Joxe Mari Auzmendi: Sekula agortzen ez zen iturria
“H” hizkia berezia izan da Hik Hasirentzat eta Joxe Mari Auzmendirentzat: Hik Hasi egitasmoa, hik hasi aldizkaria, Hazi Hezi aldizkaria, hezkuntza, heziketa, haziera, herria, haurrak, hezitzaileak, harremanak... Eta orain beste hitz bat gehitu behar zaio, hori ere h-rekin hasten dena: heriotza. Joxe Mari Auzmendi hil da, Hik Hasiren sortzaile eta bultzatzaile nagusia, taldeko arima. Hutsune latza utzi du herrigintzan eta euskalgintzan, asko egin eta emandakoak uzten duen itzala handia izaten baita. Herrigintza eta hezkuntza itsasargitzat hartuta egin duen ibilbidea emankorra, inportantea eta handia izan da; erakutsi dituen balioak, eredutzat hartzeko modukoak; izan duen jarrera baikorra, bateratzailea eta gertukoa, azpimarratzeko modukoa. Harremanetan oinarrituta aritu da lan eta lan. Ondare publiko izendatzeko moduko herentzia utzi du Euskal Herri osoarentzat.
Joxe Mari Auzmendi hil da, Hik Hasiren arima”. Horixe idatzi genuen 2020ko otsailaren 13an. Eta bai, Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta bultzatzaile nagusia izateaz gain, Joxe Mari Auzmendi taldeko arima eta proiektuaren lemazaina izan da. 2020ko maiatzean beteko dira 25 urte hik hasi aldizkariaren 0. zenbakia atera zela eta 25 urte horietako ibilbidean Joxe Mariren arrastoak itzal handia utzi du. Bete ezineko ametsa zirudiena sortzea, gorpuztea eta bideratzea lortu zuen eta herentzia hori utzi dio euskal hezkuntza komunitate osoari, Euskal Herriko herritar guztiei.
Ametsaren abiapuntua testuinguru jakin batean gertatu zen. Azkaraten (Nafarroa) jaioa izan arren, 6 urte zituenean familia osoa Legazpira joan zen bizitzera. Han bizitu zituen Joxe Marik eskolako lehen urteak Telleriarte auzoko eskola txikian. Gaztaroan herriko aldizkarian, irratian eta hainbat ekimenetan parte hartu zuen. Patricio Etxeberrian kimikari lanetan hasi arren, bere lekua umeekin zegoela antzematen zuen, eta Legazpiko Haztegi ikastolan irakasleak falta zituztenez, han hasi zen lanean. Sarritan gogoratzen zituen hango ikasleekin kalera egindako irteerak, haiekin izandako elkarrizketak, testu libururik gabe lan egin zituzten urteak eta abar. Gozatu egiten zuen umeen artean.
Gauzak aldatzeko eta berritzeko zuen grinak ikastolako LAB sindikatuko ordezkari izatera eraman zuen 80ko hamarkadan. Urte haietan sindikatuaren barruan irakaskuntzako taldea sortzen aritu zen beste hainbatekin batera eta bera izan zen Gipuzkoako ikastoletako lehen delegatua LAB Irakaskuntzaren barruan 1986an. Rafa Diezekin partekatu zuen bulegoa urte haietan, baina bulegotik at Gipuzkoa osoko ikastoletara joatea ere egokitu zitzaion. Izan ere, 1993. urtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoaren Legea atera zuen eta ikastolek erabaki garrantzitsu bat hartu behar izan zuten EAEn: sare publikora pasa ala ez. Une gatazkatsuak izan ziren hainbat ikastolatan; batzuek baiezkoa erabaki zuten eta beste batzuek ezezkoa. Gertaera horrek asko markatu zuen Joxe Mari, bera beti batzearen aldekoa izanik ikastolak erdibituta ikusteak min ematen baitzion.
