Montessori Etxean. Bizitzarako pedagogia bat

2019-10-22

Haurra du ipar Maria Montessoriren pedagogiak. Ehun urte dituen metodoa da baina berritzailea eta aurrerakoia izaten jarraitzen du eta egun, inoiz baino gehiago, bogan dago. Eskolan bezala, etxean aplika daitekeen bizi filosofia bat da, materialetan baino gehiago haurra behatzean eta errespetatzean oinarritzen dena.

 
 
Montessori Etxean. Bizitzarako pedagogia bat

Bogan dago Montessori. Instagramen top da. Merchandising zabala dago Montessori etiketapean salgai. Ikeak ere Montessori altzariak egiten ditu. Baina Montessori etiketapean saltzen den oro Montessori al da benetan? Zerbait baldin bada Montessori bizi-filosofia bat da, eta hori ez dago inon salgai. 

Malen Olalde Montessori gida bat da, Gasteizko Aiurri Montessori eskolaren fundatzaile —Nagore Pitillas, Ibone Del Pozo eta Nerea Perales AMI gidekin batera— eta bertako irakasle, Londresen formatua, eta berak azaldu dio Hazi Hezi-ri zer den benetan Montessori metodoa.

Haren ustez, Maria Montessorik Erromako auzo txiroetako haurrak ikertuz osatu zuen metodoa bogan dago aurrerakoia eta berritzailea delako, nahiz eta duela mende bete baino gehiago idatzia izan. “Pedagogia honen gauza onena da haurra errespetatu egiten duela, eta haurra bere hezkuntzaren eta garapenaren protagonista gisa ikusten du, horixe da bere ekarpen garrantzitsuena”. Paradigma aldaketa bat proposatu zuen Maria Montessorik, berak ikusi baitzuen haurrek, jaiotzen direnetik, potentzialtasun osoa dutela, eta ez dietela irakasleek ezagutza “sartu” behar. Maria Montessorik honela idatzi zuen bere pedagogiak proposatzen zuen paradigma aldaketa: “Hezkuntza berriaren oinarria haurraren beharrak kontuan izan eta, bere bizitza osoki gara dezan, premia haiek asetzea da”. Hezkuntza tradizionalaren helburua “haurra etorkizun batean bizi behar duen bizitza sozialerako presta-tzea” zela zioen Montessorik, eta berak orainari begiratzen zion: “Haurra ez da ez giza-pertsonalitate, ez gizaki-sozial gisa hartzen, etorkizunean nor izatera iritsiko den izaki bat da, eta formatua ez dagoen bitartean, pedagogia zaharrarentzako, haurra ez da ezer. Baina ez, haurrak nortasun askea du, gizaki guztiek bezala”. 

Jaiotzetiko potentzialaz ari denean, “heldu izateko garatu behar duen guztiaz” ari da Montessori, mugimendu koordinaketaz, lengoaiaz, autonomiaz, kontzentrazioaz...hori guztia ikasteko eta garatzeko potentzialtasunarekin jaiotzen da haurra. Eta hauxe da metodo edo filosofia honen lehen ezaugarria: haurra da bere hezkuntza-proiektuaren ardatza. “Haurra bere hezkuntzaren ardatza dela dionean hezkuntza indibidualizatu edo pertsonalizatu bati buruz ari da Montessori, Olalderen arabera, gizarteko joera nagusiaren kontrara: “Hezkuntzako joera nagusia da haur guztiak erritmo berberean bide beretik eramatekoa, haur guztiak berdinak balira bezala, baina haurrek ez dituzte ez gaitasun berdinak ezta erritmo berdinak ere: Monte-ssorik, bada, haur bakoitza hobeto ezaguturik, momentu bakoitzean bere garapenean aurrera egiteko zer behar duen behatzea eta hura eskaintzea proposatzen du”.

