ESKOLAKO PATIOA. Ikasle guztiei leku egin nahian
Heziketarako gune bat gehiago da eskolako patioa. Inork ez du hori zalantzan jartzen, baina ikasle, irakasle nahiz guraso zenbaiten artean kezka nagusitu da haren erabileraren inguruan. Patioek benetan haurrek dituzten premiei erantzuten ote diete? Zein balio gailentzen dira? Zer-nolako jolasak, kirolak eta ikaskuntzak indartzen dira? Hainbat ikastetxetan hasiak dira patioaren inguruan hausnartzen, espazioaren antolaketa modu berriak planteatzen, eta eraldaketak gauzatzen. Horietako bi esperientzia ekarri ditugu orriotara: Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolakoa, bata; eta Duranako Ikasbidea Ikastolarena, bestea.
Asfaltoa eta hormigoia luze-zabal osoan, futbol-zelaia erdi-erdian, eta kasurik onenean, saskibaloiko kantxaren bat bazterren batean. Eskola gehienetako patioaren argazkia antzekoa da. Estandarizatutako eredua errepikatzen da han eta hemen; izan Bilboko ikastetxe handi batean edota Arratiako zentro txikiago batean, kontuan izan gabe zein testuingurutan dagoen eskola.
Inork ez du zalantzan jartzen heziketarako gune bat gehiago dela eskolako patioa. Besteak beste, espazio publikoa erabiltzen eta harreman sozialak garatzen ikasten dute bertan haur zein nerabeek. Ikasle, irakasle nahiz gurasoen artean, ordea, bada kezka patioen erabileraren inguruan. Zer-nolako rolak erreproduzitzen dituzte beroietan ikasleek? Zer-nolako harremanak izaten dituzte? Adin guztietarako baliagarriak ote dira? Patioek benetan haurrek dituzten premiei erantzuten ote diete? Zein balio nagusitzen dira? Zer-nolako jolasak, kirolak eta ikaskuntzak indartzen dira?
Hainbat ikastetxetan hasiak dira patioaren inguruan hausnartzen, espazioaren antolaketa modu berriak planteatzen, eta eraldaketak gauzatzen. Haurrak eta nerabeak patioan benetan ikasten ari diren horren inguruan eta barneratzen ari diren balioen gainean gogoeta egitea dute jomuga, eta ahal dela, ikasle guztien premiak asetuko dituzten espazioak antolatzea, patioa ere balio hezitzaileak barneratzeko gune eta harreman gizatiarrak sustatuko dituen eremu izan dadin.
Eskolarik gehienetan orduerdiko atsedenaldia izan ohi dute ikasleek goizean patioan igarotzeko, baina horrez gain, eguerdi partean ere haur gehienak eskolako jantokian geratu ohi dira bazkaltzen, eta beraz, beste bi ordu inguru pasa ohi dituzte patioan. Ikastetxe batzuetan, gainera, gorputz-heziketarako ere eremu hori bera erabiltzen dute; eta badira kasuak arratsaldeko aisialdi orduetan ere espazio berbera erabiltzen dutenak. Beraz, eskola-egunetan umeek bi ordu eta lau ordu artean igaro ditzakete eskolako patioetan. Beste edozein arlo curricularri eskaintzen zaion adina denbora edo gehiago. Merezi du, hortaz, gogoeta egitea haurrek eta nerabeek patioan barneratzen duten horren guztiaren inguruan.