Ikastolen mugimenduaren barruan Irakasleen Elkartea zegoen eta bertako partaide ere bazen Joxe Mari beste 500 irakaslerekin batera. Urtean behin edo bitan Isilik izeneko pedagogia aldizkari bat argitaratzen zuen elkarteak. Publifikazioaren ondoren elkartea itxi egin zen eta hutsune bat geratu zela ikusten zuen Joxe Marik. Proiektu bat zerabilen buruan eta ingurukoengana jo zuen laguntza eske, besteak beste Arantxa Urbe Zarauzko ikastolako irakasle eta LAB-eko ordezkariarengana. “Isilik aldizkariak eta Irakasleen Elkarteak utzi zuten hutsunea bete egin behar zela iruditzen zitzaiola esan zidan, eta ea lagunduko nion espazio hori betetzen. Eta horrelaxe hasi zen Hik Hasi proiektua diseinatzen eta dirua nondik atera pentsatzen”. Sator lan horren beste urrats bat 1994. urtean eman zen UEUko udako ikastaroetan. Pedagogia sailak antolatutako ikastaro batean hezkuntzaren egoeraren gaineko hausnarketa egin zuten parte-hartzaileek eta horren ondotik irakasle gehiago hurbildu zen Joxe Mariren ideiaren bueltan. Inguruko jendeari deitu eta bilera bat egin zuten, eta han izan zen Josi Oiarbide Ekintza ikastolako irakaslea eta LABeko ordezkaria: “Euskal hezkuntzaren esparruan proiektu zabal eta berritzaile bat sortu nahi zuela esan zigun, eta horren baitan, hasteko, euskarazko aldizkari pedagogiko bat, proiektuaren bizkarrezurra izango zena. Denok barre egin genuen”. Bai, ideia zoroa zirudien, inork ez zuen uste posible zenik, baina Joxe Marik bai.
Lehen urratsa aldizkaria argitaratuko zuen enpresa sortzea izan zen. “Batera eta bestera hasi ginen proiektua aurkeztuz, dirua publizitatetik aterako genuela pentsatuz”, gogoratzen du Urbek. “Hitz onak bai, baina dirurik ez. Kutxetara eta argitaletxeetara joan ginen hasieran, baina ez zuten proiektua bideragarri ikusten”. Azkenean, hamabost pertsonek jarritako 50.000 pezetako partaidetzarekin sortu zen enpresa sozietate mugatu gisa. “Inguruko pertsonek jarri zuten dirua eta Argia aldizkariak partaidetzak eta lokala jarri zituen. Batere bitartekorik gabe hasi ginen: ohol batzuekin mahaiak moldatu eta ez dakit nondik ateratako ordenagailuekin”, oroitzen du Urbek. “Gu gure lanetik atera eta laguntzera joaten ginen. Gogoratzen dut gutun bat iristen zen bakoitzean izugarrizko irrikaz irekitzen genuela, gure proposamenari baiezkoa emango zion esperantzan, baina beti ezezkoa zen. Eta halere, Joxe Marik segi eta segi, amore eman gabe”. Horrela, 1995eko maiatzean hik hasi aldizkariaren 0. zenbakia argitaratu zen, eta irailean 1. zenbakia. Urte hartako Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara hiru zenbakirekin joan ziren.
Hemengoa, euskaraz eta berritzailea
Nahiz eta Joxe Mari ikastolako irakasle eta Irakasleen Elkarteko kide izan, Hik Hasin hasi zuen etapa eta proiektu berri honen ikuspegia askoz ere zabalagoa eta irekiagoa izan zen hasiera-hasieratik. Euskal irakaskuntzan zebilen orori irekia zegoen, denentzat zen, sareen arteko arrakala gainditu nahi zuen, euskal irakaskuntzan zebilen ororen premiei erantzun nahi zien eta sare eta herrialde guztietako hezitzaileak, gurasoak eta herritarrak itsasontzi berean arraunean jarri. Informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko izateko bokazioz jaio zen Hik Hasi. Ordura arte kanpoko erreferentziekin ibili izan ziren irakasleak pedagogia mailan (Cuadernos de Pedagogia, adibidez), eta Hik Hasik hemen bertako esperientzia interesgarriak bildu eta ezagutarazi nahi zituen aldizkariaren bitartez; elkarren berri jakiteko modu bat eskaini nahi zuen. Eta euskaraz. Euskaraz lanean zebiltzanek euskarazko tresna bat edukitzea ezinbesteko ikusten zuen Joxe Marik. “Euskararekiko sentsibilitate eta begirune berezia zituen. Gaur egun irakasle guztiak euskaldunak dira, baina duela 25 urte ez, eta berak erakusten zuen begirunea garai hartan kokatuta baloratu beharko litzateke”.
Hilabetekariaren ildoari jarraituz, behar eta hutsune gehiago ikusi zituzten Joxe Marik eta harekin zebiltzanek, besteak beste, prestakuntzan. Oiarbidek dioenez, “gu Adarrako formazioetara joan ohi ginen, baina gehienak gaztelaniaz ziren. Bartzelonako Escola d’Estiu-ra ere joaten ginen. Hori ikusita, hemen egin behar zela jabetu ginen, hemen eta euskaraz”. Horrela, lehen ikasturtean bertan, 1996ko maiatzean, Irakurketa-idazketa konstruktibismoaren ikuspegitik jardunaldia antolatu zituzten eta 400 lagunetik gora elkartu ziren Donostiako Miramar jauregian. Udazkenean formazio bera egin zen Bizkaiko Lauro ikastolan eta han ere beste hainbeste bildu ziren. “Jasotako erantzunak izugarrizko indarra eman zigun eta bide onetik abiatu ginela konturatu ginen”.
