Plazeretik jakin-minera

2020-03-26

Joxe Mari Auzmendiren azken kronika: Urtarrilaren 31an Abaltzisketako Txalburu eskola ezagutzera joan ziren Joxe Mari Auzmendi eta Mikel Agirrezabala Hik Hasitik. Ikusitakoa, bizitutakoa eta gozatutakoa guztiokin partekatu nahi izan zuen Joxe Marik, eta honako artikulu hau idatzi zuen. Txikitan Legazpiko Telleriarte auzoko eskola txikian ibili zen bera, eta adin desberdinetako umeak elkarrekin bizitako esperientzia eta ikasketa aberasgarriak izan zirela aipatu izan zuen behin baino gehiagotan. Abaltzisketako eskola txikiko giroarekin eta lan egiteko moduarekin ere liluratuta etorri zen. Eskola txikiak, baina proiektu handiak. Zaindu beharreko altxorrak.

 
 
Plazeretik jakin-minera

Urtarrilaren 31n Abaltzisketako Txalburu eskola ezagutzera joan ginen Hik Hasiko bi kide. Izan ere, sei ikasturte daramatzate 100 lengoaia 11 esperientzia proiektuan murgilduta. Zizurkilgo San Millan eskolarekin batera jarri zuten martxan proiektua, eta nahiz eta bakoitzak bere bidea egin duen, aldaketa nagusiena bietan berbera izan da: proiektu bidez irakastetik tailer modura eta adin aniztasun osoan aritzera igarotzea. Proiektu honen garapena ezagutzeko nahia genuen.

Abaltzisketak (Gipuzkoa) hirurehun biztanle inguru ditu eta 2 eta 12 urte bitarteko 30 ikasle eskolatzen dira herrian. Eskola ordutegia, goizeko 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 14:30etik 16:00etarakoa da.

Goizeko 11:30ean ireki dugu eskolaren atea. Etxe arrunt bateko hall-a edo sarrera aurkitu dugu. Bertan bizi direnen jantziak eta zenbait oinetako ikusi ditugu, baina ez dago inor bertan. Goiko solairuetan zerbait entzuten da, eta oso giro lasaian dago guztia. Lehenengo solairura igo eta leiho batetik sartzen den eguzkiak gortina txuria distiratsuago eta txuriago egiten du. Gero jakin dugu ikasleen txoko preziatua dela eta han pasatzen dutela denbora irakurtzen, idazten, hitz egiten, jolasten eta abar.

Gela guztietako ateak irekita daudenez, lehenengoan begiratu eta galdetu dugu. Han Leire Arreseigor hezitzarekin elkartu gara, ongi-etorria eman eta halaxe esan digu: “Ate guztiak irekita dituzue eta dena behatzen ibil zaitezkete lasai asko.”

Hala, hurrengo gelan murgildu gara. Liburutegia da. Bertan eskolako ikasle zaharrenak ikusi ditugu eta askotariko lanak egiten ari dira banaka zein taldeka. Ikasle bat eskolan dituzten liburuak katalogatzen ari da: liburuaren izenburua, zer kontatzen duen, zein adinekoentzat den egokia, hizki xehez edota larriz idatzita dagoen eta abar. Liburuak irakurtzea atsegin du eta ezagunak ditu katalogatzen ari den ipuinak, lana gustura egiten ari dela nabaritzen da. Tarteka, tailerreko irakasle arduraduna zuzentzen zaio ea laguntzaren bat behar duen adierazteko. Beste ikasle taldetxo bat beraiek sortutako animalien inguruko testu bat errepasatzen ari dira, elkarrekin testua hobetzeko proposamenak egiten dituztelarik. Aurrerago, ikasle bat euskarazko liburu bat gaztelaniara itzultzen ari da eta bukatzean ordenagailuz pasako duela azaldu digu. Gelatik ateratzera gindoazela, 10 urteko mutil bat etorri zaigu leopardoen familien gainean liburutik jasotzen ari den informazio interesgarriarekin sortzen ari den koadernoa erakustera. Gustura ari da eta gurekin partekatu nahi ditu bere lana eta poza.

