Jesus Mari Olaizola 'Txiliku': "Hizkuntzarekin gehiago jolastu beharko genuke"
Irudimena ihesi joaten den zaldi baten gisara deskribatzen du Jesus Mari Olaizola Txilikuk (Zarautz, 1951). Hitzen munduan asko jolastu izan du, usu zamalkatu du zaldi iheskor hori, haurrentzat zein helduentzat idatzi izan duenean. Baina beti saiatu izan da irakurleari kontakizuna gertu lerrokatzen. Haur eta gazte literaturan aritu da, batez ere, eta bereak dira, besteak beste, Xaxarko (1986), Katixa eta Kroko (1992), Axa mixa zilarra (2000), Jokin Galtxagorri (2004), Lehen hegaldia (2016), eta abar luze bat. Arlo horretan sari bat baino gehiago jasotakoa da, tartean potolo bat ere bai; 2004an Euskadi Literatura saria jaso zuen Osaba Ben Floren liburuarengatik. Iaz omenaldia egin zioten bere herrian, Zarautzen ospatzen duten Literattipia haurren literatur festan.
Haur eta gazteen munduarekin lotura estua izan duzu zure bizitzan zehar. Haurrentzako ipuinak eta testu-liburuak sortzea izan da zure lana. Nola hasi zinen?
Ingeniaritza tekniko kimikoko ikasketak bukatu ostean, Zarauzko ikastolan zientzia-gaiak lantzeko irakasle bat behar zutela-eta hasi nintzen 5. mailan zeuden ikasleekin eskolak ematen. Gogoan dut garai hartan oso irakurgai gutxi zegoela euskaraz 10 urte inguruko haurrentzako. Eta hortxe hasi nintzen istorio txikiak euskaraz sortzen. Ikasleen arreta neureganatzeko klasearen hasieran lantzeko istorio txikiak ziren, eta beti izaten nuen papertxo batean ikasleei kontatzeko istorioren bat prest. Halako batean, dozena-erdi bat ipuin bildu nituenean Elkar argitaletxera jo nuen. Ondo zeudela, baina gutxi zirela erantzun zidaten, gehiago egin behar nituela. Gehiago egin nituen eta horrela argitaratu zen nire lehendabiziko liburua: Zozoa eta biok.
Irakaskuntzan oinarritu zen, beraz, zure sortze lanaren muina. Idatzitakoa hartzailearekin parteka-tzeko modu zuzen horrek abantailak izango zituen, ezta?
Irakaskuntza lana ez da erraza izaten, eta irakasle bakoitzak bilatu behar izaten ditu halako bide batzuk ikasleekin konektatzeko. Nire irakasle garai haietatik gogoratzen dut bazegoela halako konplizitate bat ikasleen eta nire artean. Sortzen nituen ipuinetan protagonistak gelako haurrak izaten ziren eta beti egoten ziren zer kontatuko nien zain. Jolas hori oso polita izaten zen, eta zentzu horretan pribilegiatua sentitzen nintzen, arreta horrek plus bat ematen dizulako. Beti esaten da, eta beharbada gehiegitan errepikatzen da, idazlearena bakar-lana dela. Askotan idazten du baina erreferentzia gutxi izaten du idatzitako horretaz hartzaileak zer pentsatuko duenari buruz. Irakurlea bertan badago errazagoa da prozesua. Badakizu zerk pizten dion arreta, zer nahi duen etab.
Ikastolako zereginetatik testugintzara jauzia egin zenuen gero.
Ikastolan 13 bat urtean aritu nintzen eta ondoren pasa nintzen testugintzara. Garai horretan liburuak egitea izan zen nire ofizioa eta lanbide horretan aritu naiz 20 urtetik gora. Hasiera batean batez ere zientzia, fisika, kimika edota matematikari buruzko liburuak egiten aritu nintzen. Literaturatik gutxi zuten lan haiek. Baina azken urteetan liburu horietan sartzeko lan literarioak egiteko aukera izan nuen. Proiektu pedagogiko baten barruan sartuta geunden hainbat idazle, eta proiektu horretarako enkarguz idazten aritu ginen.
