HERIOTZAREN LANKETA. Bizitza kontzienteagoa egiteko.
Heriotzarekin eta suizidioarekin loturiko gaiak lantzen dituzte Patxi Izagirre psikologo klinikoak eta Ane Izagirre musika adituak eta psikologiako ikasleak. Afera horiek azaleratzea dute xede, tabu izateari utz diezaien eta bizitzaren parte bilaka daitezen. Helburu berarekin "Suizidioaren prebentzioa" izeneko ikastaroa emango dute Leioan eta "Heriotzaren psikopedagogia" izenekoa Donostian, Hik Hasi-ren Udako Topaketetan. Heriotzaren psikopedagogiaren funtsa litzateke heriotza kontuan hartzea bizitza kontzienteago bat egiteko; suizidioaren prebentzioarena, berriz, eskoletan gaiaz hitz egitea, heriotzak saihesten laguntzeko.
Bizitzarako heztea esan nahi du, nolazpait, haur eta nerabeekin heriotzaren gaia lantzeak, maila psikologikoan heriotzaren kontzientzia edukitzeak zerikusi handia izan baitezake bizitzaren esnagailu moduan. Heriotzaren eta suizidioaren gaia lantzeko, Hik Hasi-ren Udako Topaketetan, “Suizidioaren prebentzioa” izeneko ikastaroa emango dute Leioan eta “Heriotzaren psikopedagogia” izenekoa Donostian, Patxi Izagirre psikologo klinikoak eta Ane Izagirre musika adituak eta psikologiako ikasleak. Heriotzaren psikopedagogiaren funtsa litzateke heriotza kontuan hartzea bizitza kontzienteago bat egiteko; suizidioaren prebentzioarena, berriz, eskoletan gaiaz hitz egitea, heriotzak saihesten laguntzeko.
"Denok hilko gara"
Heriotzaren psikopedagogia izeneko kontzeptua heriotzaren didaktikaren gainean lanean urteak daramatzan Agustin De la Herrán Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleari entzun zion lehen aldiz Patxi Izagirrek. Kontzeptua eta hark azpian jasotzen zuena gustatu eta Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri zuen 2004-2005 ikasturte inguruan.
Heriotzaren aurreko beldurra afera unibertsala da, gizaki guztiok hilko baikara. Ezagutzen ez dugun egitate bat da, eta maila filosofikoan eta praktikoan, heriotzak esan nahi du jada bizitzarik ez dagoela. Sarri, heriotzari zaion beldurra bizi-tzari eta bizitzeari beldur izatearekin ere lotzen da. Hala dio Izagirrek: “Beldur diogula heriotzari? Akaso, gure bizitzan heriotza ukatu egin dugulako izango da, edo heriotzarekin loturik ditugun eredu guztiak oso mingarriak direlako. Bereziki, ustekabean iristen bada, edota modu traumatikoan”. Beraz, Udako Topaketetan eskainiko dituzten ikastaroen helburua da irakasleei nahiz gurasoei helaraztea haurrekin txikitatik gaiaz modu naturalean hitz egiteak duen garrantzia. “Haurrak, normalki, 7-8 urte ingururekin hasten dira heriotzarekiko kezka edo angustia agertzen, bada, une aproposa izan daiteke gaiari heltzeko eta zerbait normala balitz bezala hartzeko. Hor dago heziketa, txikitatik, heriotza bizitzaren parte gisa hautematean. Hemen betiko ez gaudela kontziente izateak lagunduko baitigu bizitzaren aurrean aukerak egiten, erabakiak hartzen eta modu osoago batean bizitzen”. Horrek, noski, ez du esan nahi heriotza, galera… mingarria eta tristea izango ez denik, traumatikoa ere bai akaso, baina psikologoak argi du haur zein nerabeek heriotza txikitatik euren bizitzetan txertatzea eta modu inklusiboan hartzea onerako soilik dela. Beste gai batzuekin egiten den moduan —sexualitatea, drogak, istripuak…— gaiaren inguruan hitz egitea eta berbalizatzea bera asko egitea dela irizten du. “Adibidez, sexualitatearen kasuan errazago ikus genezake, gai hori lantzeak aberastu egiten duela haurra edo gaztea, beste normalitate eta kontzientzia bat ematen diolako gaiari. Kontua da, heriotzarekin justu kontrakoa egiten dugula. Ezkutatu egiten dugu gai hori, ukatu egiten dugu, ez gara jabetzen, heriotzaren gaia lantzeak, sexualitatearen gaia lantzeak bezalaxe, esate baterako, gure haur eta gazteei harreman hobeak eraikitzen lagun diezaiekeela”.
