HAURDUNALDI SUBROGATUA. Utahtik dator whatsappa: "Haurdun gaude"

2017-04-28

Xabier Madariagak eta Urko Picazak haurdunaldi subrogatuaren bidez izan zituzten pasa den abuztuan Jon eta Lea seme-alabak, Utahko estatuan, AEBetan.

 
 
HAURDUNALDI SUBROGATUA. Utahtik dator whatsappa: "Haurdun gaude"

Eta? Zein da zein?” Bi sehasken erdian, amama Bizentak egin du galdera. “Zein da neska eta zein da mutila?” Bizentari ez zaio irribarrea begietan kabitzen. “Nor da Lea eta nor da Jon?”. 97 urterekin bere birbiloba bikiak ezagutzen ditueneko irudiak esanahi handia du: bizitzaren gurpila erakusten du, hastapena eta, apika, bukaera. Baina are gehiago esan nahi du: onarpen erabatekoa erakusten du, eta zergatik ez, harrotasun punttu bat ere bai hankagorriekiko. Akaso Bizentak ez du ulertzen bere birbilobak emakume anonimo batek emandako obuluak bere bilobaren eta haren senarraren espermekin uztarturik laugarren batek ernaldu dituela. Izan ere, Lea eta Jon Utahko estatuan jaio dira, Saedeek bere sabelean hazi eta munduratu baititu amama Bizentaren biloba Xabier Madariaga eta Urko Picazaren seme-alabak. “Izebak ohartarazi zion, ez ginela haurdunarekin oheratu —kontatu du Madariagak—. ‘Hori badakit!’ Erantzun zion amamak, ez dakit ulertu zenbateraino ulertzen duen Lea eta Jon haurdunaldi subrogatuaren bidez jaio direla, baina badakit ikaragarri maite dituela”.

Amama Bizentaren naturaltasunak urrea balio du haren bilobarentzat. Xabier Madariaga emozionatu egiten da amama bikiekin ikusten dueneko. Madariagak ere natural hitz egiten du bere senarrak eta biek hainbeste desiratzen zituzten seme-alabak munduratzeko bizi izandako prozesuaz. “Betiko nahia zen familia osatzearena. 16 urterekin ezagutu nuen Urko, eta etorkizunari buruz hitz egiten genuenean, gure etorkizuna umeekin ikusten genuen, modu naturalean”. Bizitzan ikasitako hori hurrengoei transmititzeak ederra behar zuela izan sumatzen zuen artean nerabe zen EITBko kazetari ezagunak. Artean subrogazioaz hitz egiten ez bazen ere, halako prozesu baten intuizio bat bazeukan Madariagak. Haatik, lehenago guraso izateko beste bide batzuk aztertu zituen bikoteak. “Adopzioa begiratzera sartu ginen, ‘mundu honetan familia premian dauden umeak egonda, eta horiei berdin-berdin eman ahal badiegu zoriontasuna eta berdin-berdin transmititu bizitza hau nolakoa den, zertarako ekarri beste ume bat mundura?’, pentsatzen nuen. Baina ikusi genuen gutxienez 4-5 urte itxoin beharko genituela, eta atzerrian bizi ginenez —7 urtez Parisen bizi izan da bikotea— prozesua asko konplika-tzen zela, eta adopzioaren aukera bere kasa desagertu zen”.

Bat-batean AEBetan haurdunaldi subrogatuaren bidez guraso izan zen lankide baten kasua ezagutu zuen Madariagak, eta luze gabe AEBetarako maletak prestatu zituzten. “Zergatik AEBak?”. “Hasteko, homosexuala izanda hainbat aukera ixten zaizkigulako: Ukrainak, esate baterako, ez gaitu onartzen. Mexikon arazo legalak daude biak aita moduan azaltzeko. India baztertu egin genuen: emakumeei ematen dieten tratua ez zaigu batere gustatzen, erreportaje batean ikusi genuen emakumeak leku batean sartu eta haurdunaldia han eman ostean haurra eduki eta kanporatzen dituztela, eta emakumeei ematen zieten tratua ez zitzaigun batere gustatu eta baztertu egin genuen, eta Tailandia ere Indiako ereduarekin lotu genuen eta baztertu egin genuen. Gure gertuko kasua AEBetan izan zen, eta bazirudien dena zuzena zela. Emakume haurdunaren eskubideak bermatuta egongo direla ikustea ezinbestekoa zen, berak bere eskubideak defendatuko dituen abokatu bat izan behar zuen, hainbat baldintza bete behar zituen, adibidez, inoiz ez duela laguntza sozialik jaso bermatu behar du edo aurrez seme-alabak izan behar ditu haurdunaldia eta erditzea zer den jakin dezan, eta bide egokiena iruditu zitzaigun AEBetakoa. Horrez gain, legez eta paperetan umeak gu bion seme-alaba moduan etorriko zirela bermatzen zitzaigun”.