Hezitzaileen aldetik jasotako erantzunak elikatu egiten zuen Joxe Mari, eta hurrengo jarduera antolatzeari ekiten zion. Pentsatu, ingurukoekin eta adituen partekatu eta antolatu egiten zuen. Horrela etorri ziren marrazketa librearen inguruko jardunaldia, balioei buruzkoa, telebistaren gainekoa eta udako topaketak. Beti euskarazko prestakuntza eskaintzeko helburuarekin eta berrikuntza pedagogikoak ardatz harturik, hemengo nahiz kanpoko erreferentzia baliagarriak azaleratuz. Eta nola ez, irakaskuntzan zebilen orori gainerako profesionalekin elkartzeko eta partekatzeko aukera eman nahian. Euskarazko prestakuntza eta bilgunea biak elkarri lotuta egon dira Joxe Mariren buruan eta Hik Hasin.
25 urteko ibilbidean hutsune gehiago ikusi ahala, horiek betetzen saiatu zen. Eta horrela, aldizkariaz gain proiektuaren barruan ekimen gehiago sortuz joan ziren: Haur-jolasen abestiak diskoak, Zatoz jolastera! eta Jolasen altxorra bideoak, Begiradaren heziketa proiektua, monografikoak eta liburuak (besteak beste Gazteak eta euskara, Elbira Zipitria, Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako eta Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak). Hezkuntzako beharrak detektatzeko gaitasun berezia zuen, eta kanpoko esperientziak ezagutu eta gurera ekartzekoa ere bai. Euskal hezkuntzako hezitzaileentzat eta eragileentzat baliagarri izan zitezkeen ereduak erakusteko jardunaldiak antolatzen hasi, eta atzerrira joan eta esperientziak bertatik bertara ezagutzeko bidaia pedagogikoak antolatzen bukatu zuen.
Ekintzailetasun eta berrikuntza horiek guztiek erantzun ona izateaz gain, sona eta oihartzuna ere izan dute. 25 urteotako jardunean hainbat sari jaso ditu Hik Hasik: 2001ean Zatoz jolastera! bideoarekin jatorrizko bideoetan aipamen berezia Migel Altzo sarietan, Lekeitioko XXV. Zine bideo bilerako saria 2002an lan berarekin, Migel Altzo sarian bideorik hoberenaren saria Begiradaren heziketarekin eta Argiaren merezimendu saria 2006an, Hik Hasik 10 urte betetakoan.
Eragile eta bateratzaile izateko bokazioa
Dibulgazioaren eta formazioaren esparruan ekarpena egiteaz gain, Hik Hasi euskal hezkuntzaren esparruan eragile izateko bokazioz jaio zen, eta hor Joxe Mariren itzala agerikoa da, horixe baitzen haren bokazioa eta barru-barrutik bizitzen eta sentitzen zuena. Euskalduna, nazionala, irakasleena, irekia eta plurala, bateratzailea eta independentea. Horiexek dira 0. zenbakiko editorialean azpimarratutako ezaugarriak, Joxe Marik betetzen zituen balioak.
“Joxe Mari LABetik eta ikastolatik zetorren, baina ikuspegi zabala eta bateratzailea zuen eta indar berezia jartzen zuen zabaltasun horretan. Garbi zeukan hori egin behar zela, berak horretan sinesten zuen. Ahalegin handia egin zuen Eilaskoekin, ELAkoekin, EHIGEkoekin, kristau eskolakoekin, Iparraldekoekin, Nafarroakoekin, lurraldetasuna eta sareen arteko mugak apurtuz, ikuspegi bateratzaile batetik eraikitzen”, gogoratzen du Urbek. Bakoitzak bere koloreak eta ezaugarriak izanagatik, kontziente zen denok osatzen dugula euskal hezkuntza eta denok batera egin behar genuela aurrera.
Ikastetxeen eta unibertsitateen artean zubi lana egiten ere lehendabizikoetakoa izan zen Joxe Mari. Argi ikusten zuen bi esparru horiek elkarren berri izan behar zutela: unibertsitateak jakin behar zuela eskoletan zer egiten ari zen, eta eskolek unibertsitateko ikerketen laguntza izan behar zutela.