Beraz, lehenik eta behin, haurra ezagutu behar da. Haur bat zer den jakin, zer behar dituen ezagutu eta horiek errespetatu. Behaketa da horretarako filosofia honek proposatzen duen tresna: Maria Montessorik haurra behatu zuen eta ikerketa zientifikoa garatu zuen urtetan, lehenik 1898 eta 1900 urteen artean orduan erotzat kontsideratuak ziren haurrekin, eta 1907tik aurrera Erroman fundatu zuen Casa dei Bambini-n. Horrela ezagutu zuen eta idatzi zer zen haurra. 

Lehen ondorioetako bat izan zen haurrak adimen xurgatzailea duela ohartzea. Ezaugarri hori da, Montessoriren aburuz, haurrak hain denbora gutxian hainbeste ikasteko duen gaitasuna ezaugarritzen duena. Pedagogoaren arabera, haurrak bere bizitzako lehen hiru urteetan ikasten duenaz jabetzeko, heldu batek 60 urte beharko lituzke. 

Adimen xurgatzailea, Olaldek azaldu duenez, haurrak 0-6 urte bitartean daukan adimen berezi bat da, gero galdu egiten den adimena. “Adimen honekin haurrak aukera dauka bere inguruan dagoen dena xurgatzeko.Orduan, alde batetik hori abantaila bat da, ez duelako inolako esfor-tzurik egin behar gauzak ikasteko, ze dena hartzen du esfortzurik egin gabe eta filtrorik gabe; baina desabaintaila ere izan daiteke, ze guk heldu bezala ez badugu zaintzen zer eskaintzen diogun haurrari eta zer daukan haurrak bere inguruan, desabantaila bat eta arrisku bihurtu daiteke. Ona bezala txarra xurga-tzen baitu”. Esate baterako, haurrari bere ingurunean biolentzia-jokoak eskaintzen badizkiogu edo erabiltzen dugun lengoaia ez bada egokia, hori barneratuko du. “Goazen eskaintzera haurrari aukera aberatsak, lengoaiaren kasuan, lengoaia aberatsa, lexiko aberatsarekin eta gramatika zuzen eta egokiarekin. Eta aukerak eman lengoaia hori entzuteko. Goazen aukerak ematera bere ingurunean libre eta segurtasunez mugitzeko ere. Goazen aukerak ematera bere inguruko pertsonekin sozializa-tzeko, eta inguruko pertsona horiek izan daitezela ezagunak ahal den heinean eta pertsona osoak”.

Haur aktiboa, heldu behatzailea

Ikerlariak bezala, irakasle bidelagunak edo gurasoak behaketa balia dezake aurrean duen haurra ezagutzeko. “Batzuetan ez da erraza haurra modu objektiboan eta aurreiritzirik gabe begiratzea, batez ere gure seme-alaba baldin bada, baina saiatu behar dugu buruan ditugun ideiak eta bereziki haurrei ezartzen dizkiegun etiketak saihesten eta aurrean daukagun haur horrek zer gaitasun eta zer behar dituen hautematen. Eta gero, probatzen joango gara, noiz den beharrezkoa nik, helduak, eskuhar-tzea eta noiz den hobea nik atzera egitea eta bere kabuz egiten uztea”. Probak egitea haurraren gaitasunak neurtzen joatea da: “2 urteko haur bati ez diogu eskatuko lokarriak lotzeko, bere motrizitate fina ez baitu garatua izango, baina oinetako belkrodun batzuk baldin baditu, has daiteke gure laguntzarekin bera janzten. Joan neurtzen noraino egin dezakeen berak, aukerak eman. Oso zaila egiten zaiola ikusten badugu, berari esan, ‘nik jarriko dizut, laguntza behar duzula ikusten dudalako, baina pixkanaka zu gehiago saiatzen joango zara’”. Probak egitea eta aukerak ematea proposatzen du Aiurriko gidak: “Agian oinetakoak janzteko hasiera batean zailtasun handia izango du, baina beste gauza batzuk egiteko segur aski gai izango da. Kamiseta bat janzteko, guk burutik pasatzen lagun diezaiokegu, baina gero besoak eta eskuak berak sar ditzake... Probak eginez eta neurtuz, joango gara ikusten zein den haurrak duen gaitasuna eta norainoko autonomia eman diezaiokegun”.

