Nahastuta zein dago, haurra ala heldua?

2018-11-09

Hik Hasik antolatuta, ‘Haur nahastuak, helduen nahasmena’ hitzaldia eskaini du Bilbon Alvaro Beñaran psikomotrizistak. Honen esanetan, portaera nahasiak dituzten haurren atzean sarri sostengu egokia eskaini ez dioten helduak egon ohi dira. Izan ere, inguruak ez badio haurrari munduan kokatzen lagundu, umea lekuz kanpo sentituko da, segurtasun oinarri sendorik gabe; eta, hain zuzen, segurtasun horretan legoke haurraren garapenerako gakoa.

 
 
Nahastuta zein dago, haurra ala heldua?

Eskolan hitz egiten ez duen haurra eta etxean bai, hiru urte bete eta oraindik kakarekin eta pixarekin atzera-aurrera dabilena, azenario purea besterik jaten ez duen umea, beti aldamenekoak egindako gauza bera errepikatzen duena, begietara begiratzen ez duen bi urteko haurra, kotxean bueltaka bakarrik lokartzen den umea… Eguneroko bizimodua zailtzen duten hamaika egoera gertatu ohi dira familietan. Inolako arrazoi biologikorik edo neurologikorik izan ez arren ere, gero eta ohikoago bilakatzen ari dira horrelako eta antzeko kasuak. Zer dago, baina, errealitate horien atzean? Nola irits daiteke familia bat horrelako edo antzeko egoera batera? Zerbait nahastu egin dela dirudi. Norena da, ordea, nahasmena? Haurrena ala helduena?

Horrelako eta antzeko kasuak ikusi ohi ditu Alvaro Beñaran psikomotrizistak egunero bere lanean. Joan den udaberrian Hik Hasik antolatuta, Haur nahastuak, helduen nahasmena izenburupean Bilbon emandako hitzaldian azaldu bezala, era horretako egoeren aurrean, beste ezeren gainetik garrantzitsuena da haur horren baitan nahiz bere ingurunean zer gertatzen ari ote den ulertzen saiatzea. Beti oinarrizko hipotesi batetik abiatzen da psikomotrizista: “Horrelako egoeretan zerbait nahastu egin da. Ez dakigu zergatik edo nola gertatu den, baina nahasmendu bat dago. Ez dira egitura bat duten errealitateak. Egoera horietan zerbait desegituratu egin da. Bidean zerbait galdu egin da”.

Eta Beñaranek dioen moduan, horrelako errealitateen aurrean, sarri, ume horiekin dagoen heldua bera ere nahastu egin ohi da, eta horregatik ematen dizkie egoera horiei irtenbide ez ohikoak, arreta deitzen dutenak… Finean, aterabide “arraro” gisara definitzen ditu psikomotrizistak, eta adibide bat jartzen du: “Guraso batzuek goizero umea janzterako orduan liskarrak zituztenez arroparekin, erabaki zuten aurreko gauen haurrak arropak aukeratzea eta jantzita oheratzea, hala goizeroko gatazkak saihesteko”. Horrelako adibideekin ikusten da umearen nahasmenak heldua bera ere nahasmendura eraman duela. Beñaranen esanetan, askoz ere errazagoa da guraso izanik heldua ere nahastea, hezitzaile edota haurrekin aritzen diren bestelako profesional izanik nahastea baino. Kontuan izan behar baita, gurasoek lotura emozional-afektibo handiagoa dutela ume horiekin. Profesionalen kasuan, ostera, errazagoa da distantzia hartzea eta modu neutroagoan jardutea.

Zer nahi duten ez dakiten haurrak

Egoera zailetan, nahasietan, okertuetan… haurra ez ezik heldua ere nahastu ohi da, hortaz. Nahasmenduren bat gertatu den errealitateez mintzo da Beñaran, nahastuta dauden haurrez eta helduen nahasmenaz… Zer da, baina, nahasmena? Zertaz ari gara nahasmena hitza darabilgunean? “Nahasmena da ez jakitea zer nahi dudan, zer behar dudan, zer komeni zaidan”, dio psikomotrizistak. Izan ere, horrelako haurrek askotan ez dakite zer nahi duten. Baina, nahasmenak aldi berean esan nahi du, haurrak ez jakitea gurasoek beragandik zer espero duten, edo umeak ez argi edukitzea alboan dituen helduak zer esaten eta eskatzen ari zaizkion. Ardura guztia umearen gain uztea esan nahiko luke horrek.

