

Francesco Tonucci pedagogo italiarrak, Haurren Hiriaren kon-tzeptuaren sortzaileak, liburukiaren lehen orrietan gogorarazten du legez haurrak eskubide gisa aitortua duela jolasteko aukera: hala jaso zuten Nazio Batuek 1959an onarturiko Haurren Eskubideen Deklarazioan, eta horrela dator jasoa, baita ere, 1989an Nazio Batuek egindako Haurren Eskubideen Hitzarmenean ere; 31. artikuluaren arabera, haurrei aitortu egiten zaie atsedenerako, aisialdirako eta jolaserako eskubidea.

Eta eskubide hori, haurrak eskolatua izateko duenaren maila berean kokatzen da, gainera. Baina, Tonuccik berak ohartarazten duenez, juridikoki pisu bera izan arren, errealitatean eskubide batak eta besteak ez dutela garrantzi bera jakiteko nahikoa da haurrei galdetzea: “Barrezka erantzungo dizute ezetz. Helduek ez dituzte modu berean errespetatzen bi eskubide horiek. Jolasteko eskubideari ez diote ematen eskolatua izateko eskubideari ematen dioten balio bera, prestigio bera”.

Izan ere, jolaserako eskubidea sarri blokeatuta gelditzen da helduen beldurren eraginez, gertatu daitekeenarekiko izuaren ondorioz. Eta, horrekin, helduak mugatu eta murriztu egiten du haurraren autonomia. Hain zuzen, Jolasteko eskubidea: haurraren aukerak eta helduaren beldurrak izena eman diote Azkonak eta Hoyuelosek liburukiko lehen ataletako bati.

Helduaren beldurra, haurraren autonomiaren etsai

Izan ere, arriskuaren kontzeptua jolasari estuki loturiko elementua da. Jolasaren osagai izan ohi da, eta hazteko eta garatzeko prozesu ororen parte. Baina, era berean, arriskuaren faktoreak guraso eta hezitzaileen beldurrak pizten ditu. Eta, bi indarren talka horretan, gehienetan helduaren beharrak nagusitzen dira; alegia, arrisku hori mugatzeko eta ondorioz haurren mugitzeko, esploratzeko gaitasuna eta aukera murrizteko helduak sentitzen duen grinak irabazten du.

Ondorioz, Tonucciren esanetan, “haurrari oztopoarekin, eragozpenarekin topo egitearen esperientzia bizitzea falta zaio. Eta oztopoa probarako elementu bat da: atzo egin ezin nuen zerbait, baina agian gaur egitea lortuko dudana”. Eta, pedagogo italiarraren ustez, haurtzaroan arriskuaren esperientzia ez bizitzeak ondorioak izan ditzake ondorengo urteetan; nerabezaroan, esaterako, oso modu bortitzean ager daiteke hori esperimentatzeko beharra.

“Pediatrek ez dute zalantzarik: haurrek behar dute modu askean eta espontaneoan beraien energia deskargatzea. Beraz, gurasoei gomendatu behar genieke egunean gutxienez pare bat ordu emateko beraien seme-alabei helduen kontrolik gabe jolasteko beraien lagunekin”, dio Tonuccik, eta, beraz, helduaren beharrak ez ezik, haurrarenak ere aintzat hartzearen alde egiten du.

Hoyuelosek eta Azkonak liburukian aipatzen duten beste pedagogoetako bat ere, Alicia Alonso, helduek jolasten ari den haurrarekiko distantzia hartu beharraz mintzo da: “Bizitzako lehen urteetan jolasak behar du haurrarentzat esanguratsua den gertuko heldu baten konplizitatea, presentzia, maitasunezko euskarria, zeinak bere gorputza eta jolaserako gaitasuna eskainiko dituen eta umea jolasean hastea ahalbidetuko duen. Geroago, lagun taldea behar da, lagunaren konplizitatea, elkarlanean sortzea”.

Gobernuek ez dute interesik, eskolak ez du laguntzen

Dena dela, Alonso, harago doa: haurraren jolaserako eskubidearen etsai bakarra ez da gurasoen beldurra; horri agintariek eskubide hori betearazteko agertzen duten interes falta gehitu behar zaio. “Gobernuei heziketarako, eskolatua izateko eskubidea interesatzen zaie, eskolak obeditzen irakasten baitu, baina jolaserako eskubidea ez zaie interesatzen, eskubide horrek esan nahi baitu zu zeu izatea, ekimena edukitzea, erabakiak hartzea, erronkak proposatzea, zure askatasuna irabaztea”.

Pilar Gonzalez eta Joaquin Escaray pedagogoentzat, eskola ere maiz ez da jolasarentzako lagungarri. Horren adibide, jolasordu gero eta murritzagoak aipatzen dituzte. Gainera, sarri jolasa sari gisa aurkezten zaio haurrari, egindako lanaren ordain gisa. “Baina jolasa lehen hiru urteetan dena da, hori da haurraren egiteko nagusia”.

Airea bezain ezinbesteko

Ildo horretatik mintzo dira liburukian egileak berak, Azkona eta Hoyuelos alegia. Horien ustez, “airea bizitzeko lez” behar du haurrak jolasa, “biologikoki osasuntsu, emozionalki lasai” egoteko. Gainera, haurren arteko harremanetarako ere osasungarria dela nabarmentzen dute, “gatazkak erresilientziaz konpontzeko edo bizitza alaitasunez maitatzeko” bidea egiten duelako jolasak.

Gainera, jolasa haurraren autonomiarako ezinbesteko elementu gisa aurkezten dute, “bakarrik arriska-tzea, bakarrik aukeratzea, edonorekin elkartzea edozer egiteko” esan nahi baitu. Horregatik, helduei eskatzen diete eta aldarrikatzen dute jolasa “ez dadila perbertitu haurrek guk aurretik nahi duguna ikas dezaten”. Izan ere, “jolasa ez da zerbait erabilgarria, ez da heziketa-tresna, garapenaren ibilgailua baino gehiago da. Gero ondorio erabilgarriak izatea ala ez gaitasunen formakuntzan, hori beste kontu bat da. Jolasa, haurraren askatasunarekin helduak duen konpromisoa da”.

Eta haurrek zer diote jolasteko eskubideaz?

Oinherri, herri hezitzaileen sarea osatzen duen elkartearentzat osatu duten liburuxkan, Alfredo Hoyuelosek eta Txusma Azkonak haurrei ere galdetu diete ea nola ikusten duten jolaserako eskubidea. Zehazki, 4 urte eta ia 6 urte arteko haurrei galdetu diete horretaz.

Haurrek eginiko gogoeten arabera, bidezkoa da haurrak zoriontsuak izan eta gurasoek jolasten uztea, dibertitzen ez badira oso triste jarriko direlako. Alde horretatik, haurrek beste haurren edo gurasoen eskubideak entzun behar dituzten moduan, uste dute gurasoek ere entzun behar dituztela haurren eskubideak. Eta, “lana egiteak nekatzen duenez, norbait nekatuta dagoenean jolastera joan daiteke”, aldarrikatzen dute umeek.