Autonomia da beste hitz gakoetako bat Montessoriren filosofian. “Lagun iezadazu neure kabuz egiten”, idatzi zuen Maria Montessorik. Montessoriren pedagogiaren ezaugarri nagusietako bat autonomia da. ”Haurra oso txikitatik gauza da zenbait ekintza modu autonomoan egiteko —dio Olaldek—, eta askotan ez diogu aukerarik ematen hori egiteko. Eta aukerarik ematen ez diogunez, ez dugu egokierarik haurrak zer gaitasun dituen ikusteko, eta gero, aukera ematen zaionean helduok harritu egiten gara nolako potentzialtasuna daukan haur horrek”. Espazioa eta denbora behar ditu haurrak adieraz dadin, bere kabuz mugitu dadin eta gauzak egin ditzan, “hor ikusiko dugu nola gai den guk uste baino askoz gauza gehiago egiteko”. Gero eta askatasun eta aukera gehiago emanaz, haurrak gero eta gehiago garatuko du autonomia hori.

Autonomiak autoezagutza dakarkio haurrari. Zertarako gai den ikusten du, eta zertarako dituen zailtasunak ere bistan du. Olaldek arreta eskatzen du haurrei eskakizun handiegia ez egiteko bere gaitasuneratarako, horrek frustrazioa ekartzen baitu. “Probatzen ari garen bitartean momentu batean sor daiteke frustrazioa, baina haurrak ikusten badu gu bere ondoan gaudela, laguntzen ari garela eta behar bagaitu hor egongo garela, askoz hobeto eramango du frustrazio hori. Aldiz, frustrazioa etengabea baldin bada, bata bestearen atzetik, gure eskakizuna gehiegizkoa delako, ez diogu haurrari mesederik egingo”. Haatik, kontrakoa ere ez da mesedegarria, berak egin dezakeena helduak egitean bere ordez, ez diogu autonomia eta autoezagutza garatzen utziko: “Haurrak, zerbaitek molestatzen badio edo lagun-tza gehiegizkoa gertatzen baldin bazaio, protesta egingo du; orduan, ikusten badugu protesta egiten ari dela, ulertu behar dugu protesta hori positiboa dela, haurra bere Nia erreibindikatzen ari baita. Goazen protesta hori entzutera eta kasu egitera. ‘Ikusten dut haserretzen ari zarela, agian zuk saiatu nahi duzu’, eta aukera baldin badugu berari utz dieziokegu saiatzen (agian presarekin gabiltza eta ezin dugu), baina egokiera dugunean aukera hori eman behar zaio”. Honako adibidea jarri du Olaldek: 2 urterekin, arkatz bat hartu orduko letrak erakusten hasten bagatzaizkio, 2 urterekin oraindik ez da momentua eta haurra frustratu egingo da gure eskakizunaren aurrean; goazen, beraz, denbora uztera. Eta agian 4 urterekin ere ez da momentua, edo agian bai: letrak egiten hasiko da, “baina ez diogu eskatuko perfektu egitea, ze horrek agian bai frustraziora eraman dezakeela.”

Ikasketa-prozesu honetan haurrak akatsak egingo ditu, eta helduak akatsaz duen ideia aldatu beharko du. “Gizarte honetan joera handia egon da bai eskoletan, bai etxean eta baita kalean bertan ere, aka-tsa zigor moduan jartzekoa. Gure burua zigortzen dugu eta haurrak zigortzen ditugu akats baten aurrean, eta hori aldatu egin behar dugu. Akatsei esker ikasten dugu askotan. Akatsa zerbait positiboa izan daiteke, eta da”. Akatsaren aurrean haurrari denbora ematea proposatzen du Olaldek: ea haurra ohartzen den, eta ea bere kabuz bilatu diezaiokeen konponbidea edo gure laguntza  beharrezkoa duen neurtuko du denbora horretan. “Akatsaren aurrean ez haserretzen eta ez larritzen ikasi behar dugu, txipa aldatzen eta gure burua kontrolatzen”.

