Zer ahozko baliabide ditu irakasleak eskura haur-literatura lantzeko?

2017-09-05

*Yolanda Arrieta idazlearen eskutik

Haur-literatura lantzeko, hamaika baliabide izan ditzakete hezitzaileek, baina, horiek azaltzen hasi aurretik, komeni da kontuan izatea literaturak haurrarentzat duen garrantzia. Izan ere, literaturak umeari mundua ulertzeko modu bat eskaintzen dio, baina norberarengandik abiatuta, umearen Ni-a sorburu hartuta, alegia.

 
 
Zer ahozko baliabide ditu irakasleak eskura haur-literatura lantzeko?

Kontua da, ume txikiez mintzo garenean, literatura jaso ahal izateko, bitartekari bat behar dela. Literatura umearen Ni hori landu eta garatzeko bitarteko aparta dela iruditzen zait, baina, betiere, bitartekari baten laguntzarekin. Beraz, zentzu horretan, helduaren rola izugarri garrantzitsua da, eta presentzia itzela hartzen dute hor bitartekari horren gorputzak eta, bereziki, ahotsak. Bitartekariak gidatzen du, esaten du, ahotsa jartzen du, hitzei esanahia ematen die… Eta jokoan sartzen da hor pertsonen aldartea, subjektibotasuna, pertzepzioa, interpretazioa, jabekuntza… Testuinguru horretan jarri, eta ekin egin behar da: hartu liburua, albuma, abestiak, poemak… eta ekin. Izan ere, baliabide horiek hor daude, baina umeak, berak bakarrik, txikitan, ezin ditu erabili; hortaz, guk, heldu gisa eta bitartekari gisa, zer egin dezakegu horiekin? Bada, ahotsera ekar ditzakegu, eta zure eta nire arteko lotura, eta hemen eta orain gertatzen ari denarena egin. Hori guztia 0-6 urte bitarteko umeekin landu daiteke, oraindik helduen kode idatzia ezagutzen ez duten haurrekin. Beraz, orain azaltzen ari naizen hau guztia hizkuntza kodifikatu hori sortu aurreko zerbait litzateke. Umeak zera sentitu behar du: “Hementxe eta oraintxe bertan, zer ari da gertatzen nire inguruan? Zer ari da gertatzen nirekin?”.

Hik Hasiren Udako Topaketetan emango dudan ikastaroaren izenburuan iradokitzen den bezala −“Aho bete amets: haur-literaturaren ahozko baliabideak (0-6)”−, nik bi aldarri nagusi egin nahiko nituzke: batetik, amets egiteko haurrak eta pertsonok dugun eskubidearen aldarria; eta, bestetik, ahotsak eta haren bidez transmititzen denak izan dezaketen indarraren aldarria.

Amets hitzak, besteak beste, hiru esanahi biltzen ditu bere baitan. Bat, lotan gaudelarik bizi izandako gertaera, bizipen eta esperientzia sentsoriala: amets egiten dut. Bi, asmo edo ilusio batekin loturikoa: handitan idazle izatearekin egiten dut amets. Hiru, desira, nahia: umea zoriontsu izatea da gure ametsa. Hiru adierok estuki loturik daude, ordea. Are gehiago, sustrai berbera dutela esango nuke: lotako ametsak gure asmoen isla dira sarri, eta gerorako plan asko unean uneko bulkadei erantzunez jartzen dira martxan; bulkada hori, hamarretik bederatzitan, irudi bati loturiko gurari bat izan ohi da. Beraz, ametsa ez da mundutik at egoteko modu bat. Mundua atzemateko, irudikatzeko eta izendatzeko modu bat baizik. Ametsa gure barruko errealitate ikusezina eta kanpoko errealitate fisikoa uztar-tzeko erabiltzen dugun zubia da. Ametsari esker ematen diogu esanahia bizi dugunari. Ametsean hasten da irudimena bizia hartzen, sinboloa forma hartzen, hitza zentzua hartzen. Ametsa da hasiera. Hizkuntzaren hasiera. Eta zer dago hizkuntzaren hasieran? Hotsa, soinua, arnasa, usaina, fereka, taupada, laztana eta begirada. Hizkuntzaren hasieran, poesia dago.

