Edoskitzearen amaiera. TitiA urruntzean, titiTIK urruntzean

2019-05-02

Titia uzteko prozesua naturala izan daiteke, haurraren garapenean urrats bat gehiago. Baina garaiotan gehiengoa dira umearen urrats hori etorri aurretik pausoa ematea erabakitzen duten emakumeak, eta edoskitzea eteten dutenak. Bakardade eta ezjakintasun handiz bizi ohi den prozesua da, kulpa eta sufrimendua eskutik ekarriz.

 
 
Edoskitzearen amaiera. TitiA urruntzean, titiTIK urruntzean

 

Prozesu naturala omen da, edoskitzearen bilakaeraren baitan etapa bat gehiago; azkena, hain zuzen. Ez omen da betirako, eternitatean titia hartzen jarraitu nahi duen haurrik. Iritsiko dela interesa galdu eta bere kabuz titia utziko duen unea. Hori dio teoriak, baina zenbaitetan luze egin daiteke une horren etorrera hainbat emakumerentzat. Nahiz eta edoskitzearen garrantziaren kontzientzia izan, pentsatu arren haurrari eman diezaioketen oparirik onena dela; nahiz eta hasieran edoskitze luze baten aldeko erabaki intimoa hartua izan. Hain plazerezkoa, hain intimoa, eta, aldi berean, bestearekin hain konpartitua izan den titia emateko une hori; goxotasunezkoa, loturazkoa, fusiozkoa izan den ekintza hori, desatsegin izaten has daiteke uneren batean. Nola gertatu ote da? Zergatik? Gauetan hamaika aldiz esnatzen delako haurra titi eske eta hurrengo egunean lanera begizulo handiekin joan behar delako; edo neke fisikoa pilatu delako, eta laster azalduko delako horren sokatik neke emozionala ere; edo haurdun gelditu delako, eta bat-batean hain sentsible dauden titiburuek ez dutelako onartzen haurraren zurrupada; edo, besterik gabe, haurrarekiko harremana parametro berrietan kokatzeko unea iritsi dela sentitzen duelako... Askotarikoak izan daitezke arrazoiak. Errealitatea da gaur egun gutxiengoa direla destete edo titia uzteko prozesu naturalak, hau da, haurrak berak hala erabakita gertatzen direnak. Gehiengoa, berriz, haurrak bere kabuz uztea erabaki aurretik, edoskitzea etetea erabakitzen duten emakumeak, beraien baitan krak bat sentitu dutenak.

Askotan, ordea, hazierarekin eta amatasunarekin loturiko beste hainbat kontu bezala, prozesu hori bakarka egiten du emakume bakoitzak, ahal duen moduan, ahal duen hobekien. Batzuetan intuizioak esaten dionari segika; beste batzuetan buruak esan dionari jarraituz. Baina ez da izan ohi esperientzia konpartitu bat. Edoskitzearen ingurukoez hitz egiten hastea lortu den eta tabuak pixkanaka askatuz doazen honetan, oraindik ere desteteaz ezer gutxi dakigu, eta ezer gutxi hitz egiten da. Bada jakin beharrekorik, ordea, baita zeini galdeturik ere.

Izan ere, laguntza eskatzea izan daiteke krisialdi edo krak horren garaian edoskitzen jarraitzeko indarra ematen edo gogoa suspertzen duen faktore nagusia. Bidea amaitzera zihoala zirudienean, bidezidor berri bat erakusten duena. Eta, argi izanez gero bidearekin amaitu nahi dela, behintzat bai haurrarentzat eta bai amarentzat ahalik eta modurik atseginenean egiteko giltzarria izan daitezke laguntzaileak. Horretan dihardute, esaterako, Miren Camisonek, Haur Prebentzioan aditu eta Esnearen Ligako monitoreak, Carmen Ferro Villabonako osasun etxeko emaginak, eta Ramon Mauduitek, Hazi Hezi haur prebentziorako zentroko kide eta hainbat haziera talderen gidariak.

Edoskitzea ulertzea abiapuntu

Miren Camisonek gai honetan guztian abiapuntua argi du: desteteaz hitz egiteko, eta titia uzteko prozesu hori ulertzeko, ezinbestean ulertu behar da zer den titia har-tzea, edoskitzea. Haurraren garapena eta haziera den continuum horretan, eskutik datozen faseak baitira, bata bestearen ondotik. Titia uztea, izan ere, prozesu naturala da izatez, garapen prozesuan urrats bat gehiago.

