Erditu osteko osasuna. Epizentrotik ertzera

2018-04-03

Ertzetik erdigunera dakar haurdunaldiak emakumea. Zaintzaren epizentrora. Ingurukoek mimoz eta arretaz zainduko dute bai emozionalki bai fisikoki hain exijentea izango den 9 hilabeteko ibilbidean. Amaitzean, erditzean, emozioak elkarren kontra talkan koktelera batean bezala eta fisikoki akituta dagoelarik, zaintzaren epizentrotik ertzera itzultzea dagokio. Orain bera da zaintzailea.

 
 
Erditu osteko osasuna. Epizentrotik  ertzera

 

Erdigunera dakar haurdunaldiak emakumea. Sistemak, patriarkatuak edo dena delakoak hainbestetan plazaren nahiz etxearen ertzetara kondenatu duen emakumea. Ertzetik erdigunerako bidaia hasten da. Haurdun gelditzen denean, are gehiago lehen aldiz bada, altxor preziatuaren eramaile bilakatzen da. Ingurukoek mimo bereziz zainduko dute, goxatu, kasik haurtzarora erregresio bat dirudien oasi bilakatuz haurdun dagoen aldi hori. Zaintzaren erdigunean emakumea bera. Ingurukoek ahalegin berezia egingo dute ez dadin urduri jarri, ez dadin kezkaz josi, ez dadin gehiegi nekatu, ez dezan gehiegizko ahaleginik egin, ondo lo egin dezan, behar bezala elikatu dadin… bera eta barruan daraman altxorraren ongizatea familiaren erdigunean. 

Eta behar ere bai, exijentzia handiko ibilbidea baitu aurretik emakumeak, bai fisikoki, bai emozionalki, bai mentalki. 9 hilabetetan zehar, bere gorputza etengabeko aldaketan egongo da, izaki berri bat osatzeko lanean. Pisua hartuko du, bere baitako umea hazi ahala haziko da bere sabela, bere organoek gero eta toki gutxiago izango dute sabel horretan, arnasa nekezago bilakatuko da, loa iheskorrago… Eta sabelarekin batera haziko dira kezkak, ilusioak, beldurrak, ametsak, antsietateak eta pozak, etengabe astinduriko emozioen koktelera batean. 

Ibilbidearen amaieran, ordu arteko pasarte gorabeheratsuenarekin egingo du topo: erditzea, hormonek, ametsek, kezkek, ilusioek, beldurrek eta pozak gailurra joko duten unea. Eta jada nekatuta, muturrera eramanda dagoen gorputzari, azken malda, ordu artekoetatik malkar-tsuena, egiteko ordua iritsiko zaio.

Dena pasatzean, plano guztietan hain exijente den ibilbidearen amaieran, altxorra jada kanpoan da. Erditu da emakumea; jada ez da bat, baizik eta bi. Bi gorputz, bi izaki, bi bizi. Eta emakumea ohartuko da amaitu dela zaindua izatearen oasia, amaitu dela mimoen lurraldera eginiko erregresio gozoa. Erdigunetik berriro ere ertzera itzultzeko ordua da. Orain, akituta utzi duen ibilbidearen amaieran, berari dagokio zaintzaile bilakatzea, mimo eta goxotasunak ematea; orain berari dagokio bestea ez dadin urduritu, ondo lo egin dezan, ondo elikatu dadin... arduratzea. Hormonak oraindik dantzan, beldurrak eta ametsak oraindik kokteleraren hormen kontra etengabeko talkan, nekea eta, zenbaitetan, orbanak eta joskurak agerian, ordu artekoa bezain exijentea, edo exijenteagoa den aldiari hastea dagokio. Baina erdigunetik beharrean, ertzetik. Jada ez da zaintzaren hartzaile, emaile baizik. Erditze ostea, perinatal aldia hasi da. Baina, bat-batean, nola hartu indarrak, nola sosegatu barrena bizitakoaren ostean, zaintzaren aro exijente horri ekiteko?

 

Ama eraikitzeko espazioa

“Izugarrizko trastorno” gisa definitzen du une hori perinatal aldian espezializaturiko psikologo Haizea Barandiaranek: “Haurdunaldian emakumea oso zaindua da, eta, bat-batean hori desagertu egiten da, denak umeari begira baitaude. Baina ez umea zaintzen, ingurukoen aldetik jasotzen den zaintza baita desagertzen dena”. Egoera horretan, bide berriari mentalki osasuntsu ekiteko hiru faktore aipatzen ditu: lasaitasuna, babesa eta konfiantza. Hiru faktore horiek ager daitezen, ama horrek, are gehiago hasiberria bada zeregin horretan, ingurune bat behar du (babesa), presente egongo dena behar duenerako bai plano emozionalean bai instrumentalean (lasaitasuna) eta, era berean, epaitua sentituko ez den espazio bat sortuko duena (konfiantza). 

