Errealitate, bizipen eta ikasketa berriak

2018-09-11

Mundura atera eta etorkizunean zein bide hartu erabakitzen hasteko unea izan ohi da nerabezaroa. Boluntario-lana da bide hori egiten lagun dezakeen bitartekoetako bat. Adituen esanetan, gainera, pertsona gisa hazteko eta hezteko aukera paregabea eman dezake boluntariotzak.

 
 
Errealitate, bizipen eta ikasketa berriak

 

Drogekin, babesik gabeko sexuarekin, pantailen erabilera gehiegizkoarekin, anorexia eta bulimiarekin, jazarpenarekin, kontsumismoarekin… lotu ohi dira maiz nerabeak. Gazteekin erlazionaturiko guztia izan ohi da sarri arazo, gatazka-iturri, eskandalurako bide. Eta kutsu negatibo horrekin azaldu ohi dira gehienetan komunikabideetan ere. Askotan, badirudi, nerabeekin loturiko dena dela “txarra”. Nerabe guztiak direla “gaizto”.

Ez dauka zertan horrela izanik, ordea. Bizitzako aro horrek bere ezaugarri propioak ditu, eta oso etapa konplexua izan ohi da pertsonaren garapenean. Norbere identitatearen eraikuntza betean sartuta egon ohi dira gazteak nerabezaroan eta une existentzial oso garrantzitsuari egin behar izaten diote aurre. “Nor naiz ni?”, “Zer egin nahi dut nire bizitzarekin?”, “Nola kokatuko naiz nire ingurune honetan?”… eta antzeko galderak erabili ohi dituzte buruan. Mundura atera eta etorkizunean zein bide hartu hausnartzeko unea izan ohi dute, bizitzan zer egin nahi duten erabakitzen hastekoa. 

Boluntariotza-jarduna da bide hori egiten lagundu dezakeen bitartekoetako bat. Eta, sarri, ezkutuan geratzen den arren, ez dira nerabe gutxi bolondres proiektu ezberdinetan parte hartzen dutenak: udalekuetan hezitzaile, gurutze gorrian laguntzaile, indusketetan ikerlari, herriko aldizkarian kolaboratzaile… etorkinei, ezinduei nahiz adinekoei laguntzen, auzoko festak antola-tzen, Gaztetxea kudeatzen… Arlo soziala, aisialdikoa, osasunarekin lotutakoa, artistikoa… eremu askotan ari daitezke gazteak bolondres gisara kolaboratzen, eta, beraz, aukera dute, bakoitzak berari egokien doakion eremua aukeratzeko. Eta, hala egiten dute, hamaika jardunbidetan aritzen baitira gazteak. 

Askotan, baina, bolondres lanetan hasteko informazioa behar dute gazteek, orientazioa, dagoeneko horretan dabilen lagunen baten erreferentzia… baina baita denbora eta ardurak hartzeko aukera ere. Aitziber Agirre Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxeko irakasleak eta Bolondres proiektuaren arduradunak ondo daki hori. 205. hik hasi aldizkarian adierazi bezala, nerabezaroan, barrura begira egon ohi dira gazteak, eta euren buruarengan jarria izaten dute arreta osoa: zein diren beraien nahiak eta desirak, zein interesak, zein kezkak… eurak egon ohi dira guztiaren erdian, beraz, nola ireki mundura?. “Gaur egun gazteekin ari garenean asko zentratzen gara norbere buruaren ezagupenarekin loturiko alderdietan: nor naizen jakin, nire nahiak eta desioak identifikatzen, emozioak kudeatzen… Baina ez dugu hainbeste jartzen begirada bestearengan: Zer gertatzen da nire inguruan? Zer gertatzen da munduan? Eta horrek nola eragiten du nigan eta nire erabakietan?”. Horregatik, Agirreri garrantzitsua iruditzen zaio, hala nahi duten nerabeei bolondres gisara jarduteko ateak zabaltzea, eta boluntariotza lanak eman diezaieken guztiaren berri ematea, xede argi batekin: “Bestea ere, gure ezaguna edo gertukoa izan ez arren, aintzat hartzen ikastea. Alegia, nire amets eta desioetan pentsatzeaz gainera, mundu honek nigandik zer behar duen ere galdegitea, komunitatearen mesedetan bai, baina aldi berean, baita neure onerako ere”.

