Lehen egunak etxean. Eta, orain, zer?

2017-02-09

Haurdunaldian hamaika hausnarketa egin du bikoteak hastear dauden aro berriaren inguruan, haurra besoetan izango duten unearekin amestu dute, adostu nola egin nahi dituzten gauzak, eta zer ekidin nahi duten... Baina, hala ere, ospitaletik iritsi eta etxean haur txikiarekin bakarrik aurkitzean, maiz datorkien galdera da ‘eta orain zer?’.

 
 
Lehen egunak etxean. Eta, orain, zer?

Ume bat izateko erabakia hartzean hasten dira sarri bikotean gogoetak eta ametsak. Nola jokatu nahi duten haurraren heziketan, zein guraso mota izan nahi duten, nolako harremana eraiki seme-alabekin... Haurdunaldiko 9 hilabeteek, “habia” prestatzeko aldiak, hausnarketa horietan are gehiago sakontzera eramango dituzte: nola erditu nahi duten; nola landu atxikimendua, haurrarekiko harremana eta komunikazio egokia; edoskitzeak horretan egin dezakeen ekapena; gertuko senideek haurraren heziketan izango duten rola... Baina, hamaika hausnarketa eginagatik, inguruan dituzten erditzerako prestaketa saio guztietara joan arren, egoera bakoitza aurrez irudikatzen saiatuta ere, zaila izaten da ospitaleko lehen egunen ondoren etxera iritsi eta atea ixtean, euren burua lehen aldiz bakarrik etxean oraindik ezezagun duten haur horren arduradun ikustean, guraso horiek sentitu ohi duten bakardade, beldur, ardura, ilusio eta zoriontasun emozioen nahasketa kudeatzea. Eta, orain, zer? Emozio zurrunbilo horren erdian, nondik hasi?

Gurasoak galdera horiei aurre egiteko prestatzen daramatza 20 urte eta gehiago Ramon Mauduit psikologo eta terapeutak Hazi Hezi prebentzio eta psikoterapia zentroan, Donostian. Izan ere, haurdunaldiko ohiko prestaketa saioetan, emakumea erdi-tzerako prestatzea izaten dute xede, baina ez da aintzat hartzen erditu osteko egoera, eta aregotu besterik ez du egiten “eta orain zer” sentsazio hori. Erditu ostean Hazi Hezi zentroan familiek hilean behin egiten dituzten bilkuretan hartzen du parte Gurutzek, Aitor bikotearekin eta Xan semearekin batera, eta, berak “horma handi bat” bezala irudikatzen du erditzea ”ez dizuna uzten ikusten gero zer gertatuko den. Haurdunaldian zehar, eta egindako prestaketetan, zure helburua da horma hori zeharkatzea nola edo hala. Horma horren atzean dagoena ez duzu imaginatzen”.

Egoera hori irauli nahian, Maudui- tek guraso izatear direnekin egiten duen prestaketaren xedea da “erditu eta gero haur horrekin topatzean nola antolatu azaltzea, gerta daitezkeen egoerak aurreikusi ditzaten eta intendentzia prestatu dezaten”. Izan ere, Hazi Hezi zentroan aurkitu ditugun gurasoek mantra baten gisa errepikatzen duten moduan, ‘erditzea pasabide bat besterik ez da’, asko jota pare bat egun iraungo duena, eta gurasotasuna hori baino gehiago denez, erditzerako baino zerbait gehiagorako prestatu behar da guraso izatear den bikotea. “Gaur egun bakoitza oso bakartuta bizi gara gure etxeetan, eta bikotea aurkitzen da bakardade handi batekin. Saiatzen gara haurdunalditik bertatik informazioa eta sentsibilizazioa izan dezaten, erditzetik aurrera behar duten giroa prestatzeko. Eta sor daitezkeen zailtasunen aurrean kontzientzia har dezaten eta egoera horiek aurreikus ditzaten”, dio Mauduitek.

Izan ere, asko hausnartu eta amestu arren, zailtasunak eta aurreikusi beharreko egoerak egon badaude, “erditzea kontrolatu ezin dezakegun gertakaria denez”. Horregatik, Mauduitek gurasoak prestatzen ditu A egoerareko, B egoerarako, edo C-rako... “kontrolatu ezin duten egoera bat sortzen denean, estankatuta geldi ez daitezen eta egoera horretatik aurrera egiteko bideak lantzeko gai izan daitezen”.