Babes hori, beraz, epaiketak eta intromisioak lekurik ez duten jarrera batetik eman behar du inguruneak, gurasoek konfiantza hartu dezaten. “Inguruneak permititu behar dio emakume horri ama izaten. Bat-batean pasatzen da alaba izatetik ama izatera, eta daukan erreferente bakarra da bere alaba izateko modua bere amarekin, honen amatasunean”. Beraz, aholkuak lagungarri eta beharrezko izan arren, emakume horrek bere espazioa behar duela uste du, “bere egiteko modu pertsonala” sortzeko. Modu pertsonal hori ez sortzeak ama horren osasunean eragina du, Barandiaranen ustez: “Desgaste emozionala ekar dezake, eta horrenbestez, osasun emozionala oso prekarioa izatea. Ama nola izan ikasteko denbora permititzen dizun ingurune bat duzunean egoera psikikoa askoz ere hobea da”. 

Modu egokian eginiko babes horrek lasaitasuna ekarriko du eskutik. Erditu berri den emakumearentzat, babes nagusia bere bikotea izango da, dagoen kasuan. Ama gisa bere espazioa sortzen ari den emakume horri sostengu fisikoa eta emozionala ematea izango du egiteko aldamenean daukan bikote horrek. Baina, Barandiaranen ustez, gurasoak “ez dira aski haur baten hazkuntzarako”. Alde batetik, maila instrumentalean behar dute laguntza; baina ez umea zaintzeko, gainontzeko guztirako baizik. Sarri, ordea, ama edo gurasoak egoera berriak gainditurik aurki daitezkeen uneetan, umearen zaintzaz gain beste hamaika ardura daudelako betetzeko etxean, ingurunearen tendentzia izaten da umea hartzea, paseatzera joateko-edo, amak edo guraso horiek etxekolanak egiteko denbora izan dezaten. “Eta ez da hori behar dena. Amak edo gurasoek egon behar dute haurrarekin”. 

Iritzi berekoa da Estitxu Fernandez ere, haur eta helduen psikologoa eta psikologia perinatalean aditua. Bere ustez, amaren eta haurraren beharrek bat egiten dute horretan: “Umeak behar du amarekin egon, eta amak behar du umearekin egon. Atxikimendua ezartzen ari dira aldi horretan, eta horri buruz hitz egin behar da”. Izan ere, Fernandezek zenbaitetan amak umearekin egoteko duen beharrari ez zaiola tokia egiten uste du, bai amaren aldetik bai ingurunearen aldetik: “Emakumeak ere ukatzen du behar hori, ‘ez nuke hau sentitu beharko, exajeratu bat naiz, hobe nuke lanean hasi’. Eta ez, onartu behar da sentitzen duzuna. Eta, era berean, emakumeren batek esango balu ‘nik ez dut behar hori’, bada, primeran.” 

Sozialki ere antzeko zerbait gerta-tzen delakoan dago. “Batzuk behin eta berriz aipatzen dute amatasun naturala mutur bat dela, ama etxean egote hori, presio hori. Baina nik beste muturra ere ikusten dut argi: ama horri esaten diona ‘benga, izan zaitez zu, eta segi lanera, eta pote bat hartzera lagunekin’, agian berak ez duenean nahi hori. Gaizki ikusia dago ama lehoi hori, baina utzi behar diogu hori sentitzen, bere bidea egiten. Hagitz momentu sentikorra da eta umearekin egon nahi du, behar du. Hormonak bide horretan ari dira lanean eta prozesu normala da, ez da patologikoa. Egia erran, momentu horretan dena da arrunta, sentitzen dugun ia guztia, eta ahaldundu behar dugu hori defendatzeko: negar egin nahi dut, edo berarekin egon nahi dut etengabe, edo banoa kalera ez dudalako aguantatzen ja gehiago haur hori…” 

 

Emozioen koktelera

Emozioen, norberaren sentipenei tokia egitea eta onartzea, ondoren horien gainean lanketa egiteko. Fernandezek mahai gainean jarri du erditze-ostean ama osasun-tsu egoteko gakoetako bat. Izan ere, besoetan haur jaioberria duen amaren irudi ohikoa, gizartearen imaginarioan dagoena eta sistemak sustatzen duena, ama zoriontsu batena da; poz, patxada eta goxotasun laino batean irribarretsu, samurtasunez begiratuz besoetan duen umea. Espektatiba horiek, ordea, errealitatearekin talka egiten dute maiz. 

