Emozioak, bizitzarako ipar
Emozioak, sentitzen duguna, omen dira gure jokabidearen ipar. Baina, emozioak ez dira bulkada huts. Gure esku dago emozio horiek kudeatzea, eta horiek gugan eragiten duten jokabidea zein izango den erabakitzea. Gure emozioak identifikatzen, onartzen eta baliatzen ikastea, horixe da heziketa emozionala.
Haurra dena emozioa dela esaten da, dena sentimendua, dena zirrara, dena gorputza... eta esaten da, helduok hartzen ditugun erabakietan ere, emozioek agintzen dutela: alegia, alderdi emozionalak % 80ko pisua duela; alderdi arrazionalak, berriz, % 20koa... esaten da bizitzan aurrera fundamentuz egiteko ezinbestekoa izango dela emozionalki adimentsuak izatea, eta gure haurrak horretan hezi beharko ditugula... esaten da ez garela egiten duguna, sentitzen duguna baizik... Rene Descartes-en “pentsatzen dut, beraz, banaiz” esaldi sonatutik, “sentitzen dut, beraz, banaiz” berritura ari garela pasatzen... esaten da teorian... baina sentitu, praktikan sentitzen dugu, emozioak hemen eta orain bizi ditugulako. Eta egitate unibertsala da hori: denok sentitzen dugu, guztiok bizi dugu zirrara gorputzean, baina gero, ba ote dakigu eta ulertzen ote dugu emozioez ari garenean zertaz ari garen?
1995ean argitaratu zuen Daniel Goleman psikologo eta idazleak Adimen emozionala liburua. Urteetan zehar lantzen joandako kontzeptua, XX. mendearen hondarrean ezagutarazi zion publiko zabalari. Adimen emozionala norbere sentimenduak eta besteenak errekonozitzeko, onartzeko eta harremanak era egoki batean kudeatzeko gaitasun gisa definitu zuen. Harrezkero, sonatua bilakatu da kontzeptua, eta hamaika liburu, artikulu edota txosten argitaratu dira gaiaren inguruan; hitzaldiak, jardunaldiak, formazioak antolatu dira; eta baita beste horrenbeste programa eta prozesu diseinatu ere era guztietako organizazioetarako.
Urteak dira, hezkuntzaren alorrean ere adituak nahiz ikerlariak heziketa emozionalaz hizketan hasi zirela. Psikologiaren eremutik abiatu, eta enpresa zein bestelako erakundeetatik igaro ostean, iritsi zen gaia eskoletara; eta, azkenik familien altzoetan ere zirrikitua ireki du. Erabiliaren erabiliaz gastatu ere egin da, akaso, kontzeptua. Erabili erabiltzen delako, eta asko, baina ba ote dakigu benetan zer diren emozioak? Zer heziketa emozionala? Eta zer emozionalki adimentsu izatea? Beharbada, hitzez esplikatzea ez da samurrena izango, ezta egokiena ere, heziketa emozionala teoria baino gehiago, praktika delako, uneoroko bizipena eta jarduna. Eta, baliteke horregatik beragatik ez ulertzea oso ongi zer esan nahi duen, ulertzea baino gehiago sentitzea eta bizitzea izan litekeelako kontua. Edonola ere, eta kontraesanak kontraesan, gaira hitzez hurbiltzen saiatu dira arloan aditu diren hiru psikologo: Donna Apellaniz, Roberto Aguado eta Silvia Palou.
Zientziak dio emozioak burmuinean sortzen direla, hipotalamoa izeneko garunaren zatian dutela jatorria. Estimuluen edo sentsazioen erantzun gisara erne ohi dira emozioak. Adibidez, haur batek ezezagun baten presentzia eraso gisa bizi badu eta horren aurrean babestu beharra sentitzen badu, amorruaren emozioarekin konekta dezake.