Ahotsa, berriz, umearen lehen liburua da. 2, 3, 4 urterekin… baina lehenago ere bai, jaioberritan edo jaio aurretik ere, umeari hitz egiten diogunean, gu ari gatzaizkio mundua esplikatzen. Hor hasten da umea irakurtzen, heldua bitartekari duela. Horregatik egiten dut ahotsaren aldeko aldarrikapena, iruditzen zaidalako berriro ere ahotsera ekarri behar dugula hitza. Hitzak bizirik ez badauka, letra hutsa da, aseptikoa. Ahotsak ematen dio emozioa, per-tzepzioa, irudia… Eta horrek guztiak indarra hartzen du ume txikia aurrean dugunean, eta harekin elkarrekintzan, komunikatzen… hasten garenean. Ahotsaren bitartez, berriro ere umeari begiratzea eta hitzaren musika transmititzea aldarrikatzen dut: hitzaren usaina, hitzaren gustua, hitzaren jolasa… Eta, zergatik ahotsa? Ahotsa baliabide organikoa delako, gorputzaren baliabide bat delako, eta umeak gorputzetik bizi duelako dena. Beraz, helduak, ahotsaren bitartez, umeari mundua interpretatzen laguntzen dio. Ahotsa tresna paregabea da, mundua izendatu ahala geure burua eta ingurua ezagutzeko. Ahotsa da habia, kuma, sehaska. Ahotsa da hizkuntzaren magala, motorra, emozioa. Ahotsaren bitartez hartzen duelako hitzak indarra. Hitzak, ahotsera eramanda, sendatu egin dezake, lasaitu egin dezake, umorez alda gaitzake, barregura eman diezaguke, lotarako presta gaitzake… Horra hor hitzaren balioa… Zenbat gauzatarako balio duen… Baina esan gabe zehazki zertarako den, baizik eta zeharka. Izan ere, literatura, berez, hori da: zeharkako bide bat, mundua eta norbera hobeto ulertzeko eta interpretatzeko.

Ahozko literatura pertsonaren lehenengo etxea da, habia: zu eta ni, hementxe eta oraintxe, txikitik txikira, begitik begira, azaletik azalera. Intimitate-gunea. Txikitik txikirako distantzia laburra da oso. Eta abiadura txikia eskatzen du. Dagoenetik unea eraikitzeko. Erantzunak jasotzeko. Jakintzat ezer ez emateko. Garai zoro eta frenetikoak bizi ditugu. Aseezinak, estuak, zorrotzak. Dena ondo egin behar da. Ahalik eta azkarren. Lehenengoa izateko. Besteak baino apur bat gehiago izateko. Noiz arte, ordea? Ez al da, jada, dagoenari berriro begiratzeko unea iritsi?

Aipatutako guztiagatik, hiru ataletan banatuta lan egitea proposatzen dut:

- 0-2: oinarriarekin hasiko ginateke, haur-literaturaren sorburura joateko eta handik abiatzeko, hitzaren balio guztia erabiliz eta zentzuen bidezko hizkerari garrantzia emanez. Etapa honetako lanketaren barnean, haur-hiztegi bat osatuko dugu lehenik: onomatopeiak, haur-hizkerako berbak, bestelako baliabideak… Eta jabetuko gara horiek guztiak zer-nolako baliabide literarioak diren. Eta, pixkanaka, umearentzat aproposak diren diskurtso narratiboak eta lirikoak osatuz joango gara horiekin, kantatzeko moduko testuak sortuz. Tradiziotik ikasi ditugun batzuk hartuko ditugu, hitzak aldatuko dizkiegu… lehen ahozko poesia, bestelako kantuak, eskuarekin jolastekoak, magalekoak, dona-dona egiteko erabiltzekoak, lo eginaraztekoak… Balio diguna hartuko dugu tradiziotik: egiturak, errimak, erritmoak, doinuak… Baina, horren gainean, inprobisatu ere egingo dugu. Umearen eguneroko ekintzak ere —jaiki, jantzi, bainatu, bazkaldu…— baliatuko ditugu berriak asmatzeko, apainduta, osatuta, errepikapenak erabiliz, onomatopeiak sartuz, haur-hizkerako hitzen bat baliatuz…

- 2-4: aurreko etapa ahaztu gabe, adin honetara egokituta, hiztegia berrosatuko dugu lehenik. Gero, adin tarte horretako umeekin aritzeko, bi adar zabalduko ditugu: batetik, haur-poesia; eta bestetik, album irudiztatuak –mutuak nahiz mutuak ez direnak−. Baina zer egin, adibidez, olerki horiekin? Olerki horiek gorputzera ekarri behar ditugu. 0-2 adin-tartean, eskuari eragiten genion, edota txalo egiten genuen; adin-tarte honetan, zer gehiago egin dezakegu gorputz-adierazpena erabiliz olerki bat transmititzeko? Erakusteko? Eta umeekin partekatzeko? Lau elementu sartuko dira beti jokoan: “Zu, ni, gorputza eta ahotsa”. Esate baterako, ‘euria’ adierazteko, goitik beherako keinu bat egin daiteke eskuko hatzekin, eta haurrei errepikaraz dakieke hori. Zergatik horrela? Hitza askoz ere errazago gogoratzen delako gorputz-adierazpen batekin edo keinu batekin lotuta dagoenean.