Futbola, jaun eta jabe
Nahiz eta zenbait ikastetxetan aldaketak egiten hasiak diren, oro har, eskoletako patioetan egin diren esku-hartzeak
—izan azpiegiturei dagokienez nahiz antolatutako joko-jolasei dagokienez— oso urriak dira. Eremu publiko batean, hau da, toki komunitario batean —eta, zer da bada eskolako patioa?—, espazioaren zatirik handiena jarduera bakar baterako erabiltzen denean, mezu argia igortzen da: jarduera horrek zer-nolako garrantzia eta gailentasuna duen gizarte horretan. Futbola da jarduera nagusi hori ia heziketa-zentro guztietan. Patioaren erdigunean gizonezkoak ibili ohi dira batez ere, gehienetan futbolean. Sarri, gainera, zelai horretan ez da edozein mutilentzako ere lekurik izaten; nagusienak eta indartsuenak gailendu ohi dira. Beste ikasle guztiak —ia neska denak eta mutil batzuk— futbol-eremu horren inguruan egon ohi dira, kontutan edo pasieran, ikasle kide gizonezkoei zentralitate eta protagonismo osoa emanaz. Gaur egungo patioen egiturarekin eta erabilerarekin kritiko diren ahotsek salatzen dutenez, jolas-denboran bazterrean geratzen diren ikasle horiek espazio publikoaren gune nagusia —eta bide batez boterea— mutil zaharrenei eta indartsuenei uzten ikasten dute, eta denboraren iraganaren poderioz, besteen jokoaren ikusle huts bilakatzen dira; pasibo, besteak ekintzaile diren bitartean. Hala, patioko periferietan dauden pertsona horiek eta haien jolas zein jarduerak bigarren plano batean geratzen dira eta gainontzeko kideentzat ikusezin bilakatzen dira.
Sarri, gainera, patioko garaia gela barruan geldirik egon ostean, energia askatzeko denbora bilakatzen da, mugimendu askokoa, eta maiz, burrundara eta nahas-masa handikoa; eta testuinguru horretan, zentro ugaritan gatazkak ere nabarmen igo ohi dira atsedenaldi orduetan. Egoera horiek baretzeko bitarteko gisa, zenbait ikastetxetan kirolak berebiziko garrantzia hartu ohi du patio orduetan, eta hori oso gogoko dute ikasle askok. Baina horrek ere badu bere infrentzua, joko lasaiagoak eta hain lehiakorrak ez direnak gustukoago dituzten ikasleak bigarren mailan geratzen baitira, eta, maiz, ez baitira kontuan hartzen.
Beraz, kontzienteki pentsatua eta diseinatua izan ez arren, esan daiteke patioak ere baduela bere curriculuma, ezkutukoa gehienetan. Izan ere, eskola-egunaren baitako denbora-librerik gehiena bertan igarotzen dute ikasleek eta bertan gertatzen dira haurren eta nerabeen arteko harreman ez-formalik esanguratsuenak: espazio publikoko rolak eta balioak erreproduzitzen dira. Hortaz, patioaren gaian eskurik ez hartzea edota ezer ez egitea, asko egitea izan daiteke: horrek gauzek lehen bezala jarraitzea eta status quo-a mantentzea esan nahiko luke, ikasleen artean dagoen aniztasunari muziz eginaz, eta haur zein nerabe denen premiak kontuan izan gabe. Baina, hori ote da eskoletan desiratzen dena? Bat ote dator patioetako errealitate hori gaur egun ikastetxe gehienek dituzten hezkuntza proiektuekin? Nola lortu daiteke patioa eskolako gune hezitzaile bat gehiago izatea? Zer egin patioa gizarte demokratiko gisara sustatu nahi diren balioen transmisore izateko?
Haurrei hitza eman eta bestelako errealitateak irudikatu
Geroz baino geroz ikastetxe gehiagotan ari dira patioaren inguruan hausnartzen eta aldaketa txikiak nahiz handixeagoak txertatzen: zentro batzuetan zuzendaritzak sustatuta; beste batzuetan gurasoen eskariz; kanpoko aholkularitzen laguntzaz hainbatetan eta eskola-komunitateak koordinatuta zenbaitetan.