Jaiotzen garenetik lau emozioren inguruan mugitzen gara: tristura, amorrua, beldurra eta poza. Gizakiaren disko gogorrean plazeraren, pozaren, alaitasunaren emozioa dago eta hori da pertsonen iparra. Hori haurrengan oso nabarmena da. Horrek ez du esan nahi, ordea, beste emozioak txarrak direnak. Bakoitzak dauka bere funtzionalitatea. “Guri zerbait esateko plazaratzen dira emozioak, alegia, zertarako handi batekin”, argitzen du Donna Apellaniz psikologoak, Hik Hasi-ren Udako Topaketetan emandako ikastaroen ostean eginiko elkarrizketan.
Antzeko zentzuan mintzatzen da Roberto Aguado ere Tolosako Herrikide ikastetxeak gonbidatuta heziketa emozionalaren gainean guraso eta irakasleei emandako hitzaldian: “Gaur egun askotan badirudi oso zoriontsuak izan behar dugula eta oso alai egon behar dugula beti. Eta nik uste dut poztekoa dela jendea alai eta zoriontsu egotea, baina tokatzen denean. Bizitzan badaude uneak alaitasun eta zorion arrastorik txikiena ere sumatzen ez dugunak. Sekulako tristura senti dezakegu batzuetan, eta horri ere tokia egin behar zaio eta bizi egin behar da”. Aguadok aldarrikatzen du pozaz aparte ere badaudela beste emozio batzuk pertsonentzat oso erosoak izan daitezkeenak, eta baita baliagarriak ere. Horixe da darabilen hitza: erabilgarria. “Esate baterako, zakur bat hozka egitera badatorkigu oso erabilgarria da beldurra sentitzea, inoiz baino arinago egingo baitugu korrika”. Psikologoaren aburuz, ez dago emozio negatiborik; emozio negatiboak daudela pentsatzera iritsiko bagina, hurrengo urratsa emozionatzea txarra dela baiezta-tzea litzateke. “Eta emozionatzen ez diren pertsonak badaude eta izen bat ematen diegu: psikopatak”.
Silvia Palou psikologoa eta Hik Hasi-ren 0-3 formazioko hezitzaileetako bat ere emozioei etiketarik ez jartzearen aldekoa da, alegia, “ontzat” edo “txartzat” ez defini-tzearen aldekoa. Hark dio guk nahi edo ez emozioak hor izango ditugunez, ez genukeela gure burua –edota ingurukoak– epaitu behar era bateko emozioak edota beste era batekoak sentitzeagatik. “Adibidez, bizipen baten aurrean amorrua sentitzea ez da ez ona eta ez txarra. Sentitzen dugun emozio bat da, eta kito. Baina bizi dugun kulturaren, ditugun usteen, gure familia-ingurunearen, edota gure nortasunaren arabera, emozio horren era bateko edo besteko balorazioa egiten dugu. Amorruaren kasuan, ia beti, negatiboa. Eta ondorioz, beste sentipen batzuei irekitzen diegu bidea, hala nola, kulpari edota gaitzespenari”.
Identifikatu, onartu, kudeatu
Emozioek oso gutxi irauten dute. Mikrosegundu batzuetatik hasi eta gehienera jota ere minutu batzuetara. Apellanizen arabera, emozioak ibilbide jakin bat egiten du: hasieran, pertsona lasaitasunean dago, edota behintzat neutralitatezko egoera batean; gero, zerbaitengatik emozio bat sentitzen du; ondoren, emozioaren energia igotzen joaten da bere klimax egoerara iritsi arte, eta berehala jaisten hasten da; hau da, orgasmo baten gisara funtzionatzen du. Batzuetan, ordea, gerta daiteke pertsona emozioaren klimax horretan katigatzea behin eta berriz. Horrela sortu ohi dira, depresio-, antsietate-, ezinegon-egoerak eta antzeko sakoneko sentimenduak. Hala esplikatzen du psikologoak: “Egoera oso gordin baten aurrean, adibidez, errealitate hori gainditu beharra daukadanez aurrera egiteko, nire burua behin eta berriz bueltak ematen hasten da, eta pentsamenduak etengabe emozioaren klimax horretan mantenarazten nau. Alegia, pentsamenduak ez dio emozioari joaten uzten. Eta hor sortzen dira depresioa bezalako sakoneko sentimendu horiek”. Izan ere, Apellanizen arabera, norberak bere emozioak sortzen ditu, eta beraz, bakoitzak badu gaitasuna emozio horiekin zer, noiz, nola… egin erabakitzeko. Horixe litzateke emozionalki adimentsua izatea, hau da, emozio horiek kudeatzeko gai izatea.
