Pantaila handirako jauzia prestatzen

2019-11-22

Lur eta Amets neba-arreba bikiak eta gainerako pertsonaiak mugimenduan eta pantaila handian ikusi ahal izango dira hilabete batzuk barru. Izan ere, Lur eta Amets animaziozko film luzearen ekoizpen lanak azken fasera iritsita daude. Abenduan pelikula amaitzea espero dute eta otsailaren 7an estreinatuko dute Euskal Herriko zinemetan. 

 
 
Pantaila handirako jauzia prestatzen

Bilera baten hondarrean norbaitek “erdi brometan erdi serio” botatako ordagoaren atzean, eta bestelako arrazoi sendo eta sakonak bazirela argudiatuta abiatu zuten Lur eta Amets proiektua Elkar argitaletxeak, Katxiporretak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean. Elkar argitaletxeko Joanmari Larrartek kontatzen duenez, “gogoeta batetik abiatua zen proiektua. Izan ere, haur eta gaztetxoei Euskal Herriaren historia kontatzeko material egokirik ez zegoela ikusi eta behar horri erantzuteko egitasmoa diseinatzen hasi zen taldea”. 

Orain arte, hainbat euskarri argitaratu dute haurrei eta gaztetxoei Euskal Herriko historian barrena bidaia proposatzeko: ilustrazio bizi eta handiz hornitutako historia-dibulgazio liburua, ipuin-sorta, mahai-jolasa, webgunea, eta abestia. Orain ikus-entzunezko produktua gehituko zaio zerrendari. Izan ere, Lur eta Amets animaziozko film luzea amaitzear dira. Egileen arabera, 87 minutu inguru iraungo du filmak eta otsailaren 7an ikusi ahal izango da Euskal Herriko zinema-aretoetan eta Kataluniakoetan, filma katalanera ere bikoiztuko dutelako.

2017ko urrian ekin zioten animaziozko filma ekoizteko lanari, eta Lotura Filmsena izan da pelikula irudiz eta soinuz hornitzearen ardura. Modu horretan, Lur eta Amets proiektuari lehengoez gain, beste eragile bat batu zitzaion: Lotura Films. Larrarteren hitzetan, “gainerako eragileek ez genekien zinema egitea zer zen. Orduan eskarmentua zuen norbaiten bila joan ginen. Marrazki bizidunen arloan, animazioa euskaraz eta Euskal Herritik bertatik, Lotura Films zen falta zitzaigun hanka. Ez zegoen gehiegi pentsatu beharrik”. 

Lotura Filmseko Miren Berasategirentzat “erraza” izan da elkarlana eta beraiengan utzitako ardura eta konfiantza hori asko eskertu beharrean daudela aipatzen du. Dena dela, ez da lehendabiziko aldia elkarrekin lan egiten dutela. Izan ere, Lotura Filmsekoek egin zituzten Lur eta Amets historia dibulgazio-liburuaren ilustrazioak, eta horrez gain proiektu gehiagotan ere elkarrekin aritu dira. 

Lotura Filmsena izan da filmaren lan teknikoa egiteko ardura, baina aurrez, ikus-entzunezkoaren proiektua bideragarri egiteko finantzabideak lortzea izan da gainerako eragileen zeregina. Zentzu horretan, elkarlanean egindako lan horri esker proiektua bideragarri egin duten eragile desberdinen babesa jaso du ekoizpenak. Berasategik eta Larrartek babesle hauek izendatu dituzte: “Eusko Jaurlaritza, Euskal Telebista, Gipuzkoako Foru Aldundia, Fagor, Irizar, Laboral Kutxa, Kutxa fundazioa, Danobat, K2K Emocionando, Otxoa Barandika fundazioa eta horiez gain, inbertitzaile pribatu baten ekarpena ere jaso dugu”. 

Historian zehar bidaia

Ipuinak izan dira filmaren oinarria. Uxue Alberdik eta Unai Elorriagak idatzi zituzten ipuin bildumaren testuak eta ilustrazioak, berriz, Patxi Pelaezek egin zituen. Ipuinetan bezala, Lur eta Amets anai-arreba bikiak dira filmeko protagonistak baina orain mugimenduan ikusiko ditugu, animazioari esker. Ikus-entzunezkorako gidoia Karlos Zabalak eta Eneko Olasagastik egokitua da eta filmaren zuzendari lanetan aritu dira Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegi. Musika, berriz, Joserra Senperena musikagileak prestatu du. Ponce eta Zinkunegik kontatzen dutenez, gidoia jaso zutenetik bi urtean aritu dira pelikula eraikitzen buru-belarri. “Bi urte ematen du denbora asko dela, baina kontuan izan behar da artisau-lana dela egiten duguna. Marrazkiz marrazki eraiki behar izaten dugu filma”.

