Puerperioa bikotekidearen ikuspegitik. Itzaleko bizipenak
Asko hitz egin da puerperio aldian edo erditze ondoan emakumeak bizi duen prozesuaz, hormonen eraginaz, bere erronkez nahiz beharrez. Gutxiago hartu izan da hizpide, ordea, bikotekideak nola bizi duen haurraren etorrera. Nola eraiki bere lekua erditu den amaren eta haurraren artean sortu den lotura horren erdian?
Bat jaiotzen da, baina bi dira guraso bilakatzen direnak, bikotea baldin badago bederen. Bat horren bueltan, ordea, bi dira bizipenak. Erditu denak gorputzean nahiz bihotzean, emozioetan, darama bizipenaren aztarna. Sarri eta asko hitz egin da erditu ondorengo sasoian, puerperio deituan, bizi duenaz, hormonen eraginaz, emozio festaz, gorputzak bere onera itzultzeko bidean jasango dituen aldaketez... Dena dela, erditu den gurasoaren bizipen horrek ere hamaika aurpegi ditu, bakoitza desberdina eta ñabarduraz betea. Berdin gertatzen da erditu ez den gurasoaren bizipenarekin, askotarikoa dela, norberaren neurrikoa. Baina, kasu honetan, ez da asko eta ez da sarri hitz egin izan bizipen mota horretaz. Hormona festarik eta hain agerikoak ez diren aldaketa fisiologikorik gabe, nola hasten du gurasotasunak dakarren aro berri hori erditu ez denak? Zer dakigu horretaz?
Lehen egunetan, hilabeteetan, batik bat edoskitzea badago tarteko, amak, erditu denak hartzen du protagonismo handia. Esan ohi da bigarren planoan dagoela erditu denaren bikotea, eta bigarren plano hori dagokiola; erditu denaren asistentzia lana egitea, alegia: babesa eskaintzea, zaintzailearen zaintza egitea, ingurune egoki bat sortzea... Baina, erditu ez den guraso bezala, bere bizipen hori bera ere bigarren planoan gelditu ote da? Esperientzia horri ahotsa jarri diote Aritz Larreta, Jokin Egurbide eta Eneritz Iparragirrek, eta haurrarekiko eta bikotekidearekiko beren lekua nola aurkitu duten kontatu diote HAZI HEZIri.
Maiatzean jaio zen Aritzen semea, Xabat, eta honek hasieratik argi izan du bere egiteko nagusia amari eta haurrari lasaitasuna eta babesa eskaintzea izan behar zuela: “Xabatek bularra hartu ahal izateko eta ama horretan lasai egoteko, nik beste guztiaren ardura hartu behar nuela banekien: erosketak, etxeko kontuak... Ama Xabatekin lasai egon zedin nuen helburu, beste kezkarik eta ardurarik ez izatea”. Amak eta umeak, eta beraien arteko loturak, behar duten espazioa errespetatzea, ordea, ez da oztopo izan Aritzek bere leku propioa esploratzeko haurrarekiko harremanean. Pardel aldaketek edo bainatzeko uneek, adibidez, haurraren zain-tzaile izateko aukera ematen diote, eta umearekiko atxikimendua sortzen hasteko. “Bestalde, goizetan, 7rak aldera, bularra emandakoan, nik hartzen dut haurra eta horrela amak beste pare bat orduz deskantsatzeko aukera dauka; gauetan ere, ama oheratzean nirekin gelditzen da Xabat, eta amak bizpahiru orduko loa egin dezake”.
Jokinen bigarren umea ekainaren amaieran jaio zen, eta pare bat aste besterik ez zituen Jokin HAZI HEZIrekin elkartu zen unean. Bera ere erabat murgilduta dago amarekiko laguntzaile lan horretan: “Bularra ematea garrantzitsua iruditzen zaigu eta saiatzen naiz ez dadila egon hori aldrebestuko duen faktorerik. Hala, laguntzaile lan guztiak nire gain hartu ditut. Eta gero, ama animatzea: ‘Ze ondo ari zaren egiten, ze polita izan behar duen titia ematea...’, animatzea bere zereginetan”.
