AMA izateko hAMAika era

2017-04-04

Amatasunaren diskurtso hegemonikoa exijentea da andreekiko, eta estaltzen ditu alderdi ilunak, nekea, bakardadea... amatasunaren praktikak, ordea, anitzak dira. Zaintza-lanaren egiak eta ama izateko modu anitzak ezagutzea balizko zamaren aringarri dira.

 
 
AMA izateko hAMAika era

Erreportaje honek bost urte egin ditu kaxoian. Hazi Heziren lehenengo zenbakitik ikusi baikenuen amatasunari buruzko erreportaje bat egin beharko genuela noizbait. Lehen elkarrizketa haietan sarri, usuegi entzun baikenuen “Hau ez zen nik espero nuena!”, “hau ez zen saldu zidatena, kontatu zidatena”. Hau, amatasuna da, ama izatea, haurrak, seme-alabak mundura ekartzea eta haztea. Uler liteke, beraz, amatasunaren inguruan zabaltzen dela diskurtso bat, diskurtso hegemoniko bat, eraikitzen direla espektatiba batzuk eta ez datozela gero errealitatearekin beti bat. Alderdi iluna, zaintzaren nekea, mina, bakardadea, ezintasuna... euren kabuz deskubritu dutela esan digute alerik ale amek. Baina, sarri esan izan digute ez zutela espero, ezta ere, halako maitasun infiniturik senti zitekeenik, halako gogobetetasunik, eta pozik. Amatasuna ederra baita. Eta gogorra. Edo izan liteke, bederen.

Baina bost urtean gauzak aldatu dira: hasi dira gordetik eremu publikora ateratzen amatasunaren egiak, arrazoi bategatik edo bestegatik, sistemagatik edo tradizioagatik amatasunaren prozesu konplexuak dituen ertzak intimitatetik ateratzen ari dira.

Historia hala delako erditu dira emakumeak, eta hazi eta hezi dira umeak. Eta hala ere, tabuez mintzo gara. Eta hala ere, ezjakintasunaz mintzo gara. Gaur, dena omen dakigun honetan. Gaur, guztiari buruzko informazioa omen dugun honetan. “Hau ez da kontatu zidatena! Haurra jaio eta harekin pasian irtetea amesten nuen, eta kakazaharra! negarra, lo falta, pardelak, ezin bularra emana, ez daukat kalera irteteko indarrik!”. Ondarroako edoskitze-talde batean ama batek kontatua da. Amatasunaren diskur-tso hegemonikoak arazo bat duela erakusten du adibideak. Mari Luz Esteban antropologoaren arabera, idealizatu eta edulkoratu egiten da amatasunaren diskurtsoa, eta ezkutatu zaintzak ekar ditzakeen zailtasunak. “‘Ama onaren ideia’ oso sartuta daukagu —kontatu zuen 11. zenbakian—, eta horren aurrean praktikak oso anitzak dira. Jendeak zer zailtasun, zer kontraesan eta zer estrategia erabiltzen dituen aztertu eta kontatu behar da”.

Horra, bost urte kaxoian egin dituen erreportaje honen helburua, amatasunaren egiak eta hegiak bizitzeko eredu anitzak aurkeztea.

Ama onaren ideal exijentea

Amatasunaren gaia, Estebanen arabera, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna garatzeko ardatzetako bat izan da historikoki, beraz, tentuz hartu behar da amatasunaren zer-nolako ideologia zabaltzen den, begiratu behar da zer dagoen ideologia horren atzean: “Ama-maitasunean oso barneratua daukagu ematearen ideia, eta oso arriskutsua da. Guk [amek] ematen dugu eta ez dugu ezer eskatu behar umeak direlako, eta bikotea bikote delako.... eta ideia horrek oso egoera ahulean jartzen du emakumea. Zuk ama ona izateko dena eman behar baduzu, eta gero ez baduzu eskatzerik, bada, normalean ez zaizu ezer etorriko bueltan. Umeak, noski, ez dizu emango zuk ematen diozun neurrian, baina zure inguruneak eta gizarteak nolabait bueltatu behar dizu zuk emandako hori”.

Ama onaren ideia oso exijentea da emakumeentzat, Estebanen hi-tzetan. “Ama bati, oraindik ere, aita bati eskatzen ez zaiona eskatzen zaio. Ikaragarrizko exijentziak ditugu amekiko”. Exijentzia hori kontrolarekin lotua dago: “Emakumeak oso kontrolatuak gaude orokorrean, eta amtasunari dagokionean ere bai. Ama ona izateko exijentzia ikaragarria da, eta ama onak izate hori zer den besteek —pediatrek, komunikabideek...— esaten digute”.Presioa, alabaina, “ez da bakarrik hedabideen presioa edo diskurtso mediku-zientifikoarena... ingurukoen presioa handia da. Ama bati edozeinek ematen dizkio aholkuak. Infantilizatuago gaude sozialki”. Presio horri “zentsura soziala” deitzen dio Elixabete Imaz antropologoak: “Ez zaizu uzten erabakitzen nolako ama izango zaren. Gertukoek, ingurukoek baina baita ezezagunek ere iritzia ematen diote haurdunari. Eta umea jaiotzen denean ere gauza bera gertatzen da”. Imazek amatasunari buruzko tesia egin zuen, eta hamaika ama elkarrizketatu: “Nola interpreta dezakegu presio hori? Gure indibidualismoak muga bat du, eta gizarteak ulertzen du zure eskuetan —zure gorputzean— ondasun bat daukazula gizartearentzat, eta exijentzia batzuk egiten dizkizu. Berez ume hori gurasoen ardura da, bakarrik uzten dira zaintza-lanean, baina, beraiek ez dira zer dagoen ondo eta zer ez erabakitzen dutenak. Hori gizarteak markatzen dizu, historikoki markatu izan duen bezala. Emakume askorentzat zentsura sozial hori oso frustrantea da”.