“Haurdunaldiaren eta jaiotzaren continuum bat da edoskitzea. Hori da umeak espero duena, ugaztuna delako: bularrean eta besoetan azala azalarekin egotea, amarekin fusio emozional batean konektaturik”, dio Camisonek. Hasiera horretan, bere elikatzeko modu bakarra izanik ere, bularra elikadura baino askoz gehiago da haur horrentzat. “Edoskitzea harremana da, fusio psiko-biologiko eta konplexua haurraren eta amaren artean. Eta hortik ulertu behar dugu titia uzteko prozesua, edoskitzearen harreman sakon eta konplexu honetatik etorriko den indibiduazio eta banaketa prozesu natural bat bezala”. Continuum-aren hurrengo katebegia, alegia.  

Izan ere, haurrak 6 hilabete egin dituenetik aurrera, gutxi gorabehera, mugimendua eta gaitasun psikomotorra garatzen doan heinean garatuko du autonomia ere: katuka hasiko da lehenik, ondoren oinez... Fisikoki amarengandik urruntzeko baliabideak garatuko ditu, autonomia eskuratuko du. Hor hasten da haurraren indibiduazio eta banaketa prozesua, eta honen eskutik doa titia uzteko prozesua: “Destetea ez da azken urratsa soilik, titia erabat uztekoa; prozesu pausatua da”. Hala, amarengandik fisikoki urruntzeko gai den heinean, gutxiago hartuko du titia. Gainera, une horretan hasiko da elikadura osagarriarekin, eta hortzak ere aterako zaizkio. Alegia, beste baliabide batzuk izango ditu elikatzeko. “Naturak nola prestatzen duen dena hain ondo, zein engranaje potentea den biologia!”, dio Camisonek. Dena dela, “esan bezala edoskitzea elikadura baino gehiago da, eta fusio harreman horren beharra izaten jarraituko du: edoskitzearen eta amaren beharra izaten jarraitzen du, baina modu desberdinean”. Hala, 2 urtetik aurrera gutxiago hartuko du titia, eta zer esanik ez 3 urtetik aurrera, mundura ateratzen denean.

Oralitatearen fasea deitzen zaio haurrak 3 urte dituen arteko sasoiari, eta izenak berak ederki iradokitzen duen moduan, fase horretan ahoan biltzen da haurraren energia, munduarekiko konexioa... dena. Jaioberri bat ahoaren bidez erlazionatzen da ingurunearekin, guztia ahora eramanez, zurrupatuz deskubritzen du ingurunea... eta amarekiko harremana ere ahoaren bidez gauzatzen da, batik bat edoskitzeko une horretan. Beraz, oralitatearen etapak irauten duen bitartean, hiru urte horietan, bularra emateak, edoskitzeak indar handia izango du. Baina 3 urteren bueltan, genitalitatearen fasera pasatzen hasiko da haurra, mundura aterako da, sozializaziorako prest egongo da, besteekin harremanetan jartzeko irrika sentituko du... eta gero eta interes gutxiago izango du amarekiko fusioaren parte ziren besoekiko eta bularrekiko. “Bere interesa jada ez da txikia zenean bezala amarekin bilduta egotekoa. Oraindik behar du amaren gorputza, baina behar du, baita ere, beste haur batzuekin egotea. Fusioa zabaltzen hasten da, haurra jada prest dago amarekiko maitasunezko bikote harreman hori zabaltzeko”. Eta horrekin, modu natural batean gutxituko dira titi-hartzeak, azkenean desagertu arte.

Baina, eta ez denean ‘naturala’?

Prozesu naturala da, beraz, titia uztea. Baina, garaiotan eta inguruotan, ez dira ohikoenak oralitate etapa guztia irauten duten edoskitzeak. Normalean ama da edoskitzea etetea erabakitzen duena, haurrak bere kabuz egin aurretik, askotariko arrazoiak tarteko.

Carmen Ferro emaginaren kontsultan argi ikusten da motiboen aniztasun hori. Edoskitzea eteteko laguntza eske beregana jotzen duten emakumeen artean, maiz lanera buelta izaten da titia uzteko arrazoia: laneko ordutegiekin bateragarri egiteko arazoak egon daitezke, edo laneko estresa...  Beste batzuetan, haurrak ez duelako pisua behar bezala hartzen utzi nahi izaten dute. Edo, hain zuzen pisu gutxi hartzen duela eta elikadura osagarriarekin edo biberoiekin hasi direla eta, esne gutxiago dutelako.