Lehenengo Jon etorri zen mundura

Eta Saedee ezagutu zuten, beste emakume batek emandako obuluak Xabierren eta Urkoren haziekin ernaldurik fetuak bere umetokian hazteko prest zegoen emakumea. Skype bidezko lehen elkarrizketan jakin zuten Madariagak eta Picazak huraxe izango zela guraso izaten lagunduko zien emakumea. Utahn bertan izan berria zen bikotea, agentziarekin, abokatuarekin eta klinikarekin hartu-emanak eginak zituen, beraz, dena hasteko prest zegoen. Obuluak bi aiten haziekin Saedeeri inplantatu, eta berehala, “haurdun gaude”, iragartzen zuen positiboaren argazkia bidali zien whatsapp bidez.

“Gure inguruan ikusia geneukan lagunek ez zutela haurdunaldiaren berri ematen hirugarren hilabetea arte, eta guk ere horixe egin genuen”. Saedeeren sabela benetan handitzen hasi zen arte ez zuen bikoteak erabat sinetsi aita izango zirela, seigarren hilabetea arte. “Urko, hau badoa”, esan zion Madariagak, urduri eta beldurrak aidean, baina gogobeterik. Eta pixkanaka dena prestatzen hasi ziren, erditze eta erditze-osteko egonaldirako ostatua, umeentzako arropak eta gauzak, eta bide legala. Haurdunaldi subrogatu batek berekin baitakar paper nahastea eta abokatu, notario eta epaile festa. AEBetan 30 urte daramatzate subrogazio bidezko haurdunaldi-prozesuak egiten, eta zorrotza da araudia. Utahko estatuan bada subrogazioari buruzko lege propio bat, eta hari jarraiki lehenik gurasoek kontratu bat sinatu behar dute notarioaren aurrean haurrak jaio aurretik, gurasoak nor diren zehaztuz. Kontratu horri epaileak eman behar dio onespena, eta ondotik, jaio ostean, beste onespen bat sinatu beharko du. “Paper-kontuekin asko estutu ginen bai, sinadura baten mende zaude zure seme-alabekin etxera etortzeko, eta ezagutzen genituenez gauzak azken unean okertu zireneko kasuak, behin paper guztiak eskuartean izan arte ez ginen lasaitu”.

Lehenengo Jon etorri zen mundura. Karenaz zuri ezagutu zuten bere aitek. Madariagak azala azalarekin hartu zuen, eta lehen biberoia eman zion. Ondoren Picazak. Lea ordubete pasatxo luzatu zen. Hura negartiago zetorren. “Liburu bat geneukan irakurria, geure buruari etxerako lanak egin genituela sinetsarazteko-edo. Baina hura errealitatea zen. Eta bat-batean beldurra sentitzen duzu, ardura: gu gaude beraientzat mundu honetan; eta emozioa”.

Hiru aste egin zituen familia berriak bakarrik Utahn. Bueltan aitona-amonak eta birramama zituzten zain, Bilbon. Guztiek, alabaina, ez zuten 97 urteko amamak bezain natural ulertu gurasotasun subrogatuarena. “Gurasotasun-baimena zela-eta Gizarte Segurantzara joan nintzenean niretzako ez zegoela leihatilarik esan zidan langileak”. Madariagak eta Picazak Gizarte Segurantza auzitara eraman zuten gai honetan bidea ireki behar zela sinesten zuen abokatu batek lagunduta. Auzitan zirela, Gorenaren sententzia bat argitaratu zen gurasotasun-prestazioa haurdunaldi subrogatua egiten duten familiei ere badagokiela aitortuz, umeen eskubideen izenean. Hartara, Madariaga izan zen gurasotasun-baimena jaso zuen subrogazioaren bidezko Bizkaiko lehen aita.

“Behar nituen hilabete haiek umeekin etxean egoteko”, azpimarratzen du kazetariak. Lau esku gutxi ziren bi ttikiak baretzeko. Gaur zazpi hilabete paseak dituzte, eta hankagorriak neska-mutil bipilak egin dira. Txupeteari zupa, ez dute intziririk egin aita Xabierrek aulkitxoan pasiatu dituen tarte osoan. Poz imintzio bana aita Urko zakurrarekin gerturatu denean. Amamarenera doaz bazkaldu eta lo kuluxka egitera. “Errazagoa zen biberoiaren kontua!” kexatu zaio Madariaga bidean aurkitu duen Edu lagunari. Jonek ez ditu pureak ondo jaten. Euren semeaz galdetu dio Madariagak lagunari. Berriro gaixotu dela eta haur-eskolatik atera dutela jakinarazi dio, oraingoan bronkiolitisa. Haiek ere haurdunaldi subrogatuaren bidez izan zuten semea, AEBetan. -“Zuenak hasi al dira lau hankan?”. -“Oraindik ez, keinuren bat egiten du batek, baina ez da hasi, eta normala omen da, gainera, bederatzi bat hilabete arte”. - “Hala izango da bai; ea egoten garen”. -“Bai, igandean, edo”...