Eta presioek eta exijentziek berekin dakarte kulpa. Emakume askok euren amatasun-esperientzia azaltzean Hazi Heziri behin eta berriz, hitzetik hortzera adierazten dioten sentimendua. “Kulpa, biberoia eman diodalako. Kulpa, neurekin sartu dudalako ohean. Kulpa, haurtzaindegian utzi dudalako. Kulpa, ez uztearren, amona esplotatu dudalako. Kulpa, ez uztearren, lana utzi dudalako. Kulpa”. “Erruduntasuna oso zabalduta dago emakumeengan, baina gizonengan ez”. Hori, Estebanen ustez, ideologiaren eta diskurtsoen eragin soziala da, eta nahiz eta emakumeen eguneroko praktikak bestelakoak izan, “ideologia atzerakoiaren kontra joan arren ere, emakume horiek badute ‘gaizki’ egiten ari direnaren sentimendua”.

Izan ere, ikasi egiten da ama izaten. “Ez gara ama besterik gabe bihur-tzen, haurdunaldia prozesu fisiko bat izateaz gain, ikasketa- eta sozializazio-prozesu bat da —Imazen hitzetan—. Eredu bat jasotzen dugu, eta sozializazio-eredu bat aktibatzen da. Gizartearen exijentziak daude eta norberak ere eredu bati erantzun nahi dio”.

Ama onaren ideia, eta hazieraz “egun erabat onarturik ditugun ohiturak” Ilustrazioarekin lotzen dira, Imazen arabera. “Oso momentu diferenteak egon dira amatasunaren historian, ideologia, interes eta botere desberdinek eragina izan dutelako. Garai horretan amatasuna ‘h’ handia duen Historia horretan inportante bilakatu zen. Estatu modernoarentzat oso garrantzitsua da nola hazten eta hezten dituzten hiritar berriak. Ilustrazioarekin hasten dira esaten emakumearen lekua hori dela, bere natura propioak horrela esaten duelako eta momentu horretan amatasuna naturalizatu egiten da”.

Emakumeen bizimodua 18. mendetik erradikalki aldatu bada ere, ama onaren ideia ez dela aldatu uste du Imazek: “Gaur eguneko emakumeek amatasunaren beste kontzepzio bat bilatzen dute, baina nik uste dut berez pentsatzen dugula amatasun ona Rousseauk 18. mendean markatu zuen hura dela”. Baina bistakoa da, gaur eguneko emakumeek ezin diote eredu horri jarraitu. “Bizitzan zehar jaso dituzten baloreak (autonomia pertsonala, lan egin behar dugu, prestatu egin behar dugu, kulturaz gozatu egin behar dugu...) ez datoz bat amatasun-eredu tradizional horrekin”. Ondorioz, gaur eguneko emakumeek euren bizitzarako dituzten espektatibek eta ama onaren ideiak talka egiten dute aurrez aurre, Imazen arabera, “barne borroka handia bizi dute amek”.

Barne borroka: Ikasketak, lana, zinema, kalea, gaua, kontzertuak, mendia, bizikleta, atera, sartu, nahieran, irakurri, denbora galdu, egon, lasai egon, ezer ez egin, egin, bilerak, sexua, adiskideak, bidaiak, parranda, erosi, sofa, telebista, oporrak eta bat-batean haur batek hori guztia aparkatzen du eta erdi-erdian jartzen da. 7,8ko lurrikara Richter eskalan.

Jone Miren Hernandez antropologoak ere “kontraesan batean” bizi garela ikusten du. Eta talka harago darama: “Garai zailak bizi ditugu eta aldi berean interesgarriak dira. Kontraesana nagusitzen da: emakume bezala sozialki behartuta gaude ama izatera, orduan izango zara ‘emakume osoa’ sozialki; baina gero bestalde, emakume bezala eskatzen zaizkigu beste gauza batzuk, amatasunarekin bateraezinak direnak”. Ama izan aurretiko bizitzarekin jarraitzeko presioa ere sumatzen du Hernandezek, eta amatasuna ez nabaritzekoa: “Egoera batzuetan, lan-munduan esate baterako, behartuta gaude amaren pina kentzera, ama bezala desagertzera, ‘ama naiz baina ez dadila nabaritu’. Amatasuna konpresak bezalakoa da, izan behar duzu, baina ez du usaindu behar ez da ikusi behar, ez da nabaritu behar... hor bizitzea eromena da”.