Beste zenbaitetan haurdun gelditu izana izaten da arrazoia. Hau ohiko motiboa dela dio Ferrok. Batetik, edoskitzeko asaldamenduaren sindromea delakoa agertzen delako. Hau da, haurdun dauden emakume askori desatsegina egiten zaielako edoskitzea. “Bularren kongestioa edo inflamazioa izaten da haurdunaldiaren lehen sintometako bat. Titiburuetan sentsibilizazio handia izaten da haurdunaldiaren hasieran eta desatsegina izan daiteke edoskitzea. Askok esaten dute ‘ezin dut’. Haurra bera ere konturatzen da amarentzat ez dela atsegina eta desoroso sentitzen da, askotan beraiek uzten dute”, azaltzen du Ferrok. Haurdunaldia aurrera doan bezala sentsazioak hobera egiten du, baina lehen hilabete horietan asko dira edoskitzea etetea erabakitzen duten emakumeak.

Bestalde, ohikoa izaten da haurdunaldian esnea galtzea ere: “Naturak beti txikiena babesten du. Beraz, gorputzak ez badu indarrik haurdunaldirako eta edoskitzerako, edoskitzea kenduko du eta pixkanaka esnea galduko dugu. Uzteko modu polit bat ere izan daiteke: haurrak gero eta esne gutxiago dagoela-eta une batean ‘bapo’ esango du, eta hori oso interesgarria da, haurra bera ari delako erabakia hartzen”. Beste zenbaitetan, haurdunaldiko desgaste fisikoa bera izaten da uzteko arrazoia; edo emakumeak ez duela nahi, jaiotzear den haurra iristean, bi haur batera edoskitzerik.

Haurdunaldia bera ez ezik, ordea, haurdun gelditzeko gogoa ere ohikoa izaten da edoskitzea eteteko arrazoien artean. “Dena azkarrago egin nahi dugun garaiotan, batzuek edoskitzea eten nahi izaten dute obulatzen hasteko, eta berriz ere haurdun gelditzeko. Horregatik askotan gaueko titi-hartzeak edo tomak kentzen dituzte, horiek lotura handiagoa baitute ez obulatzearekin. Batzuetan toma horiek bakarrik kenduta obulatzen hasten dira, eta ondoren ere edoskitzen jarraitzen dute. Baina zenbaitetan beharrezkoa izaten da edoskitzea erabat etetea obulatzen hasteko”.

Eta, edoskitzea eteteko arrazoien artean, bada Ferro bereziki asaldatzen duen bat: “Emakumeek jasaten duten presio soziala, bidezkotik harago doana. 6 hilabete arte jendeari zoragarria iruditzen zaio ama batek haurra edoskitzea, baina urtebetetik aurrera jende guztia ‘noiz arte?’ galdezka hasten da . Edoskitze taldeetan gehien entzuten dudan kexa da, emakumeek beren burua defendatu behar dutela gauza natural bat aukeratu dutelako. Izugarria da. Batzuetan gainera haurrari berari esaten diote, ‘zikin hori’ edo ‘zu jada handia zara’. Edoskitzearen inguruko azalpenak beti txiste batekin amaitzen ditut nire saioetan: ‘Esan zuen batek, ‘nire amona 96 urte bizi izan zen’, eta ‘ez zen izango titia hartzen zuelako’, erantzun besteak. ‘Ez, besteen kontuetan sartzen ez zelako izan zen’, ihardetsi zion”.

Miren Camisonek, ordea, kanpo faktoreetan baino, emakumeen baitan gertatzen diren prozesuetan jartzen du begirada edoskitzearen amaiera goiztiarra azaltzeko: “Ez da erraza gaur egun edoskitze luzeak egitea. Uste dut barruko muga batekin egiten dugula topo: zenbateraino gaude prest fusio harreman horrekin jarraitzeko. Ur azpian, gure seme-alabekin hainbeste denboran hondoraturik egotea ez da erraza. Erronka emozional handia da gure seme-alabentzako 24 orduz ematea eta egotea”. Horrekin loturik nekea ikusten du, emakumeak haurdunalditik nahiz erditzetik pilatuta dakarren akidura. “Oso garai intentsoa da, eta gauetan ez baduzu ondo deskantsatzen, nekea pilatuz doa. Eta konturatzen ez bagara ere, sarri nekearekin batera estresa meta-tzen dugu, eta momentu batean gainezka egin dezakegu, eta ‘kito, hemen bukatzen da edoskitzea’ esan”.

Ildo beretik mintzo da Ramon Mauduit ere. Hazi Hezin antolatzen dituzten haziera taldeetan maiz ikusi izan dute sorgin gurpil hori: “Zenbaitetan haurrak intentso jartzen dira, amak nekatuta daude, ez dute lortzen erlaxatzerik, eta haurrek ere, urduritasun horretan, titiari tira eta tira segitzen dute... Drama handiak ikusten dira. Gainera, 2 urteren bueltan haurrek izaten dute halako fase bat zeinetan berriro ere asko edoskitzen duten, hasieran bezala, eta amarentzat oso gogorra izan daiteke. Horren aurrean lasai egotea da irtenbide bakarra. Baina ama askok lanera joan behar dute, lo egin behar dute, eta ernegaturik amaitzen dute, eta ernegazio horretan gauzak are gehiago konplika-tzen dira”.

