Haurraren beharrak eta erritmoak benetan errespetatzen direnean

2017-11-24

Berrikuntza pedagogikoaren eredu da Arbizuko Kattuka Udal haur-eskola. Ratio handiak eta behar baino baliabide urriagoak izanagatik, haurrak osoki errespetatuz zaintzen dituzte hezitzaile formatuek.

 
 
Haurraren beharrak eta erritmoak benetan errespetatzen direnean

 

Nik uste nuen Kattukan nire semea hezitzailearen kuttunena zela, baina gerora ohartu nintzen familia guztiek daukagula sentimendu hori”.  Arbizuko Udal haur-eskolan lau hilabete zeramatzan haur baten amaren sentimendua da hori. “Euren seme-alabak hezitzaileontzat zeinen inportanteak diren ulertzeak adierazten digu bide onetik ari garela lanean”. Azkenok Eider Garderen hi-tzak dira, Kattukako zuzendariarenak.

Mimoz, txeraz, goxotasunez baina, aldi berean, kritikotasunez, zuhurtziaz mintzo dira Kattuka haur-eskolako hezitzaileak euren lanaz, haurren ongizateaz, haurren erritmoak errespetatzeaz –eta horrek bene-benetan esan nahi duenaz—. Kattuka erreferentziazko haur-eskola bat da Euskal Herrian. Juanjo Quintela haur-psikologoaren arabera, haur-eskolen I+G+B (Ikerketa + Garapena + Berrikuntza).  “Posible da, zailtasunekin, zailtasun handiekin eta konpromisoarekin, baina posible da haurrak ongi, oso ongi, zainduak eta errespetatuak izatea; euren beharrak eta erritmoak aseak izatea posible da”, Garderen hitzak dira, baina lan-talde osoarenak lirateke. “Posible da ratio handiak —handiegiak!— izanagatik haurrak ongi zaintzea,  lan taldearen konpromisoarekin, talde lana ezinbestekoa baita; oinarria, Kattukaren oinarria taldea da, banakotasunak profesionalki ez du baliorik”. 

2011n ireki zituen ateak Kattuka Udal haur-eskolak Arbizun, kudeaketa pedagogikoa eta langile kudeaketa eramateko deialdi publikoan aurkeztu zuten proiektua, eta Sakanako 0-3 bitarteko haurrei eta haien familiei ematen die arreta. 36 haurrekin abiatu zuten proiektua eta 72 haur dituzte egun. Baina ez du ematen. “Jendea sartzen da Kattukan eta esaten digute, ‘haur gutxi dauzkazue, ezta?’ Eta ez, 72 haur ditugu, baina ez da oihurik entzuten, lasaitsuna sumatzen da”. Haurrek jasotzen duten lasaitasuna ateratzen dute, imitatu egiten dute”. Egon badaude gatazkak Kattukan, eta negarrak... “Izaten dira momentuak haur bat negarrez hasten dena, eta ondokoak elkarri joka, baina hezi-
tzailearengandik ez da inoiz oihurik aterako, hezitzailearen ahotsa ez duzu sekula entzungo”
.

Kattukako hezitzaileek ikaragarri hausnartu eta landu dute euren egitekoaz. Sorreratik ezinegon pedagogiko bat asetzeko beharra izan dute sortzaileek eta ondoren etorri diren hezitzaile guztiek. “Hezkuntza proiektu gehienetan agertzen da haurraren erritmoa errespetatzen dela, eta ohartu ginen edonon edonola esaten den esaldi horrek berebiziko garrantzia duela. Baina berez, pentsatuz gero zer den haurraren erritmoa errespetatzea, eta zein den haurraren erritmoa, kolokan jartzen da egun horretara arte ezagutzen dugun hezitzailearen esku-hartzea. Asko aldatzen da jarrera”. Behaketa, hausnarketa, eztabaida eta formazioa izan dira euren lana etengabe hobetzeko giltza. Eta horren guztiaren emaitza hezitzaile orekatuak dira: “Haurrek haur eskolan heldu erreferentzialetatik jasotzen dutena orekatua izango da, neurtua da. Edozein haurrek helduarengandik jasotzen duena badakit egokia dela, helduaren hitz egiteko modua, haurrak jasotzen duen mezua, bere irudi pertsonala eraikitzen laguntzen dion edozer iruzkin neurtua dago, beraz, badakit hemen jasotzen duena egokia dela”.