Bide arruntean ere bada aldaparik

Erditzea eta haurdunaldia arruntak izan arren eta modu positiboan eraman arren, erditu ostekoa “oso garai sentibera” izan ohi da amarentzat. “Ordu arte modu soziala oso aktibo izan duelako”, askotan amari zaila egiten zaio eguna joan eta eguna etorri ume horren zaintzara mugatua ikustea bere burua. “Ordu arte bere burua beste martxa batean egon da, beste erritmo eta okupazio mental batzuekin, eta kosta egiten da hori alde batera utzi, eta, kanpora beharrean, barrura begira jartzea, senari eta intuizioari lekua egitea, lasaitasunari espazioa ematea, haurraren beharretan kokatzea bere burua”. Eta, lehen denbora hori, lehen hilabete hori, antsietatez eta kezkaz bizi badu, “haurrarekiko harremana zaildu egiten da: haurrak ez du aurkitzen bere erritmoa, eta egokitu egin behar da amaren erritmora. Ondorioz, suminkorragoa da, gauetan gehiago esnatzen da, kolikoak ager daitezke... Haurrarekiko komunikazioa ez bada ona, haurra urduritu egiten da eta antsietate handiko eskari primarioa delakoa agertzen da”. Edoskitzerakoan sortzen diren arazoak ere urduritasun eta antsietate horren ondorio izaten dira sarri, Mauduiten ustez.

Gurutzek berak, adibidez, lehen asteetan arazoak izan zituen titia ematerakoan, eta hortik konplikazio gehiago etorri ziren. Berarentzat oso lagungarria izan zen herriko edoskitze-taldearen laguntza, “maila afektiboan hurbiltasuna ematen dizutelako, eta baita aholku onak ere”. Gurutzeren bikote Aitorrentzat, hain zuzen, konplikatua izan da zailtasun hori asimilatzea: “Hori izan da agian niretzat harrigarriena: intentzio onenarekin jardunda ere, gainean egonda ere, beti ez dela nahikoa, batzuetan ez duzula lortuko imaginaturiko guztia. Frustrazio hori asimilatzea eta jokoaren parte dela onartzea kostatu zait”. Edoskitzerakoan izandako arazoak konpondu ahala, “gainerako dena ere hobeto” joan dela aitortzen du bikoteak.

Gakoa, erritmoa errespetatzea

Arazo horietako asko haurraren erritmoak ez ezagutzetik eta ez ulertzetik, eta, ondorioz, ez errespetatzetik etorri ohi dira. Beraz, zailtasun horiek konpontzeko nahiz saihesteko giltza haurrarekiko komunikazio eta harreman osasungarria bat sortzean egongo da, patxadatik eta haurraren erritmoa errespetatzetik abiatuta. Gainera, oztopoak agertzean, barrura begiratu baino, inguruan galdezka hasteko joera izan dezakete gurasoek; oraindik ere aipaturiko modu sozial hori aktibo izanik: “Zailtasuna dutenez beren barnearekin geldi egoteko, mugimenduan hasten dira, ea beste norbaitek emango ote dien soluzioa”, dio Mauduitek. Konponbidea, ordea, euren baitan dute: “Inportanteena da etxean lasai egotea, horretarako ingurune lagungarri bat sortzea, haurrarekin harremana eraikitzeko, azala azalarekin egonez, masajea emanez, elkarri begietara begiratuz… Gurasoen adierazteko moduak areagotzen doazen heinean, aberastu egiten da harremana ere”. Eta umearekin eraikitako komunikazio horren bidez, gurasoa ulertuz joango da haurraren beharrak, eta ezagutuz bere erritmoak. “Lehen hilabete hori lasai eramaten asmatuz gero, errazago joango da ondorengoa ere, zeren eta jada hartuko dute haurrari ondo datorkion erritmo bat”.

Ustekabeko kolpeak

Gatazkatsua ez dirudien egoeretan, alegia haurdunaldia nahiz erditzea arazo larririk gabe igaro direnean ere, zailtasunak sortzen badira, zer esanik ez haurdunaldi hori edo erditzea bera nolabait problematikoak izan badira. Adibidez, haurdunaldia osatu aurretik erditu bada emakumea, eta ondorioz erabat osatu gabe etorri bada umea; edo haurdunaldia ondo joanagatik, ezusteko osasun arazoren batekin jaio baldin bada haurra… Kolpez eta kolpeka etortzen diren zirkunstantziak dira. Gainera, horrelakoetan maiz gertatzen da haurra ospitalean utzi beharra, profesionalen zaintzapean, eta gurasoa esku hutsik itzultzea hainbesteko mimoz prestaturiko habiara. “Eta, orain zer?” galderak inoiz baino gehiago behar du erantzun bat.

A, B, C edo D plana eginagatik, halakoetan gurasoek babesa eta laguntza behar izan dute: “Beren egoera emozionalaz arduratu behar gara, baina gaur egun medikuntza ez da horren kargu egiten, eta hutsune hori min handia egiten ari da. Izan ere, guraso horiek hipersentsibilitate handiarekin daude, haurra eskuetatik kendu diete eta zerbait gaizki eginaren sentsazioa gelditzen zaie, intseguritate handia; separazioa gaiz-ki bizi dute, inpotentzia handiarekin, eta zaila da egoera hori ondo asimilatzea”. Gainera, egoera mingarri horrek gain hartzen du gurasoengan eta bizitako emozio horiek guztiek ez diete uzten haurrarekiko harremana lasaitasunez eraikitzen.

