Umeen futbolak gozatzeko izan behar du
Futbola. Gaur egun neurriz kanpoko oihartzuna duen futbolaren eraginak iritsita daude umeen futbolera. Adituak kezkatuta daude haurren partiduetan gurasoek (aitek bereziki) hartzen dituzten jarrera eta portaerekin. Iñaki Anso futbolean adituak ‘Gurasoak eta jokalariak: adin goiztiarretik profesionalera’ dokumentala egina dauka arazoaz ohartarazteko eta irtenbideak proposatzen ditu.
Futbolak dena hartzen du: kide sentimendua, filosofia, ekonomia, politika, komunikabideak... denak balio du futbolarentzat. Beste inon onartuko ez liratekeen jarrerak onartzen dira futbol zelaietan eta estadioetan. Jendeak bere pasioak eta tentsioak askatzen ditu, onartua dago iraintzea eta zenbait portaera edukitzea. Beste inon ez bezala. Eskola eremuan, esaterako, pentsaezinak izango lirateke jarrera horiek. Inongo gurasok ez luke onartuko matematikako irakasleak bere seme edo alaba iraintzea zerbait gaizki egin duelako. Eta zelaian, entrena-tzaile edo guraso bati onartu egin dakioke. Lehen mailako futbolean gertatzen da, eta oinarrizko mailan ere bai, umeen mailan. “Irudi beldurgarriak ikusten dira; gurasoak umeei, entrenatzaileei edo arbitroei builaka eta irainka”, dio kezkatuta Iñaki Anso futboleko goi mailako kirol teknikariak.
30 daramatza Gipuzkoako hainbat futbol taldetan entrenatzaile eta arduradun gisa, eta garbi ikusten du gurasoen jarrera aldatu egin dela azken urteetan. “Kirol honetan partikularki, munduan duen garrantziagatik eta jarraipenagatik, defendatu ezin daitezkeen portaera eta jarrerak daude, hala kirolaren arloan nola pertsonaren garapen eta haziera arloan” dio Ansok.
Horregatik egin zuen Gurasoak eta jokalariak: adin goiztiarretik profesionalera dokumentala (2016). Bertan azterketa soziologiko-kualitatibo bat egiten du, mahai gainean jarriz atzemandako arazoak, egoera konplikatuak, eta baita irtenbide posibleak ere. Gipuzkoako kirol munduan eta futbolaren arloan ezagunak diren hamabi pertsona elkarrizketatu zituen. Bai euren lanbideagatik eta bai lan egiten duten kirolarien adinagatik, pertsona horiek ikuspegi desberdinetako karguak dituzte.
Atzemandako arazoak
Beste lekuetan bezala, hemen ere zenbait kasutan futbol partiduak bertan behera utzi izan dira ikusleen jarrera txarragatik eta esandakoengatik. Eta hori ikaragarria dela deritzo Ansok. “Umeen mailan horrelako egoerak? Umeak dira eta batzuetan ahaztu egiten zaigu. Dirua, milioiak... ikusten dira. Baina heziketa, jarrerak, balioak ere landu behar dira”.
Guraso batzuek izugarrizko espek-tatibak edukitzen dituzte euren seme-alabengan, gehiegizkoak. Batez ere aitek semeekiko, dokumentalean zehazten denez. “Guraso guztiek uste dute euren semea Messi dela” dio Ansok, datuak emanez: “Estatu espainiarrean futboleko 5.000 fitxatatik bat iristen da maila profesionalera urtero. Gipuzkoan urtean 2.500 mutil jaiotzen dira, horietatik 1.300ek aukeratzen dute futbola, eta horietatik bat iristen da maila profesionalera”.
Gehiegizko espektatiba horrek gehiegizko babesa ekarri du, eta horrek gehiegizko eskaera ere bai. EHUn 2015ean 14-16 urte bitarteko 1.001 gaztetxori egindako estatistika batek ohartarazten zuen aitek semeengan egiten zuten presioa entrenatzaileek egindakoa baino askoz handiagoa zela. Amen kasuan ez zen horrelako eraginik ikusten. Presio horrek umeari min handia egin diezaioke bere garapean, dokumentaleko hainbat adituren ustez. Gurasoek aldamenean egoten jakin behar dute, ez gainean. Laguntzeko daude, ez exijitzeko. Gehiegizko eskariak jasanezina zaien presioa sortzen die haurrei. “Ume batzuek futbolean jokatzeari utzi egiten diote gurasoak uneoro gainean dituztelako eta ez direlako eroso sentitzen”. Hain zuzen ere, eskola kiroleko arauak eta legeak ume adingabeak babesteko eginak daude, hein batean; gurasoen eta kluben aldetik egon daitezkeen gehiegikeriak mugatzeko. Adibidez, mugatuta daude haurrek hilean zehar izan dezaketen entrenamendu eta partida kopurua.