Esate baterako, gerta daiteke haur batek leihotik jostailuak botatzea eta gurasoek  esatea: “Nolakoa den haur hau… jostailuak leihotik bota-tzen ditu”. Besterik gabe soilik hori esatea ez litzateke nahikoa Beñaranen irudiko. Izan ere, psikomotrizistak gaineratzen duen moduan, haurrek gauzak egiten dituztenean, egiten ari diren horri norbaitek zentzu bat ematea espero dute. “Eta egiteko hori helduarena da. Haurrari zera esan behar lioke: ‘Hori ezin da bota leihotik’, alegia, errealitatearekin bat datorren zentzu bat eman behar zaio umea egiten ari den horri. Kontua da, batzuetan ikusten ari garela zenbait helduk ez diotela ezer esaten haurrari, hau da, ez diotela zentzurik ematen haurra egiten ari den horri eta dena uzten dutela umearen eskuetan, artean haurra horretarako gai ez denean. Hortaz, haurrak ezin du jakin edo ezin du argitu berak zer nahi duen, edo zer nahi duten gurasoek berarengandik. Beste hitz batzuetan esanda, ume horrek ez du erreferentziarik”.

Are gehiago ere gertatu ohi da: haurrak ez badaki berak zer nahi duen, ezin du bestearena ere jakin. Ezin du argitu zein den, zer behar duen, zer nahi duen… eta nahasmen horrekin ezin du jakin besteak zein diren ere, besteek zer nahi duten eta zer behar duten. Horrexegatik, horrelako haurrek, alegia, nahasmenean bizi direnek, zailtasunak izan ohi dituzte sarri harremanetarako, oso berekoi agertu ohi dira, eta ezin izaten dira egokitu besteekin jardutera, guztia izan ohi da ‘nik nahi bezala’. Hala dio Beñaranek: “Azken finean, horrek esan nahi du ez dakidala zein naizen eta ez dakidala zein zaren. Funtsean, identitate krisi batez ariko ginateke. Identitatea bestearekin harremanean eraikitzen delako. Zein naiz ni? Zein zara zu?”. Psikomotrizistak eransten duenez, horregatik komeni zaie haurrei aldamenean identitate sendoa duten helduak edukitzea, bestela ezingo dutelako euren identitatea ere eraiki.

Eta aldamenean duten identitate sendoko erreferente horrek ba-tzuetan baietz esan beharko die eta beste batzuetan ezetz: “Nik bereizketa bat egiten dut: haurrari, pertsona gisa, beti baietz esan behar zaio, baina haurrak egiten duenari batzuetan baietz eta beste batzuetan ezetz esan behar zaio. Haurraren pertsona beti errespetatu behar da, baina berak egiten duena izan daiteke egokia edo ez, eta hori adierazi egin behar zaio”.

Emozioetan galduta

Eurak nor diren eta besteak nor diren ez jakiteaz gain, haur nahastuek ez dute jakiten eurak zer sentitzen duten eta besteek zer sentitzen duten ere. Sentsazioetan, emozioetan korapilatuta geratu ohi dira eta kosta egiten zaie sinbolizaziora igarotzea edota pentsamendua aktibatzea. “Sentsazioetan eta emozioetan nahastuta egoteak ez die uzten lasaitasunean gelditzen eta pentsamendua aktibatzen edo gaitasun sinbolikoa martxan jartzen; hau da, zail egiten zaie hitz egitea, entzutea, marrazkiak egitea, ipuinak jarraitzea… Azken finean, errealitatearekin lotura eta harreman nahastuak dituzte. Horregatik dira zailak eta ez ditugu ondo ulertzen. Zeren ez baitago ulergarria den lotura argirik eurek egiten dutenaren eta errealitatearen artean”. Nahastutako haurrak, funtsean, biktima dira. Jokatzen duten moduan jokatzen dute inguruak arrazoi batengatik edo bestearengatik ez dielako lagundu egituratzen, zein diren argitzen, errealitatea nolakoa den jakiten… ez die lagundu errealitatean kokatzen, ez dira progresiboki egokitu errealitatera eta, orduan, errealitatearekin topo egiten dutenean, defentsak sortzen dituzte. Bestela, ez dakitelako ondo aurrera nola egin.