Enkarguz idaztearen eta librean aritzearen artean ba al dago aldea sortze-lanari dagokionez?
Sormena bietan dago. Bertsolarien kasua ere antzekoa gertatzen da. Gaia ematen diotenean, hor dauka gaia eta horri eutsi behar dio. Zenbat eta hobeto eutsi gaiari hobeto, baina hor barnean sortu zuk sortu behar duzu, eta bizitza eman kontakizunari. Norberak idazten duenean norberari etortzen zaio gaia edo nahi duena aukeratzen du. Bataren eta bestearen artean diferentzia hori badago, baina sormenari dagokionez ez dut uste alde handirik dagoenik.
Irudimen handiko gizona, edo haurrek hain gogoko duten imaginario edo fantasia horretara jauzi egiteko beti prest egon izan dena?
Irudimena guztiok daukagu, baina esango nuke haurtzaroan dagoela punturik gorenean. Baina denok daukagu irudimena, bai umetan eta baita heldutan ere. Nik lagun handia nuen Joxan Ormazabal eta hark ere beti martxan edukitzen zuen irudimena. Behin baino gehiagotan esaten genion elkarri: "Kontuz, irudimenari jarri bridak bestela beti ihesi joaten da-eta". Horregatik idazterakoan, irudimenaren barruan halako logika bat eduki behar da, kontakizunari euskarri bat emango diona. Bestela, irudimenarekin edozer gauza egin dezakezu eta horregatik arau batzuk jarri behar direla uste dut. Zeintzuk? Idazle bakoitzaren idazteko moduaren araberakoak izango dira, baina niri beti gustatu izan zait biak lotzea; irudimena badago baina errealitate bat ere badago euskarri modura.
Pertsonaiak gertukoak nabaritzen dira zure ipuinetan. Hurbilekoak. Haurra edo irakurlea kontakizunean errazago sartzeko, errazago identifikatzeko?
Niretzako irakurlearen begiradatik elementu nagusietako bat da nolabait identifikatzea irakurtzen ari den horrekin: berari gertatu izan zaion zerbait, edo ezagutzen duela norbait egoera horretan egon dena, edo gertatu zitekeela… Inportantea da nire ustez irakurtzen ari den hori gertukoa sentitzea. Frankismo garai betean fabula moralak edota fantasiazko urruneko ipuin bakan batzuk ziren haurrek eskura zituztenak. Testuinguru horretan hasi ginen haurrentzako beste era bateko literatura sortzen. Esango nuke bi korronte nagusik aldaketa handia eragin zutela haurren literaturan oro har. Bata Gianni Rodari idazle eta pedagogo italiarrak markatu zuena izan zen. Haurren jolas egiteko moduari erreparatzeaz mintzo zen Rodari, eta ikustea haurrek nola erabiltzen duten ‘banintz' bezalako jolasa mekanismo modura. Hor errealitatea eta fantasiaren arteko binomio bat ageri zitzaigun eta haurrekin ipuinen bidez jolas egitea aldarrikatu zuen. Nire ustez egile hori izan zen euskal literaturan aldaketa handia eragin zuena. Beste korrontea Alemaniatik iritsi zen eta haurren literaturan egunerokotasuna sartu zuen, errealitatea. Egunero gertatzen ziren egoerak planteatzen ziren, batzuk oso modu gordinean, gainera.
Lehenengo Zozoa eta biok hartatik, nola aldatu da Txiliku?
Ikaragarri. Niri jada beldurra eta dena ematen dit liburu horiek begiratzeak, kar kar kar. Guk arrazoirik ez geneukan euskaraz idazteko. Etxean beti euskaraz hitz egin dugun arren, koadrilan eduki genuen garai bat euskara guztiz baztertu genuena. Ikasketa guztiak ere erdaraz egin nituen eta garai hartako giroa ere oso erdalduna zen. Guk 18 urte inguru genituenean euskaraz baserritarrek baino ez zuten egiten. Saltoa geroago eman genuen. Ikastolen mugimenduan sartu nintzen eta nolabait euskararen militante egin ginen hainbat. Eta giro horretan nik uste dut gure belaunaldiak ez zegoen hori sortzeko ardura izan zuela.