Marrazkiz marrazki historian zehar bidaiatzen ikusiko ditugu Lur eta Amets neba-arreba bikiak. Abenturazale amorratua, bata, eta irudimen handiko sortzaile fina, bestea; bien artean bikote ezinhobea osatuko dute. Amona Andere da beste pertsonaia esanguratsuetako bat. Ezagutza irudikatzen du eta beti dauka Lur eta Ametsi kontatzeko ipuinen bat ahotan. Pertsonaia honek eta beti bere inguruan dabilkion Baltaxar katuak bultzatuko ditu anai-arreba bikiak historian barrena bidaiatzera. 

Filmaren egileek aipatzen dutenez, fikzioa izan da pelikularen oinarria. “Ez da historia bere horretan kontatzen. Euskal Herriko historia hitza oso potoloa da, eta haur eta gaztetxoengana iristeko produktu bat egitea izan da gure asmoa. Horregatik, fikzioa egin dugu eta irudimenarekin jolastu dugu. Lur eta Ametsen abenturak dira filmaren muina, baina abentura horiek gure historiaren garai desberdinetara egokituta agertuko zaizkigu, hasi historiaurretik eta gaur egunera arte”, dio Berasategik.  Pertsonaiak ere garai horietara egokituta agertuko zaizkigula nabarmentzen du: “Janzkera desberdinak erabiliko dituzte pertsonaiek garaiaren arabera, baita lanabesak, ohiturak…” 

Genero estereotipoak eta keinua

Pasarte historikoen testuinguruak lantzerako orduan, historia politikoaz harago, herritarrek eguneroko bizimoduan eraikitzen duten historia hori ere aintzat hartu dutela aipatzen dute filmaren egileek. Izan ere, ohiko historia euskarrietan bigarren mailan agertu izan diren emakumeak argitara ateratzeko borondatea izan du egitasmoak hasieratik, eta filmean ere horren inguruko keinuak badirela aipatzen dute: “Ez dugu egin historia pelikula bat. Beraz, historia ez da kontatzen bere horretan, ez letra larriz idatzitakoa eta ezta letra txikiz idatzitakoa ere. Baina genero estereotipoak apurtzeko intentzioa egon da”, aipatzen du Larrartek. Pertsonaietan bertan, esaterako, badago halako ahalegin bat estereotipo horiek apurtzeko: “Lur da ausarta, eta historiaurreko garaian bera joango da ehizatzera. Amets, aldiz, kobazuloan geratuko da marrazten, kanpora ateratzeko beldurra daukalako”, dio Berasategik. Historiako zenbait pasarte ere emakumeei ahotsa emanda irudikatu dituztela aurreratu dute. “Bilboko hiriburuan, adibidez, industrializazio garaia fabrika bateko emakume langileen altxamendu baten bidez erakusten da. ”.

Publikoari dagokionez, 8 eta 12 urte bitarte horretan kokatzen dute ikuslearen perfila, baina animazioan adina jartzea zaila izaten dela aipatzen du Lotura Films-eko kideak. “Familian ikusteko produktu bat da filma bere horretan. Horregatik, nahiz eta 8-12 urte bitarte horretara bideratuta egon, txikiagoak ere familia giroan gerturatuko direla uste dugu. Txikienak agian ez dira historian oso ondo kokatuko baina frogak egin ditugu eta pelikularen haria jarraitzen dute”. 

Durangora begira

Durangon abenduan egin ohi den Euskal Diska eta Liburu azokan filmaren aurrerapena ikusteko aukera izango da. Izan ere, Lur eta Amets egitasmoaren standa jarriko dutela aurreratu dute Larrartek eta Berasategik. “Standean pelikularen trailerra erakutsiko dugu eta horrez gain, Irudienea gunean 15 minutuko aurrerapen bat eskainiko dugu, pelikularen aurkezpen batekin batera”. 

Otsailaren 7an egingo dute pantaila handirako jauzia: egun horretan Euskal Herriko zinema areto guztietan ikusi ahal izango da Lur eta Amets  animaziozko film berria. Abenturaz betetako bidaiari ekiteko prest.