Vikidia. Umeentzako euskarazko on-line entziklopedia

2018-01-31

Gazteentzako sortutako Wikipedia bat da Vikidia, 8 eta 13 urte bitarteko umeentzako euskal entziklopedia, adin-tarte horretako haurrentzako moduko lexiko eta sintaxiarekin egina, euskara garbi eta errazean, eta umeen eskola-beharretara bereziki moldatua. Vikidia.org helbidearen bidez kontsulta daiteke entziklopedia.

 
 
Vikidia. Umeentzako euskarazko on-line entziklopedia

 

Wikipediaren bertsio laburtu eta errazago bat izateko xedez sortu dute Vikidia, umeentzako euskarazko on-line entziklopedia, iritzita zenbaitetan Wikipediako artikuluak luzeak, konplexuak eta zailak direla haur eta gaztetxoentzat. Bereziki, 8 eta 13 urte arteko umeen eskolako beharretara begira egina dago, baina ez horretarako bakarrik. Izan ere, Koldo Biguri euskarazko Vikidiaren sortzaileak azaldu bezala, euskara errazean idatzitako Wikipedia moduko bat izatea da helburua, eta, hartara, “euskara ikasten ari diren helduentzat ere izan daiteke baliagarria; edozeinek kontsultatu ahal du, nahi dugulako artikulu irakurterrazak eta ulerterrazak egotea, baina aldi berean informazio nahikoa dutenak”.

Mathias Damour wikilari frantsesak sortu zuen Vikidia 2006an, frantsesezko Wikipediaren barruan umeentzako atal bat sortzeko beharra proposatu zenean. MediaWiki motorra darabil Vikidiak, Wikipediak bezala, eta haren printzipio berberak ditu, baina gaur egun Wikipediatik kanpoko proiektu beregaina da, ez dago sartua Wikimedia Fundazioaren barruan. 2008an, gaztelaniazko ber-tsioa abiatu zen, 2011n italierazkoa, 2012an errusierazkoa, 2013an ingelesezkoa, eta 2014an alemanierazkoa. Euskarazkoa 2015ean sortu zuen Bigurik berak, fratsesezko bertsioaren arduradunen laguntzaz. Vikidia kontaktuan dago Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin, baina proiektu independentea da oraingoz, eta borondatez diharduten pertsona gutxi batzuek hartzen dute parte bertan. 

Guztira, orain arte, 690 artikulu osatu dituzte euskaraz. Zati handi bat, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko bertsioetako testuak euskaratuz ondu dute, eta beste zati bat euskarazko Wikipediako edukiak egokituz Vikidiaren printzipio nagusietara. Bestalde, Maite Goñi irakaslearen bitartez, Jakintza ikastolako ikasle batzuek ere parte hartu zuten 2016an, eskolan landutako materialekin zenbait eduki osatuz. Era berean, EHUren Itzulpen eta Interpretazio Graduko ikasle batzuen lankidetzari esker ere sartu ahal izan dira dozena pare bat artikulu. 

Bigurik azaldu bezala, Lehen Hezkuntzako azken urteetako eta DBHko lehen urteetako ikasleek behar duten informazio entziklopedikoaren eta haien euskarazko hizkuntza-gaitasunaren araberako edukiak eskaintzen ahalegintzen dira. “Wikipediako eduki asko eta asko ez dira oso egokiak adin tarte horretarako, bai oso luzeak direlako, bai informazio entziklopediko oso zabal eta espezializatua ematen delako, eta baita, sarri, erregistro jaso samarra erabiltzen delako ere”. Wikipediako eta Vikidiako informazioaren arteko aldea ikusteko, adibidez, Charles Chaplini buruz ematen den informazioa kontsulta daiteke. 

 

Irakasle eta ikasleei parte hartzeko deia

Eskola-umeengan pentsatuta sortu dute Vikidia, baina ez haiek erabiltzaile huts gisa hautemanez, baizik eta baita partaide bezala ere: “Gure asmoa da adin horretako euskal umeek berek ere parte hartzea Vikidia egiten, haiek izatea interesatzen zaizkien artikuluak idazten dituztenak, beharbada euren irakasleen laguntzarekin, eskolarako baliagarriak izan daitezkeen gaietan euren ekarpena eginez”. Horregatik, irakasleei dei berezia egin nahi diete proiektu honetan parte hartzeko eta euren ikasleak ere euskarazko Vikidia osatzera animatzeko, nahi baitute euskarazko Vikidia baliagarri izatea eskola-umeentzat, ez bakarrik euren eskola-lanak egin behar dituztenean kontsultatzeko, baizik eta baita artikuluak idatziz komunitate eraikuntza lanean parte hartzeko ere. 

Wikipedia bezala, Vikidia ere erabilera libreko entziklopedia kolaboratiboa da, eta, beraz, wiki proiektu bat denez gero, edonork har dezake parte, artikuluak idatziz, aldatuz edo osatuz, informazioa gehituz edo zuzenduz, baina beti ere hizkera garbia eta ulerterraza erabiliz. Horretarako kontua ireki besterik ez da egin behar: “Wikipediak duenaren antzeko bermea dauka Vikidiak ere. Edozeinek kontrola dezake idatzitako edukiaren zuzentasuna eta, okerren bat aurkituz gero, edonork zuzendu dezake. Erabiltzaileen erkidego edo komunitateak berak kontrolatu eta bermatu behar du plataformaren kalitatea”. Zentzu horretan, euskarazko Vikidiaren bultzatzaileei gustatuko litzaieke Euskal Herriko eskola komunitatea osatzen dutenek hartzea parte Vikidia egiteko lanetan, eta bereziki umeek eurek: haientzako ikasbide bikaina izan daitekeelako, egiten duten horren erabilgarritasunari begira batetik; eta, bestetik, testuak online sortzen eta editatzen ikasteko tresna ezinegokiagoa izan daitekeelako: “Umeentzat oso motibagarria izan daiteke jakitea euren lana nonbait geratuko dela, edonork irakurtzeko edo zuzentzeko; eta gazteek ere berdin egin dezakete: besteek egindako lana osatu edo hobetu”. Frantsesezko bertsioan, adibidez, esaten da editoreen erdiak bakarrik direla helduak, beste erdia ume eta nerabeak direla, edukiak eskola-proiektuen barruan sortzen eta igotzen dituztenak. “Ondo legoke hemen ere bide horretatik jotzea, kontuan izanik gaur egun ikastetxe askotan erabiltzen direla teknologia berrietara lotutako bitartekoak (blogak, web orriak, bideoak, powerpointak, etab.), eta desigarria izan liteke material hori leku batean zentralizatuta eduki ahal izatea”. 

Ikastetxe, irakasle edo ikasleren batek Vikidiako arduradunen batekin harremanetan jarri nahiko balu, orrialde nagusiaren azalean (https://eu.vikidia.org/wiki/Azala) agertzen den “Eztabaida” hortzean klikatu eta mezu bat utzi dezake, edota bestela eu@vikidia.org helbidera idatzi.