Herri Hezitzailearen gaineko jardunaldia Azpeitian

2018-11-26

ERAGILEEN BALOREEN INGURUKO DIAGNOSTIKOAREN PROZESUA BUKATZEKO, HERRI HEZITZAILEEN INGURUKO JARDUNALDIA EGINGO DA ABENDUAREN 1EAN

"Azpeitiko Herri Hezitzailea: balioen diagnostikoa" prozesua aurrera doa, eta abenduaren 1erako hitzordu berri bat jarri dute. Iazko maiatzean egin bezala, abenduaren 1ean, 9:30etatik 13:00etara jardunaldia egingo da. dagoeneko irekita dago izen ematea eta jardunaldian parte hartu nahi dutenek herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943 15 71 60 telefonora deitu besterik ez dute egin behar.

 

Jardunaldia, emaitzak aurkezteko

09:30ean: Material banaketa eta ongietorria

09:45ean: 'Herrigintzatik herri hezitzailera' hitzaldia eskainiko dute Joxe Mari Agirretxe Porrotx eta Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko kideak.

10:30ean: Azpeitiko eragileen artean egindako baloreen inguruko hausnarketa prozesuaren eta lehen ondorioen aurkezpena.

11:30ean: Kafe tertulia, taldeka.

12:45ean: Aurrera begirakoak eta agurra

 
 
Herri Hezitzailearen gaineko jardunaldia Azpeitian

Iazko maiatzean egin zen Azpeitian Herri Hezitzailearen inguruko lehen jardunaldia. Bertan, herriko hainbat eragileren lana ezagutzeaz gain, hausnarketarako lehen saioa egin zen. Orduan, behar nagusi bat plazaratu zen: eragileek lantzen dituzten baloreen inguruko ezagutza eta diagnosi baten beharra. Prozesu hau dinamitzatzeko sotutako talde eragileak zeregin horri heldu zion, eta udaberrian hasi zen 'Heri hezitzailea: balioen diagnostikoa' prozesua, eta bide emankorra egin du. Diagnostikoaren helburua izan da, gaur egun herriko eragileen jarduera eta proiektuekin zein balio sustatzen dituzten identifikatu, indargune eta ahulguneak identifikatu eta etorkizunera begira, herri bezala sustatu nahi diren balioak elkarlanean adostu eta lan-ildoak adostu eta zehaztea. Leire Goenaga zinegotziak, galdetegia betetzen eta kontraste saioetan parte hartu duten eragileak eskertu nahi izan ditu: "Eskerrik asko guztioi hasiera-hasieratik erakutsitako prestutasunagatik, eta prozesuak bultzatutako hausnarketetan parte hartzeagatik". Parte hartu duten 52 eragileen artean, arlo desberdinetan lanean ari diren eragileak daude; kultura, hezkuntza, parekidetasuna, kirola, euskara....

Herri eragileen arteko hausnarketaz gain, Udaleko teknikari eta politikariek ere parte hartu dutela gaineratu du Goizargi Oruesagasti prozesuko aholkularitza lanetan dabilen Elhuyarreko teknikariak:"Eragileek hausnarketa inkesta bete duten bezala, udal arduradunei elkarrizketak egin dizkiegu, udalaren jarduraren argazkia ere jasotzeko, eta prozesuan txertatzeko".

Jardunaldiaren helburua da herri hezitzaileen filosofia gerturatzeaz gain, kontraste saioen eman dutena komunean jarri eta ondorioak eta aurrera begirako erronkak zehaztea.

 

Izen ematea eta zaintza zerbitzua

Izen ematea irekita izango da azaroaren 29ra bitartean. Jardunaldia doan izango da, baina aurrez izena eman behar da. Interesa dutenek herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidali dezakete izen abizenak emanez, edo 943 15 71 60 telefono zenbakira deitu dezakete.

Jardunaldiak irauten duen bitartean zaintza zerbitzua ere izango da. Zerbitzu hori erabili nahi duenak, izen ematerako garaian adierazi behar du beharra.