Eta pasa da lurrikara. Haurra besoetan mundua gelditzen da. Gelditzea nahiko luke uneaz gozatzen ari den amak, asebeterik. Eta hurrengoan, korrika irten nahiko luke ama berdinak, unea goza ezinik. Gorabeheratsua baita amatasunaren bidea. “Behea jota nago haurraz kezkaturik, beldurturik, eta une batez begiratzen nau eta irribarre egiten dit eta poz infinitu bat sentitzen dut, beste inoiz sentitu ez dudana, hori ere amatasuna da”, Mursegoren hitzetan.

Zenbat ama, hainbat era

Diskurtsoak gutxi eta zurrunak badira ere, amatasunaren praktikak ani- tzak dira egunerokoan, Imazek tesian ikusi du eredu hegemonikoaren aurrean emakumeek zer-nolako errebelamenduak, dudak, kezkak bizi dituzten. “Eta nola duda eta egonezin horiei soluzio-bideak ematen dizkieten euren eguneroko praktikan eta praktika horiek proposamen bihurtzen diren”. Estebanek dioen eran, emakumeek hainbat estrategia erabiltzen dituzte seme-alabak zaintzeko. Euskal Herrian, oro har, estrategia horiek, normalki gizonezkoekin partekatuak direla dio. “Baina ez erdi-bana, gizonak nahiko periferian gelditzen dira eta askotan emakumeen artean bilatzen dira irtenbideak. Edo kontratatzen da beste emakume bat, edo amonengana jotzen da, batzuetan aitonengana ere bai”.

“Egiteko modu propioak”, behar direla aldarrikatuko du hurrengo orrietan Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendariak. “Norberetik pasatzen denean, erabakiak norberak hartzen dituenean, ondo hartuak izango dira”. Autonomia berreskuratu behar dela aldarrikatzen du Imazek. “Adituen esku uzten da amatasun osoa. Haurdunalditik hasi eta erditzera, eta gero haziera pediatren eta psikologoen eskuetan uzten da. Emakumeari ukatu egiten zaio bere amatasunarekiko autonomia”. Eta hori zergatik gertatzen den galdetuta, transmisio etenari egozten dio errua. “Gure amek eta izebek esan diezaguketenak ez digu balio. Esplikaezina da zergatik erakusten diguten medikuek nola izan ama. Transmisioa behin erabat bukatu dela, zergatik ez sortu hitz egiteko espazioak? Hori da emakumeok behar duguna. Gaur eguneko amatasunak beste behar batzuk ditu”.

Transmisio etena, beharrean, Carolina del Olmo ¿Dónde está mi tribu? liburuaren egile eta filosofoak elkar ez ulertze bat dagoela ikusten du: “Haziera-eredu hotz edo desitsa-tsiagoa bizi izan zuen belaunaldi baten alabak gara, eta horrek ez digu balio. Belaunaldi oso baten arbuioa dago: asko eta askori ez zaigu gustatzen gu geu nola hazi gintuzten: Gure aurreko belaunaldian haustura erabatekoa gertatu zen hazieraren inguruko jakintzaren transmisioan emakumeak lan mundura sartzean”.

Diskurtsoen aniztasuna badatorrela erakusten dute eremu publikora era batera edo bestera atera diren eztabaidek. Esate baterako amatasunen inguruan (erdaretan bederen) sarean ugaldu diren blogek, Interneteko aldizkari espezializatuetako eztabaidek —”Atxikimenduzko haziera feminista al da?” Pikararen historiako irakurrienetakoa izan da— , eta amatasun-diskurtsoez harago praktikei buruz atera diren liburuek, kasu, ama izatearen damuaz (Orna Donathena) edo ama izateko modu transgresoreez (Maria Llopisena, Txalapartan)...

Diskurtso berrietako bat zaintzari balio soziala aitortzen diona da: “Hemen badago zerbait inportantea, arreta merezi duena, eta orain arte ez zaiona baliorik eman —Hernandezen hitzak dira—: zaintza ezinbestekoa da. Inportantea da ikusaraztea zaintza garrantzitsua dela, horretaz hitz egitea beharrezkoa da, horretaz pentsatzea eta erabaki batzuk hartzea denontzako onuragarria izango delako”. Del Olmorentzat ere momentu aproposa da zaintza-lanaren inguruko eztabaida plano publikora atera dadin. “Hitz egin dezagun esfera publikoan zaintzaren garrantziaz, baina ez soilik zaintzaren obligazioaz, hitz egin dadila beste aldeaz ere, zaintzak norberaren errealizazioan izan dezakeen garrantziaz eta jar dadila kontsumoari, lanari eta maila ekonomikoari loturiko errealizazio pertsonalen gainetik”.

Zaintza zailtzen duten baldintzak

Presioek, exijentziek eta espektatibek soilik ez dute zailtzen amatasuna —eta kasu honetan, oro bat, gurasotasuna—. Gaurko sistemak ere zailtzen du zaildu zaintza eta haziera-lana, Del Olmok nabarmentzen duen bezala. Enplegua eta zaintza-lana kontziliatzea zail da, bai bederen lan baldintza eta ordutegi, gizarte-laguntza eta zerbitzuei dagokienez. Mursegok hurrengo orrialdean agertzen duen eran, “kontziliazioa, hemen, broma txar bat da”. Zaintza-lana zailtzen duten baldintzak bistaratzea eta horiek aldatzeko estrategiak eta ereduak ezagutaraztea ere garrantzitsua da Del Olmorentzat.