Emozio baten aurrean jokatzeko bi modu leudeke: erreprimitu egin daiteke edota kudeatu. Izan ere, erreprimitzen den zerbait ezin da kudeatu. Palouk esplikatzen duen moduan, esate baterako, une jakin batean amorrua sentitzen badugu, edota haur bat amorruz dagoela ikusten badugu, sentipen hori onartu behar dugu eta lekua egin behar diogu emozio horren bizipenari. “Hori bai, amorru hori kanporatzen dugunean, etikoki jokatu behar dugu, alegia, besteen sentimenduak kontuan hartuz, eta ondokoak nahiz geure burua errespetatuz”. Emozioez hitz egitean, eta lanketa emozionalaz, norbereak ez ezik, aldamenekoaren emozioak ere kontuan izatea komeni baita. Aguado ere norabide berean mintzo da. Haren irudiko, bestearen sentipena kontuan ez duena, bizitzan iparrorratzik gabe egongo da. “Emozioa da nola bizi behar dugun adierazten diguna”.
Apellanizek emozioen kudeaketa egiteko modu zehatz bat erabiltzen du. Bere esanetan, emozio bat kudeatu ahal izateko, lehenik konturatu egin behar dugu zer ari zaigun gertatzen. “Adibidez, urduri ari naiz jartzen… zer ari zait gertatzen?”. Bigarren urratsa litzateke, sentsazio horretan egoteko baimena ematea norbere buruari. Alegia, “urduri ari naiz jartzen eta nire buruari baimenduko diot urduri egotea”. Behin norbere buruari emozio horretan egoteko baimena emanda, emozio horrek gugan eragiten duen horretan jarri behar da arreta, alegia, emozio horri berez ateratzen zaion energia zein den jabetu behar dugu. “Esate baterako, urduri jartzean oso-oso azkar hitz egiten hasten baldin banaiz, konturatuko naiz emozio horrek energia horretara naramala. Eta behin hori jakinda, nik erabakiko dut zer egin”. Izan ere, Apellanizek behin eta berriz azpimarratzen duen eran, emozio baten aurrean norberak erabaki dezake zer egin. Eta erabakitzeko momentu horretan, hiru bide nagusi ikusten ditu: “Bide bat da berezko energiari lekua egitea. Adibidez, ‘haserre nago eta oihu egingo dizut oihu egitea erabaki dudalako’. Bigarren bide bat litzateke estrategiaz alda-tzea eta esatea: ‘oihukatzeko gogoa sentitzen ari naiz, baina ez dut oihu egingo; arnasa hartu eta lasaitu egingo naiz’…. Eta hirugarren bidea litzateke emozio horri joaten uztea, eta esatea: ‘ez zaitut behar, joan zaitez’”. Psikologoaren aburuz, hirurak izan daitezke egokiak egoeraren arabera. Eta horretarako norbere buruaren gaineko ezagutza litzateke gakoa: Nolakoa naiz? Zer gertatzen zait? Nola ikusten dut mundua? Zein emozio sentitzen ditut hau edo beste gertatzen zaidanean?
Norbere buruaren ezagutza on baterako, baina, heziketa emozional aberats bat da giltzarria. Eta zein da, bada, horretarako bidea?