Guraso gisa, umeak eta gazteak jokoan gozatzen ikusi behar direla diote adituek dokumentalean, eta ez aritu haurrari edota entrena-tzaileari oihuka. Haurrei aske utzi behar zaie, jokatu dezatela, gozatu, eta ez estutu eta urduritu. Etxera iritsi eta galdetu beharko litzaiekeen lehen gauza zera litzateke: ‘Ondo pasa duzue? Dibertitu zarete?’. Eta ez ‘ez duzu ondo jokatu, akats asko egin dituzu...’.
Nesken futbolean ez da gauza bera gertatzen, ez baitauka halako espektatibarik, eraginik edota publizitaterik. Irteera profesional gutxiago ikusten zaio, eta ondorioz, gurasoek ere burua bere lekuan izaten dute, mutilen kasuan ez bezala. “Modu ludikoan bizitzen dute gurasoek nesken kasuan”.
Hainbat neurri baliagarri
“Futbol profesionalak erremedio gutxi edukiko du segur aski, baina gure esku dago oinarrizko futbola, pertsonaren garapenerako kirol moduan, hobetzea” azpimarratzen du irmoki Ansok.
Badu proposamen zehatz bat horretarako: futbol klubentzako bulego edo lantegi mugikor bat. Bulego horrek informazioa zabalduko luke eta kontsultak egiteko balioko luke. Adibidez, klub batek arazo bat baldin badu guraso batekin beti builaka eta biraoka ari delako, aukera edukiko luke bulego horretara deitzeko eta bulegoaren laguntza jasoko luke egoera bideratzeko. Informazioaz gain, jokalari, guraso, zuzendaritzako kide nahiz entrenatzaileen formazioaz ere arduratuko litzateke bulegoa: konferentziak, hitzaldiak, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak, gonbidatuak... antolatzea litzateke bere ardura.
“Ni Gipuzkoan nabilenez, hemengoekin hitz egin nuen bulego hau martxan jartzeko: Federazioarekin, Realarekin eta Foru Aldundiarekin. Denei oso ideia ona iruditu zitzaien, baina bere horretan geratu zen” dio penaz Ansok.
Dena dela, badira praktikan jarri diren hainbat neurri. Esate baterako, Bizkaian txartel beltza erabiltzen zuten. Ikusle gisa zegoen guraso baten jarrera onartezina baldin bazen (biraoak esaten zituelako, errespeturik gabe buila egiten zuelako...), arbitroak txartel beltza atera ziezaiokeen, eta kirol gunetik ateratzera behartu. Ideia ez zen txarra, baina ez zuen funtzionatu hainbat gauza zehaztea falta zelako, besteak beste, klubek ez zutelako sinatu protokolo bat ados zeudela esanez.
Arabako Futbol Federazioak, Aldundiaren mende dauden kategorietako partidu bakoitzaren amaieran entrenatzaile zein arbitroei puntuazioa ematen diete. Gero, Aldundiak hiru hilero klubei bidaltzen die informazio hori: entrenatzailearen eta taldearen balorazioa. Adibidez, taldeak 7,20ko puntuazioa lortzen badu eta batez bestekoa 8,19koa bada, batez bestekotik behera dago talde hori, zerbait gaizki egiten ari da; eta berdin entrenatzailearekin. Eta horrek, aukera ematen die gauzak hobetzeko.
Kataluniako Futbol Federazioak hartu zuen neurri bat alebinen mailatik erregionalen maila bitartean: ikusleen aldetik biraoak entzuten badira arbitroei, entrenatzaileei, jokalariei... zuzenduta, automatikoki partidua bertan behera utz daiteke.
Holandan arazo asko zituzten eta gurasoak 20 metrotara egotea erabaki zuten, ezin zuten gertuago egon. Eta partidu bakoitzean txandaka taldeko neska edo mutil batek arbitratzen zuen.
Oinarri-oinarrian errespetua dago. Pertsonen arteko errespetua eta heziketa dagoen bitartean, gauzak egin ahal izango dira. Heziketa arazo bat dago, beraz, egun. Gizalege arazo bat.