Mauduiten esanetan, sarri ikusi izan dituzte amak gainezka eginda, “eta amei esango nieke babesa bilatu behar dutela, zeren eta gainerakoan bizitzen ari diren bide hori oso gogorra eta zaila egiten da”.

Babesa, ezinbesteko

Horretan bat datoz Mauduit, Camison eta Ferro. Informazioa ez ezik, akonpainamendua falta dute emakumeek edoskitzean zehar, eta baita honen buruan ere, destetean alegia. Komunitatearen, tribuaren falta gero eta nabarmenagoa den garaiotan, edoskitzeaz gutxi hitz egiten bada emakumeen artean, are gutxiago titia uzteko prozesuaz. Ezjakintasuna da nagusi, bai prozesua modu naturalean amaitzeko bidea egin nahi dutenentzat, hau da, haurrak utzi arte jarraitu nahi dutenentzat, eta baita edoskitzea etetea nahi duten emakumeentzat ere. Zalantzak, bakardadea eta kulpa izan ohi dira gaitz nagusia, eta sendagaia, berriz, edoskitze nahiz haziera taldeak, emaginak eta Esnearen Ligako monitoreak.

Gune horietan, edoskitzen jarraitu nahi duenak babesa aurkituko du, prozesua nola bideratu aholkatuko diote. Edoskitzea etetea plantea-tzen ari den emakumeak, berriz, hasteko eta behin bere sentimenduak eta etsipenak partekatzeko aukera izango du; zalantzak, bakardadea eta kulpa arinduko zaizkio, konturatzean ez dela modu horretan sentitzen den pertsona bakarra, ez dela ama txarragoa edo hobea. Agian, hori bera egitea nahikoa izango du indarrak hartu eta edoskitzearekin jarraitzeko. Eta, edoskitzea amaitu nahi duenak, prozesu hori modu egokian egiteko jarraibideak eta laguntza aurkituko ditu gune horietan.

“Oraindik ez ditugu jarri umearen beharrak gizartearen eta politikaren lehentasunen artean, haurra oraindik ez dago gure gizarte bizitzaren zentroan. Beraz, amak, krisi egoeran dagoen ekosistema familiar horrek, babesa aurkitu behar du”, dio Camisonek. “Gainezka egiten dugunean laguntza behar dugu, agian profesional batena, gidatuko gaituena egoera kudeatzen eta ikusten nola iritsi garen estres maila horretara, zer egin dezakegun lasaiago egoteko eta gure seme-alabak ere lasaiago egoteko. Eta edoskitzearekin loturiko une hauek oso delikatuak dira”. Ideia berekoa da Mauduit ere, eta hain zuzen familiei eta edoskitzen ari diren amei sostengu, babes, eta laguntza hori ematea dute helburu duela hainbeste urtetik Hazi Hezi elkartean antolatzen dituzten haziera taldeetan.

Carmen Ferrok, aldiz, emagin gisa duen kontsultan egiten du babes lan hori. Banakako lan horrez gain, edoskitze taldeak antolatzen ditu duela 20 urtetik Villabonako osasun etxean; Gipuzkoan lehenak izan ziren halakoak antolatzen. Bilera horiek irekiak dira, edozein emakumek har dezake parte, ez da beharrezkoa izena ematea, eta ez dute erregistrorik eramaten. Hileko lehen eta hirugarren ostiraletan egiten dituzte, 10:00etatik 12:00etara: “Edoskitzea da aitzakia, baina, oro har, hazieraz hitz egiten dugu talde hauetan, eta, beraz, baita titia uzteaz ere. Denek dute esateko eta entzuteko zerbait. Oso talde politak dira, zeren eta ez dute entzuten bata zuria daramanak dioena bakarrik, baita beraien egoera berdinean dauden emakumeen esperientziak ere; hain zuzen, agian zu orain aurre egiten ari zaren zailtasun hori gainditu duen norbaiten bizipena entzun dezakezu, eta oso aberasgarria eta lagungarria da hori”.