Lehenik heldua, ondoren haurra
Hiru adituak bat datoz horretan: haurrarekin emozioak lantzeko, lehenik helduak bereak landuak izan behar ditu. Helduak eredu eta jarraibide izan behar du haien esanetan, jakina baita 0-6 urteen artean, entzuten dutenarekin baino gehiago ikusten dutenarekin ikasten dutela haurrek, sentitzen dutenarekin eta bizi dutenarekin. “Heldu eredugarri garen heinean emozionalki adimentsuak diren jarrerak izaten baditugu, haurrek ere hortik edango dute. Haurrak emozionalki adimentsuak izatea nahi badugu, izan gaitezen lehenik gu horrelakoak. Eta goazen gure beldurraz hitz egitera, gure tristuraz… Goazen etxean triste egoteko aukerak irekitzera, baina goazen era berean tristura horri aurre egitera eta horretarako baliabideak eskaintzera. Horrela haurrek ikusiko dute triste egon gaitezkeela, baina tristura horretatik ere irten daitekeela; beldurtu gaitezkeela, baina ez zaigula ezer txarrik gertatuko; frustratu gaitezkeela, baina baita aurre egin ere ezinari eta esfortzuarekin nahi dugun hori lortu”, argitzen du Apellanizek.
Helduaren presentziari garrantzia ematen dio Aguadok ere, heziketa emozional on baterako bidean. Alegia, umearekin dagoenean, heldua, hemen eta orain egotea ezinbestekoa dela dio. Beste hitz batzuekin esanda, zentzumen guztiekin haurrari arreta jarrita jardutea ezinbestekoa iruditzen zaio. Eta hori esplikatzeko pentsamenduaren eta emozioaren artean dagoen diferentzia azaltzen du, “helduok askotan pentsamenduan egoten baikara eta ez emozioan”. Adituaren hitzetan, pentsatzen ari garenean, lehenaldian, orainaldian edo geroaldian egon gaitezke; emozioa, ordea, hemen eta orain sentitzen dugu. Emozioak ez dauka iraganik, ez etorkizunik. “Demagun etorkizunean pentsatzen ari garela, edo berdin iraganean, baina sentitzen dugun hori noiz sentitzen dugu? Orain. Badakizue horrek zer esan nahi duen? Bada, zure semearekin edo alabarekin lurrean etzanda jolasean ari zaitezkeela, eta bitartean, bihar lanean egiteko duzun horretan pentsatzen aritu. Hala, zure emozioa ere biharko lanarekin lotuta egongo da eta ez une horretan eskuartean duzun umearen jolasarekin. Eta, baliteke, umeak hori igartzea eta amorrua adieraztea. Beraz, umeekin egoteak, hemen eta orain umeekin egotea esan nahi du, eta ez ipuina kontatzen ari gatzaizkien bitartean ipuina noiz bukatuko ote den pentsatzen aritzea”.
Izan ere, Aguadorentzat pentsamenduan egotea ona izan daiteke, baina emozio egokietan gaudenean; horrela ez denean, ordea, pentsamenduak kontrako eragina ere izan dezake. Bere irudiko ez da hain garrantzitsua zer ari garen egiten edo esaten, baizik eta zein emoziotatik ari garen egiten edo esaten. “Adibidez, haurraren hozkada batek berdin eragiten digu amorrutik egiten duenean edota kuriositatetik ari denean? Bada, ez. Edota pertsona bati maite dugula esaten badiogu gorrototik, nola jasoko du? Bada, minduta sentituko da eta amorrura joko du”.
