EAEko Hezkuntza lege proposamenaren inguruko hausnarketa

2018-12-14

Abenduaren 12an, “Euskal hezkuntza legea egiteko prozesu parte-hartzailea eskatu dugu hainbat hezkuntza eragilek” izenburuarekin prentsaurreko bat aurkeztu zuten hezkuntzako hainbat eragilek. Hik Hasiri manifestuarekin atxikitzeko eskaera egin zitzaion. Horren aurrean, hauxe da Hik Hasiren jarrera:

 
 
EAEko Hezkuntza lege proposamenaren inguruko hausnarketa

 

1- Prozesu parte-hartzailea eskatzearekin bat egiten du Hik Hasik.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2013an Heziberri 2020 prozesua abiatu zuenetik, hiru aldiz izan da deitua Hik Hasi. Hiruretan, informazioa jasotzera joateko, ez inolako parte-hartzera gonbidatuta.

Hik Hasik bere aldetik, urtebeteko eztabaida zabalaren ondoren, Hezkuntza-proposamena plazaratu zuen, iaz, 2017ko urriaren 21ean Donostiako EHUn. Proposamena Hezkuntza Sailari helarazi zion eta haren gainean hitz egitera gonbidatu. Hik Hasik inoiz ez du haren erantzunik jaso. Sei hilabete beranduago, aurtengo apirilaren 21ean, Hezkuntza-proposamenaren gaineko eztabaida irekia egin zuen Donostiako EHUn. Han ere Hezkuntza Saileko ordezkaririk ez zuen parte hartu.

Horregatik, guk bizitutakoagatik, bat egiten dugu prozesu parte-hartzailea egiteko eskaerarekin.

 

2- Proposatzen diren 9 oinarrien aurrean, Hik Hasik aurretik jendartean aurkeztua duen eta aipatu dugun Hezkuntza-proposamena eskaintzen du.

Hik Hasiren proposamenaren sarreran, antolaketari buruz hauxe dio:

"Hik Hasiren ustez, jendarteak izan behar du heziketaren protagonista; heztea bere egitekoa dela sentitu behar du, eta arduraz bizi behar du. Asko lagun dezake horretan gertuko kudeaketak. Hori da Europan indartzen ari den ildoa, inbertsioak hobeto kudeatzen lagun dezakeelako, jendeak bereago sentitzen duelako heziketa, eta herritar arduratsuagoak sorraraz ditzakeelako.

Gaur egungo antolaketa (urruneko kudeaketa, burokrazia handia, sareen arteko zatiketa, gurasoen, ikasleen, irakasleen eta herritarren arteko banaketa…) mesfidantza-iturri da. Hik Hasik jendarte bateratuagoa lortu nahi du, konfiantzan gehiago oinarrituko dena, kooperatiboagoa, eta ekitatea eta kohesio soziala sustatuko dituena.

Hezkuntzak duen garrantzi soziala kontuan hartuta, beste antolaketa mota bat proposatzen du Hik Hasik. Hik Hasiren ustez, denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema berriak −Euskal Hezkuntza Sistema Publiko bateratzaile, sozial edo inklusiboak, esan genezake− hiru oinarri edo ezaugarri izan behar lituzke:

A. Finantzaketari eta hezkuntzako esku-hartzearen jarraipenari dagokienez, PUBLIKOA izan behar du, eta hezkuntza-eskumena duen administrazioa (gero eta gertuagokoa hobe) izango da funtzio horien arduraduna.

B. Eskola bakoitzak AUTONOMOA izan behar du, bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko, bai ildo edo estilo pedagogikoari dagokionez, bai ikastetxearen barne-antolaketari dagokionez (jangelaren kudeaketa hezitzailea barne).

Ildo pedagogikoaren ikuspegitik, estatuek aspalditik dute eskolako hezkuntza-jardueraren norabidea beren menpe hartuta. Bada garaia hezkuntza-egitasmo bakoitzak bere kabuz hausnar dezan, eta erabaki dezan zer funtzio bete beharko lituzkeen bakoitzaren bidez mamitutako eskolaratzeak: gizarterako hezteak ez du esan nahi estatuek eta botere ekonomikoek zehaztu behar dutenik ikaslearen azken profila; aitzitik, zer gizartetan bizi behar duten kontuan hartuta bada ere, haurra den horretan aitortuz, haren identitate propioa garatzeko hauspoa emanez, berez dituen gaitasunak garatzen lagunduz eta komunitateko partaide izateko bideak jarriz lortuko da ekarpenik aberasgarriena.

C. Jaiotzatik nahitaezko eskolaratzea amaitu bitarteko hezkuntza-jarduera familiak bizileku duen udalerrian gertatzen da gehienetan. Horregatik, edozein udalerritako hezkuntzako esku-hartzean, ezinbestekoak dira HEZKUNTZA-ERAGILEEN arteko lankidetza, GERTUKO ADMINISTRAZIOAREN inplikazioa eta HERRIKO GAINERAKO ERAGILEEN partaidetza. Udalerriko hiru eragile mota horien arteko lankidetzan eta antolaketan, nahi adina sakondu ahal izan beharko genuke, udalerriko hezkuntza antolatzeko eskumena eta bitartekoak udalaren esku uzteko aukera ere emanez, hala nahi izanez gero.

Horrez gain, Europan eredu ditugun herrialdeetako batez besteko hezkuntza-inbertsioa kontuan harturik, argi dago nabarmen handitu behar dela inbertsio hori.

Amaitzeko, Hik Hasiren hezkuntza-proposamena irekia dela esan nahi dugu. Hauxe eman du urtebeteko hausnarketak. Prest gaude edonorekin partekatzeko, besteen proposamenak entzuteko, hitz egiteko, adosteko… Azken finean, gure herriko hezkuntza-egoera hobetu nahi duten guztiek alboan izango gaituzte.

 

Hik Hasiren Euskal Herriko hezkuntza hobetzeko 10 gako hauek dira