Euforiaren eskutik etor daiteke tristura, negar egiteko gogoa, nekea… eta egoera horretatik ihes egiteko gogoa. Fernandezek dioen moduan, tranpa batean erori izanaren sen-tsazioa. Anbibalentzia erditze osteko emozioetan ohikoa izan ohi da: haurrarekiko maitasunak eta bera ezagutzearen pozak ez du kentzen zenbaitetan emakumea gaindituta sentitzea. Zenbait emakumerengan maitasun eta poz hori gailenduko zaio nekeari eta ezinari emozioen kokteleran, eta beste zenbait amarengan alderantziz gertatuko da, eta ezintasuna eta tristura izango dira osagai nagusi.

Bai Barandiaranek bai Fernandezek aipatzen dute identitatearen galera dela emakumearengan desoreka sortzen duen faktoreetako bat, batik bat lehen haurraren etorrerarekin: alaba izatetik, zaindua izatetik, ama izatera pasa da emakumea, zaintzaile izatera. Bere rola, identitatea, errotik aldatu da. Maila intimoan ez ezik, baita komunitarioan ere, besteekiko dugun harremanean, gizartean dugun tokian. Lehengo bizitza aldatu egin da, eta identitatearen eraikuntzan oinarri izan ohi diren “ni soziala” nahiz “ni profesionala” tokirik gabe gelditu dira bat-batean erdigunetik ertzera hasitako bidaia horretan. 

Horrekin lotuta, espektatibak lantzeko beharra aipatzen du Fernandezek, haurdunalditik bertatik hasita: “Lehengo bizitza eduki nahi dut? Lehen egiten nuen guztia egin? Hori hein batean gurasotasunaren ukazioa izan daiteke, zeren eta hori ez da gurasotasuna”. Horregatik, entregaren gaia lantzen du Fernandezek haurdunaldiko prestaketetan: “Haurdunalditik prestatu eta ikasi behar dugu zer den ematea. Zeren eta hori da gurasotasunaren ezaugarririk behinena: eman egin behar duzu, zeure burua entregatu, aunitz, bolada luze batez. Utzi egin behar dituzu zure izaeraren parte ziren alderdi batzuk, derrigor, ume baten zaintzak hori berarekin dakar: gauza batzuk aldatu egin behar dira gure bizitzan”. 

Sistemak, patriarkatuak, ordea, bere identitatearen alde bakarra ere landu gabe uzten ez duen ama perfektuaren ideala saltzen duelakoan dago Fernandez: hau da, ama arduratsua eta maitekorra izateaz gain, lanean arrakastatsua den eta bizitza sozial aktiboa eta asegarria duen emakume ahalguztiduna. Eta horri kontrajarrita, etxean umearen zaintzan gelditzen den emakumea, ama identitate hori bakarrik garatzen duena. “Ez dut nahi ez bata ez bestea, baina sistemak hori bakarrik erakusten du. Eta ama izatean talka egiten duzu errealitate horrekin”. 

Barandiaranek ere bat egiten du Fernandezen hausnarketekin. Askotan erditze ostean emakumeak senti ditzakeen frustrazioen muinean uko egin beharra legoke. Frustrazio horrek, era berean, haserrea eta tristura eragiten ditu, baita “haurrarekiko gorrotoa” ere. “Horri buruz gutxi hitz egiten da. Errenuntzien kontua ez da lantzen, eta ezustean harrapatzen gaitu zer eskatzen duen ama edo aita izateak”. Uko egin behar hori ez onartzetik sufrimendu handia etor daiteke gurasoarentzako, “baina baita haurrerantzako eta sistema familiar osoarentzako ere”. 

