Libe Garmendia: “Ohitura osasuntsuak ezartzeko, eredu izan eta elkarrekin jan behar dugu”
Libe Garmendia nutrizionistak garrantzi handia ematen dio haurra elikadura osagarriarekin hasten den unetik ohitura osasungarriak ezartzeari, “txikitatik ohitura txarrak hartuz gero, oso zaila izango da gero aldatzea”. Azukrea eta elikagai prozesatuak saihesteko deia egiten du, gaitzak prebenitze aldera.
Orion du kontsulta Libe Garmendia nutrizionistak, eta dietak jartzeaz gain elikaduraren inguruko pedagogia egiten du, elikaduraren inguruan pentsatzea eta planifikatzea prebentziorako neurri dira nutrizionistarentzat.
Elikadura ohitura osasungarriak bizi osorako direla esaten da. Txikitatik ohitura osasungarrietan hezteko, zer izan behar dugu kontuan haur txikia jaten hasten denean?
Elikadura osagarriarekin hasten garenean ohitura batzuk sortzen ari gara. Zentzu horretan oso garrantzitsua da haurrak jateko aukera eta gaitasuna daukanean haurrari etxean jaten diren elikagaiak eskaintzea. Eskaintza zabal eta osasuntsu horrekin abiatzen badugu elikadura osagarria, ohitura on batzuk ezartzen hasiko gara, hasiera-hasieratik. Noiz da elikadura osagarriarekin hasteko momentua? Haurrak, euskarri baten laguntzaz, burua zuzen mantentzeko gaitasuna duenean; janaria hartu eta ahora eramateko, begiak, eskuak eta ahoa koordinatzen dituenean; elikagai hori irensteko gaitasuna daukanean eta janarekiko interesa erakusten duenean esango dugu haur hori prestatua dagoela elikadura osagarriarekin hasteko, normalean 6. hilabetean izaten da —batzuk zortzigarren hilabetera arte ez daude prestatuta—. Gaur egun asko hitz egiten da Baby Led Weaning-ari buruz, elikagai osagarria emateko modu bat da, gurasoek jartzen dizkioten elikagai horiek haurrak bere kabuz jateko modua da BLW. Baldintza batzuk bete behar dira horretarako, BLW erara elikagai osagarriekin hasteko: elikagai hori haurrak hartzeko eta jateko moduan prestatu behar da, biguna izan behar da, kontrako eztarrira joateko arriskurik ez dutenak...
Elikagaiak zatika edo osorik ematean, psikomotrizitatea lantzeaz gain, haurrak hainbat zapore, testura, kolore... ezagutu eta janariarekin gozatzeko aukera ematen ari gara. Haurrak mahaian parte hartzea ere garrantzitsua da, txiki-txikitatik haurrak ikustea bera ere besteekin partekatzen ari dela otordua, bera ez dagoela aparte, ez diotela tronan lehenago edo beranduago jaten eman... Mahaian, familian denak batera jaten hasten garenean, haurrak ikusten du gurasoek zer jaten duten, zer elikagai aukeratzen dituzten... gurasoek hortik jarriko diete jateko eta haurrak parte sentituko dira.
Baby Led Weaning, guztiok elkarrekin jatea... esaten duzun horrek guztiak zerikusi gutxi dauka tradizioz askotan egiten dugunarekin —lehendabizi purea eman haurrari eta gero helduok otordua egin, lasai—... Ohitura horiek aldatzetik hasi beharko genuke?
Hori da. Jarri denok elkarrekin mahaian, eta goazen denok elkarrekin jatera eta haurrak ikus dezala, giro goxo batean, familiako besteek zer jaten duten. Zer prestatu dugu gaurko? Ba hortik emango diogu pixka bat haurrari. Zer elikagai? Ba haurrak ohitura osasuntsu batzuk eduki ditzan nahi badugu, beharrezkoa izango da etxean ohitura osasuntsuak izatea: barazkiak, fruta, zereal integralak, lekaleak, haragia, arrautzak, arraina... etxeko jana jan behar dugu haurrak ere osasuntsu jatea nahi badugu.