Bere kontsultan egiten duen sostengu lanari dagokionez, edoskitzea amaitzeko nahia adierazten duten amei, lehenengo eta behin horretarako motiboez galdetzen die, eta, motiboaren arabera, “destete erabatekoa edo partziala planteatzen diet”. Presio soziala bada arazoa, hau da, arazoa bada haurrak 2 urterekin kalean eskatzen diela titia, bada agian etxean bakarrik edoskitzea proposatzen die; egoerari muga bat jartzea gomendatzen die, alegia. Eta haur hori gai da muga hori barneratzeko. Edo gaua bada arazoa, titia asko eskatzen duelako eta amak neke asko pilatzen duelako, gaueko titia kentzea planteatzen du Ferrok. Haurrarekin negoziatzea, azaltzea titia nekatua dagoela eta lo egin behar duela, eta gauez ez duela hartu ahal izango. “Normalean hobe da aurrez esatea, ‘egun honetatik aurrera gauez titia lo egongo da’. Eguna eta gaua bereizteko gai bada, ulertuko du. Eta eguna iristen denean titia har-tzeko amorratzen egongo da, eta guk gustura emango diogu, gaueko atsedena eta gero”.

Ferroren ustez, destete partziala, amaren beharrak ere aintzat hartu eta mugak jartzea, askotan lagungarria izaten da egoera berbideratu eta titia erabat uztea ekiditeko. “Inportantea iruditzen zait mugak jartzea, zeren eta bestela batzuetan jarraitu egiten dugu, eman eta eman, edoskitzea ona dela eta jarraitu nahi dugulako ideiarekin tematuta, eta azkenean malale-txea ematen amaitzen dugu. Edo edoskitzea eteten. Destete partzialarekin agian mantendu dezakegu edoskitzea”.

Ildo beretik mintzo da Mauduit ere, mugak jartzea lagungarri ere izan daitekeela esaterakoan. “Gurasoek ez daukate zertan haurraren eskaeren aurrean martirizatuak egon. Ez da gauza bera titia bi urterekin uztea edo hilabeterekin, gauzak asko aldatzen dira eta gurasoek beraien gidoiak osatu behar dituzte, une batean baiezkoa esateko, baina baita beste batean ezezkoa esateko ere”. Eta, ezezkoa arintzeko, haurrari kontsolamendua eskainiko dioten bestelako errekurtsoak aurkitzea gomendatzen du: “Haziera taldeetako batean, ama batek esaten zion besteari: ‘Bularra ematearekin irritatua eta nekatua nengoen, eta haurrari esan nion bularrean min neukala eta eskua emango niola, eta fenomeno hartu zuen’. Zeren eta haurrek ez dute nahi ama gaizki ikustea, ezta pentsatu ere; eta beraiengatik gaizki egotea, hori are gutxiago. Orduan, zuk azaltzen badiozu ‘begira, nekatuta nago, minbera daukat eta orain eskua emango dizut eta goxo-goxo biok geldituko gara’, asimilatzen dute”. Onartzen du, dena dela, gerta daitekeela haurrak gaizki hartzea, baina “helduak jakin behar du bere errealitatea kudeatzen, eta haurrek hori ikasi behar dute. Gainontzean sadikoak bilakatzen dira, beraiek nahi duten momentuan eta segituan egin behar dira gauzak, eta hori ez da ona. Haurrari ezetz hori kudeatzen lagundu behar diogu”.

Mugarik jarri ezean, emakumea gainditurik aurki daitekeela uste du, eta Ferroren malaletxearen ideiaren ildotik, honakoa dio: “Okerrena litzateke irritazio eta gainditze uneetan gogoz kontra ematea bularra eta ‘bale, nahikoa da!’ oihu eginez bularretik zakar kentzea haurra”.

 

NOIZ ARTE DU TOKIA TITIAK?

Gutxienez haurrak 2 urte bete arte edoskitzea gomendatzen du Osasunaren Munduko Erakundeak. Gutxienez... baina hortik aurrera zer? Aipatu bezala, oralitatearen etapan zehar, bederen, zentzua izango du haurra edoskitzeak, eta haurraren garapen faseen arabera, hiru urteren buruan genitalitearen etapara jauzi egitearekin batera, haurrak interesa galduko du bularrarekiko. Hala dio Haur Prebentzioaren teorioak, eta horrekin bat egiten dute Mauduitek eta Camisonek, biak baitira alor horretan aditu. Baina, Esnearen Ligako monitorea ere baden heinean, erakunde honek “ikuspegi zabalagoa” duela argitu nahi du Camisonek: “Esnearen Ligan aipatzen da haurrak 7 urte bete arte gertatzen direla destete naturalak, kulturaren arabera lehenago edo geroago. 7 urtetik aurrera ez dago edoskitzen jarraitzen duen haurrik. Ikuspegi zabala eta irekia da.”