Frustrazio gaitasunarekin aurrez aurre, itxaroteko gaitasuna koka-tzen du Barandiaranek soluzio gisa, eta hori sustatzea gomendatzen du; hau da, etorriko dela garai lasaiago bat ulertzea, eta horri itxaroten jakitea. Eta horrekin batera, salbuespenak onartzea eta, alderdi sozialean esaterako, batzuetan gure plazera lehenesteko baimena ematea geure buruari, “ez garelako koherente egunean 24 orduz”. Dena dela, bere ustez, arazoa dago gurasoaren plazera lehenestea denean ohikoa: “Haurra jaio ez balitz bezala jarraitzen badu gure aisialdiak, ez badago ukorik, hor arazo bat dago. Izan ere, orain beste bat dago, ez dena gai bere kabuz moldatzeko, zaintza exijentea eskatzen duena, desordenatua”.

 

Tribura nahiz barrura begira

Emozio horiek guztiak sentitzeari osasuntsua deritzo Barandiaranek, eta “are osasuntsuago emozio horiek aldaketa eragile bilakatzeari. Beldurra senti dezakezu eta blokeatuta gelditu, edo hortik abiatu eta zure buruarekin lanketa bat egin”. Horretarako, emakumeak beraien emozioak partekatzeko espazioak sortzeko beharraz mintzo dira bi psikologoak, eta erditze osteko taldeen garrantzia azpimarratzen dute. “Emozioak partekatzea eta jasotzea, ulertua zarenaren sentsazioa, zure egiteko moduak aukera baliagarri bezala pertzibi-tzen dituztela sentitzea, epaitua ez zarela ikustea”, horiek dira egoera osasuntsua eraikitzeko baldintzak Barandiaranen ustez. “Lehen askoz ere komunitarioagoa zen haurdunaldia eta ondorengo zaintza. Errekuperatu beharko genituzke emozioak eta bizipenak elkarbana-tzeko espazio horiek”.

Izan ere, erditze ostean gailentzen den emozioen artean dago, baita ere, bakardadea. Lana eta aisialdia tarteko, etxetik kanpora pasatzen dugun ordu kopurua gero eta handiagoa den garaiotan, bat-batean ordu luzez etxean aurkitzen du bere burua emakume erditu berriak, zaintza lanari eskainita gorputz eta arima. Hala, prozesu fisiologikoa behar zuenak, egungo baldintzetan, “sistema kapitalistan, patriarkatuan” arazo bilakatu dela uste du Fernandezek, tribuaren faltan. “Shock egoera, bakardade sentsazio handia, inork ez zaituela ulertzen sentitzea… eta gainera disimulatu beharra, haur bat duzulako besoetan eta zoriontsu egon behar duzula saltzen dizutelako. Sufrimendu handia ikusten dut, baina baita ere badaudela horiek prebenitzeko eta lantzeko erremintak. Beti ere erakundeek eta osasun-sistemak lagunduta. Emakumeak egin behar du bere bidea, baina baita erakundeek eta osasun-sistemak ere”.

Bestalde, biek ere komenigarria deritzote ama izateko unera norbere historia pertsonala errebisatuta iristeari, “batik bat norbere amarekiko daukagun harremana errebisatuta”, dio Barandiaranek. Ideia beraren ildotik mintzo da Fernandez ere, emakumearen aldetik “haurtzarora erregresio” bat ikusten baitu haurdunaldian, “norbere historia perinatala errebisatzeko beharra, historia hori bere tokian utzi eta ahalik eta garbien has dezan bidea ama bezala; umearengan ahalik eta gutxien proiektatzeko”. Prozesu hori, “magikoa” deritzona, garunean ematen diren aldaketek errazten dute. 

Baina, perinataleko historia propioa errebisatzea ez ezik, haurtzarora eginiko erregresio horren parte da, era berean, haurdun dagoen emakumeak zaindua izateko adierazten duen beharra. “Ama osasuntsuek egiten duten mugimendua” deritzo horri Barandiaranek. “Haurtzarora erregresio hori egiten dute zaintza berriro ere bizitzeko. Gaur egunera ekarri, ondoren zuk egiteko. Haurdunaldiko prozesu horiek osasuntsuak iruditzen zaizkit”, dio Fernandezek. “Prozesu mental natural” gisa definitzen du emakume haurdunak eginiko erregresio hori eta aukera bikaina iruditzen zaio “trapu zaharrak garbitzeko, dituzun gatazkak gainditzeko, umetan bizi izan zenuena aztertu eta zer erreproduzitu nahi duzun eta zer ez erabakitzeko… Modu horretan zaintza prozesua indar handiarekin hasteko. Horregatik zaindu behar da haurdunaldia, lana eta estresak alde batera utzi eta hau dena bizi ahal izateko”.