Hortaz, Aguadoren esanetan, jokabidea bera baino askoz ere garrantzitsuagoa da jokabide horren atzean dagoen emozioa. Eta horrek eragin zuzena izango du seme-alaben hazierarako eta heziketa emozionalerako. Adituaren hitzetan, ia denok dakigu zer egin behar dugun edo nola jokatu behar dugun —haurra errespetuz tratatu behar dugu, segurtasuna eman behar diogu, erreferentzia izan behar dugu berarentzat…— , baina gakoa ez dago hor, egin behar dugula dakigun hori egiteko gai izatean baizik. “Pentsamendua edo garun arrazionala da zer egin behar dugun esaten diguna, eta gutxi edo gehiago guztiok dakigu zer egin behar dugun. Gakoa, baina, ez da hori, egin behar dugula dakigun hori egiteko gai izatea baizik, eta hori garun emozionalaren esku dago, batez ere”. Eta, emozionalki adimentsu izateak ematen du norbere bizimoduan aurrera egiteko nahiz haurren hazieran eta heziketan arrakastatsu izateko gaitasun hori.
Nola eraikitzen du haurrak bere mundu emozionala?
Pixkanaka eraikitzen du haurrak bere mundu emozionala. Bereziki, gertuko ingurunean —familian, eskolan nahiz lagunartean— izaten dituen bizipenen bidez. Palouk Sentir y crecer. El crecimiento emocional en la infancia (Sentitu eta hazi. Haziera emozionala haurtzaroan) liburuan dioenez, bizipen emozionala indibiduala edo kolektiboa izan daiteke, baina beti izango da partekatua, hau da, bizipen hori ezin da testuingurutik bereizi. Ingurunea delako norbere emozioak interpretatzeko erreferenteak ematen dituena. Testuinguruaz ari garelarik, Palourentzat berebiziko garrantzia du familiak. Haurra bere sentimenduen mundua eraikiz joango da, erreferentziatzat bere familia-ingurunea hartuta. Haurra hazten doan heinean, eskolak, lagun-taldeak, auzoak… ere inportantzia handia hartuko dute. Beldurra, poza, tristura, amorrua, afektua, kulpa, eskuzabaltasuna, enpatia… bizitzen ikasiko du haurrak determinismo genetikoaren arabera, baina baita genetikoak ez direnen arabera ere. “Esate baterako, haur baten barne-mundua ulertu nahi badugu, haur horrek bere familiarekin eta hurbileko talde sozialarekin izan dituen harremanak ere ulertu behar ditugu, baita bere jatorrizko kulturaren arabera garatu dituen estrategia emozionalak ere”.
Emozioak dira giza harremanaren motorra eta gure bizitzako elementurik garrantzitsuena. Zentzu horretan, Palouk hik hasi aldizkarian eginiko elkarrizketan adierazi bezala, heziketa egoki batek haurraren garapen emozionala susta-tzea esan nahiko luke. Heziketaren ikuspegitik, eta bereziki haurraren lehen urteetan pentsatuz, bi zutabe nagusi azpimarratzen ditu psikologoak: batetik, barne-gogoa; eta, bestetik, esfortzua.
- Barne-gogoa: Gogoa dionean ekiteko, sortzeko, ikasteko grinaz ari da Palou. Eta bizitzan aurrera egiteko nahi horrek barrutik ernetakoa izan behar du, sortzeak edota ikasteak ematen duen plazerak eragina. “Sarri, ordea, familiatik, eskolatik nahiz, oro har, gizartetik haurrak trukean saria jaso dezaten gauzak egitera ohi-tzen ditugu. Ondorioz, norberak sinesten duen horregatik lan egiteko grinari eta hori lortzeko bakoitzak egin beharreko esfortzuari ez diegu behar besteko baliorik ematen”.
- Esfortzua: Haurraren autonomia sustatzeko balio gisa ulertu behar da. Umeak desio duen hura lortzeko egin beharreko esfortzuaren aurrean bere bidea egiten uztea esan nahi du horrek, soluzioak kanpotik eman gabe eta bide horrek ekar diezaiokeen sufrimendua bizi-tzen utziz. “Helburua da haurrak bere larruan esperimentatzea desio bat lortzeak eman diezaiokeen plazera, poza eta zoriontasuna. Edota desio hori ez lortzeak ekar diezaiokeen frustrazioa. Azken batean, norbere ekintzen ardura hartzea esan nahi du horrek”.