Haur Prebentzioaren ikuspegitik ordea, Camisonek garrantzitsua deritzo 3-6 urte arteko etapan haurrarengan gertatzen den indibiduazio eta sozializazio faseari: “Umea gizartera doa, jada ez zaio hainbeste interesatzen amaren bularra, amaren besoa... Oso inportantea da indibiduazio eta banaketa prozesu hori gauzatzea, haurrak mundura joateko egiten duen prozesua”.

Horrekin lotuta, Mauduitek azpimarratzen du zeinen inportantea den umearen garapenari adi egotea ama, edoskitzearekin amaitzeko unea iritsi dela antzemateko gai izan dadin: “Burmuinaren garapenaren ikuspegitik, 3 urte horietan haurrak sekulako heltze-prozesua egin du. Ordu arteko etapak ondo osatu badira, haurrak behin jada sentitu duenean jaso duela amarengandik behar zuen atentzio hori, prest dago aurrera egiteko. Baina batzuetan amari kosta egiten zaio une hori detektatzea, iritsi dela ikustea”.

Eta zein dira, bada, unea iritsi dela erakusten duten zantzuak? Behin haurra beste haurrekin zinez sozializatzen hasten denean, hau da, besteekin konpartitzeko eta benetan jolasteko gai denean, hasierako 3 urteetan hain ohikoak izaten diren propietate gatazka horiek gabe, Mauduitek uste du hori dela amak aldaketa gauzatzeko momentua: “Haziera taldeetan gomendatzen diegu ez jartzeko bularra emateko disposizioarekin. Adibidez, ez eskaini bularra haurrak lo egin behar duelako. Dinamika aldatzen saiatu behar dute, alegia, irakurketa bezalako ohiturak sartuz oheratzean”. Une hori iritsi dela ikusteko, gurasoek oso informatuta egon behar dutela uste du Mauduitek, haurraren garapen faseak ulertuta: “Bere atentzioa eta sormena mundura ateratzeko gogoarekin baldin badago haurra, hori da aldaketa gauzatzeko unea. Amak jakin behar du noiz lagundu behar dion urruntze prozesu horretan ere“.

 

EDOSKITZEA ETETEKO MODU ATSEGINIK BA OTE?

Negarra, frustrazioa, haserrea, kexak, amaren kulpa, beldurra, zalantzak... ohiko osagaiak bilaka daitezke destete goiztiar batean, alegia, haurrari berak hala erabaki gabe iritsi zaionean titiari agur esateko ordua. Eta aukera asko izango dira osagai horiek agertzeko aipaturiko babes gune horien laguntzarik gabe, amek bakarrik, erreferentziarik gabe egiten dutenean prozesua.

Esnearen Ligako monitore bezala, Miren Camisonek “oso pixkanaka” egiteko gomendatzen die lagun-tza eskaintzen dien emakumeei; titi-hartualdi bat emateari utzi, eta horretan pasatu aste batzuk. Ondoren, beste aste batzuk pasa beste hartualdi bat kentzen... “Oso modu progresiboan egin behar da, haurra ohitzen joateko, denbora izan dezan asimilatzeko. Zeren eta dolu bat dago prozesu horretan, bai amarentzat bai haurrarentzat. Ama-haurra fusio egoera horren amaiera” irudikatzen du titia uzteak. Izan ere, amak berak erabaki arren, agian nekatuta eta gainezka sentitzen delako, berdin-berdin gerta dakioke zaila urrats hori egitea. Gerta daiteke bere hasierako ideia edoskitze luze bat izatea, baina bidean aurkitutako zailtasunek eramatea erabaki horretara. Edoskitzearen onuren kontzientzia landua badu, kulpa ager daiteke, edo urratsa benetan gauzatzeko orduan zalantzak. 

Horregatik, Carmen Ferrok lehenengo eta behin esaten die “garbi izan behar dutela urrats hori egin nahi dutela, bestela oso gaizki egingo dute: urratsak ematen dituzu norabide batean, hurrena kontrakoan... eta haurrak ez du ezer ulertzen. Hori ekidin behar da. Zure unea iritsi dela sentitu behar da, hasteko”. Izan ere, “edoskitzea bizitzako maitasun istorio ederrenetakoa denez, garrantzitsua da gutxienez ondo amaitzea. Inportantea da ahalik eta naturalena, edo naturalaren ahalik eta antzekoena izatea. Errespetuzkoa amaren gorputzarekin, amaren bihotzarekin, haurraren bihotzarekin...”. Horretarako, Camisonek esandakoaren bidetik, prozesu graduala izan behar dela uste du Ferrok, “ama-haurra bikote bakoitzaren erritmoaren araberakoa, eta adinari egokitua”.