Patioen inguruan hausnarketa bultzatzen eta eskoletan eraldaketak bideratzen dihardute, esaterako, Ttipi Studioko kideek —Ane Abarrategik, Manuela Abasolok eta Itsaso Larramendik—. Patioetako errealitatea zein zen ikusirik, espazio horiek fisikoki zein filosofikoki eraldatzeko proiektu bat martxan jartzea erabaki zuten: Elkartoki proiektua, hain zuzen. Denontzako patioa elkarrekin diseinatzeko egitasmoa ari dira garatzen, jabeturik “patio guztiak direla berdinak”, eta beroietan sortzen diren harreman gehienak ez direla kalitatezkoak, eta ez patioaren egiturak eta diseinuak ez dituelako ordezkatzen bertan dauden komunitate guztien identitateak. Xedea da umea erdigunean jartzea eta haiekin prozesu bat egitea: lehenik, patioan zer-nolako bizipenak dituzten ikusteko eta nolako harremanak garatzen dituzten jakiteko; eta, bigarrenik, sorkuntza eta diseinu tailerren bitartez ikasleek eurek eskolako patioaren espazioaren egituran eta erabileran eragin dezaten.
Umeak protagonista izanik, patioaren inguruko hausnarketaren eta eragite prozesuaren beraren indarra azpimarratzen dute Elkartoki egitasmoaren sustatzaileek: “Haurrekin elkartzen gara patioaren inguruan gogoeta egiteko eta ideiak botatzeko. Prozesuan jartzen dugu azpimarra eta prozesu horren baitan parte-hartzeak berebiziko garrantzia hartzen du. Prozesua bera pedagogikoa da eta artearen erabilerari eta sorkuntzari garrantzia ematen diogu”, argitzen du Abarrategik. Eusko Jaurlaritzak deituriko diru-laguntza deialdi baten markoan sortu zuten Elkartoki proiektua eta bere bitartez sare guztietako eskolei patioaren inguruan hausnartzeko eta eraldaketa bultzatzeko prozesuak egiten laguntzen diete.
Elkartoki egitasmoa, hasiera batean behintzat, LHko eta DBHko ikasleekin lan egiteko dago pentsatua. Baina Abarrategi, Abasolo eta Larramendi kontziente dira haur zein nerabeekin beste modu batera egin behar dutela lan. Zuzenean zer nahi duten galdetuz gero, edonork bezala, ikasleek ere ezagutzen duten horretatik abiaturik emango dituztelako erantzunak. Horrexegatik, irudimena lantzeari eta bestelako errealitateak imajinatzeari sekulako garrantzia ematen diote, eta, maiz, artistak eramaten dituzte eskoletara eta erresidentzia artistikoen antzekoak egiten dituzte: “Artistekin egiten dugun lanketa horren bidez, bestelako subjektibitateak lantzen saiatzen gara. Agian ez dugulako erabaki behar futbol zelai bat edo bankuak jarri nahi ditugun gure patioan, baizik eta asmatu behar dugulako beste zerbait erabat diferentea, gure barneko premia, nahi eta desioen isla izango dena”. Arte sorkuntzak horretan laguntzen die. “Modu iraunkorrean egiten dute lan artistek eskoletan. Hala, beste harreman mota bat sortzen da, bai eskolaren eta artistaren artean, bai artistaren eta umeen artean, eta baita umeen eta eskolaren artean ere. Horrek patioaren eraldaketan eskola-komunitate osoari beste modu batera inplikatzeko aukera ematen dio”, gaineratzen du Abasolok.
Abarrategik azpimarratzen duenez, artearen lanketak balio die, era berean, utopiaren mundura jauzi egiteko eta beste era bateko errealitateak irudikatzen hasteko. Izan ere, ohikoa izan ohi da espazioaren eraldake fisikoarekin “obsesionatzea”, jabetu barik askotan aldaketa oso txikiekin ideia mailan eta jarduera mailan iraultza handia egin daitekeela: “Sarri, hardware-ari soilik erreparatzen diogu, baina software-an ere arreta jarriz —harremanetan, arauetan, espazio horretan egiten diren jolasetan, materialetan… —, sekulako aldaketak etor daitezke”. Azpiegiturak aldatzea soilik helburu izatea edota ahalik eta baliabide gehien jartzea patioan, etxea teilatutik eraikitzen hastea bezala litzatekeela diote, patioaren eraldaketarako funtsa bertan dauden pertsonen artean eraikitzen diren harremanak liratekeelako. Beraz, patioaren inguruan edozein eraldaketa prozesu hasi baino lehen, abiapuntuko galdera batekin hastea proposatzen dute Abarrategik, Abasolok eta Larramendik: Zer-nolako harremanak sustatu nahi ditugu patio orduetan? Zer-nolako dinamikak emango dira patioko kolektiboaren baitan?