Heziketa emozionala egokia izan dadin lau alderdi azpimarratzen ditu psikologoak:
- Ingurune soziala: haurrak jaiotzen denetik esperimentatzen dituen lotura afektiboak ingurunearen araberakoak izan ohi dira. Umea bizi den espazio horrek antsietatea eragin dezake, edota poza, tristura, galeren onarpena, etsipena… Era askotako lotura afektibo horien gainean garatuko du haurrak bere adimen emozionala. “Adibidez, haur batek lagun berrietara gerturatzeko duen modua haur horrek bere gurasoekin izan duen harremanaren isla izan ohi da. Ume horrek izan familian, eskolan nahiz komunitatean talde batera egokitu behar du eta horretarako garrantzitsua da oinarri emozional sendoa izatea, gero izate indibidualaren eta talde izaeraren arteko oreka bila dezan, hor baitago giza ongizatearen gakoa. Izan ere, komunitateak segurtasuna ematen du, baina aldi berean, askatasuna kentzen du”.
- Barne-elkarrizketak izateko gaitasuna: horrela joango da haurra bere burua ezagutzen, onartzen eta identitate propioa eraikitzen. Inguruarekin dituen harremanen arabera eta harreman horietatik ateratzen dituen ondorioen laguntzaz, haurrak bere barne munduaren kontzientzia hartzen du. Hala, sentitzen dituen emozioei hitzak edota keinuak jartzen dizkie eta bere sentipenak besteekin partekatzen ditu.
- Gertutasunaren eta distantziaren arteko kudeaketa: heziketa emozionalaren helburuetako bat da haurra emozionalki autonomoa izatea, alegia, besteenganako sumisio sentimentalik edo dependentzia emozionalik gabe harremanak izateko eta bizitzeko gai izatea. “Haurraren haziera autonomorako inguruneak jarrera egokia hartzea oso garrantzitsua da, bereziki familiak. Haurrari utzi egin behar dio maitatua eta zaindua izan den eremu afektibo horretatik distantzia hartzen. Beste pertsona baten laguntzarik gabe esperimentatzen dituen lorpenei esker bere gaitasunetan konfiantza hartuko baitu”.
- Sentsibilitate estetikoa: kulturarekin du zerikusia honek. Hain zuzen, Palouk azaltzen duen eran, kultura da haurraren testuingururik zabalena. “Sinesmenak, egoera desberdinen aurrean jokatzeko moduak eta errealitateko gertaeren esanahia ulertzeko erak ematen dizkigu kulturak. Bertan islatzen du haurrak bere burua eta, aldi berean, kultura horrek erakar-tzen, liluratzen, bereganatzen du umea. Gauzek bere horretan ez dute baliorik, pertsonek gauza horiekiko dituzten harremanek ematen diote balioa. Imajinazioak, sormenak, eta jolasak esanahia ematen diete gauzei, komunikatzeko balio dute eta norbere burua kulturan islatuta ikusteko. Horrexegatik da garrantzitsua sentsibilitate estetikoa”.
Familia, eskola eta komunitatea elkarreraginean
Finean, haurraren garapen emozionalean familia, eskola eta komunitatea sartzen dira elkarreraginean. Aurrez aipatu bezala, familia da garrantzitsuena. Familian gertatzen diren harremanak izango baitira haurraren mundu emozionalerako sostengu. Palouren hitzetan, haurrarentzat familia mundura irekita dagoen leiho bat bezalakoa da eta familiaren altzoan eraikitzen du bere nortasuna. Gainera, familian ikasten ditu haurrak bizitzarako balio nagusiak eta besteekin erlazionatzeko erak. “Azken batean, argi dago txikitatik lotura emozional sendoekin hazteak eskolan hobeto jardutea esan nahi duela, emoziorik ezean motibaziorik ez dagoen gisan, afekturik gabe ere ez dagoelako ikaskuntzarik”.