Maria Montessorik diseinatu zituen materialak, hain zuzen ere, autozuzentzaileak dira, hau da, materialak berak erakusten dio haurrari akatsa edo errorea egin duela eta hobetu egin behar duela, puzzle baten kasuan bezala; azkeneko piezak azkeneko lekuan ez duela enkajatzen ikusten badu, zerbait aldatu behar duela esaten dio akatsak haurrari.

Material horiek dira bogan jarri direnak: dorre arrosa, bloke geometrikoak, iraunkortasun-kaxak, lixazko letrak... Eta baita antzeko kutsua duten material ugariak ere, nahiz Montessori altzari, mahai eta aulki baxuak, ohe baxuak, haurren tamainako apalategiak... Baina materialak, filosofia gabe, hutsal dira Olalderentzako: “Montessorin informazio gutxirekin sartzen baldin bagara arrisku hori dugu, materialek dena konponduko dutela pentsa dezakegu. Nik eduki ditzaket material guztiak eskolan, baina ez baldin badut filosofia aplikatzen, akabo. Horregatik da hain garrantzitsua filosofia”.

Filosofiaren beste zutabeetako bat askatasuna da, hasteko eta behin, askatasunik gabe ez dagoelako autonomiaren garapenik. Askatasunik gabe ez dago ikasketa-prozesurik, ezta garapen osasuntsurik ere. Honako hau idatzi zuen Montessorik askatasunaz: “Lehen haurtzaroko hezkuntzan, askatasuna nortasunaren garapenari mesede egiten dion baldintza gisa ulertu behar da, ikuspuntu fisiologikotik nola psikologikotik; eta eragiten dio kontzientziaren garapen libreari ere”. 

Askatasuna eman behar zaio haurrari, beti ere segurtasunaren eta mugen barnean, zehaztu du Olaldek: “Momentu batean kaletik ibiltzen ari bagara, eta lore bat ikusten badu, eta hobeto ikusteko gerturatu egin nahi baldin badu usaintzeko edo ukitzeko, goazen haurrari aukera hori ematera, ahal badugu behintzat. Une horretan gelditu ezin badugu, esplikatu egingo diogu zergatik ezin dugun. Baina goazen hurrengo batean aukera hori ematera haurrari; edo goazen kalean ikusi duen beste haur batekin sozializatzeko aukera ematera haurrari; edo gu kalean lagun batekin hitz egiten ari garenean elkarrizketa hori entzuteko; edo korrika egiteko... Horrek gaitasun desberdinak garatzeko aukera ematen dio, bai mugimendu koordinazioa, bai lengoaia, bai sozializazioa eta baita autonomia ere”. 

Askatasuna, baina, segurtasunarekin bezala, mugekin oso lotua dago. “Haurrak askatasuna eta mugak behar ditu, mugek segurtasuna ematen baitiote. Gertatzen dena da neurtu egin behar dugula zer muga jartzen ditugun”. Montessorik zioen mugak errespetuarekin joan behar duela, eta beraz, esplikazio bat izan behar duela. Adibide praktiko bat jarri du Olaldek: “Haurrarekin dendan gaudela gailetak eskatzen badizkigu eta guk ez badizkiogu erosi nahi etxean baditugulako, hori izango da esplikazioa. Aldiz, ‘ez dizut oinez ibiltzen utziko’ esaten badiogu, hor non dago esplikazioa? Presa baldin bada arrazoia, esplikazioa hori izango da, baina egunero ari bagara oinez egiten ez uzten, muga hori ez doa errespetuarekin bat, haurrak ibiltzeko beharra baitu, oinez ibiltzeko askatasuna behar baitu”. 