Formazioaren zutabeetako bat, eta ondorioz Kattukaren nortasunaren adierazleetako bat, gaur egun, mugimendu autonomo librea da. Hik Hasik antolaturiko Myrtha Choklerren hitzaldi batek argi eman zien hezi-tzaileei, eta hortik bideratu izan dute nagusiki euren formazioa. “Haurren mugimendu askeari buruzko formazio batek begiak ireki zizkigun, hezitzaileon esku zer dagoen ikusi genuen. Lehen aldiz orduan entzun genuen Pikler-Loczy izena, mugimenduaren garapena erabat autonomoa eta genetikoa zela lehen aldiz entzun genuen”. Bide horretatik hasi ziren lanean, eta euren burua formatzen. “Gerora 2013an ekipo osoa Budapestera joan ginen, eta zaintza, motrizitatea, jolasa eta hezitzailearen jarreraren inguruan, gertutik, Budapesten beraien ahotik entzun genuen. Haurra eta haurraren inguruko guztia kontuan hartzen duen pedagogia bat da Pikler-Loczy, han ikusi genuen ez dela mugimendu librea bakarrik, ez da laberintoa, piramidea... askoz harago zihoala ulertu genuen bidaia hartan, eta bueltan hausnartzen hasi ginen”.

Ordutik ikuspegi pikleriarretik egiten dute lan Kattukan, haurra bere osotasunean hartuz. Arbizuko haur-eskolan haurrak ez dira ez eserrarazten ez zutiarazten eurek euren kabuz egin dezaketen arte, haurrak ez dira bertikalizatzen ez jateko ez jolasteko, ez eskuetatik helduta ibiltzen ikasteko… baina Loczyn funtsezkotzat dituzten beste hiru puntuak ere  —hezitzaileen begirada, zaintza-uneen garrantzia eta jolasa— garrantzitsuak dira Kattukan. 

 

Helduaren rolaren garrantziaz

Haurrekiko eguneroko lanean garrantzitsuak diren puntu guztiak aski hausnartuak eta eztabaidatuak dituzte hezitzaileen artean. Helduaren jarreraz, lan egiteko moduaz, asko hausnartu dute. “Helduaren jarrerari esker hainbat baliabide garatzen ditu haurrak, egunerokotasunean sor-tzen diren zailtasunei aurre egiteko baliagarri zaizkienak. Eta horretan saiatzen gara gu, tresnak ematen, haurren gaitasunetan sinetsi eta tresnak ematen. Ez eman arraina, eman kainabera”. 

Asko hausnartu dute eta formatu dira, halaber, egunerokotasunean haurraren nortasuna eraikitzeko garrantzitsuak diren beste gauza batzuetan ere, higieneaz, pardel aldaketaz, gatazka egoeretako esku-hartzeaz…behaketa eta eztabaida sakonen ondoren, erabakiak hartu eta protokolo batean idatziak dituzte. “Argi geneukan protokoloa idatzi behar genuela. Hausnarketa eta talde lana gure lanaren punturik garrantzitsuenak izanda, idatzi egin behar genituen. Esaten dena ez baita inon gelditzen”.

Protokoloa helduleku eta lan-tresna garrantzitsua da hezitzaileentzat, momentu kritiko eta estres handiko asko bizi baitituzte. Ratio handiak dituzte —Budapestekoen hirukoi-tzak—: 16 haur daude titikoen gelan; 1-2 urtekoen gelan 24 haur, eta 2-3 urtekoen gelan, 26. Orotara zortzi hezitzaile daude 72 haurrentzako. “Talde oso handiak ditugu, familia asko eta oso desberdinak, estres handia bizi dugu... eta egunerokotasunak jan egiten gaitu. Tentsio eta antsietate momentu handiak bizi ditugu... erabakiak, protokoloa, eta kidearen kanpoko begirada askotan oso lagungarria izan daiteke norberaren lanerako”. Ane Oterminen arabera, “estresak eramaten zaitu kontzientzia galtzera, beraz ez badago idatzita eta jasota, are errazago galtzen duzu iparra”.