Zentzu horretan garrantzitsua da elikagai prozesatuak haurren menuan ez egotea, aurreneko urtean ez dute lekurik izan behar inondik inora ere, eta hortik aurrera ere ez, ahal den gutxiena.
‘Etxeko jana’ esan duzu, baina horrek ez du derrigor elikadura osasuntsua esan nahi...
Gure elikaduran zer elikagaik egon behar dute batez ere? Barazkiak bai eguerdian eta bai gauean, modu desberdinetan prestatuta. Zereal integralak egon behar dute –arroza, pasta, ogia, oloa, arta txikia...—, lekaleak, fruta... Fruitu lehorrak ere hor egon behar dute —3 urte arte ondo-ondo txikituta eman behar zaizkie—. Oinarrian horiek egon behar dute, eta kantitate txikiagoan haragia, arraina edo arrautzak. Kontuan izan behar dugu lehen urtean haurra zenbat hazten den. Beraz, inportantea da haurrari elikagai energetikoak ematea. Zereal integralei, patata eta lekaleei leku handia egingo diegu, oliba olioa, aguakatea... Adibidez, lehenengo urtera arte egunean behar duten haragi, arrain edo arrautz kantitatea txikia da. 20-30 gramo haragi edo 30-40 gramo arrainekin, edo arrautz batekin egunean nahikoa dute proteina aldetik. Hori kantitate txiki bat da. Esate baterako, 8 hilabeteko haur bati, barazkia patatekin eta oilasko zati bat bazkaltzeko, eta afaltzeko beste barazki bat zerealekin ematea ondo legoke, eta meriendan, fruta. Azken batean, helduon elikaduraren parekoa litzateke, guk jaten dugun hori kantitate txikitan ematea.
Lehen urtera arte, elikadura osagarria da eta izenak berak esaten duen moduan, osagarria izango da. Batez ere bularra izango da elikagai nagusia, edo esne artifiziala. Goazen bularrari garrantzia ematera, haurrak eskatzen duen adina, eta elikadura osagarria kantitate txikitan ematea nahiko izango dugu. Zergatik nahi dugu haur batek behar duena baino gehiago jatea? Pediatrian haurraren osasunaren indikadore gisa, besteak beste, haurraren pisua erabiltzen da, eta esaten duzun bidetik, bularrarekin eta BLWarekin, pertzentiletan baxu ibiltzea ohikoa izaten da... Pisua gaizki elikatu izanaren ondorio ere izan daiteke. Hau da, zer da garrantzitsuagoa, haur txikia gizentzea edo denetik jaten ikastea?
BLW. Ameriketako Pediatren Akademiak eta Europako Elikagaien Segurtasunerako Autoritateak bezalako erakundeek babesten dute. Lehen mailako arretako Espainiako Pediatren Elkarteak laktantzia eta BLW-a haurren osasuna, hazkuntza eta garapena sustatzeko eraginkorrak direla dio eta haurren obesitatea prebenitu dezakeela dio.
Taula horiek erabili behar ditugu gure umearen bilakaera nolakoa den ikusteko. Taulak zorrotz-zorrotz begiratu eta behean ikusten badugu, baina gero haurra ondo ikusten badugu, haurrak gehiago esango digu bere osasunaz taulak baino. Izugarrizko beherakada ikusi badugu, eta haurra pattal ikusten badugu, orduan bai zerbait pentsatu behar dugu. Beste arrisku bat ere badago: papilak hartzearen ondorioz gehiegizko pisua edukitzeko arriskua. BLWarekin haurrak berak jaten du behar duen hori, haurrak autoerregulatzeko gaitasuna dauka, behar duen hori hartzen du.
Haur txikiak, elikadura kontuetan, badu bere burua erregulatzeko gaitasuna?