Baina, horretaz gain, Jokinek badu beste zeregin garrantzitsu bat ere: Haitzaren, 2 urte eta erdiko alaba zaharrenaren zaintza. Zentzu horretan, Jokinek nabarmen desberdin ikusi du bere lekua eta egitekoa bigarren haurraren etorreran, lehen haurra jaiotzean izandakoarekin alderatuta. “Lehen haurrari nik ematen nizkion masajeak, zapian ere batik bat neuk eramaten nuen, ez zelako komeni amak pisua hartzea, siestak ere batik bat nirekin egiten zituen... Bigarrenarekin gertatzen ari zaidana da ia ez naizela konturatu ume bat izan dugunik. 24 orduz nago Haitzarekin. Txikiarekin 2 ordu egoten banaiz egunean, ordu laurdeneko zatitxotan banatuta, gustura. Komentatzen diot bikotekideari pena ematen didala, baina badakit orain hau tokatzen dela, amak eta txikiak bien arteko harremana sortu behar dutela lehenik”.
Eneritzen ikuspegia bestelako da, hainbat faktore tarteko. Batetik, bere semearen jaiotza ere bestelako izan zelako. 6 hilabeterekin munduratu zen semea, eta bere bizitzako lehen hiru hilabeteak ospitalean pasa zituen, garaia baino lehen jaiotako haurren zaintza unitatean. Bigarrenik, Eneritzek hartu du gurasotasun baimena eta 8 hilabetez egon da etxean semearen kargu, bere bikotekideak ospitaletik etxera iritsi eta hilabetera ordu batzuetarako lanera itzuli behar izan zuela eta. Eta, azkenik, Eneritzen ikuspegia bestelakoa da, baita ere, etorkizunean haur bat gestatu nahi duen emakume gisa: “Gure kasua diferentea da, hasteko, bi neska garelako, biok gestatu nahi dugulako, eta erabaki behar izan dugulako zeinek egin. Adina, lana... dena kontuan hartu eta azkenean erabaki genuen Anek edukitzea lehen haurra. Iruditzen zait emakumea eta gizona diren bikoteetan, emakumeak beti biziko duela prozesu guztia, natural baldin badator, noski, eta bikotekidea laguntzailea edo bidelaguna izango dela. Gure kasuan biok bi esperientziak biziko ditugu. Eta horrek jada markartzen du diferentzia bat”.
Beren lekua eskatu, eta hartu
Eneritzek ere laguntzaile lana bere gain hartu badu ere, aitortzen du askotan eskatu, “edo zenbaitetan exijitu” egin duela haurraren zaintzan lekua eta ardura izatea, eta esker onez aitortzen du bere bikotekide Anek leku hori egiteko erakutsi dion eskuzabaltasuna. “Garbi daukat zeinek eduki duen umea, eta badakit hor lotura bat dagoela. Ospitalean haurra azala-azalarekin hartu behar genuenean, beti uzten nion lehen kontaktu hori Aneri, ordu arte haurra berarekin egon zelako, eta haurrak lotura hori sentitu behar du, derrigor. Egia da bigarren plano batean zaudela, zenbakitan jarri behar bada, garbi Ane 1 dela eta ni 2, baina nola biberoia eman diogun haurrari, horrek aukera eman digu zaintza asko partekatzeko. Hartualdi guztiak txandaka egin ditugu. Pentsatzen dut Anerentzat zaila izango zela une batzuetan toki hori lagatzea, horren kontziente banaiz, baina nik ere eskatu egiten nuen hor presente egotea. Bion gauza bat dela iruditzen zaidalako. Asko izorratuko lidake gauez haurra esnatzea eta ni ez ohartzea, ez entzutea. Kezka sortuko lidake”.
Agian edoskitzerik ez delako egon tarteko, edo 8 hilabetez etxean egon delako, edo bere presentzia exijitu egin duelako... Eneritzek ez du sentitu haurrarekiko atxikimendu horretatik kanpo gelditu denik. Agian edoski-tzea egon delako tarteko, edo alaba zaharrenaren zaintzaren ardura hartu behar izan duelako, edo erditzetik denbora gutxi pasa dela-eta oraindik amaren errekuperazio aldian laguntzaile lanak garrantzia handia duelako... kanpo sentitzen ote dira Jokin eta Aritz amaren eta haurraren arteako lotura horretatik? Enbidiaz bizi ote dute bien arteko atxikimendua?
Aritzek aitortzen duenez, “orain dela urte batzuk esaten nuen, ‘nik ama izan nahiko nuke’. Baina eman nion buelta horri. Ordu arte bazegoen inbidia puntu hori, baina txip-a aldatu nuen eta orain neure buruari esaten diot, ‘nik egin behar dudan guztia bada ama eta umea zaindu, bada gustura egingo dut’. Eta lasai eta gustura sentitzen naiz zeregin horretan, ez naiz batere kanpo sentitzen. Aldaketa bat egon da nigan bikotekidea haurdun zegoenetik: familia berri bat sortu dugunaren sentsazioa. Nire jatorrizko familiaz gain, orain familia gu gara, hirurok. Eta hori zaintzen, babesten, defendatzen jarri dut arreta”.