Nola ikusten duzu gaur egungo haur eta gazte literatura?
Asko aldatu da euskarazko literatura, oro har. Orokorrean esan daiteke askoz hobeto idazten dela gaur egun. Idazleak beste traje batekin datoz, bai euskararen aldetik, bai idazketari dagokionez, eta teorizazio literariotik ere gu baino hobeto prestatuta daude. Gureari meriturik kendu gabe, baina garai berriak bizi ditu euskal literaturak. Gaur egun umeentzako egiten diren liburu batzuk ikusten ditudanean, inbidia handia ematen didate eta umeak bezala ibiltzen naiz liburuak begiratzen. Nik uste gaur egun arazoa izan daitekeela irakurketa lehen baino gutxiago egiten dela. Ez da gutxiago irakurtzen dela, baizik eta ipuinak gutxiago irakurtzen direla. Gaur egun telebistan mila koloretako programak daude haurrentzako, pelikulak, Interneten zer esanik ez etab. Gaur egungo haurrek irudimenaren beste pizgarri batzuk dituzte eskura, liburuez aparte. Lehen ipuinak oso garrantzitsuak ziren, irudimenaren pizgarri nagusiak zirelako. Gaur egun hor daude baina bigarren mailakoak direla esango nuke.
Ahozko literatura ere asko bizi izan duzu, asko jolastu duzu hitzekin. Horren adibide dugu Axa mixa zilarra liburua. Irudia nagusi den aldi honetan ba al dauka ahozko literaturak tokirik?
Alde batetik, estandarizazioan asko irabazi dugun bezala, denborarekin asko galdu dugu euskal hiztun berezkoarekin —ia-ia erdara ez zekienarekin— genuen erlazio zuzenean, adibidez. Eta hor, nik uste, beti egon izan dela tradizio handiko altxor bat. Bai ipuinei dagokionez, baina baita ahozko hitz-joko, igarkizun, kondaira edo kantetan, adibidez. Hor daukaguna benetako altxor bat dela uste dut, galdu ezin dena. Horregatik saiatu izan naiz elementu horiek biltzen eta Axa mixa zilarra liburuan jasota daude asko eta asko. Esango nuke haur batek irakurtzeko baino, haur batekin jolasean ibiltzeko liburua dela. Ahozkotasunarena nik uste balio bat dela, gero eta gehiago faltan botako duguna. Gero eta euskaldunagoak izango gara baina gero eta euskaldun planoagoak bilakatuko gara. Hizkuntzarekin gehiago jolastu beharko genuke. Batzuek jolas egingo dute, sortzaile diren neurrian, pelikula bat, bertso bat edo liburu bat egingo dutenean. Baina denok hartu beharko genuke hizkuntza gure ohiko espresio eta komunikaziotik aparte jolas egiteko tresna bat bezala. Zentzu horretan, nik uste garrantzitsua dela ume batentzat hizkuntza bere ohiko neurritik harago erabil dezakeela konturatzea; jolas egiteko balio duela jakitea, baita irudimena erabiltzeko ere, edota gauzak asmatzeko ere erabil daitekeela ulertzea.
Aipatu duzu garai batean lezio moralak ematen zituzten liburuak zenituztela. Gaur egun esan daiteke pedagogia eta literatura nahasteko tendentzia bat nabari dela?
Niri horrek kezka apur bat ematen dit. Pedagogia sartzen badugu ipuinetan, nire ustez, literaturaren funtzio ludikoak eta irudimenezkoak sufritu egingo du. Askotan nahi izaten dugu ipuinen bidez irakastea. Eta aitortu behar dut neuk ere egin izan dudala, alzheimerra etxean sufritzea tokatu zitzaigunean istorio bat idatzi nuen horri buruz, adibidez. Ez da erraza asmatzea, baina, nik uste, ipuin batean gehiago jo behar dela irudimenetik, pedagogiatik baino. Gakoa osagai horiek ondo nahastea litzateke haurrentzako gauza polit eta sortzaile bat egiteko. Haurrek ere istorioa gustura irakurtzeko eta ez sentitzeko liburuan mandamentuak irakasten ari zaizkionik.