Horrexegatik, prozesuan zehar ariketa asko egiten dituzte indibidualitatearekin eta kolektibitatearekin loturiko desioak lantzeko. “Niri zer gustatzen zait egitea? Eta non egoten naiz patioan? Norekin? Nola sentitzen naiz eroso? Era horretako galderak egiten ditugu aztertzeko eskenatoki desiratu horretaz umeek zer esaten duten. Diagnostiko horretan behin eta berriz ikusi duguna izan da badagoela gehiengo bat patioaren periferian egoten dena, talde txikitan, apur bat baztertuta balego moduan; eta, bestetik, badagoela ikasleen zati txikiago bat patioaren azalera osoa erabiltzen duena, normalki futbol-zelai gisara. Horiek dira aktiboak, protagonismoa daukatenak, gizonezkoak, autoritatea esleitzen zaienak… eta beste guztia dago horren mende. Futbolaren logikatik kanpo dauden jolas eta jokoak, normalki, bazterrean geratzen dira, bigarren mailan, ikusgarritasunik gabe… eta horietan dabiltzan haur eta nerabeak beste horrenbeste. Beraz, gu ahalegintzen gara beste jolas horiek ere zentralitatea har dezaten eta periferian dauden pertsona horiek ere erdigunera igaro daitezen zer egin behar dugun ikusten”.
Izan ere, Elkartoki proiektuaren bidez ikertu ahal izan dutenez, askotan, periferian egoten diren haur eta nerabe horiek ez dute parte hartzen, ez dute jolasten, ez dira aktibo… baina Ttipi Studioko kideen esanetan, hori maiz gertatzen da horretarako aukerarik ez dutelako, ez zaielako eskubide hori aitortzen, eta ez delako guztien parte-hartze hori ahalbidetuko duen errealitaterik sortzen. Aldiz, patioa imajinatu ahalko balitz herriko plaza baten antzerako, elkartrukerako espazio publiko baten gisara, parke baten moduan, naturarekin harremanean dagoena eta abenturarako aukerak ematen dituena… akaso kontuak beste era batekoak izango lirateke. “Horregatik da garrantzitsua utopiak eraikitzea eta utopien diseinu horretan haurrei protagonismoa ematea. Baina horrez gain, eskola bakoitzak bere proiektu pedagogikoaren arabera zer-nolako utopia daukan ere ikertu behar da, patioa txertatuta egon behar delako eskola bakoitzeko proiektu pedagogikoan”.
Zein ezaugarri izan beharko lituzke patio desiragarri batek?
Eskola zenbaitetan hasiak dira, futbolaz gaindi, bestelako kirol batzuk ere sustatzen patio orduetan, hala haur guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Beste ikastetxe zenbaitetan azpiegiturak dibertsifikatzeko lanean dihardute, sinetsita adin bakoitzeko beharrei erantzun behar zaiela eta baita ikasleen aniztasun osoari ere. Zentzu horretan, patioa ikastetxeko espazio hezitzaile bat gehiago gisara hartzeko saiakerak badira. Jabeturik, gainera, aire librean dagoen eremu bat denez, gune pribilegiatua izan daitekeela zenbait esperientzia bizitzeko eta hainbat ikaskuntza barneratzeko, beti ere, ume guztien etapa diferenteetako premiei erantzuten saiatuz. Adituek patio bat eraldatzeko edo eraikitzeko orduan kontuan izan beharreko hainbat ezaugarri nabarmentzen dituzte:
- Mugimendua sustatuko duten espazioak: Haur askok euren psikomotrizitatea garatzeko eta mugitzeko aukera emango dieten eremuak behar izaten dituzte. Horretarako eskalatzeko guneak, korrika egitekoak, saltoka ibiltzekoak, zirkuitu ezberdinak… jartzea gomendatzen dute.