Sarri, haurraren nahasmenduaren atzean emozioen indarra egon ohi da, bereziki 6 urte betetzen dituenera arte, arlo emozionalean katigatuta gelditzen direlako. Izan ere, Beñaranek oroitarazten duen moduan, adin horretara arte haurrak ez du pentsamendu logikorik garatzen, mugimenduaren sentsazioaren bitartez sortzen duen pentsamendu magikoa edo subjektiboa soilik, eta pentsamendu magiko edo subjektibo horretan emozioak dira nagusi. Beraz, haurrek jarrera nahasiak erakusten dituztenean zer ari dira bilatzen? Zer egiten zaie erakargarri? Bada, helduaren aldetik lortzen dituzten erreakzio emozionalak. “Kontuan izan behar dugu aro horretan haurrak uneoro emozioen bueltan ari direla funtzionatzen. Ez da egia, esaterako, ume batek bere adineko umeekin hitz egin dezakeenik eta helduekin ez. Umea konturatzen da helduari hitz egiten ez badio, bat-batean, gauzak gertatzen hasten direla, ez hitz egite horrek erreakzio bat dakarrela helduaren partetik: heldua urduri jartzen hasten da, hitz egiteko eskatzen dio, denak haurraren inguruan elkartzen dira… Eta deskuiduan egun batean umeak helduari hitz egiten badio, helduak eskertu egiten dio ia-ia belauniko jartzeraino…”. Beñaranek argitzen duenez, horrelako egoeretan ikusten da zerbait gertatu dela haur horren garapena eta bere identitatearen eraikuntza distortsionatu dituena. Eta horren ondorio litzateke haurrak zailtasunak izatea hitz egiterakoan, lotarakoan, jaterakoan, komunera joaterako orduan… Izan ere, garapen osasuntsua daukan haur batek ez luke zailtasunik eduki behar horrekin guztiarekin. “Hori heldu guztiok barneratu behar genukeen egitate bat da. Azken boladan badirudi 5-6 urteko haurrek horrelako zailtasunak izatera ohitzen ari garela. Baina 3 urteren bueltan, ume batek egina egon behar luke. Bere burua kontrolatu behar luke. Helduarengandik bereizita egon behar luke eta bere buruarekin seguru”.

Haurra lekuz kanpo

Haur batek nahasmena duenean zer gertatzen zaio? Psikomotrizistak argi dio: haurra deskolokatuta geratzen da. Hau da, inguruak ez badio lagundu haurrari munduan koka-tzen, ume hori lekuz kanpo sentituko da. Eta lekuz kanpo egoteak esan nahi du ez duela segurtasun oinarri sendorik izango. Eta, bizitzako lehen 3 urteetan segurtasun oinarri sendo hori ongi ezartzea benetan garrantzitsua da, horretan dagoelako ondorengo garapenerako gakoa.

Askotan, irudi lezake nahastuta dauden haurrek lehenik gauza bat nahi dutela adierazten dutenean, eta ondoren bestea nahi dutela, argi eta garbi dutela zer nahi duten. Baina, justu kontrakoa gertatzen da. Euren jarrerarekin bilatzen duten gauza bakarra da norbaitek segurtasuna ematea, baten batek gauzak argitzea. “Denbora guztian ari dira batera eta bestera, orain hau eta hurrena hura eskatzen, ekintza bat bestearen atzetik egiten… norbaitek zera esatea nahi dutelako: ‘Ez, hori ezin duzu horrela egin. Hortik galbidera zoaz. Bide hori ez zaizu komeni, zeren bide horretatik jarraitzen baduzu, ez zara eraikiko behar den bezala’. Beraz, inondik inora ere ez zaie komeni helduok zeharo moldatzea beraien errealitate horretara. Haur hori egituratzen saiatu behar dugu, ume hori ziurtatzen, pixkana-pixkana nahasmen horretatik ateratzen has dadin. Ezin diogu jarraitu uneoro haurrak nahi duenari, edo eskatzen duenari edo berak daraman bideari, bestela helduok ere –izan guraso zein hezitzaile- nahasmenduan sartzeko arriskua dago”.

Beste arropa bat jantzi nahi duela esanaz kasketa harrapatzen duen haur baten adibide bat jartzen du Beñaranek: “Ez da egia haur horrek badakienik ez duela arropa hori jantzi nahi eta horren ordez beste arropa bat jantzi nahi duela. Hori ez da horrela. Haur txiki batek ez daki horrenbeste. Baina horrelako egoeren aurrean, sarri, helduok galdu egiten gara. Eta emozioen dinamika betean sartzen gara. Haur horrek nahi duen bakarra da bere jarrerak eragiten duen nahasmen emozional horretan sartu, badakielako gurasoek esandako arropa janzteari uko egiten badio erantzuna jasoko duela. Baina ezin dugu pentsatu haur txiki batek badakiela zer nahi duen. Horretarako gaude helduok, haurrari bere nahia argitzen laguntzeko”.