Nolako haurra izan zen Jesus Mari Olaizola?
Nahiko isila nintzen mutikotan. 5 urterekin joan nintzen aurrenekoz eskolara eta garai hartan si eta no hitzak baino askoz gehiago esaten ez nekien gazteleraz. Gogoan dut nola kontatu ziguten istorio bat eta honela zioen: La paloma de Noé trajo una rama en el pico. Nik urte batzuk pasa nituen pentsatuz piku-hostoa ekarri zuela. Horrela ibili nintzen hasieran, baina testuingurura moldatu beharra zegoen eta berehala jarri ginen. Vida de nuestro señor Jesucrito izeneko liburu mardul bat eman ziguten irakurketak egiteko eta horrekin ikasten genuen.
Eta noiz irakurzaletu zinen?
Gogoan dut 10 urteren buelta horretan, ostegun arratsaldetan aktibitate bereziak izaten genituela eskolan bertan: pilotako liga, futboleko txapelketa eta antzekoak, edota liburutegia. Niretzako liburutegia zoragarria zen. Bruguera argitaletxearen Obras ilustradas liburuekin gogoratzen naiz. Zoragarriak ziren eta niretzako gozamena izaten zen. Garai horretan hasi eta harrezkero beti izan naiz irakurzale amorratua.
Zure lanetan animaliak askotan agertzen dira pertsonaien ahots bezala, alter-ego bilakatuta bezala.
Badaukat animaliekin halako obsesio moduko bat. Ez dakit oso ondo zergatik, baina ipuin guztietan edo ia gehienetan agertzen zaizkit animaliak, baita helduenetan ere. Animaliek jolas egitera eramaten gaituzte, edo animalietan gure ezkutuko portaera batzuk ikusten ditugu. Norbait egonezina delako, edo gauzak ezkutuan egiten dituelako edo ez dakit zer egiten duelako, portatzeko moduaren arabera badaude animalia batzuk pertsonak identifikatzeko balio dezaketenak. Pertsonaietan transferentzia hori eginez, zuzenean esan beharrean, jolas hori eginez irudikatu dezakezu.
Haurren literaturan adibidez, ez zara deskribapen luze eta sakonak erabili zalea. Irudiaren aro honetan deskribapenak gero eta motzagoak bilakatzen ari al zaizkigu?
Gaur egungo literaturan deskribapenak gero eta pisu gutxiago daukala esango nuke. Gaur egungo haurrek gero eta gehiago ezagutzen dituzte guk garai batean ezagutzen ez genituen munduak.
Gaztetan Emilio Salgari italiarraren liburuak irakurtzen genituenean, adibidez, oihan tropikalaren deskribapen osoak egiten zituen irakurlea kokatzeko, eta hala ere kosta egiten zitzaigun batzuetan, inoiz ez genuelako oihan tropikalik ikusi. Baina gaur egungo haurrek telebistan edo Interneten ikusi dituzte oihan tropikalak, eta gauza pila bat ikusi dute, guk ikusten ez genituenak. Alderdi horretatik, bisualki, lehengoek baino hobeto ezagutzen dute mundua. Orduan, soilik lau elementu jarrita nahikoa litzateke haurrak oihanaz daukan irudi hori pizteko. Lehen irudi hori eraiki egin behar zen eta xehetasun guztiak eman behar ziren horretarako. Baina gaur egungo haur gehienek proportzioan guk baino irudi gehiago jaso dituzte askoz ere denbora gutxiagoan. Egia da egoeretan zailagoa dela. Halakok asmo hori daukala kontatu nahi bada, adibidez, zailagoa da kontakizunik edo deskribapenik gabe adieraztea. Baina deskribapen fisikoek jada ez daukate zentzu gehiegirik.