- Espazio naturalak eta hondartegia: Bereziki eskolako lehen urteetan naturarekin kontaktua izatea garrantzitsua da; horretarako, eskolako patioan espazio berdeei leku egin dakieke eta egurrez, landarez, harriz… hornitu. Zentzu horretan, jolaserako, esploraziorako eta esperimentazio indibidual nahiz kolektiborako aukera handia ematen duen eremua hondartegia izan ohi da. Eskola zenbaitetan, berriz, baratzak ezartzen ere ari dira naturaren eta bizitzaren zikloak esperimentatzeko ez ezik, zaintzen ikasteko ere balio dutelako.
- Jolas sinbolikorako eremuak: Haurren garapeneko fase batean jolas-sinbolikoak berebiziko garrantzia hartzen du, eta, beraz, ahal izanez gero horretarako eremuak ezartzea aholkatzen dute adituek. Beti ere, material egituratu gabeak eta naturalak lehenetsiz; eta aldi berean, era bateko zein besteko txokoak, gordelekuak eta intimitatean egoteko eremuak sortuz.
- Kirol eta jolas desberdinak: Patioan futbolaz gain, bestelako kirolak ez ezik, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren jolasak egiteko aukerak irekitzea ere egokia izan daiteke; hala nola, soka-saltoa, ezkutaketako jolasak, harrapaketakoak, pilotakoak…
- Mahai jokoak eta jolas lasaiak: Oro har gelan geldirik egon arren, patio orduan ere haur zenbaitek nahiago izaten dute lasai egotea, pasiatzea edo kontutan aritzea. Denbora libre hori modu ludikoan eta lasaian igarotzeko ezin egokiagoak izan daitezke mahai-jokoak, eskola gehienetan eskuragarri izan ohi direnak. Eta aukera bat izan liteke horiek patiora ateratzea.
Azken batean, Elkartoki egitasmoko kideek azpimarra-tzen duten moduan, xedea da patioari garrantzia ematea eta espazio hori denona dela ulertzea; eta beraz, denen premiei erantzuteko moduak bilatzen eta haur guztiak barne hartuko dituen eremuak eraikitzen ahalegintzea. Horrexegatik, zuzenean eskola komunitateko partaideekin, eta bereziki ikasleekin lan egiten duten arren, Elkartokiren baitan hainbat irizpide izaten dituzte kontuan patioen lanketa egiterako orduan. Irizpide horietako bat da genero berdintasuna: “Elkartokiren prozesu batetik ikasleek ezingo lukete diseinatu belar artifizialdun futbol-zelai bat, ez litzatekeelako inklusiboa, alegia, ez lukeelako eskolako aniztasuna barne hartuko”. Bigarrenik, prozesua esperimentaziozkoa izatea ere ezinbestekoa da: “Esperimentala diogunean ez gara ari esaten edozein erokeriari bide eman behar diogunik, baina bai akaso ohiko dinamiketatik atera eta beste era bateko espazioak irudikatzen ahalegindu behar dugula”. Haur zein nerabeak zentroan jartzea da hirugarren eta azken irizpide nagusia: “Umeak izango dira edukiz betetzen dutenak espazio hori, hau da, esango dutenak zer-nolako espazioa nahi duten, eta erabakitzea ere euren esku egongo da”. Prozesu horrek berak eraldaketa dakar sarri, harreman horizontalagoak sortzen direlako eta ordura arte isilik egon diren ahotsak entzun egiten direlako.