Izan ere, pertsona gisa hazteko eta hezteko aukera aparta eskain dezake boluntariotza-lanak. Konpromisoa eta inplikazioa eskatzen ditu. Lan fisiko zein intelektuala egitea, “bestearen” edo “komunitatearen” onerako, horregatik irabazi ekonomikorik jaso gabe. Baina trukean bolondres lanetan ari den gazteak jasotzen duen guztia luze zerrenda daiteke: baliagarri sentitzea, gizartean leku bat topatzea, bizitzako esperientzia eta jardun diferenteetatik ikastea, norberea nahiz besteena baloratzea, errealitate anitz ezagutzea, eguneroko errutinekin haustea, sozializatzea eta lagun berriak egitea… Eta horrekin batera, hainbat gaitasun eta ikaskuntza ere eurenganatzen dituzte gazteek: autonomo izatea, ardurak hartzea, antolatzen jakitea, besteekin eta komunitatearekin inplikatzea, parte hartzeko grina sentitzea, norbere buruarenganako konfiantza, beldurra edota lotsa gainditzea…

Gainera, lan boluntarioak gazteei aukera ematen die euren hondar alea jartzeko ingurune eta gizarte hobe bat eraikitzeko orduan. Boluntariotzak errealitatearekin gertuko kontaktua edukitzen laguntzen die, eta transformaziorako pieza bilakatzen dira. Kontuan izan behar baita nerabeak, oro har, inkonformismoa berarekin duela, baita inguru justuago bat egiteko nahia ere. 

Agirreren esaten, bolondres-lana esperientzia aberasgarri bat izan daiteke gaztearentzat, bere baitan arrastoren bat utziko duena. Baina harago ere irits daiteke, eta per-tsona horren bizitzaren norabidean eragina izan dezake: etorkizunean zenbatek jarraituko dute boluntario gisara, batean eta bestean parte hartzen? Beraien eguneroko erabakietan eraginik ba al du? Zein balio bereganatu dituzte? Eta zein gaitasun? Justizia, elkartasuna, enpatia, poztasuna… bezalako printzipioak barneratu ote dituzte? Arduratsuagoak, inplikatuagoak, konprometituagoak al dira orain? Eta komunitateari zer ekarpen-mota egin diote?... Hori guztia eta gehiago begiratu behar da, irakaslearen irudiko, lan boluntarioaren fruituak baloratu ahal izateko. 

 

Zer ematen dio boluntariotzak nerabeari?

Era askotako onurak ekar diezaizkioke gazteari era bateko zein besteko boluntariotza-programetan parte hartzeak:

- Munduaren gaineko ikuspegia zabaltzea: auzoan, herrian nahiz beste herrialde batean arituta lan boluntarioa egiten, aukera izango du gazteak beste bizitza eta errealitate batzuk ezagutzeko, eta horrek munduaren gaineko ikuspegia zabaltzen lagunduko dio.  

- Besteei buruzko kontzientzia handiagoa izatea: lan boluntarioak beste pertsona batzuen errealitateak ezagutzeko eta haien lekuan jartzeko aukera ematen du, eta, beraz, baita enpatia eta ulerkortasuna jorratzekoa ere. 

- Konpromisoa eta konstantzia lantzea: lan boluntarioak inplikazioa eta jarraitutasuna eskatzen dizkie nerabeei, eta horrek gero bizitzan aurrera egiteko eta unean uneko erronkak gainditzeko balioko die.

- Antzeko interesak dituzten beste gazte batzuk ezagutzea: nerabeei beste jende bat ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera ematen die proiektu boluntarioetan parte hartzeak. Askotan, gainera, antzeko interesak dituzten beste pertsona batzuekin egiten dute topo eta horrek haiekin hainbat esperientzia asebetegarri partekatzeko modua eskaintzen die.

- Norbere buruarenganako konfiantza irabaztea: jarduera bolondresak, normalki, gazteak erabakiak hartzera, ideiak proposatzera edota norbere iritzia plazaratzera behartzen ditu, eta baita inplika-tzera eta ardurak hartzera ere. Horrek guztiak autoestimua susta-tzen du, aldi berean, denen artean zerbaiten alde egiten dutenez, komunitateko sentsazioa indartuz.

- Bokaziozkoak izan daitezkeen jardueren aukera zabaltzea: nerabeei euren denbora zertan igaro nahi duten jakiteko aukera zabaltzen zaie lan boluntarioarekin, eta baita helduagoak direnean zerekin konprometitu nahi duten erabaki-tzekoa ere.