Bai. Dena den, BLW ez da haurrari elikagai osagarria modu osasuntsuan emateko aukera bakarra. Purean ere eman dezakegu oso elikadura osasungarria... Baina helduak haurrari goilararekin ematen dionean papila bat edo pure bat, oso ondo begiratu behar ditu haurraren keinuak, eta ulertu behar du haurrak noiz esaten dion “ez dut nahi gehiago”; garrantzitsua da seinale horiek irakurtzen jakitea. Haurraren gose eta asetasun-seinale horiek ondoen kontrolatzeko modua da BLW, baina beste era batzuetara ere egin daiteke. Papila eta pureekin bereziki garrantzitsua da gurasook seinale horiek ondo-ondo ikustea.
Otordu osasuntsuetara etorririk, ‘etxeko jana’ aipatu duzu. Bazkari eta afari osasuntsuak gutxi asko nolakoak liratekeen aipatu duzu, baina askotan ez ote dugu herren egiten gosari eta meriendetan... Colacao bat gailetekin ematen diogunean, adibidez?
Gosaltzeko eta meriendarako aukerak zabalak dira: 10 hilabeteko haur bati eman diezaiokegu olo pixka bat egosita; fruta zatitxo batzuk; ogi zati bat tomate eta oliba olioarekin... aukerak egon badaude. Industriak eramaten gaitu colacao eta gailetak jatera, izen eta pakete polita dute gailetek, baina azukre pila bat dute eta grasa ez osasuntsuak, palma olioarekin egindako gailetak ematen dizkiegu gure seme-alabei. Azukre gehiegi jateak obesitatea, txantxarra eta diabetesa izateko arriskua handitzeaz gain, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitu egiten du. Palma olioa oso saturatua da eta asko kontsumituz gero, kolesterol “txarra”-ren igoera eragiten du. Zer ari gara ematen gure haurrei gosaltzeko? Colacao pote baten % 70 azukrea da.
Elikagai osasuntsuak aukeratzen baditugu, gosaritarako aukerak handiak dira: fruta, esnea, ogi integrala oliba olioarekin, tomatea edo ahuakatearekin, jogurt naturala oloarekin, olo eta arrautzez eginiko opiltxoak... Hausnartu beharko genuke haurrei zenbat azukre ari gatzaizkien ematen: Osasunaren Mundu Erakundeak, azukrea, kontsumitutako kalorien %10 baino gehiago ez hartzea gomendatzen du eta %5 baino gutxiago kontsumituz gero, osasunean onurak nabarituko liratekeela dio. Azukrea produktu pila batean dago, freskagarrietan, gailetetan, Colacao, Nocilla, gosariko zerealetan, jogurtetan, papila gehienetan, potitoetan... baina baita zukuetan, saltsetan... ere. Gaur eguneko haurrek komeni dena baino askoz azukre gehiago hartzen dute, eta arazoak ari gara nozitzen, askok hirukoiztu egiten dute behar den kantitatea. Oso kontuan izan behar dugu helduon ardura dela gure haurren elikagai aukeraketa behar den bezala egitea.
Planifikatu asteko otorduak —baita gosari eta meriendak ere—, eta horren arabera egin erosketak, elikagai osasuntsuak erosi, denetarik, eta hortik eman haurrari.
Beraz, bazkari eta afarietarako bezala, gosari eta meriendarako ahalik eta prozesaketa gutxien jasan duten elikagaiak lirateke onenak?
Aukeratzen baditugu elikagai ahalik eta naturalenak eta prozesaketa gutxien jasan dutenak, hobeto. Hor daukagu ogi integrala, esate baterako, edo errefinatu gabeko zerealak —oloa, artatxikia...—. Fruta, jogurt naturala, fruitu lehorrak... Hona hemen ogitarterako beste hainbat aukera: ogia gaztarekin; tomatea eta oliba olioa, edo ahuakatearekin, humusa, fruitu lehorren krema bat... Edo bi urteko haur bati fruitu lehorrak txiki-txiki eginda jogurtarekin eman diezaizkiokegu, edo mazedonia bat...3 urtetik aurrera atuna ere eman diezaiokegu meriendan —bitartean ez da komeni arrain urdin handiak ematea, merkurioagatik, haurdunaldian bezala—. Tortila bat ere eman diezaiokegu haurrari. Garai batean esaten zen arrautzak kolesterola igotzen zuela, baina kolesterola igotzen dutenak opil industrialak, haragi gorria, txerrikiak... eta horrelako gauzak dira; arrautza lasai jan daiteke.