“Zabaltasun horretan gehituko nuke pedagogia eta beste arlo batzuetako hainbat aditurengana joan izana ere: Lontxo Oihartzabal, Carmen Maganto, Jose Maria Setien, Joxe Azurmendi, Lolo Rico... Eta horrez gain, instituzioekiko harremana ere bai”, gehitzen du Oiarbidek. “Instituzioak eta gu aurrez aurre geunden garaiak ziren, ez zegoen dirurik guretzat, murrizketak zeuden... eta Joxe Marik ahalegin berezia egin zuen haiekin harremana bideratzeko, uste baitzuen instituzioek eta herritarrek batera joan behar zutela”.
Ikuspegi horrekin antolatu ziren 2009an Hik Hasi Hezkuntza Goraipamenak, Udako Topaketen 10. urteurrenean eta Hik Hasiren 15. ikasturtean. Lehen aldiz Euskal Herri osoko hezkuntzako hainbat ekimen goraipatzeko ekitaldi-bazkaria egin zen. Hezkuntzako 80 ordezkari elkartu zituen ekimenak: lau administrazioetakoak (Frantziako Hezkuntza Nazionalekoa, Nafarroako Hezkuntza Departamentukoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailekoa eta Gipuzkoako Foru Aldundikoa), ikastetxe guztietakoak (sare publikoa, ikastolak eta kristau eskolak), unibertsitateetakoak, aisialdikoak, argitaletxeetakoak, artistak, euskalgintzakoak, komunikabideetakoak eta abar. Hik Hasi Hezkuntza Goraipamenak ekitaldiak bi xede nagusi zituen: bata Euskal Herrian hezkuntza arloan garatzen ari ziren praktika edo jardunbide onak goraipatzea; eta, bestea, Euskal Herrian hezkuntza arloan ari ziren talde eta eragileak elkartzea eta elkarrekin partekatu zitzaketen bi arloak indartzea (euskaren eta kulturaren transmisioa eta hezkuntzaren prestigioa).
Zatiketak baztertu eta jendea elkartu. Horixe zen Joxe Mariren nahia. Bateratzeko ahalegin horren lekuko izan zen baita ere 1999an sortutako Hezkuntzaren Gizarte GUNEA, zeina hezkuntzako gaien inguruko eztabaida eta hausnarketarako bilgune izateko xedez sortu zen. Hezkuntzako hainbat eragilek hartu zuen parte norbanako gisa, gero bakoitzak bere esparruan eragiteko konpromisoa hartuz. Hik Hasiren egitekoa izan zen GUNEA koordinatzea. Irakaskuntzan euskarak zuen egoera landu zuten eta 1999ko abenduan Adostasun txostena aurkeztu zuten hurrengo laupabost urteetarako helburu eta ildo estrategikoak markatuz.
Bide beretik, 2003an ekimen berri batean hartu zuten parte Hik Hasik eta Joxe Marik: Nazio Eztabaida Gunearen barruan Hezkuntza batzordea eratu zen euskal hezkuntza sistema nazionalaren inguruko hausnarketa egiteko, eta emaitza Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa izan zen. Hor ere ahalik eta parte-hartze zabalena eta anitzena lortzen saiatu zen Joxe Mari.
Urteek aurrera egin ahala, euskal hezkuntza sistemak eta antolaketak beste bultzada bat behar zuela sentitzen zuen, eta lan horretan murgildu zen Hik Hasiko beste hainbat kiderekin batera. Horrela, urtebetez Euskal Herriak behar duen hezkuntzaz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu ondoren, 2018ko apirilean Hik Hasik Hezkuntza Proposamena aurkeztu zuen, euskal hezkuntza hobetzeko hamar gakorekin (www.hikhasi.eus-n dago dokumentu osoa). Azkenera arte eutsi zion erronka garrantzitsua izan zen eta Hezkuntza Adierazpena izango da haren jarraipena, argi eta garbi ikusten baitzuen Joxe Marik horren beharra dagoela une hauetan.
Joxe Marik gaitasun aparta zeukan jendearekin erlazionatzeko, berezkoa zuena. Horrez gain, jende asko ezagutzen zuen, eta horrek Hik Hasiren zabalpenean eta irekitasunean asko lagundu zuen. Hik Hasik hezkuntza sare guztien artean bere lekua izatea lortu du. Oiarbidek azpimarratzen du batzen gaituenari ematen ziola garrantzia Joxe Marik: “Bideak elkartzen gaituela esaten zuen, ‘elkartuko gara, lasai, elkarrekin goaz eta elkartuko gara’. Nik hori oso leku gutxitan ikusi dut, eta gure kulturan askoz gutxiago. Badirudi beti desberdintzen gaituen horretan jarri behar dugula arreta. Eta Joxe Marik justu kontrakoa egiten zuen: batzen gaituenean jarri indarra”.