Eta ikastetxeetan patioaren inguruan egiten den lanketak badu eraginik. Getxoko San Nikolas ikastolan, esaterako, bost patioetatik hirutan egin zuten eraldaketa-prozesua ikasleekin. Patio horiek guztiz planoak ziren, porlanezkoak, altzaririk gabekoak —pare bat saski besterik ez—... Ikasleek eurek, patioa apaintzeaz gainera, hainbat elementu sortu zituzten eta “patioa kolonizatu” zuten, baloia albo batera utzi eta ordura arte egiten ez zituzten joko eta jolasak egin ahal izateko. Prozesuak horrenbesteko eragina izan du, ezen umeek eurek eskatu baitute oraintsu baloirik ez egotea patioan, edota behintzat espazioaren zati bat futbolik gabeko gune izatea. “Prozesuari esker badago eragina espazioan, baina espazioaren eraldaketak berak ere utzi du arrastorik proiektuan parte hartu duten kideengan. Izan ere, Elkartoki proiektuaren bidez beste modu batean egoteko eta jardutego guneak sortu ditugu. Futbolaren zentralitatea apurtu dugu, baina ez hori bakarrik, haurrak eurak ere jabetu dira espazioaren garrantziaz eta ulertu dute hor eragin dezaketela eta erabakiak hartu, eta badaudela baloiaren zentralitatetik harago egin ditzaketen beste gauza batzuk”.
Bi eskola, eraldatzeko bi modu
Haur Hezkuntzako jardunean egiten hasi ziren aldaketa metodologikoaren harira jarri zuten eskolako jolastokiaren gaia mahai gainean Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolan. Era berean, Azpeitiaren, Azkoitiaren eta Zestoaren arteko hezkidetza foroan ere patioaren gaiaz hausnartzen jardunak ziren, ikusirik ikasle batzuen beharrei edo nahiei soilik erantzuten ziela eta ez zuela aniztasuna kontuan hartzen. “Pedagogiaren eta metodologiaren inguruan gogoeta egiten hasi ginenean argi ikusi genuen guretzat jolastokiak hezkuntza proiektuan txertaturiko zerbait izan behar zuela, eta ez orduerdi bertan igarotzeko eta gela barruan pilatutako energia guztia kanporatzeko toki bat soilik”, dio Mikel Olaizola Karmelo Etxegaraiko aholkulariak. Hala, zementoan oinarritutako HHko patioa —guztiz irekia, jolas erabat bideratua sustatzen zuena, ezkutatzeko eta intimitaterako lekurik ez zeukana, naturako elementurik gabea...—, erabat eraldatu dute hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzearekin, Udalaren laguntzarekin eta Elkartoki proiektuaren ahol-kularitzapean. Orain, organikoa da: zuhaitzak eta berdeguneak ditu; egurrak, harriak eta hondartegia; landareak eta baratza; rokodromoa, aldapak eta txirristra; elementu ez egituratuak; eta eremu zabalxeago bat —nahi bada futbolean edo beste kirol nahiz jokoren batean jarduteko—. “Haurren premietan oinarritzen saiatu gara, ume guztiei leku egiten, zuzendu gabeko jolasa nahiz manipulazioa sustatzen, adin desberdinetako umeen arteko harremanak ahalbideratzen eta imajinazioari toki egiten”.
Hasierako asmoa Haur Hezkuntzako nahiz Lehen Hezkuntzako patioak, biak, eraldatzea bazen ere, momentuz, HHkoan soilik egin ahal izan dute birmoldaketa, besteak beste, LHkoan bi futbol-zelai eta beste bi saskibaloiko kantxa daudelako eta arratsaldetan nahiz asteburuetan beroietan eskola-kiroleko jarduerak egiten direlako. “Aspaldi hasi ginen LHn ere ‘baloirik gabeko eguna’ ekimenarekin, jolas kooperatiboekin eta patiorako bestelako alternatibekin. Baina ikusi genuen motz geratzen zela, balio sinbolikoa zuela beste ezer baino gehiago, eta horregatik nahi izan dugu aldaketa LHko patiora ere eraman. Baina momentuz, bere horretan uztea erabaki dugu, gure eskumenekoak ez diren beste auzi batzuk ere tartean sartzen direlako”.