Normalizazioaren mesedetan, haurdunaldi subrogatuaren bidez seme-alabak izan dituzten familia gehiagorekin harremana izatea garrantzitsua da Picaza eta Madariagarentzat. “Antzeko galderei nolako erantzunak eman dizkieten ikusteko batetik, eta bestetik, haurrek ere normalizaturik ikus ditzaten euren antzera sortu diren haur gehiagoren kasuak”. Etxean natural hitz egin nahi diete umeei prozesuaz, presente daukate Saedee, eta haurrak galdezka hasten direnerako argazkiak, bideoak eta erantzunak prest dituzte. Prozesu osoa, erditzea, erditze ostea eta Bilbora buelta dokumental labur batean jaso du bikoteak —bertan ikusten da amama Bizentak bere birbiloba bikiak ezagutzen ditueneko unea—, egunen batean Jon eta Lea galdezka hastean kaxoitik ateratzeko. Zinegoaken barruan aurkeztu zuten Etxera bidean izeneko dokumentala, eta aurkezpenean zen amama Bizenta ere. “Amak erreparoa zeukan gure intimitatea erakusten ari ote ginen, baina amamak argi zeukan ez geneukala ezer ezkutatzeko. ‘Jendeak ez daki honen berri, ba Xabierrek-eta azal diezaietela!’, esaten zion gure amari”.

Dokumentalean prozesuaren samurtasunak harrapatzen du ikuslea, eta hunkitzen. Baina ez dute eztiz pintatzen prozesu osoa. Ez dute ezkutatzen gaiak arantzarik baduela: “Gure inguruan bada gaia ulertzen ez duenik, gestante baten bidez guraso izatea emakumea erabiltzea dela pentsatzen duenik”, komentatzen dio Madariagak Saedeeri, naturaltasun osoz. “Ni ez naiz prozesu osoan behin ere erabilia sentitu —dio erditu eta egun batzuetara Saedeek—. Kontrakoa, oso baloratua sentitu naiz. Niretzat nire familia sortzea bizitza honetan egin dudan gauzarik inportanteenetakoa izan da, eta beste bikote bati hori bera lortzen laguntzea, niretzat baliotsua da”. Jakitun da bikotea gaiak kontrobertsia sortzen duela, eta natural erantzuten dio Madariagak kazetari honi ere bere senarrarentzat eta bientzat zer-nolakoa izan den Saedeerekiko harremana. “Guretzat oso inportantea da gure seme-alabak mundura ekarri dituen emakumea, saiatu gara zaintzen eta saiatu gara balio hori berari transmititzen. Saedeerekiko harremana ederra izan da benetan, hasieratik konektatu genuen, eta prozesu osoan konexio handia izan genuen eta bion beharrak oso modu orekatuan, perfektu ase ditugu”. Saedeek Lea eta Jon euren gurasoekin ikusi zituenean asebeterik sentitu zela kontatzen du dokumentalean, eta Mike haren senarra negarrez, hunkiturik. Haatik, kasuan kasu, AEBetan egiten diren subrogazioetan bi parteek adosten dute euren arteko harremana gutxi asko nolakoa izango den, “eta gure kasuan ezin dugu besterik esan, guk uste baino askoz hobeto joan da dena, baina, arrazoi batengatik edo besteagatik, ez da beti horrela izaten, ezagutzen ditugu halako kasuak ere”.

Dirua tartean egoteak ere errezeloak sortzen ditu oraindik ere gure gizartean haurdunaldi subrogatuaren inguruan. “Beste herrialde batzuetan, beste egoera batzuetan badakigu emakumeak nola erabiltzen dituzten diruagatik. Baina gure kasuan guk bagenekien ez genuela inor pobreziatik atera behar, bere bizimodua konponduta zeukan pertsona batekin ari ginen eta horrek lasaitzen zaitu”. Dirua, diru asko dago egon tartean. Madariagak azaldu duenez, AEBetan, 60.000 eta 150.000 euro artean kostatzen da prozesu osoa aurrera eramatea, estatuaren eta baldintzen arabera aldatzen da prezioa.

“Eta aurrera begira, zer?” “Aurrera begira, egunean egunekoa”. Orain pureak, eta geroxeago mugimendua, lau hankatan ibiltzen hastea... eta geroxeago, aurrera begira, ikastola. Ikastetxe berean subrogazioz jaiotako beste haur batzuk elkartzeko parada izatea gustatuko litzaieke Lea eta Jonen gurasoei, “eta egon bada aukera, bost haur maila berean joateko”. Oraingoz egunean egunekoa, ez die gaiak loa kentzen, Picazak eta Madariagak bikien guraso gutxik duten zortea baitute, gainera: amama Bizentaren birbilobek oso txikitatik ia gau osoa egiten dute lo.