Eskolatik etxera eta etxetik herrira,
heziketa denon ardura da
Hasieran aldizkariaren hartzaile zuzenak irakasleak izan baziren ere, Hik Hasik hasieratik ireki zizkien ateak gainerako herritarrei ere: Irakasle eta Pedagogia ikasketak egiten ari ziren unibertsitateko ikasleei, hango irakasleei, gurasoei... Hori ere zabaltzeko modu bat izan zen, ikuspegia irekitzekoa, eta are gehiago ireki zen bide hori 2000. urtean: “Italiako Reggio Emiliako haur eskolak ikustera joan ginen eta han ikusi zuen eskolaren eta familiaren arteko harremanak asko eragin zion Joxe Mariri. Han komunitatea bere osotasunean bizi zutela ohartu zen. Eskolako garbitzaileak eman zizkigun azalpen pedagogikoak. Denek zuten formazio pedagogikoa. Komunitatearen zentzua oso indartuta ekarri zuen Reggio Emiliatik, familia eta eskola. Eta hor jada hasi zen ideiari bueltak ematen”.
Eskolak leku handia du haurren hezkuntzan; etxeak, familiak, gurasoek ere bai. Heziketako zereginean biak batera ikusi zituen Joxe Marik, jada banatu ezin zitezken bi elementu ziren harentzat: eskola eta familia, familia eta eskola. Eta hortik etorri zen Hik Hasiren beste proiektu bat 2012an: Hazi Hezi haziera eta heziketa aldizkaria. Kazetaritzaren eta paperaren krisi-unerik sakonenean, euskarazko prentsa beheraka zihoanean, berak apustu egin zuen. Gurasoei tresna bat eskaini behar zitzaiela sinesten zuen eta haziera eta heziketa gaiez gurasoak euskaraz informatu behar zirela sinetsita zegoen.
2012an Italiara egin zuen beste bidaia batek are gehiago ireki zion ikuspegi hori. Alaba batekin izan zen Francesco Tonucci pedagogoa elkarrizketatzen eta hark herria ikusteko zuen ikuspegia barneratuta itzuli zen. Herria eta haurrak, haurren hiria, hezten duten herriak... kontzeptu eta ideia horien inguruan hausnartzen hasi zen. Hausnarketa hori beste batzuekin partekatzen hasi zen 2012an, haurren hezkuntza eta aisia beste modu batera egin zitezkeela amesten zutelarik denek. Bidelagun horietako bat izan zen Joxe Mari Agirretxe Porrotx: “Familientzako aisialdirako eskaintza bat egin nahi genuen herrian bertan zeuden baliabideak aprobetxatuz. Kanpotik ezer ekarri gabe, herri guztietan daude irakasleak, hezitzaileak, suhiltzaileak, basozainak... denetariko pertsonak, denetarik dakitenak, eta jakituria hori aprobetxatu nahi genuen. Horrela sortu zen, esate baterako, Oarso Irriak proiektua”.
Teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, benetako parte-hartzea bultzatuz eta balio hezitzaileak hedatzeko helburua hartuta, hainbat urrats egin zituzten eta emaitza Oinherri, herri hezitzailea eskola herritarra izan zen. Hezkuntza eta heziketa ez da eskolaren eginbeharra bakarrik, ez da familiaren egitekoa bakarrik, herri osoarena baizik. “Herrigintza hor dago, administrazioa hor dago, denon zeregina da, denok daukagu zer ikasi, zer erakutsi, zer jaso, zer eman, denok daukagu partekatzeko gaitasuna. Eta Joxe Marik gartsuki defendatzen zuen hori: denon artean egin behar dugula herria, komunitatea”. Eta horren barruan denak sartzen dira, baita behar eta eskubide bereziak dituzten umeak ere. “Erdigunean jarri behar diren umeen artean daude horiek ere eta hori bultzatzeko sortu zen Bizipoza, besteak beste. Joxe Marik hasieratik egin zuen bat Bizipozarekin eta talde eragileko partaide izan da azken urteetan”, dio Agirretxek.
Herrigintzan egin zuen ekarpena azpimarratzen du Agirretxek. “Beti ibili zen herrigintzan eta azken 30 urteotan herrigintzan egin diren gauza guztietan egon da Joxe Mari bere hezkuntza ikuspegitik begiratzen eta berau defendatzen”. Joxe Marik berak esana da: “Gu herritarrak gara eta herrigintzatik aritzea dagokigu”.