Horretarako, kontziliazioaz hitz egitean emakumea eta kontziliazioa binomia hausten hastea litzateke lehen pausoa, Hernandezentzat kontziliazioa emakumeei loturik aipatzen da bakarrik eta hori ez zaio justua iruditzen, “hasteko, ez delako erreala. Gure bizitzetan zaintzak daukan zentralitatea ikusita, agenda politikoetan ez dut isladarik duenik ikusten. Zaintza —eta hezkuntza, zentzu zabalean—ez da botere-guneetan dagoen gaia”. Eta horrek tentsioa dakar. Zaintza-lana kudeatzeko politikarik ez edukitzeak tentsioak areagotzen ditu, Hernandezen irudiko: “Hemen, zaintzari begira egin den politika ezer ez egitea izan da, eta hori ere politika bat da. Emakumeen esku utzi da zaintza-lana, eta hori ere erabaki politiko bat da. Batzuk ez dira enteratzen, baina arazo handi bat ari da sortzen: jendeak ezin du gehiago, ezin du gehiago. Gune familiar batzuetan tentsioak hortik ari dira sortzen, bai bikoteen artean eta baita familiakideen artean ere”.

Zaintza-lanak eta amatasun-eredu anitzagoak birpentsatzeko, gizarte-egitura aldatu behar dugula dio Del Olmok. Eta horretarako, ezinbesteko ikusten du emakumeek elkarrekin hitz egitea “asko hitz egitea, eta taldea egitea, bata bestearengan babestea... eta tribua egitea. Zaintzari buruz hitz egitean ikusten duzu zuri gertatzen zaizun hori mundu guztiari gertatzen zaiola, eta zurea zela uste zenuen arazoa testuinguruan jartzean, eta arazoa soziala dela ikustean, ahaldundu egiten zara; indibidualtzat saldu diguten arazo hori kolektibo egitea oinarrizkoa da”. Amek hitz egin behar dutela dio Hernandezek. “Amek, emakumeek hitz egin dezatela, azal dadila benetako abaniko zabala; azal dezala emakume bakoitzak nola bizi duen, zer sentitzen duen... baina ‘hau ona eta hau txarra da’ esan gabe. Goazen ezagutzera, eztabaidatzera... eta bakoitzak erabakiko du non kokatzen den”.

 

 

  • AHOTSAK

 

Amatasunaren diskurtsoak gutxi eta zurrunak badira ere, anitzak dira praktikak. Zaintzaz galdetu diegu eremu publikoan erreferente diren bost andreri: Mursego, Estitxu Fernandez, Estitxu Eizagirre, Maddalen Iriarte eta Miren Agur Meaberi.

Lehen semeaz erditu zenean, ez zuela gehiago umerik izango zin egin zion Maddalen Iriartek bere buruari. Gogorra egin zitzaion. Ordutik beste lau izan ditu. “Guztitik atera dudan esperientzia niretzako oso ona izan da, oso positiboa. Minez ikasi dudana ere seguraski positibizatu egin dut. Idealizatu gabe, baditu honek guztiak gauza gogorrak eta mingarriak, zailak, baina, oro har, niretzat esperientzia ona izan da. Idealizatu gabe baina dramatizatu gabe bizi izan dut amatasuna. Egongo dira pertsonak modu horretan bizi dutenak, eta horiek ere kontatu behar dira, baina nik ere neureaz lotsa gabe hitz egin nahi dut, eta umeak hazteko prozesu konplexu honen oroitzapen onarekin gelditzen naiz”.

Bost seme ditu Maddalen Iriarte EH Bildurekin politikara igaro den kazetariak: 25 urte ditu Jon seme zaharrenak, eta Peru (23), Martin (19), Mikel (13) eta Paul (10) dira beste lauak. Estitxu Fernandez komunikatzailearen umeak, Lurrek 3 urte ditu. 4 egin behar ditu Nikok, Maite Arroitajauregi Mursego musikariaren semeak. Estitxu Eizagirre Argiako zuzendariak 9 eta 5 urtekoak ditu. 21 urteko semea du Miren Agur Meabe idazleak, Joanes. Kristalezko begi bat nobela autofikzionatuan luze-zabal ziharduen ama separatu baten gozoez eta gaziez. Horiei buruz galdetu diegu eremu publikoan ezagun diren bost andreei, ajeak eta eztiak nola bizi dituzten, ama izateko era desberdinak azaltzeko.

“Niri kontatu zidaten zer den ama izatea —dio Iriartek—. Maistra baten alaba naiz, eta amak asko hitz egiten zidan ama izateaz, berak sentitzen zuena transmititzen zidan: seme-alabekiko maitasun infinitua sentitzen zela —nik seme-alabarik eduki gabe oso ondo ulertu ezin nuena—, lehen momentutik zilbor-hestea eteten hasi beharraz eta bizitzarako erremintak ematearen garrantziaz hitz egiten zidan amak. Baita haur bakoitza bakana eta bakarra zela ere. Horiek jaso eta barneratu nituen amagandik eta neure amatasunean inportanteak izan diren gauzak dira”.

