Partekatu, ala partekatzera behartu?

2017-11-03

Garapenari begira, haur txikiak ez dira bestearen lekuan jartzeko eta enpatia ulertzeko gai, beraz, alferrekoa da jostailuak partekatzeko eskatzea, ez baitaude horretarako prest.

 
 
Partekatu, ala partekatzera behartu?

 

Liburu berri bat erosi duzu eta tabernara zoaz hura irakur-tzera; zerbitzariak kafesnea ateratzen dizun bitartean mahaian utzi duzu liburua; beste bezero bat gerturatu da eta zure liburua hartu eta irakurtzen hasi da. Zer egingo zenuke? Sakelakoarekin mezu bat idazten ari zara, ezezagun bat etorri da eta eskuetatik kendu dizu zure telefonoa; zer egingo zenuke? Auzoko ezagun bat etorri da, eta ezer esan gabe, zure bizikleta hartu eta ospa egin du. Zer egingo zenuke?

Helduoi kosta egiten zaigu halako egoerarik imajinatzea ere. Baina haurrei egunero gertatzen zaizkie. Parkera bi kamioi atera ditu eta beste haur batek horietako bat hartzen dio. Panpinarekin jolasean ari den haurrari beste batek eskuetatik kentzen dio. Bere baimenik gabe, parkeko haurrak patinetea eramaten du... eta zer egin ohi du kasu horietan gurasoak? Askotan,  kamioia, panpina edo patinetea atera duen haurraren gurasoak, “lasai, hartu jostailua” esaten diote beste haurrari –euren seme-alabari eskuetatik kenduz, batzuetan-, “jostailuak partekatzen ikasi behar duzu”.

Baina gisa honetan, haur horrek, demagun 2, 3, 4 urteko haur horrek, ikasten al du partekatzen? Berak hala nahi duelako partekatzen al du? Partekatzea al da gurasoak jostailua kendu eta beste bati ematea?

Ane Ablanedok eta Ane Otxotekok jarritako adibideak dira goikoak. “Haurrari, bere garapenari dagokion baino lehenago partekatzeko eska-tzea alferrikakoa da”, diote irakasleek. Izan ere, adin hauetako haurrek ez dute partekatzea ulertzen, ez dute enpatia bizi, ez dute bestearen lekuan jartzeko gaitasunik. 3 urte arte Ni-aren eraikuntzan murgildurik dagoen haurrak “Ezetza” du tresna nagusi, beraz, jostailuak EZ partekatzea ere eraikuntzaren parte gisa ulertuko da. 3-4 bat urtera arte haurra ez da osoki murgiltzen beste haurrekin jolastera, artean ez da sozializazio-garaia, eta beraz, behin hurrengo etapa honetan murgildu arte, eta jostailuak jolasaren parte eta sozializazioaren parte bihurtu arte, ez du partekatzearen ideia ongi ulertzen.

Helduak haurraren jostailuak partekatzen dituenean, edo haurra partekatzera behartzen dugunean, zer ikasten du haurrak? Haurrak zer mezu jasotzen du gurasoak partekatzera behartzen duenean? “Gurasoak nire jostailua beste batek ken diezadan baimentzen du”. Helduaren asmoa zilegia da (haurrak partekatzen ikastea du helburu), baina bitartekoak –jostailua eskuetatik kendu eta besteari ematea, adibidez– egokiak dira? Orduan, zeintzuk lirateke partekatzen ikasteko bitarteko onak? Eredu ematea, adibidez, elkarrekin jolastea, heldua jaten ari zen fruta bat partekatzea...; edo pazientzia izatea eta haurrak enpatia ulertu arte partekatzea ez espero izatea; ez partekatu nahi izatea errespetatzea; bere objektuak eta bere jabetza errespetatzea; begi onez ikustea gure seme-alabak bere objektuak zaindu edo kontrolatu nahi izatea; haurrari berari galde-tzea, “Amaia, utzi nahi diozu Naiarari baloia?”; beste haurrari alternatibak eskaintzea: “Kamioi hori nahi duzu, bada orain Nereak dauka, bilatuko al dugu gustuko duzun beste zerbait?”...

Baina guraso askoren zalantza da: “Haurrari ez badiot ‘irakasten’ partekatzen, ez du inoiz ikasiko”. Otxotekok eta Ablanedok kontrakoa defendatzen dute: haurrak garatzen diren neurrian, ulertzen dute objektu bat orain begien aurrean ez izan arren, itzuliko digutela; besteekin komunikatzen eta jolasten ikasten duten neurrian, jostailuak jolasaren parte direla ulertzen dute, eta beraz, partekatzen ikasten. “Partekatu nahi ez duen haurra ez da berekoia, hori helduaren ikuspuntua da”.  

Eta zer egin, gure haurrak berea ez den jostailuarekin jolastu nahi duenean? Kasu hauetan, guraso askoren lehen erreakzioa geure haurrarekin izan ohi dugunaren kontrakoa izan ohi da: “Berea da, utziozu” —geure haurrari, “partekatu ezazu” esaten diogun bitartean—. Haurrak mezu guztiz kontrajarriak jaso-tzen ditu gurasoaren ahotik: “Nirea denean partekatzeko exijitzen dit; bestearena denean ez partekatzeko esaten dio”. Une hauek haurrari enpatia bizitzen laguntzeko balia litezke: “Galdetuko diogu ea bere jostailua utzi nahi dizun?”, “bada ez dizu utzi nahi orain, agian beste momentu batean; zuk ere, batzuetan, ez dituzu zure jostaiuak partekatu nahi izaten, eta hori errespetatzen dugun bezala, haur honen nahia ere errespetatuko dugu, ezta?”. 

 

Haurragatik ala helduagatik behartzen dugu partekatzera?

Partekatzea sozialki —hitzez bederen— aski balioetsia dagoen jarrera da, eta gurasoak erakutsi nahi izaten du bere haurrak gizarte balioak jarraitzen dituela. Baina, zergatik eskatzen –exijitzen– diogu haurrari parteka dezan? Benetan partekatzearen garrantziaz eta onuraz ohartu dadin, ala beste haurraren gurasoen aurrean gure seme-alaba ongi  hezia agertu dadin? Haurragatik ala beste helduagatik egiten dugu?

Eta zer gertatzen da bi haurrak geureak direnean? Hau da, neba-arreben artean gertatzen denean partekatu nahi ez izatea, edo batak bestearen jostailuak kentzea? Miren gelan dabil legoekin jolasten, Anerrek piezak kentzen dizkio. Zer egin ohi du gurasoak Mirenen kexaren aurrean? Normalki txikienaren alde aterako da. Baina justua al da? Horrelakoetan gomendagarria izaten da norberaren jostailuak eta etxeko jostailuak (edo guztion gauzak) bereiztea, eta lehengo formulara jotzea: Miren, partekatu nahi duzu? Miren, legoak utzi nahi ez badizkiozu, beste ze jostailu utziko diozu Anerri? Ezer utzi nahi ez badio, ez uzte horren atzean beste zerbait egon ote daitekeen behatu —zeloak?—. 

Haur txikiak ezin du, baina helduak badu enpatia-gaitasuna: jarri haurraren lekuan. Nola sentituko ginateke gure amak, aitak, bikotekideak gure autoa, tableta, sakelakoa, liburua, bizikleta... beste bati utziko balio?