Beñaranen esanetan, horrelako edo antzeko egoerak gertatzen direnean, esan nahi du esku-hartze desegoki bat edo intromisio bat egon dela, eta ondorioz, arrazoi batengatik edo besteagatik haur horiek ez direla sentitu behar beste eutsita edo babestuta. Horrexegatik, haur nahastuak ez dira seguru sentitzen; arriskuan baizik. Eta, ondorioz, bizitzaren aurrean defentsara jotzen dute, eta ez erortzeko eta bere buruari eusteko baliabideak garatzen dituzte. Tentsioan edo beldurrean oinarritutako baliabideak izan ohi dira. “Haur horiek izan ohi dituzten jarrerek eta egiten dituzten ekintzek, askotan, ez daukate zerikusirik orain eta hemen gertatzen ari denarekin. Baizik eta berak sentitzen duenarekin eta une honetan dituen sentsazioekin du zerikusia. Horregatik izaten dituzte ondo ulertu ezin ditugun erreakzioak eta logika handirik ez dutenak orain eta hemen gertatzen ari denarekin”.

Heldu sendoak eta argiak

Nahasmenean dauden haurrek zer-nolako helduak behar dituzte aldamenean? Nahasmenak segurtasun eza baldin badakar, gauzak argi ez edukitzea esan nahi badu, beldurra eragiten badu… bada, haur horiek justu alboan kontrakoa behar dute, Beñararen arabera: heldu sendoak, argiak, eustaileak... “Eta horrekin ez dut esan nahi zorrotzak eta gogorrak izan behar dugunik, baina bai argiak eta haurrei euren burua kokatzen eta beren identitatea sendotzen lagunduko dienak. Hau da, eurek barruan duten nahasmenduan nahastuko ez den heldua eta ingurunea aurkitu behar dituzte”.   

Hortaz, horrelako haur baten aurrean, helduak lehenik eta behin haurrak dakarren hori jaso behar du, behatu nola funtzionatzen duen haur horrek eta ulertzen saiatu, eta onartu hori dela errealitatea eta abiapuntua. Behin hori barneratuta izanik, saiatu behar du haurrari bueltan urduritasunik edota erreakzio emozional negatiborik ez itzultzen. “Umeak dakarrena onartzeak ez du esan nahi sudur puntan jartzen zaion guztia egiten utzi behar diogunik. Kontrakoa baizik. Alegia, ezin dugula gure erantzuna bere mailan jarri. Aztertu behar dugu nola bueltatu berari onuragarriagoa izango zaion beste zerbait, mezua beti argi emanaz: ‘Zu zaude nahastuta, baina ni ez’, eta ni pixkanaka saiatuko naiz gauzak egiten haurra egoera horretatik ateratzeko”. Psikomotrizistak gehitzen duenez, erantzun egoki batek era berean, zailtasunean ez itsutzea eskatzen du. Eta horrek esan nahi du haurra bere osotasunean begiratzea eta alderdi negatiboetan ez ezik positiboetan ere arreta jartzea, hausnartuz nola eraiki dezakeen harreman osasuntsua haurrarekin, alegia, haurraren zein alderditan oinarriturik eraiki dezakeen konfiantzazko eta segurtasunezko harreman bat. “Seguruago badago eta bere burua argitzen laguntzen badiogu, hobeto sentituko da eta litekeena izango da nahasmendura daramaten bere hainbat jokabide aldatzen hastea”. Horri zeharkako estrategia deitzen dio Beñaranek. “Helduon egitekoa da haur horren segurtasun sentsazioa sendotzea. Eta begiratzea zein alderditan baloratu ote dezakegun haur hori. Nola eskaini ote diezaiokegun balioa ematen dion begirada bat”.

Edozein kasutan, Beñararen irudiko, haurrak ikusi behar du ez gaudela bere kontra. Inportanteena asimetria emozionala litzateke, hau da, ez erortzea heldua ere haurraren egoera emozionalean, eta gauzak pixkanaka egiten joatea, beti haurrari laguntzea helburu hartuta. Eta inoiz ere ez botere harreman batetik, esanaz: “Zuk egingo duzu hau nik esaten dudalako”, edo “zuk egingo duzu nik nahi dudana”. Horrelako haurrek jarrera lasaiak behar dituzte, baina oso argiak. “Umeek ez dute nahi beti tira-biran ibili helduarekin, hitz egin gabe, erantzun agresiboekin, kaka eta pixa gainean egiten… ez, umeek benetan nahi dutena jolas egitea da, eta bestea ezagutzea eta ingurunearekin esperimentatzea”.