Aseta ekin bideari

Edoskitzea etetea erabakitzen denean, lehenengo titia hartzeko uneen aurretik haurra afektuz nahiz elikaduraz asetzea gomendatzen du Ferrok, janariaren eta maitasun adierazpenen bidez, modu horretara pixkanaka haurrak deskonexioa egin dezan edoski-tzearen eta elikadura/afektuaren artean. Hau da, uler dezan bularra ez dela elikatzeko eta amaren maitasuna jasotzeko bide bakarra. Eta, Camisonek esan bezala, pixkanaka hartualdiak kentzen hasi, poliki. Ferrok ama-haur bikote bakoitzaren araberako plangintzak egiten ditu, hartualdi horiek nola kendu zehazteko, haurraren adinaren eta amaren baldintzen arabera.

Bai Ferro eta bai Camison ados datoz esatean haurrarentzat berezienak, eztabaidaezinenak diren hartualdi horiek direla azkena kendu beharrekoak. Normalean, lokartzeko eta esnatzeko unearekin lotuta egoten direnak, alegia. Dena dela, gaueko destetea bada amak egin nahi duena, Ferrok bikotearen edo laguntzaile baten partaide-tzarekin egitea gomendatzen du. “Zenbaitetan amei gomendatzen diet bizpahiru egunetan gauez etxean ez egoteko”. Halakoetan, egun batzuk lehenagotik haurrari abisatu behar zaio ama ez dela etxean egongo gauez: “Lehen egunean, bularra emango dio, baina ez dadila lokartu, eta agur esango dio, badoala eta aitarekin gelditzen dela. Izan ere, gauean zehar esnatzean aitarekin dagoela ikusiko du. Distraitzen lagunduko dion zerbait eman diezaioke une horretan, haurra ondo gelditzeko. Ona izan daiteke une horretan haurra bere logelara aldatzea ere. Umea lokartzen denean aita logelatik joan egiten da, baina deitzen dionean itzuli egiten da. Aitak argia pizten du, pasiera bat ematen dute elkarrekin, ikus dezan ama ez dagoela, eta gustuko jatekoren bat ematen dio, gailetaren bat edo...”.

Dena dela, zenbait egoera ez dira errazak, “haurra goizeko 3etan esnatzen da eta aita ere hilko luke titia lortzeko.... Horrelakoetan lagungarrai izan daiteke baliabideren bat prest izatea”. Adibidez, magiarekin jolas egitea proposatzen du Ferrok: “Ama gauez ez dela egongo abisatzearekin batera, kutxatxo magiko batez hitz egiten has gaitezke, eta bera iristen ez den leku batean jartzen dugu, ikus dezan baina ez hartu. Horrekin bere arreta bereganatuko dugu. Bada, goizeko 3etako krisialdi horretan kutxatxoa ikustera eramango dugu, eta barruan duena erakutsi. Horrek bere arreta desbideratuko du sentitzen ari den haserre horretatik”.

Miren Camisonek, aldiz, bestelako ikuspegia du gaueko destetearen inguruan. Aitortzen duenez, kezka eragiten dio joera hori zabaldu izanak eta gaueko hartualdiak kentzeko orduan haurraren adina oso kontuan eduki behar dela dio: “Denboraren nozioa garatu gabe duen urtebete baino gutxiagoko haur batek ezin du ulertu zergatik ematen dion amak egunez bularra, baina gauez, ordea, ez. Lehenengo hilabeteetan haurrak ez du eguna eta gaua desberdintzen, eta egunez zein gauez 3-4 orduro esnatzeko eginda dago, hipogluzemia eta pisu baxua saihesteko”.

Nabarmentzen duenez, gaua haurrentzat nahiz helduentzat izaten da sentikortasun handiko unea. “Gauean egun osoko bizipenak metatzen zaizkigu eta erlaxatzen asmatu behar dugu lo egin ahal izateko. Gogora dezagun zenbat botika saltzen diren egunero helduok lo egin ahal izateko! Bada, haurren-tzat ere benetako behar emozionala izaten da edoskitze-atxikimendu egoeran murgilduta egotea, goxo, bero, gertu eta gustura”. Beraz, gaueko hartualdiak azkena kendu beharrekoak direla uste du.