 

Soka beraren korapiloak

Izan ere, haurdunaldia, erditzea eta erditze ondorena continuum bat bezala azaltzen dute aditu askok, ama izateko prozesuaren fase desberdin gisa. Eta, continuum horretako fase bakoitzak eragina izango du hurrengoan, eta prozesu guztian. Gauzak horrela, emakumeak haurdunaldiaren eta erditzearen inguruan izan dituen bizipenek eragina izango dute erditze ostean. Baldintzatu egingo dute emakumeak zaintza lanari ekiteko izango duen egoera. Exijentziatik errekuperatu behar du exijentziari ekiteko.

“Nola eraman du haurdunaldia? Zenbateko estresarekin bizi izan du? Lanera joan behar izan du? Ginekologia probek zenbaterainoko kezka eta ardura sortu diote? Haurdunaldiari ez zaio behar duen garrantzia ematen mediku eta politikarien aldetik ere”, Fernandezen esanetan. Gaur egun Euskal Herriko emakumeak ez dute berariazko haurdunaldi-bajarik, eta gaixotasun-baja arrunta hartu behar izaten dute haurdunaldiak eskatzen duen deskantsua, patxada eta introspekzioa bizi ahal izateko. Ordea, lan-giroan nahiz medikuen aldetik entzun beharreko leloa izaten da ‘zu ez zaude gaixo’. “Eta ados, ez gaude gaixo, baina lan ikaragarria egiten ari gara, bai fisikoki bai psikologikoki, eta, gainera, jada badakigu gure estres mailak zenbaterainoko kaltea eragin diezaiokeen umeari. Beraz, haurdunaldian emakumeak bizi dezakeen estresa osasun publikoko arazo bat da”

Continuum-aren ideiaren bidetik, erditzeak berak ere eragina izango du emakumearen erditze ostean. Haurdunaldiarekin alderatuz gero, emakumeak ama izateko bidean egindako pasabidean urrats laburra da, ordu batzuetako kontua, baina aurreko 9 hilabeteak bezainbesteko pisua hartzen duen bizipena, bere intentsitateagatik. Hala, Fernandezen ustez, “hagitz markatzen du erditze ondorena. Haziera arrakastatsu bat aunitz dago erditzeko moduaren arabera, edo horren mende”

Zer esanik ez erditze hori gogorra izan bada, edo traumatikoa. “Eta traumatiko diodanean, emakumearentzat traumatikoa izan den edozein erditzez ari naiz. Emakume batek esaten badit berarentzat erditzea traumatikoa izan dela emaginak ez ziolako aurpegira begiratzen edo oihu egiten ziola, nik esango diot ‘sinesten dizut’, zeren eta hori traumatikoa da, gogorra da, eta biolentzia da. Biolentzia obstetrikoa existitzen da, eta hitz hori paratu behar zaio”. Fernandezek, emakumearen kontrako indarkeriaren baitan kokatzen du biolentzia obstetrikoa, “eufemismo gehiagorik gabe”, eta gaur egun gehien ezkutatzen den eta isilenen pasatzen den biolentzia motetako bat delakoan dago. 

Izan ere, erditzearen medikalizazioak emakumearen ahalduntzearen kontra egin duelakoan dago, eta emaginak edo ginekologoak bere eta bere haurraren bizitza salbatzeko egin beharrekoa egin dutenaren sentsazioa izan ohi du emakumeak, nahiz eta jasotako tratua desatsegina gertatu, edo, are okerragoa, biolentoa egin bere gorputzari eta berari eskainitako tratua. “Emakumearen gorputzaren jabe egiten da osasun-sistema, eta garbi ikusten da erditzean. Kontua da isilarazten dela, ume bat dugulako besoetan, eta saldu diguten amatasun arrosaren arabera, pozik egon behar dugulako eta eskerrak eman behar ditugulako. Horrek nahasten gaitu”.

 

Kontaketa propioa

Erditze osteari indartsu eta osasuntsu ekiteko, onean nahiz txarrean hain intentsoa izan den erditzearen bizipena gainditu behar du nolabait emakumeak. Jauzi egin continuum horretako hurrengo korapilora. Horretarako, erditzearen inguruko errelatoa egitearen garrantzia aipatzen dute bai Barandiaranek bai Fernandezek. Izan ere, emakumeak behin eta berriz gogoratuko du, biziko du bere baitan erditzea, eta ingurukoekin parteka-tzeko beharra izango du, galdetzen dion orori, eta galdetzen ez dioten askori ere kontatuz nolakoa izan den, xehetasunez xehetasun… Askotan pasarte batzuk dramatizatu ere egingo ditu, agian errealitatetik urrundu ere egingo da, baina ezinbesteko urratsak izango dira erditzearen bere kontaketa propioa sortzeko bidean. “Erditzearen inguruko ikerketa gutxi daude munduan, baina ia guztiek esaten dute emakume guztiek munduan erditu eta gero erditzea kontatzeko duten behar unibertsala. Kontakizun hori behin eta berriro elaboratzeko beharra du. Are gehiago gustatu ez zaizkizun gauzak gertatu badira, edo trauma izan direnak”.

