Sozializatzeko eta herritar izateko, Gaztelekuak

2018-05-15

Konpetentzia sozialari eta konpetentzia pertsonalari erantzutea dute xede nagusi Gaztelekuek. Beroietara joaten diren gazteek interakzioa bilatzen dute batetik —bai kideen artekoa bai hezitzaileekikoa—; eta ludikotasuna, bestetik. 

 
 
Sozializatzeko eta herritar izateko, Gaztelekuak

 

Nerabeak kolektibo berezia direla eta aparteko arreta jarri behar zaiela oharturik sortu ziren gazteentzako lokalak. Gazteleku izenez egin dira ezagun Euskal Herriko toki gehienetan, eta hainbat herritan nerabeen aisialdirako zentro nagusi bilakatu dira. Baina, zein testuingurutan ireki dira? Zergatik eta zertarako sortu dira? Zein funtzio betetzen dute?

Haurtzaroari bezainbesteko atentziorik jartzen ez bazaio ere, psikologo zenbaiten esanetan, nerabezaroa ere gertutik zaindu beharreko aroa da. Etapa horrek berezko hainbat berezitasun dituenez, berariaz artatu behar dela diote. Alde batetik, nerabeak kolektibo zaurgarria dira, eta ikuspegi horretatik aktibatu izan da gehienetan gazteriaren interbentzioa. Baina, beste alde batetik, indar handiko aldia da nerabezaroa, aukera anitz eskaintzen dituen etapa, haur-tzaroa atzean utzi, familiatik atera eta gizarte batean bere identitatea eraikitzen baitu gazteak. 

UNICEFek berak, 2011n egindako diagnostiko baten bidez, argi utzi zuen nerabeak arreta handia jarri beharreko kolektibo zirela mundu mailan, etapa horrek badituelako premia konkretu batzuk. Leku ba-tzuetan behar horiek fisiologikoak edota biziraupenezkoak izan daitezke. Gurean, berriz, interbentzio eremu nagusia aisialdia da: nola landu gazteekin denbora-librea? Nola egin aisialdia hezitzaile? 1989an Nazio Batuetan onartu zen Haur Eskubideei buruzko hitzarmenak ere —ulerturik, horrek 18 urte arteko pertsonei egiten diela erreferentzia, nahiz eta gaur egun teknikoki bi etapa bereizten diren: haurtzaroa eta nerabezaroa—, nerabeen eskubideak jasotzerakoan aisialdiari zentralitatea ematen dio eta aipatzen du kalitatezko aisialdia bermatuta edukitzea eskubide bat dela nerabeentzat. Horrekin batera, jolaserako nahiz gizartean parte hartzeko eskubidea ere jasotzen ditu txostenak. 

Joxe Jimenez-Jimenez EHUko irakasleak adierazten duen moduan, testuinguru horretan sortzen dira Euskal Herrian Gaztelekuak, onarturik hiru elementu horiek —aisialdia, jolasa eta parte-hartzea— nerabeen ongizaterako gakoak direla. Donostiako Gaztelekuak ikergaitzat hartuta, espazioaren didaktikaren gaineko tesia egin berri du. 

Aisialdiak, pertsonaren garapenean, beste modu batean eragiteko aukera ematen duela dio irakasleak. Izan ere, hezigarria bada ere, aisialdiko eremuetan ez dago presio curricularrik, eta ez dago hainbat eduki bermatu beharrik, baina era berean, Delorsen txostenean jasotzen diren oinarrizko gaitasunak garatzeko eremu pribilegiatua izan daiteke: “Aisialdiaren balio nagusietako bat da heziketa espazio komunitario batean zentratzen duela, alegia, bizitzako espazio ez-mugatu batean”.

Testuinguru zabal eta ireki horretan gazteen eskura dagoen zerbitzuetako bat da Gaztelekua, helburu zehatz batekin sortua: konpetentzien garapenean lagunduko duten espazioak eskaintzea nerabeei. Jimenezek argitzen duen moduan, bi konpetentziari erantzutea litzateke helburua: batetik, konpetentzia sozialari, jendea harremanetan jartzeko eremu baitira Gaztelekuak; eta, bestetik, konpetentzia pertsonalari, bakoitzaren identitatea eta balio-sistema garatzeko aukera ere ematen baitute. Bi horiei lotuta hirugarren helburu bat ere nabarmentzen du irakasleak: herritar aktibo izateko konpetentzia, “sozializatzen garenean eta gure identitatea eratzen goazen heinean aktibatzen duguna”.

 

Zer bilatzen dute nerabeek? 