Zaintza bere jardunaren erdigunean jarria
Joxe Mari ezagutu zutenek haren aldetik zainduak izan direla azpimarratzen dute. “Bazekien jendea zaintzen” dio Agirretxek. “Antolatu ditugun jardunaldi eta topaketa guztietan eskaini izan dugu hamaiketakoa, bazkaria edo dena delakoa, eta hori bere nahia zen, bere zigilua, jendea zaintzeko beharrak bultzata egiten zuena”, dio Oiarbidek. “Eta etxea ere zaintzen zuen”, gehitzen du Urbek. “Alegia, Hik Hasi. Bazekien etxeak indartsu egon behar zuela eta hori ere beti presente zeukan”. Eta etxe barruan sartzen zituen harpideak, noski. “Harpideon laguntza ezinbestekoa da Hik Hasik aurrera egiteko” esaten zuen behin eta berriro, eta begirune maitakorrez tratatzen zituen, gertuko harremanean elikatuz, goxatuz eta errespetatuz.
Iraupen-lasterkari gisa definitzen du Urbek, etsi gabe egin eta egin aritu zena, sarritan gainerakoen aurretik joan zena zeukan ikuspegi zabal eta aurrerakoiagatik, baina horrelakoetan gainerakoei itxaroten jakin zuena. Sinesten zuen hori egiten zuen, eta zailtasunak zailtasun, beti aurrera, inoiz etsi gabe. Ezina, ekinez, egina leloa bete-betean gorpuztu zuen. Hasieran inork ez zuen sinesten Hik Hasi bideragarria zenik, baina berak bai, eta 25 urte betetzear da hark sortutako proiektua.
“Garai zailak datoz”, zioen azkenaldian. “1993ko legearen ondorioak jasaten ari gara. Lege hark ez zuen ezer konpondu eta orduko eztabaida eta posizionamenduak errepikatzeko zorian gaudela iruditzen zait. Gainera, jaiotze-tasaren beherakadaren ondorioz matrikulazio jaitsiera dator; eta bakoitza bere txokoan eta bere zilborrari begira ari da. Sistemak bidea markatzen du eta gure artean gatazka eragiten du, sistema zaharrari alternatiba aurrerakoia, berria, gurea eta sendoa antolatzea galaraziz. Horrela aliantzak egitea zaila da”. Irakurketa hori egiten zuen azkenaldian egungo egoeraren gainean, baina halere baikortasunik, itxaropenik eta gauzak egiteko gogorik galdu gabe. Honelaxe utzi zuen idatzia bere mezua: “Hezkuntzaren egoerak astindu ederra behar du. Astinduko al dugu? Pizgarri horrekin jaio zen Hik Hasi, hezkuntza berritzeko, eraldatzeko, demokratizatzeko eta mundua euskal ikuskeratik interpretatzeko”.
Irria hari zuen jostuna
Euskalgintzan eta hezkuntzan egin zuenagatik bezainbeste, eragin zuenagatik hutsune latza utzi du Joxe Mari Auzmendik. Baikorra, bateratzailea eta langilea izan da azken unera arte.
Nola neurtzen da hutsunea? Ikaragarria da Joxe Mari Auzmendik utzi duen zuloa. Ia ukigarria da. Baina bulegoan, etxean, hezkuntzan, herrigintzan, euskalgintzan ez ezik, gutako bakoitzaren barren-barrenean sentitzen da hutsune hori. Tristuratik asko du, hor sabelpean zuloa egin du tristurak eta ezarri egin da, eta egunak eta batez ere gauak egingo ditu bertan. Bertigotik ere badu —izango al gara gauza zuk urratutako bideak zeharkatzeko, Joxe Mari?— eta baita harrotasunetik ere —inoiz ez harrokeriatik!—, eta saminetik; gaitzak erasana, ikusten genuen etor zitekeela heriotza nahi baino lehenago, baina zaila da onartzea Joxe Mari “bizitasunaren munstroa” hil egin dela, eta horregatik du saminetik hainbeste hutsuneak. Zulo ikaragarria utzi du Joxe Marik, asko betetzen zuelako.
Hutsunea, asko egin duelako. Lan itzela hezkuntzan, euskalgintzan, herrigintzan. Hasi Legazpin, gero LABen eta hezurmamitu Hik Hasin. Baina barnehuts itzela, eragin duenagatik. Bere lan egiteko moduak, izateko manerak, irribarreak eta baikortasunak arrasto handia utzi dute. “Bihotza urratu zaigu”; “Mila miloi esker Joxe Mari zure izaera eta egindako guztiagatik”; “Euskal Herriak halako bihotz gehiago balitu!”. Eta gisa bereko ehundik gora mezu hil berritan. Euskalgintzako eta hezkuntzako eragileen dolumin asko, baina Euskal Herri luze-zabaleko irakasle eta herritarren sentimenduak gehiago. “Eskerrik asko zure laguntzagatik, beti hor egon zara, atzean. Galera ikaragarria izango da”, zioen irakasle batek Lasarte- Oriatik.