Opil industrialak eta gailetak saihestu egin behar ditugu, bai meriendan eta bai gosaritan. Haurrei gailetak ematea oso ohikoa da, ume batek gailetak beharko balitu bezala, baina ohitura osasungarriei begira, ez da elikagairik onena, beste aukera asko daude askoz egokiagoak direnak.
Ogitartekorako ordea, ohikoak dira txorizoa, nozila, txokolatea, pateak...
Horiek noizean behin ematea ez dago gaizki, txorizoa edo antzekoak, esate baterako, astean behin ematea aski litzateke. Noski, hobe da txorizoa jatea opil industrialak jatea baino, baina badaude aukera osasuntsuagoak, lehen esan bezala. Eta gogoratu azukrearen arazoarekin: Txokolatea gero eta zuriagoa izan orduan eta azukre gehiago du, beraz, ematekotan beltza eman. Nocillak eta horrelakoek ikaragarrizko azukre pila dute, eta grasa “txarrak” izan ohi dituzte.
Opilak, litxarreriak... salbuespenak dira edo erabat kendu beharko genituzke?
Lehenengo urtera arte azukrerik ez ematea gomendatzen da. Hortik aurrera ere ahal den gutxien. Haur batek ez dauka behar fisiologikorik azukre zuria hartzeko, hartu behar duena glukosa da eta glukosa, besteak beste, fruta, barazki, zereal integral, patata edo lekaleetatik lor dezake.
Horrez gain, garrantzitsua da haurraren ahosabaia edo gustua ez ohitzea zapore oso gozoetara. Gero eta gauza azukretan aberatsagoak eman, orduan eta arazo handiagoak izaten dituzte bestelako jakiak jateko, esate baterako, barazkiak jateko zailtasun handiagoak izaten dituzte. Beraz, kaltea bikoitza litzateke, momentuan hartzen duten azukre dosiagatik, insulina maila altuak metabolismoan eragin negatiboa baitu, eta aldi berean haurrak zapore gozo horietara ohitzen ari garelako, bigarrenik. Kontua da oso erakargarriak direla, opil industrialak oso gozoak baitira, grasetan aberatsak, eta ahosabaiarentzako, beraz, erakargarriak.
Eguneroko meriendaz hitz egin duzu, baina nola presta genezake urtebetetzetako askari berezi osasuntsu eta dibertigarri bat?
Hor garrantzitsua da haurra zerekin ohitu dugun. Zer ezagutzen du haur horrek? Zein dira gure ohiturak? Bada ausart gaitezen merienda osasuntsu batekin egitera ospakizuna, agian harrituko ginateke eta beste familia batzuk etorriko lirateke ohitura horietara. Badaude merendolak beste era batera egiteko moduak: Gauza goxoak presta daitezke osasunari uko egin gabe. Poltsako litxarrerien ordez, hor daude palomitak. Palomitak (3 urtera arte ez dira gomendatzen), fruitu lehorrak, ogitarteko txikiak, fruta lehortuak, fruta aurkezpen polit batekin (fruta zatitua, mazedonian edo fruta makiltxoekin), etxean egindako bizkotxoa (irin integralarekin), olo eta platano gailetak... Jakinda hainbat jaki kaltegarriak direla eta bereziki kaltegarri direla haurrentzat, zergatik jartzen ditugu horiek gure haurren ospakizunetan? Zer elikagai nahi dut nire haurrak jan ditzan? Nik uste dut hausnarketa hori egin behar dugula askari berezi bat prestatzen dugunean. Eta seguru beste haur asko eta familia asko etorriko direla ohitura horietara. Arraro izatearen beldurra alde batera utzi behar dugu, eta pentsatu behar dugu ez dela ezer gertatzen, zerbait onuragarria ari garela egiten, eta bide batez, besteei erakusten.