Seguru dabiltz haurrak korridoreetan, eskuak hareatzan sartuta irri egiten digute ezezagunoi. Bero egiten du eta pardel hutsean dabiltz uztail hasiera honetan. Kattukako haurrei ikusten zaie motrizitatea errespetatu zaiela, eta haur txikien motrizitatea errespetatzea ez da mugimendu kontua soilik. “Erabakitzeko gaitasuna dutela kontziente dira hemengo haurrak, erabakitzen uzten zaiela badakite. Badakite marko bat badagoela jasotzen dituena, muga batzuk daudela, egitura bat dagoela, eta horren baitan libreak direla sentitzen dute. Nabaritzen zaie aspektu guztietan, elkarrizketetan... eskolako helduarekin zer-nolako harremana duten, zukako elkarrizketak dira, parekoak, pertsonatik pertsonara... jasotzen dutena, segurtasuna, oreka, lasaitasuna... transmititzen dute”.

Motrizitatean ez da mugimenduen abilezia bakarrik islatzen, islatzen da, baita ere haurraren nortasuna, “islatzen da, baita ere, leku egin zaiola haur horrek adierazi nahi duen horri, baina islatzen da baita ere bazkarian, islatzen da elkarrizketetan, harremanetan, lokartzeko orduan.... Kattukan ematen den bizitzako alor guztietan”, azaldu du Gardek. Haurrek adierazteko askatasuna dute Kattukan, poza eta plazera bezala, negarra eta haserrea adierazten dituzte, “helduak ez du sentimendu hori erreprimitzen —ez bada eraso gogor bat, bai ala bai geldiarazi beharrekoa—.” 

 

Familiekiko harremana

72 haur dituzte Kattukan, eta haur horietako bakoitzak bere familia du. “Oso desberdinak guztiak”, diote hezitzaileek. “Errespetatu behar dira familiak nondik datozen, eta eskolak zer egin dezakeen. Guk beti aldarrikatzen dugu hemen gauzak nola egiten ditugun, eta nola egingo den, eta beti ematen dira gai bakoitzaren inguruko argudioak, baina familiak errespetatu egin behar dira.” Batzuetan etxetik dakartzaten ohiturak eta eskolako egiteko modua bat datoz, baina ez da beti horrela gertatzen. “Batzuetan ikusten dugu familia harbera dagoela, eta komentatzen diegu haurra hobeto egon daitekeela horizontalean, bere kabuz zutik edo eserita jartzeko gai ez bada... beste familia batzuek ez dute ulertzen eta ez dute onartzen. Gero eta gehiago ikusten dute familiek Kattukan espezializazio handia dugula”.

Haur-eskola guztietan bezala, haur askok euren familiekin adina ordu –edo gehiago– igarotzen dituzte batzuetan hezitzaileekin. “Gurasoak ohartzen direnean euren seme-alaben bizitzetan hezitzaileok oso per-tsona inportanteak garela, kontuan hartzen gaituzte. Hasieran familiek uste izaten dute hau dela leku bat, eurek lan egin behar duten bitartean umeak uztekoa. Eta gero ikusten dutenean hezitzaileon inplikazioa, interesa, euren haurrekiko interesa, ikusten dutenean guretzat euren haurra ez dela bat gehiago, haur bakoitzak bere berezitasuna duela, eta haur bakoitzarekiko harremana berezia dela... segituan hartzen gaituzte aintzat. Azken batean, hezitzaileok ere beraien haurren bizitzetako heldu garrantzitsuak izango gara. Gurekin ordu asko emango dituzte. Eta garrantzitsua da familien eta hezitzaileen arteko harremana benetakoa izatea”.

 

Gizartea eta haziera

Baina ez da familia guztiekin erraza izaten. Familia guztiek ez dute haurren ikuspegi bera partekatzen, haurrarekiko begirunea eta haren erritmoekiko eta beharrekiko errespetua berdin ulertzen. Oro har, gizarte mailan ere, haurtzaroa beste prisma batetik ikusten dela diote Kattukako hezitzaileek, eta ezagutza eskasa dagoela haurraren eta horren garapenaren inguruan: “Jende askok pentsa-tzen du haurrak ez direla enteratzen, ez direla gauzetaz konturatzen... eta ez da horrela. Gizarte mailan haurraren garapenari eta autonomiari buruz oso konfundituta gaude. Oro har, jendeak ez daki haurrak nola gara-tzen diren eta zer den garrantzitsua haurren garapenerako. Jendarteak ez daki, familiek ez dakite eta pediatra gehienek ere ez dakite”.

Ratio handiekin, baliabide urriekin, lan-jardunaldi luzeekin eta gizartean bestelako haziera-ereduak nagusi direlarik ere posible da haurrak, haien beharrak eta erritmoak errespetatuz haur-eskolan oso ongi zaintzea. Eta horretarako ez dago Budapesteraino joan beharrik.