Pareko gelan, Arte Tailerra izendatuan, Maite irakaslearekin beste ikasle talde bat Ingeleseko saioan dago. Taldetxo bat jakien izenak lantzen ari da jolasen bitartez. Ondoko mahai batean, berriz,  beste haur talde bat janari osasuntsuen eta ez osasuntsuen sailkapena egiten ari da. 

Tailerren aldaketarako ordua iritsi denez, gelak ezagutzen jarraitu dugu. Bigarren solairura igo gara eta han Zientzia tailerra, Sukaldea eta Aroztegia ikusi ditugu. 

Korrika batean azaldu dira eskolako ikasle txikienak eta bi tailerretan banatu dira: Zientzia tailerrean eta Aroztegi tailerrean. Ikasle hauek Mugimendu Tailerretik datozela eta hau, hura eta bestea egin dutela esaten hasi dira. Ane hezitzaileak ez du asko galdetu behar izan haurrak hitz egiten hasteko. Izan ere, norberaren gorputzetik eta bizipenetik bizi den hori adieraztea behar-beharrezko bihurtzen da. Eta, ba al dago ahozkotasuna lantzeko modu egokiagorik barruko beharretatik sortutakoa adieraztea baino? Badute zer kontatua, sentsazioak, harremanak, emozioak eta erronka berriak izan dituztelako. Behin lasaitu direnean, bakoitza Zientzia tailerrean egingo duena azaltzen hasi da: nahasketak, itzalekin esperimentatu, arrainei ura aldatu, mikroskopioan xomorroak behatu… Tartean,  tailerreko arduradunak proposamen bat egin die: “Zer iruditzen zaizue gaur denontzako gailetak egiten baditugu?. Orea goizean prestatu da eta orain zuek egoki ikusten dituzuen formak eman eta sukaldeko labean sartuko ditugu”. Denak animatu dira ekintza honetara. 

Handien taldea mugimenduaren gelara joan dela aprobetxatuz, eskolatik gertu aurkitzen den Mugimendu tailerrera abiatu gara. Hura festa! Jolas-material askotarikoa dago eta ikasleek beren kabuz aukeratu dituzte haien gogoko espazioa eta tresneria. Bik, ibilbidea prestatu dute, besteak uztaiekin jolasean dabiltza, beste bi ikasle ping-pong-ean aritu dira, beste hainbat Anetxu irakaslearekin koltxonetetan akrobazia jolasak egiten hasiak dira, beste talde bat ezkutalekuak prestatzen eta babesa sentitzen, eraikuntzak egiten, blokekin jolasten eta abar. Eta, beirak banatzen duen barruko espazio batean, neskato batek bere gustuko musika aukeratu du eta bere kasa ari da dantzan. Anetxu hezitzailearen arabera, ikasle hauen adina aurrera badoa ere, eta, teorian, garai jakin batean aurkitzen badira ere, sinbolizatzeko beharra sentitzen dute eta horretarako askatasun espazioa izateak badu bere garrantzia era integralagoan garatzen joateko.

Behatu dugunez, goizean ikasleak talde zehatzetan aritzen dira tailerretan. Horrela, irakasleek aukera dute zenbaitetan proposamen bideratuak egiteko eta astez aste lanei jarraipena emateko. Horrek taldean aritzeko aukera ematen diela kontatu digute. 

Eskolaren funtzionamenduan eta ordutegian aldaketak etengabe egiten dituztela adierazi digute irakasleek. Eskolaren printzipio nagusiak beti oinarri izanda eta horiek bermatze aldera egiten dituzten aldaketak hobekuntza modura bizitzen dituzte. 

13:00ak dira eta bazkaltzeko ordua iritsi da. 13 ikasle etxera joango dira, eta beste 17ak, eskolaren eraikuntza berean dagoen jatetxean geratuko dira bazkaltzera. Hala, herriko ekosistema ekonomikoan ere laguntza eskainiko dute.

Guraso bat agertu da bere umearen gainean zerbait aipatu nahian. Hiruzpalau irakasle gerturatu dira berarengana eta hitz egiten aritu dira giro ederrean ordu laurden inguru. Argi ikusten da etxekoen aipamenei, oharrei, esanahiei, kezkei eta abarrei garrantzi handia ematen dietela, etxea baita lehen babesa eta ziurtasun habia eta hazierako eta heziketarako gunerik garrantzitsuena. Eta, hori, Txalburuko hezitzaileak kontuan hartzen eta errespetatzen ahalegintzen dira.