Moduren batera edo bestera, prozesu progresiboa izan arren, uneren bat iritsiko da, egunez edo gauez, haurrari ‘ez’ esan beharko diona ama horrek, eta horretarako, “argi badaukagu, ongi egingo dugu, eta baliabideak lagungarriak izan daitezke. Haurrei ideia argiak eskaintzen badizkiegu, beraiek ulertu egiten dute. Lo egitera joatea ere ez zaie gustatzen, baina onartu behar izaten dute”, dio Ferrok. Argi izatearekin batera, kulpa sentimendurik gabe aritzeari ere garrantzistua deritzo: “Haurra oinez ikasten ari denean erori egiten bada eta min hartu, amek esaten dute ‘beno, oinez ikasteko erori egin behar du’. Hau da, pena har dezakete haurraren minaren aurrean, baina ez dute kulpatik bizi. Bada, honetan ere normalizatu egin behar dute”.

Nola lagundu adinaren arabera?

Camisonek, Haur Prebentzioan aditu gisa, titia uzteko prozesuan adin tarte bakoitzaren ezaugarriak kontuan izan behar direla dio. Haurrak 6 hilabete izan baino lehen eten bada edoskitzea, haurra oraindik ez denean elikadura osagarriarekin hasi, ezinbestean formulako esnea eta biberoia eskaini beharko zaizkio. “Bada, biberoia amak bakarrik ematea gomendatzen dugu, beti begietara begiratuz, nahiz eta bularra ez eman besoetako atxikimendu harremana mantentzeko, fusio horretan jarraitzeko. Eta ezker eta eskuin besoetan txandakatzea haurra, une horretan haurra begien lateralizazioa lantzen ari delako. Komeni da azala-azalarekin egotea, haur eramailean eramatea... Atxikimendu, maitasunezko eta fusio harremanari jarraibidea emateko”.

Urtebete eta bi urte arteko fasea iruditzen zaio zenbaitetan “delikatuena” Camisoni. “Haurra une horretan bere ‘ni’-a lantzen hasten da, banaketa eta indibiduazio prozesua garatzen. Horrekin lotuta, gurasoei ezetz esaten hasten da. ‘Ni’ eta ‘ez’ bere hiztegian oso garrantzitsuak izango dira. Bada, bere ‘ni’-a baieztatzeko une horretan, amaren ezezkoa errefusa bezala har dezake, ‘ni’ hori oso etapa sentikorrean dagoelako. Fase honetan amorrutik har dezake, ez du uler-tzen zer ari zaion gertatzen amari: orain arte dena eman dio eta orain jada ez du nahi”. Amorru hori ager-tzen bada, egoera bakoitzean zer gertatzen den aztertu eta laguntza indibidualizatua eman beharko da, Camisonen ustez, ama-haur bikote bakoitzean bularra emateko edota uzteko unean sortzen diren aldagai sentikorrak aintzat hartuz.

2 urtetik aurrera, berriz, haurrak ulertzeko gaitasun handiagoa izanik ere, egokitzapena beti egin beharko da: “Harreman edo fusio hori beste modu batera landu beharko da: amaren presentziarekin, masajeekin, mantatxo baten pean ipuinak irakurriz... Harreman estuko beste egoerak sortu behar dira, behar epidermikoarekin zerikusia dutenak, elkarrekin goxo egotearekin”.

 

BAT-BATEAN ETETEAREN AJEAK

Bai Ferro, bai Camison eta bai Mauduit bat datoz puntu batean: edoskitzea bat-batean etetea da egin daitekeen pausorik traketsena, ekidin beharrekoa. Mastitisa bezalako gaitzak garatzeko arriskutik harago, haurrari nahiz amari eragin diezaiokeen kalte emozionala nabarmentzen dute hirurek.

“Edoskitzea, maitasuna, besoak, denbora... haurrari hori ematen zaionean eta bat-batean mozten denean, haurra galduta gelditzen da, izugarrizko hutsunearekin”, dio Camisonek. Hala, maitasunezko bikote harreman baten amaierarekin alderatzen du: “Bikotea arraro dagoela nabaritzen hasten zara, baina ez dakizu zer gerta-tzen den. Eta egun batetik bestera zure bizitzatik desagertzen da, ez duzu modu progresiboan ulertzeko aukerarik izan... Norbaitek ezerezetik mozten badu gurekin, zer gertatu zen ulertu gabe gelditzen gara, eta abandonaturik sentitzen gara. Tristezia eta beldurra sentitzen dugu. Bada, hori autonomia duen heldu bati gertatzen bazaio, pentsa nola eragiten dion dependientea eta egin gabea den haur bati”.

Ferrok egoera horrek haurrarengan sortzen duen antsietatea nabarmentzen du, eta estres hitza erabiltzen du, aldiz, Mauduitek: “Horrelako harreman intimoa bat-batean hausteak haurrarengan estresa sortzen du; horrek, era berean, kortisona ekartzen du eta, haurra alarma egoera batean jartzen da. Horrek oztopatu egiten du amarekiko konfiantza”.