Montessorik zioen mugek beti bat etorri behar dutela errespetuarekin, errespetua baita, hain zuzen ere, bere pedagogiaren beste ezaugarrietako bat, bere pedagogia guztia haurraren eta haren behar eta erritmoen errespetuan oinarritzen den bezala, helburutzat du haurrari 1) bere buruarekiko errespetua erakustea eta garatzen laguntzea, 2) besteekiko errespetua garatzea eta 3) bere inguruarekiko errespetua lantzea. Olaldek adibide praktikoarekin azaldu du zer den bere burua zaintzeko muga bat ezartzea: “Urtebeteko haurra, oraindik oinez ez dakiena, eskailera batzuetara gerturatzen ari dela ikusten badugu, eta guri arrisku-tsua dela iruditzen bazaigu, hartu egingo dugu haurra —eta hasieran ekintza egingo dugu, haurra ez baita hasieran gai muga hori hitzez ulertzeko—. Hor bere burua zain-tzeko muga ipintzen ari gara. Beste kasu batean, haur batek beste haur bat jotzen baldin badu, hitzez edo ekintzaz jarri behar dugu muga, ez delako bestea errespetatzen ari. Eta, hirugarrenik, demagun eskolan gaudela eta haur bat materiala lurrera botatzen ari dela, bada, ez da ingurua zaintzen eta errespetatzen ari, eta geldiarazi egingo dugu”.

Mugak haurra benetan errespetatu gabe ezartzen direnean sarietan eta xantaietan erortzeko arriskua ikusten du Olaldek. “Sariekin eta xantaiekin nahiz zigorrekin heziak izan gara, baita eskolan ere, baina kontuz ibili behar dugu, saririk onena ere haurra manipulatzeko egina baitago”. Mugak ezartzean leialak izan behar dugula ohartarazi zuen pedagogoak, hau da, ez ditugu mugak erabiliko haurra manipulatzeko. “‘Hau erosiko dizut, beste hura egiten baduzu edo ondo portatzen bazara’, eta  horrelakoak esaten dizkiogunean haurra manipulatzen ari gara, eta ez gara, beraz, leialak”. Mugak leialaz gain, oso argia eta motza izan behar du, Olalderen arabera.

Hori guztia konfiantzan barnebil-tzen da, eta hori da iragan mendeko metodo hau oraindik ere aurrerakoi egiten duen printzipioetako bat: haurra ongia egiteko diseinatua dago, eta aukera duen guztietan egingo du. “Aurreiritziak alde batera utzi behar ditugu, haurrak ez du ezer egingo besteari molestatzeagatik. Haurrak naturalki egin nahi duena da gizartera egokitu eta baliagarri sentitu. Ondo baldin badago, naturalki eta orokorrean ondo jokatuko du. Eta noiz egongo da ondo? Bera errespetatua sentitzen denean”. Horrek ez du esan nahi haserretuko ez denik, eta horma margotuko ez duenik edo ateari kolpe bat emango ez dionik, edo beste umeekin liskarrik izango ez duenik...”Haserretuko da eta guk heldu bezala haserre hori kontuan izango dugu, gutxietsi gabe, ‘ez egin negar gehiago!’, ‘tontakeria horregatik ez egin negarrik!’ eta antzekoak saihestuz”.

Haurrek barne gida daukatela zioen Montessorik, bere ikasketa-prozesua zuzenduko duen gida. Helduak haurrarengan —eta barne gida horrengan— konfiantza eduki behar duela zioen, eta haurrari aukerak emateaz arduratu behar dela heldua. “Haurrak badu interesa, eta etorriko zaio momentua alor bat edo bestea ezagutzekoa eta garatzekoa. Agian 4 urterekin ez dauka material zehatz batekin ari-
tzeko interesik, baina 6 urterekin bai. Haur bakoitzari iristen zaio gauza bakoitzerako momentua, bere garaian.Konfiantza izan behar dugu haurrarengan, bizitzan, naturan eta kontrolatzeko joera horretatik askatu egin behar dugu geure burua”.

Eta konfiantzarekin batera dator pazientzia, Olaldek eransten duenez, “haurrekin ikagaragarrizko pazientzia eduki behar da”.  