Hala, Haur Hezkuntzako patioaren gaiari heldu zioten Karmelo Etxegarai Ikastolan. Proiektu bat idatzi zuten eta Udalera jo zuten aurkeztera, eskolako azpiegiturak harenak baitira. Hasierako proiektuan hainbat irizpide orokor idatzi zituzten: berdeguneak edukitzea, jolas aniztasunari bide ematea, mugimendua sustatzea... baina hasierako zirriborroa eraldaketa guztia dirutan zenbat kosta zitekeen pentsatu gabe idatzi zuten. “Gure proposamena izan zen Udalak baliabide ekonomikoak jartzea eta gainontzekoa auzolanean egitea. Eta gure proiektuak oso harrera ona izan zuen Udalean”.
Udalarekin negoziazio horietan ari zirela Elkartokiko proposamena jaso zuten, eta hasiera batean hura LH eta DBHra zuzenduta bazegoen ere, proiektua bidali eta parte hartzeko eskaria egitea erabaki zuten. Bereziki, parte-hartze prozesua bideratu zuten Elkartokiko kideek. Karmelo Etxegaraiko patioaren eraldaketak abiapuntua zuzendaritza-taldean izan bazuen ere, irakasleak, ikasleak zein gurasoak, guztiak izan ditu partaide. Irakasleen artean egin zuten lanketa lehenik eta gero haiek haurrekin gaiaz hitz egiten hasi ziren, eta kanpora irtenda gogoeta egiten: zein txoko gustatzen zitzaien gehien, non ibiltzen ziren jolasean, non sentitzen ziren hobekien, zer gauza gehiago egin eta eduki nahiko lituzketen patioan... “Ametsetako irudikapenak egin zituzten haurrek irakasleen laguntzaz”. Azkenik, gurasoek ere parte hartu zuten patio berriaren diseinuan, eta bereziki auzolanean: “Gurasoei deia egin genien eta 80 lagun etorri ziren, sekulako jakinminarekin, eraldaketarako gogoarekin eta auzolanerako grinarekin: ‘Ni arotza naiz eta hau eta hura egin dezaket’; ‘nik halako lantokitan lan egiten dut eta material hau ekar dezaket’; ‘ni auzolan egunean pintaketa lanak egiteko prest nago’...”. Hala, lan-taldeak osatu ziren eta bakoitzak bere egitekoari heldu zion: rokodromoa ideatzea, baratza atontzea, egurra lantzea... Prozesuak, ordea, frustraziotik izan du; Olaizolak azaltzen duen eran, patioaren inguruan gogoeta sakona egin ostean, eta ideia eta diseinu asko landu ondoren, irudikatutako eta amestutako dena ezin izan delako aurrera eraman, segurtasun kontuak eta legedia tarteko.
Edozein kasutan, patioaren eraldaketak eman duen emaitzarekin oso gustura daude Karmelo Etxegarain, ikusi dutelako patioan haurrak sosegu handiagoz dabiltzala, liskarrak gutxitu direla, jolas mota gehiagotan aritzen direla, naturarekin kontaktuan daudela, goxoago daudela, arratsaldetan ere erabiltzen dela... eta espero dute egunen batean eskolako eremu bat gehiago izatea, haurrek, barne-espazioak bezalaxe, kanpo espazioa ere nahieran erabil dezaten. “Filosofiak aldaketa ekarri du patioan, baina patioko aldaketak berak ere aldaketa filosofikoa eta ideologikoa ekarri du. Gainera, urtebeteko bizipenen plaza bihurtu zaigu jolastokia: batzarrak egin ditugu bertan, informazio saioak, tailerrak, auzolanak, askariak… Barre egin dugu elkarrekin, jolas, eta zertarako uka, noiz edo noiz haserre ere irten gara bertatik. Baina horrek ez digu lanerako gogorik kendu. Gurasoak ikastolara gerturatu ditugu eta elkarrekin eskuz-esku lanean aritu gara, ikastolako komunitatea osatzeari ekin diogu. Ez dadila azken aldia izan. Eraldaketa prozesua ez da amaitu, etengabea izango da, norbaitek kezkarik edo proposamenik balu, gerturatu eta hitz egingo dugu”.