- 4-6: adin-tarte honetako lanetan, lehenik eta behin, aurrez egindakoa jasoko eta gordeko dugu, eta gauza berri bat sortuko eta garatuko dugu horren gainean. Edozein kasutan, errepikapena adin guztietan erabiliko dugu, memoria lantzeko modu bat delako, eta memoriak beti dakarrelako irudimena. Adin-tarte horretan ere, olerkiak eta albumak erabiliko ditugu, eta, horiek transmititzeko, dramatizazioa jorratuko dugu, eta antzerkia landuko dugu baliabide moduan, ahozko kontakizunera eramanda.

Horrekin guztiarekin, funtsean, nik nahi dudana da haurrari literaturako oinarriak bermatzea, gerora, bere bakarkako irakurketa (kodifikatua) hasten duenean, zimendu sendoak izan ditzan. Era berean, eten bat egin nahi dut gaur egun bizi dugun eguneroko abiadura frenetikoan, haur-literaturaren bitartez tarte bat hartzeko umeekin egoteko: umea, heldua eta eskuartean daukagun fikzioa; betiere, ahotsarekin presentzia emanez eta orain eta hemen egoteko espazioak sortuz. Izan ere, 0-6 adin-tartean, gauzak kontzeptutik errealitate konkretura ekartzeko modua da ahotsa. Eta elkarrekintzarako bidea irekitzen du, intimitaterakoa, isiltasunerakoa, edertasunerakoa… Eta horrek guztiak harridura sortzen du, arreta, lilura… Azken batean, horrenbeste aldiz errepikatu dugun hitzaren magia aurkitzera baikaramatza ahotsak.

Geroz baino geroz estimulu gehiagorekin bizi den gizarte honetan, haurrei dena “egina” eskaintzen zaien honetan, eten bat eginez, irudimenari ate bat zabaltzeko deia ere egin nahi nuke haur-literaturaren eskutik. Izan ere, irudimena hitzak irudira garamatza. Lehen irudira. Zentzuei eta emozioari esker barru-barruan, ariman, lehen irudia sortzeko dugun berezko ahalmenera. Ahalmen horri esker hasten da irudien makina martxan. Irudimena irudiak sortzeko ahalmena da. Iraganetik askatu, errealitatetik atera eta etorkizunerantz bultzatzen gaituen ahalmena. Nola aurreikusi, imajinatu gabe? Irudimenak sortzen dituen lehen barne-irudiak bi hariri estuki loturik daude. Zer hari dira horiek? Zentzumenak eta emozioak. Aldi berean, bai zentzumenak, bai emozioak, erabat konektaturik daude aurretiaz gorderik dugun bizipen-biltegiarekin: nolako eskarmentua izan dugun, halako esanahia emango diogu haien bidez jasotako informazio berriari. Beste era batera esanda: aurretiaz zer arrasto dugun, halakoa izango da gure pertzepzioa, eta halakoxea izango da pertzepzio hori izendatzeko erabiliko dugun hitzaren esanahia. Horrenbestez, bada, hau baiezta dezakegu zalantzarik gabe: irudimenak iraganetik eta orainetik askatzen gaitu geroa irudikatzeko, baina oroimena du sustrai, langai eta elikagai. Baina, une honetara iritsita, galdetzen diot neure buruari: zein da haur txikien aurreneko langai hori? Noiz sortzen da oroimena? Hizkuntzarekin batera? Noiz hasten da guztiarekin lotzen gaituen aurre-hizkuntza afektibo-sentsoriala indarra hartzen? Eta nolakoak dira gure etxeetako espazioak? Gure eskoletakoak? Aisialdikoak? Hizketa afektibo-sentsorial hori lantzeko tarterik badute? Poetikarik badute? Lekuak sortu ditugu berritasunaren izenean.

Lekuak bete behar ditugu, orain, gure egunerokotasunean bizitzaren poetika txertatzeko : etxean, eskolan, auzoan, plazan, kultura-etxean, bus-geltokian nahiz parkean. Egunerokoan zentzuen bidez bizi, etenik gabe sentsazio berri bila ibili beharrik ez izateko. Haur-poesia ez da irtenbide bakarra, ez da konponbide osoa, ez da panazea. Ahozko haur-poesia berreskuratzea, ordea, geure hasierako izatearen zati bat berreskuratzea da: geure ahotsa. Mintzoaren sustraia kantuan omen dago, eta munduaren galera musikaltasunaren galeratik omen dator. Has gaitezen, bada, kantuan berriro.