Tailerra aukeratzeko unea

Bazkaldu ostean, eguzkia dagoela probestuz, eskola aurrean elkartu dira guztiak, hezitzaileak eta ikasleak. Arratsalde horretan zein tailer irekiko diren ezagututa, hautaketa librea egin dute, adina kontuan hartu gabe, bakoitzaren gustuko tailerra aukeratuz: gaurkoan Aroztegi tailerra, Arte tailerra edo Liburutegia. Denak eskolara abiatu dira poz ederrean, bakoitza  bere egitasmoa, nahia, gogoa edo ametsa gauzatzeko asmoz.

Gure bisita-egun honetan, Aroztegi tailerrean hiru ikasle horman apal bat jartzen ikusi ditugu, elkarlanean ari zirela antzeman zitekeen, batek taladroa eusten zuen bitartean besteek apala heldu edota aholkuak ematen zituzten. Beste zenbait ikasle esku-zerrarekin lanean ikusi ditugu. Neskato batengana gerturatu garenean, aurrez neurtutako eta diseinatutako eltzeitsu baten pieza mozten ari dela adierazi digu. Beste zenbait ikasle eraikuntza gunean ikusi ditugu kanika pista edota egurrezko hainbat eraikuntza sortzen. 

Arte tailerrean artilezko lepoko bat egiten ari da 8 urteko ikasle bat, aldamenean 3 urteko ikasle bat adi-adi begira duela. Josteko makina ere badute tailerrean eta bertan beste bi ikasle euren karterak sortzen eta josten ari dira. Giro lasaian mahaian nahiz horman duten kortxo handian hainbat ikasle ere ikusi daitezke beraien arte adierazpenak sortzen. 

Liburutegian hitzak bilatzen, asmakizunak aurkitzen, jolasak sortzen eta abar aritu dira, baina ikasleen artean adin tarte handia dagoenez, momentu askotan neska-mutil handienek irakasle-hezitzailearen rola jokatzen dutela ikusten dugu, horrek guztiak duen aberastasunarekin. Besteak beste, 5 urteko zenbait ikasle animalien inguruko liburu bat ikusten ari dira eta bertan zer jartzen duen galdetzen diote ikasle zaharrago bati.

Guk ikasleak oso etxeko giroan, lasaian, ikusi ditugu. Batzuk etxeko zapatilak jantzita ikusteak etxeko giroa are gehiago gogoratzen digu. Ikasteko gogo handiz ikusi ditugu haurrak, erronka berrietara irekiak, ikertzaile, eta tailerren bidez egindakoari bizitzarako baliagarriak diren egitasmoak edo helburuak jartzen eta egiten.

Oro har, maiz, eskola txikia, emaitza txikiarekin, eskasarekin lotzen da, mundu honetan handitasunak soilik balio beharko balu bezala. Baina egindako ikerketa apurretan ikusi da eskola txikietan lortzen direla emaitzarik onenak. Ez soilik giroan, harremanetan, gurasoekiko konplizitatean, herriarekiko inplikazioan eta elkarlanean, baita emaitza akademikoetan ere.

Beraz, Eskola Txikiak zaindu beharreko altxorra dira eta bide horretan jarrai dezaten animatzen ditugu. Bada sakoneko ikerketak egiteko eta benetako errealitatea ezagutzeko garaia Euskal Herrian. Unibertsitateek helduko al diote erronka horri? Benetako ekarpen objektiboa egingo lukete.

Plazera izan da Abaltzisketako Txalburu eskola barrutik ezagutzea. Plazera sentitu dugu haur eta gaztetxoengan, eta jakin-mina ikusi dugu haien begietan. Ba al da informatzeko, bilatzeko, ikertzeko, kontrastatzeko eta jakinduria hartzeko jakin-mina izatea baino bide hoberik?

 

“Txalburu eskolako irakasleak eta ikasleak zorte onekoak sentitzen gara Joxe Mariren bisita eta bere hitz aberats eta hunkigarriak jasotzeko aukera izateagatik. Mila esker, bene-benetan.”