Izan ere, Euskal Herrian ditugun ohiturekin, sozializazioa ez da erraza. Egun pasa, kanpoan jan... tabernan elkartu eta oso erraz ateratzen zaizkie poltsako patatak edo tankerakoak haurrei... Gomendiorik?
Kasu horietan ezin diogu haurrari hori jatea debekatu, nahi dugunaren kontrakoa lortuko genuke: antsietate handiagoz jatea. Inportantea da etxean elikagai osasuntsuak eskuragarri edukitzea haurrak, gero tabernan poltsakoak atera dituztela? Ezin dugu besteek egingo dutena kontrolatu. Gu eredu izatea oso garrantzitsua da: ezin diogu haurrari barazkiak jarri eta guk ez dakit zer jan edo edan, eta etxetik kanpo ere hori mantendu dezakegu. Debekuarekin baino gehiago lortuko dugu geu modu osasuntsuan elikatzen ikusten gaituztenean. Kanpokoa ezin badugu nahi beste kontrolatu, zaindu etxekoa: Inportantea da zer elikagai erosten ditugun begiratzea, batetik, eta ondoren, gurasoak eredu izatea.
Goiz pasa edo egun pasa goazenean, goazen etxetik prestatu eta jana eramatera. Ez inprobisatu eta kanpoan erosi edo azken momentuan zerbait bilatu. Hartu fruta, fruitu lehorrak, ogitarteko txikiak, elikagai osasuntsuak... haurrak gosea duenerako eduki ditzagun guk elikagai osasuntsuak eskura. Planifikazioak asko laguntzen du.
Demagun, dilistak daudela bazkaltzeko, eta haurrak ez dituela nahi.
Etxe batean ezin dugu jatetxe bateko menuko aukera eskaini, baina beste zerbait igual eskain diezaiokegu, zerbait orekatua, antzeko balioak dituena, beti ez dizkiogu eskainiko bere jaki gustukuenak. “Ez badituzu dilistak nahi, atzoko garbantzuak ditugu, edo barazkiak”. Baina ez dizkiogu makarroiak eskainiko. “Udarea ez zaizu gustatzen, sagarra edo laranja dago”, baina berriro ere, ez diogu jogurta eskainiko.
Zein dira elikadura ez-osasuntsu batek ekar ditzakeen gaixotasun edo arrisku azpimarragarrienak?
Garai batean ez zen haurretan kolesterol, hipertentsio edo diabetes kasurik ikusten, gaur egun, ordea bai. Eta oso presente izan behar dugun gauza bat da txikitatik elikadura ohitura txarrak hartuz gero, oso zaila izango dela aldatzea, eta beraz, oso garrantzitsua dela nola ari garen ohitzen gure haurrak. Haur batek bere lehen urteetan ohitura txarrak jarraitzen baditu, gero ohitura txar horiek jarraitzeko aukera askoz handiagoa du.
Gainpisua da beste arazo azpimarragarri bat: txikitan gainpisua baldin badauka, gerora izateko arriskua dago. Hor daude elikadura desorekak ere. Zentzu horretan oso garrantzitsua da txiki-txikitatik elikadura osasuntsu bat jarraitzea. Gurasoek zer egin behar dute elikadura-ohitura osasungarriak ezartzeko? Ondo aukeratu elikagaiak, eredu izan, eta elkarrekin jan. Gero eta otordu gehiago konpartitu, obesitatea edo elikadura desorekak izateko arriskua gutxitu egiten da, haurrek elikagai osasuntsuak aukeratzeko aukera ere handitu egiten da.
Baina jatorduak, askotan, borroka momentu bihurtzen dira, adibidez, haurrak ez duelako jan nahi... Oso inportantea da jateko ordua momentu lasaia izatea. Hobeto da momentu horietan uztea, eta haurra ez behartzea jatera, edo “benga gehiago!” mehatxuka jaten ematea kaltegarria da. Neofobia sortzen da, gero eta gehiago insistitu zigorren eta mehatxuen bidez, elikagai berriekiko fobia handitu egiten da eta denbora luzeagoan mantentzen da. Kontuz haurrak jan nahi ez duenean behartzearekin.