Bestalde, Eneritzekin bat eginez, Aritzek nabarmentzen du bakoitzak bere leku hori hartu ere egin behar duela: “Exijitu ere egin behar da gu integratzea. Badago gizonezkoa baztertuta gelditzen denaren kontu hori, eta asko dira kirolari emandako aitak, ‘tokirik ez didate egiten-eta’ diotenak. Baina hori hala da, edo eskakeatzeko ere aprobetxatzen dute? Demostratu ere egin behar da toki hori nahi dela”, hausnartzen du.
Jokinek nabarmentzen du amaren papera ere inportantea dela horretan: “Ez badigute tokia uzten, gero hor egotea ez da hain erraza. Gure kasuan Lorek asko integratzen nau eta hori eskertzekoa da”. Dena dela, aitortzen du bigarren maila horretan egotearekin halako barne borroka bat izan zuela lehen haurdunaldian zehar: “Haurdun gelditu ginenean ‘gizona haurdun’ bilaketa egin nuen Interneten, baina ez nuen ezer aurkitzen, dena zen emakume haurdunaren inguruan, amonak, alabak... eta ni haserre. Pentsatzen nuen, ‘orduan zer, gizonak kanpo gelditzen gara? Ez al digute ba eskatzen guk ere hor egon behar dugula?’ Halako batean ordea, eta bereziki haurdunaldiko prestaketei esker, txip-a aldatu nuen eta Aritzek esan duenaren ildotik hasi nintzen pentsatzen: ‘emakumeak dira protagonista, eta bigarren mailako protagonista izatea nahiko luxu bada’. Eta, gainera aurreneko protagonistaren egoeran eta ongizatean eragitea baldin badaukazu, horrek asebetetze handia ematen du”. Jokinek esandakoaren aurrean, Aritzek gogoeta egiten du: “Zer gertatzen zaigu gizonezkooi bigarren mailan jartzen gaituztenean? Ohituta baikaude beti aurrean egoten”.
Itzalaren zama emozionala
Bigarren mailan egoten jakin egin behar da, eta ardura handia eskatzen du. Batik bat lana sartzen denean tarteko. Izan ere, bai Aritz eta bai Jokin irakasleak dira, eta hilabeteko aitatasun baimenari bi hilabeteko udako oporraldia gehitu diote. Orain arte modu esklusiboan egin ahal izan dute asistentzia lan hori, baina Eneritzek jada probatu du zer den egun guztia lanean igaro eta etxera itzultzean, nekeak neke, haurrari nahiz bikotekideari laguntzeko zereginari ekitea. “Egia da lanera itzultzeko une horrek inflexio puntu bat markatzen duela. Saiatu gara etxera itzultzean dena biok egiteko dinamika hori manten-tzen, baina jada ez daukazu energia berdina, kargatuago zaude. Alboan egotea ere ez da erraza. Badakizu kapitulu bat besterik ez dela, pasatuko dela, eta ez da pisu bat, baina igoal ez gara kontziente alboan dagoena ere nola dagoen, lanera doala eta kargatuta iristen dela etxera”.
Izan ere, bikotekideei “emozionalki zama handia” eramatea tokatzen zaielakoan dago Eneritz: “Erditu denak hormonak mugituta ditu, eta organismoa bere onera etorri arte ezin da askorik eskatu, ondoan dagoenak lagundu behar du. Batzuetan niri egokitu zait gogor egin beharra, aurrera egiteko. Askotan ondoan gaudenok ez dakigu zenbateraino ari garen gauzak ondo egiten. Eta geu ere pertsonak gara, eta geure gorabeherak ditugu”.
Norbere bizipena, familia bizipena
Erditu dena eta ez dena, bakoitzak bere bizipen propioa izanagatik ere, esperientzia horiek bat egiten dute familiaren bizipena osatzeko. Izan ere, guraso bilakatzean ez dira pertsona horiek eta euren errealitateak bakarrik aldatzen, baita bikotearen edo familiaren dinamikak ere. Jokinen esanetan, errealitate berri horretan polita izan da ikustea familia proiektu berria, haurraren haziera eta heziketa aurrera eramateko gai direla: “Elkarri begiratu eta esatea ‘hau aurrera doa, ume osasuntsu bat ari gara hazten’ izugarria da. Eta umeak bere ateraldi jator horiek dituenean ‘ze ederra den hau’ esaten duzu”.