Hitzak esanahiz bete dituen pertsona izan da Joxe Mari. Gizarte likido honetan, hitzak esanahiz hustu eta slogan bihurtu dizkiguten garaiotan, Joxe Mari kontrakarrean zihoan. Zentzu betean bizi zituen hitzak: euskara, hezkuntza, herria, konpromisoa, adiskidetasuna, maitasuna, zaintza. Hitzok elkarri josita bizi zituen: maitasunetik egiten zuen herrigintza, konpromisotik hezkuntza, beti irribarre bat begietan. Eta euskaraz. Zutabe zuen euskara. Egin zuen guztiaren sorburuan gure hizkuntza zegoen, ikastolan, aisialdian, materialetan… euskaraz ez bazen, ez zen. Osoki gorpuzten zituen hik hasi aldizkariak 0. alean aldarrikatu eta gaur arte mantendu dituen balioak, edukiz beteriko hitzak: “Euskalduna, nazionala, irakasleena, irekia eta plurala, bateratzailea eta independentea”.
Euskalduna, irekia, bateratzailea, burujabea… halaxe zen Joxe Mari. “Baina guztiaren gainetik lagun bat galdu dut”, zioen Joxe Mari Agirretxe Porrotxek, hil hurrenetan, “adiskidetasuna nabarmendu nahi dut”. Haur-jolasen abestiek elkartu zituzten eta azken urteetan Bizipoza eta Oinherri proiektuetan bat eginda zeuden bi Joxe Mari-ak: “Ez da soilik gure lankide izan, gure laguna izan da. Sinesten zuen hezkuntza ez dela eskola eta familiaren egitekoa bakarrik, denok hezten dugula, eta koherentzia horretatik egin du beti lan, haurrak erdigunean jarriz —eta are gehiago haur horiek behar bereziak baldin badituzte—, beti gaztez inguratua; gazteei entzuten zien eta berak esperientzia aportatzen zien. Horrela egin du bukaera arte, azken egunera arte eman du, eta lasai eta bakean joan da”.
“Banatzen gintuenari ez eta batzen gintuenari begiratzen zion beti, hori zen bere izateko eta lan egiteko modua —dio Josi Oiarbide adiskide eta sorreratik Hik Hasiko kide izan den irakasleak—. Bai maila politiko eta sozialetan eta baita harreman pertsonaletan ere. Ez zituen eztabaidak maite, banantzen gintuen hori ez zitzaion interesatzen. Elkar ulertzearen alde egingo zuen beti lan”.
Atzean egin zuen lan. Fokuetatik aparte beti, ez zitzaion protagonismoa gustatzen. Argantzundik Elizondora, Baigorritik Dimara, ikastetxez ikastetxe, lokatzetan ibiltzea gustatzen zitzaion, jostorratza eskuan, mataza luzea patrikan, irria haritzat harturik herria josten, lurralde, sare eta ereduen gainetik. Gauza batek kentzen zion irribarrea: min egiten zion gaurdaino hezkuntza munduan dagoen bereizkeriak, sareen arteko ezinikusiak. Eta horixe izan da ixtea lortu ez duen zauri bakanetakoa.
Baina baikorra zen. Erraietaraino baikorra. Morau kantariak Joxe Mariren agurrean Polloen argitu zuen lagunaren baikortasunaren misterioa: “Bi teoria ditut. Bata Obelixen teoria: Azkaraten txikia zela baikortasunaren lapikoan erori zela. Edo bestela, hona bigarren teoria: Patricio Etxeberrian kimikari lanetan ari zela bere esperimentu kimiko baten eragina jaso zuela”. Teoriak teoria, baikortasunak, ausardiak eta lanerako grinak egitera eramaten zuen: azken lanetako bat maiatzean argia ikusiko duen Hezkuntza Adierazpena sustatzea izan zuen, ezinikusiak gainditu, eta haurrak erdigunean jarririk, guztiok hezkuntza eredu hobe baten bila jarriko gaituen adierazpen kontsentsuatua.