Mursegok ahizparen eta nebaren esperientziak, iloben hazkuntza zuen gertuko. “Badaude gauza ba-tzuk bizi arte ulertzen ez dituzunak, baina orokorrean, esperotakoa izan da: Ume bat edukitzea gogorra da, tentsio asko ditu, baina zoriontasun-momentu asko ematen dizkizu”.Baina oharra egiten du berehala musikariak: “Kontuz, ez dut idealizatu nahi! Amatasunaz gauza asko idealizatzen direla iruditzen zait. Jakina da bizitza aldatzen zaizula, gauza konkretu askotan aldatu egin zaigu, baina, batez ere, bilakaera bat izan da, nire pertsonaren eboluzio bat bezala bizitzen ari naiz amatasuna. Orain antolatuagoa izatera pasatu naiz, eta askoz eraginkorragoa naiz”.

Fernandezentzat argia bezala iluntasuna ere baduen prozesu bat da umeen zaintza. “Amatasunak erakutsi dizkit nire mugak, erakutsi dit hanka-sartzeak egiten ditugula eta kulpa deseraikitzea zeinen beharrezkoa den. Erakutsi dit erditzen gozatu eta titia ematen plazera sentitu litekeen bezala, mina eta ezintasuna ere amatasunaren parte direla, batzuetan nire umearekin baino ez dudala egon nahi, eta bertze batzuetan beregandik urrun-tzeko beharra dudala. Amatasunak eman dit poz handia, epairik gabeko onarpena, ttikiaren handitasuna, garapenaren behatzaile izatearen miraria, erritmoak errespetatzeko gaitasuna, pazientzia. Ekarri dit nekea, beldurrak eta zaurgarritasuna”.

Estitxu Eizagirrek ere prozesu gisa hitz egiten du amatasunaz eta hazieraz. “Duela urte batzuk galdetu izan bazenit, auskalo zer erantzungo nizukeen! Orain bizitza iraultza konstante bat bezala ikusten dut, eta gurasotasuna ere bai”. Eta honela azaltzen du iraultza: “Ume batek hainbat gai behin eta berriro bizitzeko aukera ematen dizu, besoetan duzun haur horrengan askotan ikusiko duzu zeure burua islatuta, eta horrek niri, iraultzarako aukera ematen dit. Zuk erabakitzen duzu zer errepikatu nahi duzun zuk bizi izan zenuen horretatik eta zer ez, kapituluak etengabe berridatzi behar dira”. Kazetariak asko disfrutatu du prozesu horretan: “Eman dit aukera pila bat irakurtzekoa, neure buruari galdera asko egitekoa, gauza pila bat birplanteatzekoa, diskutitu, umeen aitarekin adostu... baina hori guztia ez da buruarekin egiten den gauza bat, gorputz osoarekin baino, eta prozesu horretan askotan ikaragarrizko negargura sentitzen duzu, eta arnas falta eta bestetan poza eta hurrengoan samurtasuna...”.

Gauzei tamaina hartzen joan da 25 urteko prozesuan Iriarte. “Gauza batzuk irakurri nituen, baina senari tartea utzi nion eta gauzak modu naturalean eramaten saiatu nin-tzen. Humanitatearen erdiaren % 99k prozesua pasea zeukan, guk ere egingo genuen”. Haurdunaldi, erditze eta lehen urteez ari da, bai baitaki ume bat hazteko eta hezteko prozesua konplikatua dela. “Uste dut haur bat hezteko formula ona dela maitasunarena. Prozesua ez da sinplea, norbaitek galdetuko balit bizi izan dudanetik zer gomendatuko nukeen, ume bakoitza bakarra eta bakana dela sinistea litzateke, zeren hala dela ikusi dut. Bakoitzari bere bakantasuna eta errepikaezina izate hori errespetatuz saiatu naiz beti komunikazio-bideak zabalik mantentzen. Tinko, baina zabalik; maitasuna hor dagoela argi utzita”. Meaberen irizpideak “konfiantza eta errespetua” izan dira: “Bi printzipio horiek autoestimua bermatzen dutelakoan, autoestimuak norberaren pertzepzio zuzena, eta horrek autonomia”.

Eta ez zaizkio gauzak gaizki atera Meaberi: “Esker ona aipatu behar dut, edonora eramateko moduko mutila izan delako, buruko min gutxi ematekoa”. Iriarte ere jasotzen ari da: haren bizitzak “halako txiribuelta” eman duen honetan, komunikaziotik politikara pasa den honetan, “jasotzen” ari da semeengandik. “Harro sentitzen naiz nirekin nola bolkatu diren eta nola bat egin duten eta bultzatu nauten ikustean”. Baina oharra egin dio, segidan kazetariari: “Jarri hau ere, haserretu garela, familia guztietan bezala”. Baina ez du bere burua zigortzen 25 urteotan gaizki egindako gauzengatik. “Lehenengo semeari lau hilabetez eman nion titia, lanean hasi behar nuen eta pentsatu nuen uztea zela egokiena, normaltasunaren izenean. Bosgarrenari 6 urtez eman nion titia, neuri ere plazera ematen zidalako. Lehenengoarena txarra zen eta bigarrenarena ona? Alderantziz? Zirkustantziak desberdinak ziren. Ezin dugu dena dramatizatu!Erabakia hartzen badugu, eta konbentziturik hartzen badugu, ba oso ondo. Erlaxatu gaitezen pixka bat”.