Aritz ere ezagutzen ari da edertasun hori, eta pozez bezainbeste arduraz bizi du: “Badago maitemintze bat bezala, esatea ‘hau gurea da, biona da’. Eta aldi berean hau betirako da, eta horrek erantzukizuna dakar”. Erantzukizun horren baitan, ikasturte honetara begira lanez aldatzea erabaki du Aritzek, familiarengandik gertuago egoteko: “Guretzat onena denaren aldeko apustua egin dut, egunero etxean bazkalduko dut. Familia proiektu bat izan da”. Eta gustura dago horren alde egin izanagatik, aitortzen baitu hasieran bazuela halako kezka bere proiektu pertsonalekin gertatuko zenaren inguruan, eta horien aurrean familia proiektuak lehenesteak sor ziezaiokeen ezinegonaren inguruan.
Jokinek, aldiz, horrekin ez zeukan halako kezkarik, “zeren eta guk proiek-tuak beti elkarrekin egin izan ditugu. Alpinismoan jardun izan gara biok, eta nire kordadako lagunik gabe, Cervino egitea ez egitea bezalakoa izango zatekeen. Beste kirol batzuk bilatu ditugu, eta bion beharrak, bion planak koadratzeko elkarrizketa horiek oso politak izaten dira”. Familia proiektua lehenetsiz, goizeko 4ak eta goizeko 8ak artean egiten du kirola Jokinek, goizean goiz etxean egon eta familiako ardurak hartu ahal izateko.
Eneritzek, aldiz, bakoitzak bere espazioa behar duela jakin arren, aitortzen du ez duela berarentzat denborarik hartu haurra izan dutenetik pasatako urtebete honetan, “eta bikote harremana ere bigarren mailan gelditzen da. Umea da oinarria, ardatza, umearengan fokuratzen da dena. Hori bai, bikotea zaintzeko ahalegina egin behar da, noski. Nire ustez, kontua ez da hainbeste umea laga eta biok bazkaltzera joatea, baizik eta egunerokoan dauden detaile horiek: bestearen gustuko afaria prestatzea, edo masaje bat ematea nekatuta dagoenean... Besteak ere ikus dezan hor dagoela, gu garela”.
HAURRAREKIN BATERA IRISTEN DIRA GURASOEN KEZKAK ETA POZAK
Zein dira guraso hauen kezkak eta pozak gurasotasunean ekin berri duten bide honetan? Pasatako esperientzia gogorraren ondoren, Eneritzek argi du zein den beraien poz nagusia: “Umea aurrera atera dugula, ume alai bat, bion artean, nahiko modu orekatuan”. Horrekin batera, bizipenak utzi du halako itzala, Eneritzen kezka nagusi baita beste ume bat ekartzeko desira betetzen dutenean ea dena ondo joango ote den: “Gertatu denak markatu egin gaitu, eta beldurrak hor daude: nolakoa izango da hurrengo haurdunaldia niretzat, nire bikotearentzat, umearentzat?”.
Jokinek, berriz, une honetan kezkak gehiago direla aitor-tzen du. Izan ere, jaioberriak nahiz zaharrenak, bi haurrek hartzen dute titia une honetan, eta zailtasunak dituzte egoera kudeatzeko: “Aldizkarietako argazkietan oso polita ikusten da tandem-aren kontua, baina oso gogorra, oso exijentea ere bada. Bientzat da beharra edoskitzea, baina maila desberdinean, eta alaba zaharrenak hori ulertzea nekeza da. Orain gure kezka da ea horri buelta emango diogun. Bestalde, zaharrena nirekin dago 24 orduz, alegia, ama gabe 24 orduz, eta gogorra ari zaio egiten”. Dena dela, pozak iristear daudelakoan dago Jokin, ama erditzetik errekuperatu ahala gauzak normalizatuko direlakoan: “Hor hasiko dira pozak: ni gehiago egongo naiz txikiarekin, ama gehiago egongo da Haitzarekin eta tandem-a ere hasiko da erritmoa hartzen”.
Beste muturrean dago Aritz, berarentzat pozak baitira nagusi. “Pozik handiena da Xabat nola erlaxatzen den ikustea, abandonu hori, oso betegarria egiten zait. Xabat eta ama elkarrekin lo ikustea, eta nire bikotekideak Xabati nola hitz egiten dion entzutea; elkarrizketa horiek, asko gustatzen zait. Kezkarik ez daukat oraingoz: ez daukat beldurrik ama eta semearen arteko lotura horretatik kanpo gelditzeko ere, zeren eta nik exijitu egiten dut nire lekua”.