Familiaren ostean dator eskola. Bigarren etxea litzateke, familiaren jarraipena. Eskolak ere asko egin dezakeela sinetsirik dago Aguado, eta irakasleen eta ikasleen arteko harremanean jartzen du arreta, uste baitu ikasleen arrakastarako askoz garrantzitsuagoa izan daitekeela hezitzaile batek egiten duen emozioen kudeaketa, arlo batean eduki dezakeen jakinduria sakona baino. “Matematikaz asko dakien irakasle bat, nahiz eta edukien transmisioan abila izan, ez da eraginkorra izango baldin eta taldeko giro emozionala egoki kudeatzeko gai ez bada”. Zentzu horretan, ikaslearen aurretik pertsona jartzearen inportantzia azpimarratzen du, eta uste du irakaslearen egitekoa dela ikasle hori eskolan dagoenean ere etxean sentiaraztea. Etxe-emozioak deiturikoez mintzo da psikologoa: lasaitasuna, kuriositatea, segurtasuna eta poztasuna lirateke horiek. Eta ikasleak emozio horien energian egoteko lan egitea litzateke eskolaren eta irakasleen egitekoa.
Azkenik, haurra komunitate bateko parte izango da, eta horrek ere eragina izango du bere garapen emozionalean. Eta gaur egungo gizartearen bi ezaugarri dira azkartasuna eta gainestimulazioa, umearen garapen emozional egoki baterako oztopo izan daitezkeenak. Izan ere, hiru adituek dioten moduan, haurrek denbora behar dute euren nortasuna finkatzeko, euren ni-aren kontzientzia garatzeko eta euren buruarengan konfiantza hartzeko, independenteak eta helduak izatera irits daitezen. Ez da erronka makala familiaren, eskolaren eta komunitatearen arteko elkarreragin horretan heziketa emozional egokia ematea haurrei!
OINARRIZKO LAU EMOZIOAK
Oinarrizko lau emozio bereizten ditu Donna Apellaniz psikologoak eta horietan oinarrituz egiten du lan. Bere esanetan, emozio guztiek dute izateko arrazoi bat eta atzean dagoena ulertzeko eta norbere bizipenen kudeaketa egiteko aukera ematen dute.
- Beldurra: emozio honek adierazten du ez dugula behar adina errekurtso egoera bati aurre egiteko. Errealitate horri aurre egiteko baliabideak eskuratzen ditugun heinean, beldurra txikitu egiten da, eramangarriago bilakatuz, eta kasu batzuetan desagertu ere egiten da. Aurre egin ezean, beldurrak beste bi erreakzio ere eragin ditzake pertsonarengan: blokeoa batetik, eta ihesa bestetik. “Adibidez, haurrarengan ikusten badugu beldurrarekin blokeatzeko tendentzia duela, helduon betebeharra izango da baliabideak eskaintzea eta bere beldur hori baliatzeko aukera ematea. Esate baterako, ezezagunen aurrean beldurtu eta lotsatuta geratzen bada, gure egitekoa izango da segurtasuna ematea eta ‘hemen nago’, ‘nik zainduko zaitut’, ‘ez zara bakarrik egongo’ adieraztea, eta era berean, beldur horri aurre egiteko kapaza dela sinetsaraztea”.