Izan ere, Barandiaranek dioen moduan, “sendaketa kontakizun bat egitean dago”, eta beharrezkoa da. Izan ere, “mingarria izan bada esperientzia, behar da beste modu batera ere ulertu; egokia izan denean erditzea, ahalduntzeko tresna izan daiteke”. Berriro ere emakumeak bere bizipenak eta emozioak partekatzeko espazioen beharra aldarrikatzera garamatza horrek. Erditzearen errelatoa osatzeko espazioa beharrezkoa baitu. Alegia, konfiantza eraikitzeko, lasaitasuna emango dion babeserako espazioa behar du.

 

Kulparen bidegurutzea

Bidegurutzean aurkituko du bere burua emakumeak: edo umearen beharrei eta bere zaintzari eman lehentasuna eta gainerako identitateei uko egin hein batean, edo haurraren zaintzaren parte bat delegatu eta bestelakoetan ere jarri indarra. Bai erabaki bat bai bestea hartzen duen emakumeak bizi du presioa, ezintasuna, frustrazioa, kulpa… Sistemak, ordea, ez du eskaintzen bestelako aukera handirik haurraren zaintza, lana zein aisialdia bateragarri izan daitezen, adibidez, eta emakumeak modu orekatuagoan bateratu ditzan bere identitatearen osagai desberdinak. Kontziliazioa errealitatetik urrun dago egun, zer esanik ez beste herrialde batzuetan hartzen diren neurriekin alderatuz gero. “Haur eskolan lagatzen duten askorentzat arrunt zaila da haurra uztea, baina ez hori bakarrik, gero gainera lanean perfekto egon behar dute, etxekolanak egin… Izugarrizko presioa jasaten dute. Eta berdin etxean gelditzen diren edo lanera horren agudo hasten ez diren emakumeek: bakardadea, laguntzarik eza… Ez dago batere konpentsatua egoera. Zaintzaren gaia atera behar da ja erdigunera eta urgenteki hartu behar dira neurriak”, dio Fernandezek.

 

Gorputza, emozioen eta psikearen habia

Emozioak eta psikea gure gorpu-tzean haragitzen dira. Eta haragiak ere bere arreta eskatzen du erditze osteko aldi honetan. Izan ere, 9 hilabetean hazi, zabaldu, desitxuratu, tenkatu nahiz laxatu egin dira emakumearen muskuluak, ehunak, artikulazioak, organoak. Orain, gutxika, horietako bakoitzak bere lekura itzuli beharko du, bere onera. Eta, bide horretan, hamaika izango dira erditu den emakumearen ajeak. Lehen egunetan lochia deituriko isuria izango du emakumeak, odolez eta plazentaren ehunez osatua; eta, isuri horrek, ahulezia eta enbarazua ekarriko dizkio. Era berean, umetokia bere onera itzultzeko bidean, espasmoak izango ditu, entuerto bezala ezagunak, zenbaitetan nahiko mingarri gerta daitezkeenak. Erditze instrumentala izan bada, agian episiotomia egin behar izan diote, edo etenak jasango zituen, eta, ondorioz, puntuak eman beharko zizkioten ehunetan. Zer esanik ez zesarea bidezko erditzea izan bada. Eta, Ondu fisioterapia zentroko Eider Lahidalgak dioen moduan, “gorputza ez badago ondo, zaila da emozionalki edo mentalki ondo egotea zaintza lanari ekiteko. Zaindua izatetik bigarren planora pasatu zara, eta gainera erabat txikituta zaude”. Fisioterapeuta da bera, eta peri-erditzeko fisioterapian, uroginekologian eta zoru pelbikoan aditua. Joana Telletxearekin batera, haurdunaldian eta erditzeko prestaketetan laguntzen ditu emakumeak, baita erditze ondoan artatu ere. Lahidalgaren formazio bera du Telletxeak ere, eta fisiosexologian ere aritzen da. 