Ikasbidea Ikastolan, prozesua mamitzen
Batxilergoko 2. mailako Antropologiako ikasleen proiek-tu baten harira hasi ziren Duranako Ikasbidea Ikastolan patioaren gaia lantzen. Hain zuzen ere, duela bi ikasturte Antropologiako ikasleek irakasleari proposatu zioten atsedenaldietan ikastetxean gertatzen zenari buruz ikerketa bat egin nahi zutela, eta, ahal izanez gero, patioko egoera eta elkarbizitza hobetu. Azkerketaren abiapuntu gisara, ikasleek zioten ikastetxeko jolastokia oso espazio garrantzitsua dela bizikidetzarako, eta beraz, bertan gertatzen den guztiari arreta jarri behar zaiola, eskolako kideen arteko harremanak osasuntsuak izango badira. “Uneotan patioa ez da espazio neutro bat, eta bertan era bateko zein besteko botere-harremanak ematen dira. Ikasbideako jolastokia ez dute ikasle guziek modu berean erabiltzen: mutilak (vs. neskak) eta nagusiak (vs. txikiak) espazio horretako ‘jabeak’ dira”.
Begoña Diez Ikasbideako zuzendariak adierazten duen eran, aurrez —orain dela lau urte inguru— bizikidetza batzordetik abiatutako lanari jarraipena eman zioten Antropologiako ikasleek. Bi ondorio nagusi nabarmendu izan dira azterketotan: batetik, batez ere emakumezkoek patio orduetan nahiago dutela zentro barruan geratu; eta, bestetik, jolastokiko jardun guztia futbolaren inguruan dagoela egituratua eta kirol horretan dihardutenek dutela zentralitate osoa. Eta errealitate horri buelta emateko, soluziobide gisara, bi aldaketa nagusi ere planteatu zituzten Antropologiako ikasleek: batetik, kirol kantxak lekuz mugitzea, alegia, patio nagusitik —ikasleak eskolako eraikinetik irteten direnean jolastoki horretara ateratzen dira zuzenean— atzeko patiora mugitzea; eta, bestetik, kanpoaldean aterpeak jartzea euria egiten duenerako. “Oso planteamendu logikoak eta egingarriak iruditu zitzaizkigun. Baina, behin planteamendu hori mahai gainean izanda, eta Bigarren Hezkuntzatik ez ezik, Lehen Hezkuntzatik eta Haur Hezkuntzatik zetozen beharrizanei ere erantzun nahian, patioaren gaiari modu sakonagoan heltzea erabaki genuen, benetako eraldaketa filosofiko nahiz fisikoa gauzatzeko xedez”. Izan ere, Maria Monton HHko eta LHko ikasketa buruak eransten duen moduan, zirkulazio librean oinarrituta Haur Hezkuntzan egiten ari diren aldaketak ere jolastokia birpentsatzea eskatzen du, “patioa ere esparru hezitzaile bat izan dadila, eta ez haurrak hor utzi eta korrika egiteko eremu bat”.
Hala, Antropologiako ikasleek egindako proiektua klaustrora eraman zuten eta irakasle guztien eskura jarri zuten. Bigarren Hezkuntzako irakasleek ez ezik, Lehen Hezkuntzakoek nahiz Haur Hezkuntzakoek ere parte hartu ahal izan zezaten patioaren gaiari buruzko gogoetan. Horretan zebiltzala, Nondik Arkitektura Estudioaren proposamen bat jaso zuten, patioen eraldaketa jorratzeko proiektu bat planteatuz, eta uneotan horretantxe ari dira. Irakasleen artean parte-hartze prozesu bat egina dute jada eta hurrengo urrats gisa, ikasleekin egingo dute gauza bera. Eta behin patioaren giagnosia egin eta birmoldaketarako ideiak jaso ostean, eraldaketa prozesuari ekingo diote.