Egungo zatiketek hezkuntza galbidera daramatela ikusten zuen. Eta Joxe Marik begirada zorrotza zuen. Hori zen bere beste dohainetako bat: begirada eta sen estrategikoa zituen, sumatzen zuen nondik jo, nondik ez jo, zer gabezia, zer hutsune bete. Bazekin bidean haurrak erdigunean jarri behar zirela, eta pedagogia aurrerazaleak izan behar zirela akuilu aitzina egiteko. Haurrekiko miresmen eta errespetu berezia zituen, etorkizuneko herritar gisa ez, baizik eta gaur-gaurko herritar eskubidedun gisa ikusten zituen, eta subjektu horiek hezteko hezkuntzan sinesten zuen, eta idatzirik utzi zuen: “Ikasleak herritar autonomo, kritiko, irizpidedun, maitale, komunitatekide, errespetuzko eta identitatedun izatea izan behar dugu helburu, sustrairik eta ziurtasunik gabeko jendartean aurrera egiteko”.
Lanaren bidez ametsak egikarituz
Ameslaria zen Joxe Mari. Esna amets egiten duten horietakoa, baina batez ere amets horien alde lan egiten zuena, nekaezin lan. Ezer izan bada, langilea izan baita Joxe Mari. Orduak eta orduak eta orduak eman dizkio lanari, eta kilometroak eta kilometroak. Joxe Marirentzat hori ez baitzen lana, bizimodua baizik. “Dena egiteko zegoen”, gogoratzen du Arantxa Urbe irakasle eta Hik Hasiko kideak, 90etako hasiera haietan LABeko delegatu zela euskarazko pedagogia-aldizkari bat sortzeko asmoak kontatu zizkionean. “Dena eginez ikasi zuen, elkarrizketak egin, argazkiak atera, maketatu... enpresa bat sortu, iragarkiak eskatu… zoramen bat zen! Baina egin egiten zuen”. Ametsak egikaritze horretan, lanerako prestutasunaz eta begirada estrategikoaz gain, jendetasun handia nabarmentzen dio hainbeste urtean ondoan izan duen irakasleak: “Batere bitartekorik gabe egin zituen gauzak, baina estrategikoki zer hutsune bete behar zen bazekien eta horretarako kontaktu asko zituen, jendetasunerako dohain berezi bat baitzuen”.
Jendea zaindu egiten zuen Joxe Marik. Eta bere ondoan jendea zaindua sentitzen zen. Hala erakusten dute ikastaroetara atzerritik etorri izan diren emaileek Kataluniatik, Hungariako Pikler-Loczy institututik edo Argentinatik bidalitako dolumin-mezuek – “Joxe Marik ematen zuen maitasunarekin eta goxotasunarekin geldituko naiz galera beldurgarri honen aurrean, haren koherentzia eta grinarekin” , baina baita formazio eta ikastaro horietan parte hartu duten irakasle eta herritarren adierazpenek ere —“Nola zaintzen gintuen! Beti arduraz, beti goxo!”—. Ikasi egin zuen hori bidean Joxe Marik. Hik Hasiren lehen urteetako aztoramenduaren erdian “ezin da gaixotu!” zen langileen arteko lema, gerora, “osasuna da lehenengoa” errepikatzen zien lankideei. Ez zen izan kasualitatez, hain maitea zuen Bizipoza proiektuan antolatu zituen azken jardunaldietan jorratu zutena, Joxe Mariren ekimenez: elkarteen arteko zaintza, nola gozatu, nola elkar zaindu.
Azken indarrak ere lanean, antolatzen, xahutu zituen. “Antolatzaile peto-petoa zen”, dio Urbek. Tafalla, Abaltzisketa, Arantzazu… puntarik punta hezkuntza josten eman zituen bere bizitzako azken asteak ere, oso gaixo egon arren. Ilusionaturik zegoen Errigora proiektuaren altzoan Hik Hasiren jardunaldiak Erriberara zabaltzeko egindako bidearekin; asebeterik, eskola txikietan egiten ari ziren lana bertatik bertara ikusirik eta horren berri aldizkari honetan emateko hartutako konpromisoarekin; gainera, bide berri bat zabaltzeko indarra izan zuen: irakasleei ezartzen zaien zamatik arintzeko esperientzia berri bat proposatu nahi zien irakasleei, eta berau antolatzeko Arantzazun ibili zen gauzak lotzen. Eta pozik zegoen, bereziki pozik, Oinherri sendoturik ikusita, zendu aurreko astean Tabakaleran bildurik hainbeste sinesten zuen herri hezitzaileen proiektua loturik utzita. Pozik, bakean eta asebeterik joan da, joan nahi ez bazuen ere.
Irribarre batekin joan ere. Azkenera arte borrokatuta. Jostorratza zorrotz. Agurrean ere lezio bat eman digu Joxe Marik. Orain oroitzapenek beteko dute haren hutsunea.