Helduaren egitekoa, beraz, aukerak ematea litzateke. Haurrak dituen potentzialtasun guztiak garatzeko eta bere bertsiorik onena izateko aukerak ematea litzateke bidelagunaren eginkizuna, haurrak momentu bakoitzean zer interes eta premia dituen behatu eta berauek asetzeko aukerak (materialak nahiz ekintzak) proposatzea. “Lengoaiaren gaitasuna —eta beste guztiak— haurrak bere barnean dakar, baina helduak zaindu egingo du zer lengoia eskaintzen dion, ahalik eta aberatsena, eta zuzenena izan dadin, haurrak handik ikasiko baitu”.

Ingurune egokitua, ikasketa-gune

Montessorik zioen haurrak ingurunetik ikasten zuela, beraz, haurrarengan autonomia sustatzeko eta bere ikasketa-prozesua aurrera eramateko ingurune egokituak diseinatu eta prestatu zituen. Horiek dira mundu osoko Montessori 

eskolen ezaugarri. Ingurune egokitu guztiek, gutxienez lau ezaugarri dituzte: Ordena, material errealak, autonomia sustatuko duen ingurunea izatea eta argitasun naturala edukitzea. Eskolatik kanpo, etxea haurrentzako prestatzean ere lau ezaugarri horiek kontuan hartu beharko lirateke Montessori filosofia aplikatu nahiko balitz.

Txukuntasuna edo ordena da ezaugarri garrantzitsuena. “Haurrak txukuntasuna behar du —dio Olaldek—, kanpoaren eta ingurunearen txukuntasunak eramaten gaitu barne txukuntasunera eta ordenera, ordena mentalera. Eta ez bakarrik txukuntasun fisikoak, baizik eta baita errutinek ere. Errutinak txukuntasuna dira, eta errutinak oso garrantzitsuak dira, segurtasuna ematen baitio haurrari gero zer datorren jakiteak”. Haatik, etxe askotan txukuntasuna manten-tzea zaila gertatzen da, eta arrazoi nagusia jostailu kopurua izaten da. ”Txukuntasuna mantentzea ba-
tzuetan ez da erraza jostailu gehiegi ditugulako. Haurrei aldi berean jostailu pila bat eskaintzen dizkiegunean, zeinen beharra da, haurrarena ala helduarena? Jostailu gehiegi ematen dizkiogu haurrari aspertuko den beldur garelako. Baina haurrari aldi berean bost jostailu ematen badizkiogu nahikoa izango da, eta gainerakoak gorde eta astebete edo bi aste pasatzen direnean errotazioa egin eta gordetakoak atera. Jostailu gehiagorekin haurrak ez du jakingo zer egin. Aldiz bost jostailurekin, aukera gehiago izango du jostailu bakoitzari etekin handiagoa ateratzeko”. Jostailuak ahalik eta desegituratuenak izatea proposatzen du bidelagunak, sormena lantzeko eta autonomia sustatzeko.

Haurrari eskainiko dizkiogun materialak, Montessori eskoletan bezala, etxean ere errealak izatea gomendatzen du Olaldek: “Gizarte honetan haurrei plastikozko materialak eskaintzeko joera dago, plastikoak helduoi segurtasuna ematen digulako, pentsatzen dugulako haurrek ez dutela minik hartuko, materiala ez dela puskatuko, gutxi pisatzen duelako, merkea delako... Eta zer gertatzen da? Haurra plastikoa erabiltzera ohitzen dela eta ez duela ikasten bestelako materialak erabiltzen. Haurrak ez badu ikasten beira nola erabili, egurra nola erabili, keramika nola erabili —material horiek kontu handiagoz erabili behar baitira— ez diogu aukera ematen errealitatean bizitzeko. Argi dago 3 urterekin haur batek kristalezko pitxer bat hartzen duenean eror dakiokeela, baina haur horrek hurrengo batean kontu handiagoz erabiliko du, eta beraz, guk ez diogu zertan, heldu gisa, ezer esan behar haurrari, berak ikusiko baitu akatsaren kontrola: pitxarra erori da eta hautsi egin da, kito. Bizitzak eman dio akatsaren kontrola. Modu horretan errealitatearekin kontaktua egiten ari da eta ikasten ari da material errealak eta naturakoak erabiltzen eta zaintzen”.