Baina batzuetan epaiak etortzen dira, kritikak, presioak, iruzkinak... Aurreko orrietan Estebanek azaldu du ama bati edozeinek ematen dizkiola aholkuak: “Amatasunak erakutsi dit ze gogorra den izokinarena egitea —dio Fernandezek—, ze hotza egiten duen ezarritako eredutik pixka bat urrundu orduko: ze zailtasun dauden erditzean norberaren ahotsa entzunarazteko, ze bakarrik uzten zaituen sistemak umea haur-eskolara ez eramatea erabakitzen duzularik, ze presio sentitzen den edoskitzea zuk eta zure umeak nahi arte luzatzea erabakiz gero (titia eman nahi ez duenak edo ezin duenak senti dezakeenaren antzekoa)… Sentitu dut ez dagoela inongo errekonozimendurik eta babesik ama izateko”. Kritikak, juzkuak, gaztiguak, edo gutxienik itaunak beste batzuetan nork bere buruari egiten dizkio prozesu honetan: “Mila aldiz galdetu diot neure buruari, ‘ondo egiten ari ote gara?’ Ez dugu ondo egin? —mintzo da Mursego—. Ikaragarrizko burujanak izan ditut, haur-eskolan uzteagatik, besteagatik... baina azkenean umea ondo ikusten duzu, pozik eta ez duzula hain gaizki egin pentsatzen duzu”. Meabek nahiko luke bere semeak epairik eman beharko balu, “nire azertuen eta akatsen batezbestekoa egiteko orduan, ondorioa hau izatea: ama beti alboan izan duela”. Hastapenetan, ordea, “beti etxetik alde egiten dagoen ama” gisa gaztigatzen zuen Meabek bere burua. Mingostasunez bizi zuen “lanetik heldu eta berriro ospa egin beharra”. Giltza argitaletxeko zuzendaria zen, eta literaturaren esparruan mugitzen hasia zen, horrek eskatzen zituen aurkezpen, hitzaldi eta saioekin, kontziliatzea ezinezko zuen.

Prozesu horretan “bakoitzak bere egiteko modua aurkitzeak” segurtasuna eta lasaitasuna ematen duela ikusi du Eizagirrek: “Ez dago ondo edo gaizki: irakurtzen dituzu liburuak, eta teoriak, eta pediatrarena zoaz homologazio bila, baina nork esango dizu ondo edo gaizki ari zaren? Norberetik pasatzen denean, erabakiak norberak hartzen dituenean, ondo hartuak izango dira; gorputz guztitik ateratzen denean egiteko modu bat, seguru gaude, eta hortik ez gaituzte mugituko”.

Amatasunaren etapa desberdinetan daude elkarrizketatutako bost amak. “Nik oso presente daukat orain beldurraren kontzeptua”, dio Mursegok: “Gau asko pasatu ditut nire semeak nola arnasten zuen begira. Nire semeak sufritzeak panikoa ematen dit. Arrazoitik kanpo dauden beldurrak dira, badakit, eta gero eta nagusiago egiten ari den neurrian lasaitzen ari naiz, baina presente daukat. Animoan ikaragarri eragiten dit: behea jota nago haurraz kezkaturik, beldurturik eta une batez begiratzen nau eta irribarre egiten dit eta poz infinitu bat sentitzen dut, beste inoiz sentitu ez dudana, hori ere amatasuna da”. Eizagirreri ere asko interesatzen zaio beldurren gaia: “Gure beldurrak identifikatzea garrantzitsua iruditzen zait. Kapitalismoaren alde basatia bizitzen ari gara, mundua dantzan dago, eta horrek gure beldurrak areagotzen ditu. Denok nahi dugu gure umeentzat onena. Kontua da, zer da onena? Onena da atzean ez gelditzea. Ikaragarrizko konpetentzia ikusten dugu. Gaur egunean umeak etengabe trebatzen ari gara, eta horren azpian ematen ari garen mezua da, ez bagara trebatzen atzean geldituko garela. Beldur horiek desmuntantzeak, bizitza eta heziketa eta zaintza beste modu batera ikusteko aukera ematen dizu”. Beldurrei buruz hitz egin behar dela uste du Argiako kazetariak, “beldurrak desmuntatu ezean, haziera oso gogorra izan liteke”. Eizagirrek beldurrei aurre egiteko “soluzioaren parte bat” kolektiboan ikusten du, “irekitzera laguntzen zaitu”.