Edozein kasutan, psikologoak uste du eskolan lehen baino garrantzi handiagoa ematen zaiola ez soilik doluaren gaia lantzeari, baita heriotza bera edota galeren gaia modu didaktikoan jorratzeari ere. “Lehen eskoletatik zerbait gertatzen zenean bakarrik deitzen zuten, krisi momentuan; orain, berriz, esango nuke gaiari modu pedagogikoagoan heltzen zaiola. Material gehiago dago, kontzientzia handiagoa, eta formazioa zabaltzeko jakintza nahi dute irakasleek, ez zerbait gertatu den momentuan jazoera horri erantzun behar zaiolako, baizik eta gaia landu nahi dutelako modu pedagogiko batean”.
Heriotzaren gaia lantzerako orduan, Izagirreren irudiko, helburuak heriotzaren gaira hurbiltzea izan behar luke, ez angustiaren edo traumaren bidez soilik, baizik eta batez ere esker ona elikatuz, xedea izanik hil den hori esker onez gogoratzea. Finean, kontua litzateke heriotzaren goarnizioa sortzea, bai aurretik hil den harekin bizi izandakoarekin eta baita ondoren gogoratuko denarekin ere. “Askotan heriotzara modu traumatikoan soilik gerturatzen gara: ‘Nola eman notizia? Zer egin gero? Erraustera joaten garenean zer esan behar diegu umeei?’ Beraz, heriotzaren gaia eklipsatu egiten dugu traumaren gaiarekin. Gure nahia litzateke, hezkuntzan heriotzarekin zerikusia duten gai horien guztien gainean modu lasai eta didaktiko batean hitz egitea”. Ane Izagirrek eransten duenez, heriotzaren gaiari txikitatik heltzeko beste modu bat izan daiteke haurrak bere heltze prozesuan bizi behar izaten dituen hainbat galera lantzea; hala nola, txupetearen galera, panpinak baztertzea, edota zahartxeagotan, mugikorreko kontaktuak aldi batez albo batera uztea bera.
Heriotzaren afera kudeatzeko gure gizarteak duen zailtasunaren atzean, frustrazioarekiko lotura egon daiteke. Alegia, Izagirretarren iritziz, heriotza ezkutatzen saiatzen gara edo ez diogu behar bezala aurre egiten, giza frustrazioaren ikur nagusia delako, itzulezintasunaren sinbolo nagusi den heinean. Beraz, frustrazioa egoki kudeatzen ikasteak berak lagunduko luke galeren eta heriotzaren aferari modu hobean heltzen.
Zer dio neurobiologiak?
Haurtzaroan gertuko heriotza batek izan dezakeen eragina ikertu du azken urteetan neurobiologiak. Bereziki, umeak 7-8 urte bete baino lehen heriotza-prozesuren bat bizi behar badu, zer gerta daitekeen haren garunean. “Adin horretan koagulu emozional moduko bat gerta daiteke maila kognitiboan, baina koagulu hori nerabezaroan edo unibertsitateko lehen urteetan berragertu egiten da. Adibidez, gerta daiteke haur bat umezurtz geratzea Haur Hezkuntzako etapan edo Lehen Hezkuntzako lehen urteetan, eta askotan uste izaten da dolua gainditua duela inolako sintomatologiarik agertu ez duelako, baina gero nerabezaroan edo unibertsitateko lehen urteetan nolabaiteko krisi moduko bat agertu ohi da”. Funtsean, psikobiologiak dio badagoela zerbait modu asoziatiboan pertsonaren memorian grabatuta geratzen dena. Kontuan izan behar baita zazpi urte baino lehen trauma gogor bat bizi izanez gero, artean haurrak itzulezintasunaren egitatea barneratu gabe daukala, eta trauma hori umearen memoria emozionalean geratzen dela grabatuta modu asoziatiboan. “Bizi izan duen heriotzaren testuinguruko parteren bat —paisaia, usaina, musika…— enkriptatuta gera daiteke haurraren barnean, eta behin ume horrek pentsamendu abstraktua garatzen duenean eta bere izaera egituratzen doan heinean, enkriptatutako elementu horiek oihartzun moduan etor daitezke bueltan. Kanpoko estimulu batekin pizten zaigun barneko zera hori da, enkriptatuta geratu den koagulu horrekin konekxioa eginarazten diguna”.