Gaztelekura joateko bi arrazoi nagusi ematen dituzte nerabeek, Jimenezen tesian ageri denez: batetik, interakzioa bilatzen dute, bai kideen artekoa eta baita hezitzaileekikoa ere; bestetik, berriz, ondo pasa nahi dute, aisialdia gozatu, hau da, ludikotasuna bilatzen dute.

Interakzioari edo harremanari dagokionez, nerabeek koadrilan egoteko baliatzen dute batetik Gaztelekua; baina, bestetik, hezi-tzaileekin komunikazioan egoteko. “Eurentzako erreferente on bilaka-tzen dira aisialdiko hezitzaileak, bidelagun dira, gertuko pertsonak eta emozionalki inplikatzeko gaitasuna dutenak. Gurasoek edo irakasleek bete ezin duten rola betetzen dute askotan: gazteen konfiantzazko pertsona bilakatzen dira eta horrek aukera ematen die euren sentimenduez edota bizipenez hitz egiteko; bikotekideaz, sexuaz, koadrilako gatazkez, familiako arazoez…”. Izan ere, nerabezaroaren ezaugarrietako bat da orain arte izan ez dituzten bezalako erreferenteak bilatzea, bai maila indibidualean eta bai kolektiboan. Eta Gaztelekuak nerabeei aukera eman nahi diete euren prozesu dual horretan aurrera egiteko: batetik, identitatea sortuz, eta bestetik, emantzipaziorako bidea egitez. “Nerabeek euren espazio partikularra bilatzen dute batetik; baina, bestetik, kolektibotasun horretan espazio publiko bat behar dute, eta ikuspegi horretatik egiten dute lan Gaztelekuek”

Ludikotasuna, bestalde, Jimenezek azpimarratzen duen eran, pertsonaren edozein fasetan ezaugarri klabea da. Sarri haurtzaroarekin lotzen bada ere, nerabeek argi eta garbi adierazten dute eurek jolasten eta ondo pasatzen jarraitu nahi dutela adinean aurrera egin arren. “Nik esango nuke ludikotasunak ez duela adinik, edozein belaunalditan da beharrezkoa”. Gaztelekuetan espazio digitaletan jolastu ohi dira maiz nerabeak, Wii-an edo Play Station-ean. Oso gustuko dute joko mota hori, eta helduen ikuspegitik sarri modu negatiboan hautematen badira ere, Jimenezek alderdi positiboa ere begiratzeko gonbita egiten du: “Jolas horiek ere sozializatzeko espazio bilakatzen direla ikusi dugu guk. Helduon ikuspegitik, pentsa dezakegu joko horiek jolas indibidualera garamatzatela, baina ez da horrela. Gaztelekuek era kolektiboan jolas egitea eta ondo pasatzea bermatzen dute, baita pantaila bidezko jokoetan ere. Noizbehinka gerta daiteke norbait bakarrik jolasean jardutea ere, baina gehienetan taldean aritzen dira, eta hori ezaugarri iraunkor bat da”. 

Jolas digitalez gain, aspaldian asmatuta dauden bestelako talde-jolasak ere oso gogoko dituzte nerabeek, hala nola, futbolina, ping-pong-a, billarra, diana… “Balio hezitzaile handiko jolasak dira. Adibidez, ping-pong-ean ari direnean, euren artean antolatzen dira, errotazio sistema ezartzen dute, arauak… finean, horrek herritar aktibo izatea eskatzen du”.

 

Atseden hartzeko premia 

Eskola ordu asko, etxerako lan dezente, ikasi egin behar, ingeleseko eskolak, bestelako klase partikularrak… askotan badirudi, eskola ordu formalen jarraipena bihurtzen dela nerabeentzat eskolaz kanpoko jarduna ere. Aldiz, sozializazioari eta ludikotasunari leku egingo bazaio, beste modu batera dago planteatu beharra aisialdia. 

Gainera, Jimenezek oroitarazten duen moduan, bada gazteen beste premia bat ere, sarri, helduok ahaztu egin ohi duguna: atseden hartzeko beharra, hain justu. “1964an Dummazedier soziologo frantziarrak egindako planteamendua da, maiz, helduok albo batera utzi ohi duguna. Baina, gazteek argi eta garbi adierazten dute Gaztelekura joaten direnean egiten duten lehen gauza euren txokora inguratzea izan ohi dela, sofan esertzea, lasai egotea, lagunekin kontu batzuk esatea, askaltzea… finean, atseden hartzea”. Behin erlaxatzen direnean, 20-30 minutu igarota, beste fase bat hasten da eta aktibatu egiten dira. “Eta aktibazio horretan sartzen direnean, zer nahi izaten dute? Bada, dibertsioa: ondo pasatu, gozatu eta plazera sentitu egiten duten horrekin. Hortik aurrera beste faktore bat jartzen da martxan: pertsonaren garapena, hain zuzen”.