Norberak ‘deskubritu’ dituenak

Baina izan da amatasunaz kontatu ez zieten zerbait. Alderdi fisikoa, haurdunaldi, erditze eta edoskitzearen alderdi fisikoa egin zitzaizkion amatasun-esperientziatik ezezagunen Maddalen Iriarteri. “Esperientzia fisikoarena ez neukan barneratua, azken batean intransferibleak dira. Haurdunaldia bizipen ikaragarri bat iruditu izan zait, zentzu onean. Oso erraietakoa, brutala. Eta erditzea ere bai”. Lehenengo hiru semeak epiduralik gabe izan zituen, eta “ikaragarria” iruditu zitzaion. “Eta gero titia ematearena ere esperientzia ikaragarria izan zen. Agian horixe zen idealizatuen neukan gaia, haurra titian jarri eta berehalakoan izango zelakoan. Ez nekien zauriak atera-tzen zirenik titietan, eta esnea gehiegi igo zitekeenik, niri gertatu zitzaidan bezala, pezoia ia desagertu arte. Gauza horiek ez nekizkien”. Miren Agur Meabek ere zerbait baldin bazeukan idealizatua bularra ematearena zen, edoskitzeaz “ideia bukolikoa” zuen: “Edoskitzaroak ez zuen izan hasiera errazik guretzat. Uste nuen segituan etortzen zela esnea, eta umeak berez hartuko zidala titia. Jartzen nuen, baina alferrik, ezin zuelako. Txantxetan esaten nuen zeladore despistaturen batek izan ezik kristo guztiak haztatu zizkidala titiak ospitalean, irakatsi nahian. Etxeratu, eta berdin: umea negarrez, gosez, eta neu ere bai, ezintasunez. Azkenean auzoko anbulatoriora joan, eta hango emaginaren esku onari esker —eta literalki diot hori— lortu genuen hastea, 4 bat hilabete bete arte. Ez nuen espero bularra ematea hain neketsua izango zenik, besteak beste etapa hori deskribatu ohi delako ama-haurraren arteko harremanaren sendogarri gisa, eta hala da, baina ideia bukolikoa neukan horretaz”.

Eta elkarrizketatuak mintzatu dira sexuaren tabuaz, “ez daukazu gogorik eta kito! edo nekaturik zaude edo haserreturik, eta ez duzu egin nahi”. Eta mintzatu dira erditzeaz, “gehiago hitz egin behar da minaz”. Eta nekeaz, “pasa egiten da bai, baina pasatu egin behar da!”.

Mursegok kontatu ez ziotenen artean, bikotean gertatzen den lurrikara aipatuko luke: “Niretzat gogorrena bikotekidearekiko harremana izan da, eta inork ez zidan kontatu: ume batek tentsio handia sortzen du bikotean, eta horri buruz ez da hitz egiten”. Eizagirrek ere bikote harremanean sortzen diren tentsioez hitz egiteko premia ikusten du: “Oro har gizonen lanak prestigio handiagoa du, edo behintzat diru gehiago ekartzen dute etxera, eta ondorioz emakumeok jaten dugu dena, eta askotan sentitzen gara menpeko bikote harremanean. Esparru horretan borrokatzeko asko daukagu”.

Kontrakorako bidea ere ireki dezake gurasotasunak, illunak bezala argiak dituelako. Fernandezen kasuan emakumearen ahalduntzean lagun dezakeen figura bat ere bada aitarena: “Amatasunarekin ohartu naiz ze garrantzitsua den aita eta zenbateraino laguntzen ahal duen amaren ahalduntzea. Aitatasun aktibo bat zer den ikasi dut, amaren pareko aita bat, eta eredu hori garatzea ze zaila den gaurko kontziliazio-neurriekin”.

Kontziliatu ezinik, tribuan

Kontziliazioa elkarrizketa guztietako hitz madarikatua da. “Gizarteak premia hori benetan barneratu ezean gure sisteman gai sekundario izaten jarraitzen duen neurrian, guraso eta gurasogai gazteek malabarismoak egiten jarraitu beharko dute”, dio Meabek. Malabarismoak aipatzen ditu, hain justu, Fernandezek ere. “Arrunt erritmo ezberdinak dira bizitza produktibo eta erreproduktiboarenak, benetako malabarismoak egin behar dira biak uztartzeko, eta emakume aunitzek euren hainbat alderdiri uko egin behar izaten diote”. Lehentasunak aldatu dizkio komunikatzaileari amatasunak, “Ez dut lan mundu androzentriko eta kapitalista honetako baldintzetan jardun nahi, baina ez nago prest nire bertze identitateei uko egiteko ama izan naizelako. Rosario Hernandez Catalan ekofeministak dioen bezala, zaintzari erabat emanda bizitzea bezain alienagarria da merkatuari erabat lotuta bizitzea”.

Kontziliazio-neurriak “hemen, broma txar bat” dira Mursegorentzat. Gaur egun pop-rockaren esparruan diharduen ama bakarretakoa da Mursego. Beretzat behar bat da sortzea eta musika egitea. Nikok lau hilabete zituela aurkeztu zuen Hiru diskoa. Gaupasaz joan zen, umeak gau osoa bularrean emana, gastroenteritisak jota, eta bakarrik baitzegoen bikotekidearen lanagatik. “Nire familiak eta bikotekidearenak sinesten dutelako egiten dudanean, eta erabat babesten nautelako eta laguntzen digutelako jarraitu ahal izan dut musika egiten. Tribuari esker. Baina ez da erraza. Ez dago kontziliaziorik, eta kontziliatzen badute andreek kontziliatu behar dute, datuak negargarriak dira. Zergatik dira emakumeak beren lana uzten dutenak?”.