Osasun-sisteman, erditze ondoko aldiari berrogeialdia deitzen zaio. Ordu arte, 9 hilabetean zehar, gutxienez hileroko bisita derrigorrezkoa izango du emakumeak osasun-etxera, ginekologoarekin ez bada, emaginarekin hitzordua duelako, edo odol-analisiak egin behar dituelako, edo glukosa proba egiteko garaia delako, edo hiruhileko horretako ekografia egin behar delako, edo… Behin erdituta, hilabete erdira gutxi gorabehera, errebisioa izango du emakumeak bere osasun etxeko ginekologoarekin. Aparteko arazorik ikusi ez bada, alta emango zaio erditu den emakumeari. Eta kitto. Zortea izanez gero, emaginak antolatuko du edoskitze taldea edo erditu osteko taldea osasun-etxean bertan, baina emagin bakoitzaren borondatearen eta inplikazioaren mende egongo da hori, baina ez osasun-sistemako protokoloek ezarrita. Lahidalga eta Telletxearen ikuspegitik, jarraipen hori ez da nahikoa, alde batetik ez duelako aintzat hartzen emakumearen gorputz osasun integrala, eta bestetik, euren esperientziatik, erditze ostean prozesu bat burutu behar duelako emakumeak osasuntsu egotera iristeko, eta prozesu horrek urtebete inguru irauten du, gutxienez, hiru urtera luza daitekeen arren.  

Haurdunaldian eta erditzean hainbat hormona jariatzen du emakumearen gorputzak, elastina deiturikoa tarteko, eta horrek emakumearen artikulazioen elastikotasuna eta malgutasuna areagotzen ditu, erditzean pelbisa zabaltzea errazteko. “Haurra jaio eta hiru egunetara, gutxi gorabehera, esnea igotzearekin batera, aldaketa ugari gertatzen da hormonetan, eta besteak beste elastina pikutara doa. Hori aldaketa potentea da”, dio Lahidalgak. Izan ere, malgutasuna galduta, nekezago egingo zaio gorputzari bere onera itzultzea. 

“Guk pelbisa hartzen dugu zentro bezala, eta, elastina gabe, pelbisa oso galduta gelditzen da”. Haurdunaldian zehar pelbisaren alde bat aurreratu egiten da, txirristra efektu moduko bat sortuz, haurrak erditzeko posizio egokia hartzea errazteko, eta, noski, haurraren irteeran lagun-tzeko. “Eta elastina joaten denean gorputza gelditzen da non dagoen ez dakiela. ‘Pelbisaren alde hau aurreratua dut? Edo bestea da atzeratuta dagoena? Zer aldaketa behar dut konpentsatzeko?’ Pelbisaren desoreka horretaz gain, haurdunaldian tokiz aldatu den grabitate zentroa bere onera itzultzeko dago”. 

Telletxeak dioen moduan “sabelaldea eta zoru pelbikoa dira aldaketa gehien jasan dutenak eta horiek bere onera itzultzeko gutxienez urtebeteko prozesua behar da. Urtebeteren bueltan, gutxi gorabehera kanpotik nola geldituko garen ikusten da. Baina ez dugu ikusten barrutik nola gauden, eta osasun zentroetan egiten diren balorazioetan ere ez da kontuan hartzen. Askotan, beraz, kanpotik ondo ikusten gara eta balekotzat jotzen dugu, baina agian gure zoru pelbikoa ez dago ondo. Eta luzera horrek ondorio latzak ekar ditzake”. Lahidalgak argitzen duenez, “gerta daiteke urtebetean sintomarik ez agertzea, baina ez bada pelbis zorua eta sabelaldea lantzen, ez bada prebentzio lana ondo egin, 3 urte arteko tartean sintomak agertzen hasten dira. Kontsultan urtebeteren bueltan hasten gara arazo asko ikusten”.  