- Tristura: galera baten aurrean sentitu ohi dugu emozio hau. Tristurak bakarrik egotera eta intimitatea bilatzera eraman ohi du pertsona. Negar egitea da tristuraren ezaugarri handienetako bat, finean negarraren bidez kanporatzen delako mina. “Adibidez, galera baten aurrean min handia sentitzen dugunean, energia oso baxu izan ohi dugu eta ezertarako gogorik ez, bakarrik egon nahi izaten dugu edota gertuko jendearekin”. Izan ere, kasu horietan dolua egin behar izaten da eta galdutako hori gabe bizitzen ikasi. Gertuko norbait hil delako gerta daiteke hori, baina haur baten kasuan baita panpin bat hautsi zaiolako edo txupetea utzi duelako… “Fase horiek errespetatu egin behar dira. Triste gaudenean edo gure haurra triste dagoenean, askotan gure buruak edo umeak gauzak egitera behar-tzen ditugu, inor triste ikustea ez zaigulako gustatzen. Baina tristura-aldi horri ere lekua egin behar zaio, akaso oraindik ez gaudelako prest ekintzarako. Hori bai, denbora luzea pasaz gero egoera horretan, galdu duen edo atzean utzi duen hori gabe ere bizi daitekeela helarazi behar zaio umeari: ‘zu gai zara txupeterik gabe lo egiteko’ edo ‘zu gai zara titia hartu gabe eskolara joateko’, eta hor, beste behin, garrantzitsua da alboan egotea eta babesa ematea eta adieraztea elkarrekin egingo dugula aurrera, baina hasierako mina errespetatuz, askotan estaltzen saiatzen baikara”. Izan ere, errespetatzen ez den eta lekua egiten ez zaion tristura nonbaitetik atera egingo da. Sarri, amorru gisara, tristura eta amorrua txanpon beraren bi aurpegiak baitira. Erreprimitutako tristuraren tendentzia amorru gisara atera-tzea da. Alegia, tristurari lekua egin ezean, nonbaitetik eztanda egiten du.
- Amorrua: nire eta lortu nahi ditudan helburuen artean oztopo bat dagoenean sentitzen da amorrua. “Adibidez, haur baten kasuan, gerta daiteke ume batek beste haur batekin jolastu nahi izatea eta hark ezetz esatea. Hortaz, umea haserretu egiten da bere helburua lortu ezin duelako. Hor sartuko litzateke frustrazioaren bizipenaren garrantzia. Amorruaren inguruan asko hitz egin digu Marshall Rosenberg-ek, komunikazio ez bortitzaren aitak. Berak dio amorruaren atzean, beti, beste emozio bat egon ohi dela. Nik zerbait lortu nahi dudanean, eta hori eskuratzeko oztopo bat dagoenean, ezezko horren aurrean, nik zer sentitzen dut? Bada, sekulako pena. Haserretu egin naiteke nik zurekin egon nahi dudalako eta zuk nirekin ez. Amorruaren bidez plazaratzen dut, baina funtsean dagoena tristura da. Eta, orduan zergatik adierazi amorrua? Bada, txute energetiko bat ematen digulako oztopo hori suntsitzeko”. Beraz, Apellanizek dioen moduan, amorrua kudea-tzeko modu bat da atzean dagoen emozio horretara jotzea, alegia, penara edo tristurara. Amorruari lotuta beste arlo bat ere kontuan izan behar dela dio psikologoak, izan ere, amorruaren atzean ase gabeko behar bat egon ohi da gehienean. Eta, sarri, behar horiek harremanarekin eta onartuak izateko beharrarekin izan ohi dute zerikusia, “gu izaki erlazionalak baikara”, baina bestelako beharrak ere badaude: plazera sentitzeko beharra, aisialdiaz gozatzeko beharra, errespetatua, maitatua, entzuna… sentitzeko beharra, komunitatean bizitzeko beharra… asko daude”. Beraz, amorruak energia suntsi-tzailea daukanez, oso garrantzitsua da amorruari ere bidea ematea eta askatzea: “Haurrei nik beti esaten diet jolas egin dezakegula, oihuka, salto, garrasi… baina umeak amorruz daudenean ezin duguna da eseri eta hizketan hasi”.
- Poza: emozio hau sentitu ohi dugu guretzat zerbait onuragarria denean. Nire bizitzarako zerbait ona denean poza aktibatzen da. Pozak jendearekin egoteko gogoa pizten du eta harremanetara irekitzen du pertsona. Eta horrek onuragarria eta pozgarria den egoera horretan mantentzeko gogoa eragiten dio gizakiari.