Tribua da hitzetik hortzera agertu den beste hitz bat, kontziliazioaren ifrentzua.“Guk saretxo bat osatu dugu —azaldu du Fernandezek— eta sare horren laguntza izan dugu, aitatxi-amatxiena bereziki, baina esplotatu gabe. Eta laguntza ekonomikoa ere bai, behar berezi batzuk ditugulako. Ohiko baldintzetan ezinezkoa da kontziliazioa”. “Uste dugun baino jende gehiago dago tribuarena egiteko prest”, dio Iriartek. Eizagirrek ere haurrak hazteko eta hezteko sarearen beharra nabarmentzen du. “Tribu bat behar da ume bat hazteko, betidanik horrela egin izan da. Esku asko behar dira ume bat aurrera ateratzeko. Ordu asko dauzka egunak, egun asko urteak, eta urte asko izango dira hor egoteko”. Kolektibotasuna Eizagirreren amatasunean garrantzitsua izan da. “Amatasunari lotzen zaion lan erreproduktiboaren gainean eraikitzen da gure sistema kapitalista guztia eta, beraz, interesatzen da doakoa izan dadila eta emakumeak zapalduta funtzio horri lotuta egon daitezela, kontua nire ustez horren aurrean zerbait egitea da, eta nire-tzat aliantzak eta sareak gako dira. Hasteko, ez da hitz egiten umeak ez direla gureak; interesgarria da hazierari prozesu kolektibotik begiratzea egunerokoa aurrera eramaten eta umeak hazten asko laguntzen duelako, eta interesgarria da horrek zer aberastasuna dakarren, nola indartzen gaituen emakume bezala”.

Larraulen josi ahal izan dute sarea Eizagirrek-eta: “Antzeko bizitza-fasean geunden etxe desberdinak elkartu ginen, eta horien artean josi dugu sarea. Harreman oso estuak ditugu sentimenduz eta intentsitatez. Herrian umeek etxe guztietako ateak irekita dauzkate”. Harreman-sare horretan oso emakume desberdinak biltzen dira: “Ideologikoki, feminismoari begira, eta familia antolatzeko eta umeak hezteko ereduetan bi poloetan egongo gara baina sentimenduak igualak dira. Eta nik uste dut denoi laguntzen digula ikusteak funtsean ez garela hain desberdinak. Emozioak konpartitzetik hasten gara hitz egiten, eta ikusten dugu bati eta besteari zerk lagundu dion, egoera bakoitzean. Hori oso lagungarria da, batetik lasaitua hartzen duzulako emozioak askatzean, eta bestetik besteen soluzioetatik ikasten duzulako”.

Mursegok eta Fernandezek ere nabarmendu dute beste emakumeekin enpatizatzeko bidea eman diela amatasunak, eta bien kasuan feminismora are gehiago gerturatzeko bidea izan dela. “Gero eta kontzienteagoa naiz feminismoaz. Nire kasuan, musika eta amatasuna lotuta, beharrezkoa iruditzen zait ikuspegi feministatik begiratzea gertatzen ari dena: musikaren panoraman ez dago emakumerik eta askok eta askok laga egin dute musika amatasunagatik. Niretzat garrantzitsua da nire semeak ikustea ni musikaria naizela eta niretzako musikaria izatea oso inportantea dela; baina ez da erraza bide horrekin jarrai-tzea”. Fernandezi ere feminismoaz hausnartzeko balio izan dio alabaren jaiotzak: “Ama izatea bera, baita fisiologikoki erditzea eta titia ematea ere feminista dela ikasi dut, bertze batzuentzat bertze eredu bat feminista izanen den bezala. Eta horrek patxada handia eman dit, eta aunitz ahaldundu nau”. Bere gorputzarenganako jakinduria berreskuratzen lagundu dio amatasunak “eta horrek, ezinbertzean, emakumeon gorputzaren gaineko kontrolaz kontzienteago egin nau. Ohartu naiz ze inportantea den patriarkatuarentzat amatasunean ere emakumearen gorputza eta bere prozesu sexualak kontrolpean edukitzea. Emakumearen prozesu sexual guztietan, hilekoan, harreman sexualetan, haurdunaldian, erditzean, edoskitzean eta menopausian fisiologiari garrantzia ematea iraultzailea dela ikasi dut, eta horrek ez duela nire arrazoitzeko ahalmena ukatzen, ez duela nire adimena gutiesten, ez duela nire gaitasun intelektuala iraintzen”.

Gozatzeko aldarria egiten du Iriartek.”Gozatu, gozatu, gozatu! pasatu egiten da-eta!”. Eta antzera, plazera plazeragatik, disfrutatzeko Eizagirrek. Fernandezentzat amatasunaren balioa aldarrikatzeko unea da. “Urtetan zokoratua izan da. Baina amok egundoko ekarpen sozial eta ekonomikoa egiten dugu, aunitz ematen dugu eta guri ere ume bat sortu eta zaintzeko eman behar zaigula aldarrikatu behar da”.