Hori dela eta, Ondu-ko kideen gomendioa da berrogeialdia amaitzean gorputzaren balorazioa egitea peri-erditzean aditu den fisioterapeuta batekin, ikusteko ea nola gelditu den gorputzaren grabitate zentroa, nola diafragma, sabelaldea, pelbis zorua eta organoen kokapena. Izan ere, grabitate zentroa haurdunaldian asko zabaltzen eta aurreratzen da, eta, ez bada bere onera itzultzen, pelbis zoruan jasaten duen presioa ere aurreraka desplazatuko litzateke, eta, horrekin, funtzio nagusi duen amortiguazio edo indargetze lana ez luke behar bezala egingo. Indargetze lan horren faltan, presio gehiegi iri-tsiko litzateke organo eta hesteetara, eta denborarekin prolapsoa gerta daiteke; hau da, organoak pixkanaka beheruntz egitea eta baginaren edo ipurtestearen bidez gorputzetik ateratzen hastea. Diafragmari dagokionez, berriz, erditzeko pujo edo bultzaden bidez gerta liteke abdomenari edo sabelaldeari presio gehiegi egitea. Sabelaldeari dagokionez, aztertu behar da gai den presioa jasateko edo oso ahul gelditu den; era berean, ikusi behar da diastasirik gertatu al den, hau da, fibretan hausturarik ba ote dagoen. Pelbis zoruaren kasuan, baloratzen dute indarra batetik, eta tonua bestetik, hau da, ea esfortzuen aurrean muskulatura horrek zer portaera duen boluntarioki aktibatu gabe. “Diafragmatik pelbis zorura dagoen guztia baloratzen dugu”, dio Lahidalgak. Balorazio horren arabera, emakume bakoitzaren neurrira egindako plan bat proposatzen dute. 

Bestalde, episiotomia edo etenen bat egon bada, emakumeak orbana izango du, eta horiek ere tratatu egiten dituzte. Gerta liteke orban horren beraren eraginez espasmo egoeran gelditzea baginaren alde bat, tentsio gehiegirekin, eta horrek aldakako nahiz lunbarreko minak ere eragin ditzake. “Askotan pelbis zorutik barrutik ere, zenbait muskulu landuta, erlaxatuta eta luzatuta, kanpoko minak arindu daitezke, hankako edo lunbarreko minak kasu. Beraz, sintoma baino kausa tratatu behar da”, dio Lahidalgak. 

 

Interbentzio orbanak gorputzean

Lahidalga eta Telletxeak beraien kontsultan egunerokoan ikusten dutenaren arabera “zenbat eta interbentzionismo gutxiago egon erditzean, ekintza fisiologiko bat bezala hartzen bada, orduan eta ondorio fisiko gutxiago egongo dira”. Erditzea ez fisiologiko bilakatzen duten faktoreen artean, ohikoena epiduralaren erabilera izan ohi da. 

Lahidalagak gogorarazi bezala, epidurala izatez dilatazio prozesua jasangarriago egiteko analgesiko moduan sortu zen; ez anestesia gisa, eta ezta espultsio garaian emakumeak ezer ez sentitzeko xedearekin. Beraz, hasteko eta behin, garrantzitsua deritzo emakumea espultsibo aldira epidural maila baxuarekin iristeari, modu horretan uzkurdurak sentitu eta bere kabuz bultzatzeko gai izan dadin. Osterantzean, bultzada edo pujoak emaginak aginduak badira, pujo zuzendu deituak, areagotu egiten dira hemorroideak, prolapsoak, gernu inkontinentzia edo pelbis zoruaren ahuleziarekin loturiko beste edozein patologia izateko aukerak.

Era berean, epiduralarekin gerta daiteke erditzearen erritmoa moteltzea, erditzea luzatzea, eta horrek bestelako interbentzionismoak ekar ditzake berekin, hala nola forceps, bentosa eta abarren erabilera. Eta horiek areagotu egingo dituzte emakumeak erditze ostean jasango dituen ondorio fisikoak: “Normalean forzeps edo bentosen eskutik etor-tzen dira episiotomia edo etenak. Gainera, bentosak, adibidez, xurgatze efektu moduko bat eragiten du pelbis zoruan, eta errekuperazioa zailtzen du, eta prolapsoak izateko aukerak areagotu”, dio Lahidalgak.

Horregatik, erditze osteko osasunean duen eragina dela eta, erdi-tze fisiologikoa prestatzen lagun-tzen dute euren zentroan, bai mina jasateko bai haurraren espultsio fasea errazteko lagungarriak izan daitezkeen mugimendu eta ariketak irakatsiz. Erditzera begira errebisio bat egitea ere gomendatzen dute, bakoitzaren gorputza nola dagoen ikusteko; pelbisa bera nahiz pelbis zorua nola dauden baloratzeko, besteak beste. Hala ere, Telletxeak dioen moduan, “gure gorputzean sinetsi behar dugu. Konfiantza izan behar dugu, gure gorputzak badaki erditzen, gure haurrak badaki jaio-tzen, eta ekipo ona egingo dugu”.