Ingurune egokituen hirugarren ezaugarria, haurraren autonomia sustatzea da, eta hau izan ohi da Montessori etxean egokitzen denean egiten den aldaketa nagusiena: ohea —edo lastaira bat soilik— lurraren mailan ezartzea; apalategiak, mahaiak eta aulkiak haurraren tamainakoak izatea... AMIk hamar gomendio ematen ditu  etxean haurraren autonomia sustatzeko:

Janzteko autonomia:

Bere kabuz jantzi eta erantzi ahal izango duen arropa eskaini eta belkrozko oinetakoak; botoi txikiak, buzoak saihestu...

Arropa bere eskura eta bere altueran eskegi. Bere tamainan ezarri arropa zikinaren saskia.

Eskegi ispilu bat bere tamainan, hortz eskuilarekin eta orrazi batekin txukundu dadin.

Esfinterren kontrolean autonomia:

Hasieran konketa txiki bat ezarri bere tamainan, eta behin bere kabuz pisa edota kaka egiten ikasten duenean, maila bat edo biko eskailera bat jarri lasai igo eta jaitsi dadin, haur askok komonetik erortzeko beldurra izaten baitute.

Konketara iristeko jarri banku bat edo altzagarri bat.

Jateko autonomia:

Armairu edo kaxoi bat prestatu haurrarentzako, pitxar txiki bat, edalontzi txikiak, katilu txikiak, goilare eta sardeska txikiekin. Gauza bakoitza txukun ipini apalean.

Plater txikiak aukeratu, baina ez daitezela plastikozkoak izan, hauskorrak baizik. Gisa honetan haurrak objektuak kontuz erabiltzen ikasiko du eta eroriz gero hautsi egingo dela ikasiko du.

Errazagoa da haur batek janaria jatea berau prestatzen lagundu baldin badu, eta haurrek, txikitatik, lagundu dezakete sukaldean. Txiki-txikienek laranja, mandarina edota platanoa zuritu dezakete.

Lotarako autonomia:

Ohe baxu batek mugitzeko eta bere kabuz ohetik jaisteko askatasuna ematen dio haurrari. Inguruan bere tamainako apaletan hainbat jostailu eduki-tzeak bere arreta bereganatuko du jaikitzean.

Sortu lotarako ordua dela uler-tzen lagunduko dion errutina. Errutina honek ekintza gutxi-tzea ekarriko du, esate baterakoa: jolastu, bainatu, afaldu, ipuina irakurri eta lotara. Eta ez alderantziz: ipuina irakurri, bainatu, jolastu eta lotara.

Ingurune horiek txukunak eta ederrak izango dira, Montessorik estetika ederrari balio handia ematen baitzion, ikasketan laguntzen duenez, landarez, artez, liburuz eta musikaz jantziak egongo dira. Montessori eskoletan ingurune prestatu hauek ikasketa eta garapen-prozesu zehatzei erantzuteko prestatuak egoten dira, Haurren Etxean eta Haurren Komunitateko gelak bost txokotan atondu zituen: bizitza praktikoa; ingurune sentsoriala; lengoaia; matematikak eta artea. Ez dago beraz, “haurra geldi egotera behartzen duten aulki eta mahairik lerrokaturik, irakaslearen mahai  handirik hezitzaileak ez baitu leziorik eman behar”. 

Haatik, denek ez dute Montessori eskola batera joateko aukerarik, Euskal Herrian Aiurriz gain bakanen bat dago egon, baina Olaldek etxean aplikatzeko filosofia baliagarri ikusten du. “Begirada aldaketa da garrantzitsua, haurra errespetatuko eta kontuan hartuko duen filosofia aplika dezakegu etxean, ingurune aberats bat emanaz haurrari bere garapenean laguntzeko. Materiala bada Montessoriren ezaugarri garrantzitsu bat, baina dorre arrosa izateagatik, ez badugu filosofia jartzen, galdu egiten da Montessori kutsua. Askoz garrantzitsuagoa da filosofia aplikatzea etxean, materialak erostea baino.