Hori gerta daiteke heriotzaren gaia eta doluarena, bere momentuan, ondo landu ez delako, eta heriotzari begiratu
beharrean eta horrekin konektatu beharrean zaurian benda jarri eta aurrera jarraitu delako. Izan ere, sarri, tapoi batez itxi ohi da heriotzaren gaia eta aurrera jarraitu. “Askotan hori gertatzen da kanpoan dauden pertsonak ere doluan
daudelako. Beraz, ebitaziozko mekanismoak jorratzen dituzte bereziki, eta ez konexiozko mekanismoak”. Eta psikologo klinikoak dioenez, dolu prozesuan oso kontuan izan behar litzateke zein diren konexiozko mekanismoak eta zein ebitaziozkoak. Zeren, normalki, haurrekin gehienetan ebitaziozko mekanismo horiek erabiltzen dira, sufritu ez dezan, edo estresatu ez dadin. Horrek, ordea, fragmentazio emozionala eragin dezake, gero umeak abstrakziorako gaitasun hori garatzen duenean berpizten dena. “Askotan behar den momentuan heriotzaren gaia gaizki lantzen da, gurasoak edo hezitzaileak haurra ahalik eta hobekien ikusi nahi duelako lehenbailehen”.
Musika, heriotza lantzeko tresna
Heriotzaren gaia lantzeko garaian, bai prebentzioan (gaia lantzerakoan, nahiz eta heriotzarik gertatu ez inguruan) edota baita posbentzioan ere (dolua tratatu behar denean), musika eta ahotsa dira Patxi eta Ane Izagirrek erabiltzen duten tresna nagusietako bat. Aurrelana egiteko, adibidez, zenbait kantaren —bai euskal tradiziokoak bai nazioartekoak— letrak balia daitezke; doluan, berriz, hainbat melodia nahiz ahotsa erabil daitezke barne sentipenekin eta gorpu-tzean metatutako minarekin konektatzeko. Hala esplikatzen du Ane Izagirre musikako adituak: “Ikertuta dago musika entzuten dugunean zenbait neurotransmisore isurtzen ditugula garunean. Neurotransmisoreak biomolekula batzuk dira neurona batetik bestera sinapsiaren informazioa garraiatzen dutenak. Musika entzuten dugunean dopamina isurtzen da. Eta dopamina plazerarekin lotzen den neurotransmisore bat da. Beraz, musika entzuten dugunean dopamina isurtzen da eta horrek plazera eragiten digu. Finean, musika guztietan dagoelako harmonia bat, gero melodia bat edo bestea ematen duena”. Psikologoak eransten duen legez, hitza iristen ez den lekuetara ailegatzen da musika.
Suizidioaren tabuari aurre egin nahian
Datuak argiak dira: kotxe istripuz hiltzen diren pertsonen bikoitza hiltzen da suizidatuta. Hala ere, gutxi hitz egiten da suizidioaz. Tabua da gaia, ezkutatu egiten da. Sarri, pentsatu ohi da gaia mahaigaineratzeak heriotza gehiago eragingo dituela. “Uste izan da suizidioaz hitz egiteak jende gehiago suizidatzea ekarriko duela, eta horregatik gaia saihestu izan da”, argitzen du Ane Izagirrek. Kontrara, ordea, modu serioan eta gutxieneko zorroztasun batekin suizidioaz hitz egitea prebentiboa izan daitekeela uste dute psikologoek, gaiaz aritzeak heriotzak saihesten lagun dezakeela. Hala dio Patxi Izagirrek: “Ez dezagun soilik suizidioaz hitz egin heriotza gertatu denean eta modu sentsazionalista batean. Goazen modu etikoan hitz egitera, baita gela barruan ere, krisi garai batean akaso norbaiti baliogarria egingo baitzaio aurretik gaiaz hitz eginda egotea suizidioa saihesteko”.