Mauduiten zeregina izaten da horrelakoetan gurasoen “ezinari, egoera emozionalari, lekua egitea. Hori bizitzearekin batera, bai gurasoak bai haurra lasaitzen doazela ikusten dugu. Haurraren eta amaren artean urduritasuna baldin bazegoen eta horrek, adibidez, titia emateko arazoak sortzen bazituen, ikusten dugu haurrak bere erreferentziak, bere erritmoa errekuperatzen hasten dela”. Horrelako kasuetan, are gomendagarriago irizten die Mauduitek azala-azalarekin egoteari, edo haurrari masajea emateari.

Hazi Hezi zentroan hilean behin elkartzen den familia talde horretan parte hartzen dute Ana eta Jokinek Inge alabarekin. Haurdunaldiko zazpigarren hilabetean erditu zen Ana, eta 6 astez ospitalean, jaioberrien unitatean utzi behar izan zuten Inge. Jokinek dioen moduan, “zaplasteko galanta” eman zien gertaerak: “Bizipen horrek erakusten dizu egon zintezkeela oso prestatua, oso mentalizatua, baina gero derrepentean gertatzen da zerbait, eta egoera horri aurre egiteko inongo armarik gabe gelditzen zara”. Anarentzat “terriblea” izan zen haurra ospitalean utzi eta etxera itzultzea: “Zure ametsak erori egiten dira, eta gauzak asko zailtzen dira, bai edoskitzea, lotura, harremana umearekin nahiz bikotearekin... Baina umiltasun handiarekin hartu behar duzu, eta errealitateak beste aurpegi bat erakusten dizunean egokitu egin behar zara, eta ikasi. Ametsak ame-tsak dira, eta gero errealitatea dago”.

Berarekin bat dator beste Ana ere, Nora alabarekin joana dena hileroko bilkurara: “Idealizatzeko joera dugu”. Izan ere, Nora zesarea bidez jaio zen, eta “frustrazio izugarriarekin” bizi izan zuen hori Anak. “Baina gero konturatzen zara erditzea pasabide bat dela eta azkenean haurra gelditzen zaizula, inportanteena. Beste guztia etortzen den bezala hartu behar da”.

Bikotekideak sorturiko giroa

Zailtasunak zailtasun, harremana eta komunikazioa eraikitzeko giro lagungarria sortzearen garrantzia nabarmentzen du Mauduitek, eta hori, bikotekidearen ardura izango da nagusiki. “Intendentzia eramatea, alegia”. Ardura horretan, bikotekideak asmatu beharko du erditu den emakumeak bere kezkak, minak, beldurrak adierazteko espazioa sortzen. Horretarako, inportantea izango da bikotekidea aurretik informatzea erdituko denak egoera emozional konplexua izan dezakeela, une zailak bizi ditzakeela; izan ere, erditu denaren “erreakzioak batzuetan ustekabekoak dira eta min handia eragin dezakete”. Horiei aurre egiteko “heldutasuna eta komunikazioa” izango da gakoa.

Ander bere bikote Ainara eta beraien ume Oñatzekin etorri da saiora, eta balio handia ematen die erditu aurretik Hazi Hezi zentroan egindako prestaketan bikotekide bezala bere funtzioa zein izango zen azaltzeko egindako lanari: “Hemen erakutsi digute bikotekideak oso lan garrantzitsua duela ondoan egoten, babesa eta animoak ematen, erditzerako eraku-tsiko dizkiguten pausoak bikoteari gogorarazten... Horrek asko balio du”.

Anak ere balio handia ematen dio Nora jaio ondoren bikotekideak lanean baimena eskatuta etxean pasatutako hilabeteari: “Garrantzitsua izan da bere laguntza, eta asko nabaritu nuen lanean hasi zenean. Gogorra egiten da askotan eguna joan eta etorri etxean bakarrik egotea, pazientzia handia behar da”.

Bikotekideak egin beharreko intendentzia horren barruan, Mauduiten esanetan “bisitak kontrolatzea” izango da zereginetako bat, “ahalik eta tentsio gutxien egon dadin. Berak kudeatu behar du egun bakoitzean zein etorriko den, eta zenbat denbora geldituko den. ‘Lagundu nahi baduzu, 5 minuturako etorri eta janaria ekarri’”. Gauzak horrela, lehen egunetan bisitak jasotzea ez dela gomendagarria uste du Mauduitek, “izan ere, haurra hartzen dute besoetan, edo beste hura egiten diote, eta joaten direnean gelditzen dira ama eta umea tentsioan, eta haurrak adierazi egingo du bere urduritasuna”.

Bisitak ekidin bai, baina era berean, gurasoek beharrezkoa izango dute gurasotasuna beren moduan ulertzen duten pertsonekin harremanetan egotea. “Beraiek bizi dutenarekin bat datorren ingurune batean parte hartzea oso komenigarria da”. Horrek, lagundu egingo die zenbaitetan “bularra ematerakoan edo entzun ohi diren ‘gaizki ohituko duzu’ gisako esaldi mingarriei aurre egiten. Oraindik ere gizarte mailan presio handia dago gurasoekiko”.