Gaiaz hitz egitearen beste helburu bat da suizidioren bat bizi izan duten familiak ez berriz biktimizatzea eta familiari dolu-prozesua behar den bezala egiten uztea beroiek epaitu gabe, edota nolabaiteko lintxamendu moralean eta estigmatizazioan erori gabe familia horrekiko. “Askoz ere gehiago kostatzen da pertsona bat suizidatuta hil dela esplikatzea, baita onartzea ere; errazagoa da esatea istripuz hil dela edo gaixotasun batek jota. Saiatu behar genuke heriotza ororen gainean jarrera berarekin erantzuten”.
Sufrimendu izugarria, sintoma
Psikologoek diotenez, kasu askotan depresiora edo buruko trastorno larri batera iritsi ez arren, suizidioaren atzean beti dago muturreko sufrimendua: “Neurri batean hor atzean dagoena da osasun mentala gehiago garatzeko beharra, hau da, sufrimendu hori kanporatzeko, partekatzeko, agerian jartzeko, laguntza eskatzeko… beharra. Beste hitz batzuetan esanda, bakarrik ez geratzeko eta lagunduta egoteko premia”.
Gainera, psikologoak beldur dira, modu arriskutsuan, suizidioaren inguruko erotika bat sortzen ez ote den ari, erromantizismo kutsu batekin, sinetsirik bizitza honetako sufrikarioen aurreko irtenbide bat izan daitekeela. Thelma eta Louise pelikulan bezala, erotika libertario batez ariko ginateke. Norbere askatasunaren azken muturreko lorpen gisa ikusten da suizidioa. Baina, noski, horrek ez dauka atzera bueltarik. Eta kontuan izan behar dugu 15 eta 30 urte arteko gazteen artean gora egin dutela suizidio kasuek eta gaur egun lehen heriotza kausa direla”.
Suizidioaren atzean egon daitezkeen zergatiei erreparatzea, ordea, sarri, alferrikakoa iruditzen zaie Patxi eta Ane Izagirreri eta horren ordez, prebentzioan indar egin behar dela aldarrikatzen dute. Nola? Ez da formula zaila: hitz eginez. “Ni konbentzituta nago gazte-gaztetatik genero indarkeriaren gainean hitz eginez gero, gazte-gaztetatik drogaren inguruko informazioa edukiz gero, gazte-gaztetatik suizidioa aztergai hartuz gero… hein batean, kasu batzuk prebeni daitezkeela. Gertatuko dira? Bai. Baina lortzen badugu baten bat saihestea, bada zerbait”.
Beraz, gertatu aurretik, hezkuntza mailan, modu didaktikoan, geletan suizidioaren gainean hitz egitearen garrantzia azpimarratzen dute psikologoek, bereziki Bigarren Hezkuntzatik aurrera. Zein helbururekin? Sufrimenduaren aurrean bakarrik ez sentitzea, eta tribuaren babesa sumatzea. “Askotan suizidioaren burutazio horretan egon daiteke gaztea, bakardade horretan, isiltasun horretan, nolabaiteko nahaste zehazgabe horretan… bada, kasu horretan guk aukera bat eskaini behar diogu eta gai horretaz ere hitz egin dezakeela helarazi behar diogu. Berbalizazioa defendatzen dugu, ez akaso zuzenean suizidioari aurre egiteko, baina bai pertsona batek senti dezakeen sufrimenduaren aurrean laguntza eskatzeko gai izan dadin lortzeko, ardatz nagusi-tzat osasuna hartuz”.