Etxeak eskola bihurtuta; argazki bat Euskal Herriko ikastetxeei eta etxeei (II)

2020-03-30

Konfinamenduaren bigarren argazkian ikastetxeetako leihoetako pertsianak itxita ikusten dira; etxeetakoak, aldiz, irekita. Leihotik leihorako hizketaldirik ez da ikusten, baina bi aldeak komunikatuta daude teknologia berrien laguntzarekin, helburua ikastetxearen eta familien arteko komunikazioa mantentzea eta bermatzea izan baita eta ikasketa-prozesuarekin ahal den neurrian jarraitzea. Hormen arteko hartu-eman horren nondik norakoak kontatzen dituzte hainbat irakasle eta hezitzailek hurrengo lerroetan.

 
 
Etxeak eskola bihurtuta; argazki bat Euskal Herriko ikastetxeei eta etxeei (II)

 

Eguneroko aurrez aurreko jardunetik distantziako jarduera pasa behar izan dute irakasleek eta ikasleek; taldean aritzetik bakarka aritzera; elkarrekin erlazionatzeko pantaila edo telefonoa behar izatera; ordutegi finkatua izatetik ordutegi berri bat osatzera; lan egiteko moduak aldatzera, azken batean. Denek egin dute aldaketa, batzuek errazago eta beste batzuek nekezago.

 

Posta elektronikoa, telefonoa, drive, classroom, moodle, jitsi... kontzeptu berriak dira batzuentzat, beste batzuentzat ez. Olaberriko eskola txikian, esate baterako, aurretik horrelako plataformak erabiltzen ohitu gabe zeudela dio Alaitz Makatzaga ikasketaburuak. “Inprobisatzen eta probatzen ari gara. Batetik eta bestetik aukera pila bat iritsi zaizkigu, baina nola ez ditugun ezagutzen, probatzen ari gara”. IKTko mintegitik gomendioak jaso dituzte eta egokiena iruditzen zaien plataformarekin ari dira materialak bidaltzen eta irakasleen arteko bilerak online egiten. “Eskola Txikien sarea ere baliatzen ari gara: eskola txiki guztietako irakasleok sortzen ari garen materiala driven jarriko dugu, ikasleei proposatzen dizkiegun erronkak partekatzeko. Antzeko filosofia daukagunez, elkarren materiala erabili dezakegu driven jarrita”.

 

Haurren adinaren arabera ikasleen jarraipena modu desberdinean ari dira egiten, oro har. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen urteetan materiala prestatu eta korreo elektronikoz bidaltzen ari dira eskola gehienetan. Tuterako Argia ikastolan Haur Hezkuntzako umeei ez die lanerako materialik igorri. Horren ordez, hainbat aholku eman dizkiete errutina mantentzeko eta euskarazko jolasak, eskulanak, audioak eta pelikulak ezagutarazteko. “Gure egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, inportantea da euskara guztiz ez baztertzea egoera honek irauten duen bitartean”. Zaharragoak diren ikasleen kasuan, edukiak eta azalpenak hizkuntza desberdinetan eskaintzen dituzten plataformak badituzte familientzat.

 

Maria Bonilla Leioako Claret Askartza kristau eskolako Haur Hezkuntzako hezitzailea da eta etapa horretan lehenetasuna familiekin harremana mantentzeari eta umeek oinarrizko errutinak ahal den neurrian mantetzeari eman diote. “Momentu hauetan elkarrekin gaudela adierazi nahi izan diegu familiei, gure babesa eta laguntza eskainiz. Horretarako, umeekin etxean burutzeko hainbat ekintza luzatu dizkiegu, betiere proposamen modura, Haur Hezkuntza ez baita derrigorrezko ikaskuntza”. Umeek etxean ordu asko pasa behar dituztenez, eskainitako proposamenekin, denbora arinduz, esperimentatzen, ezagutzen eta ikasten jarraitzeko materiala eta ekintzak proposatu eta eskura jarri ahal badizkie, ongi deritzote. “Lehenengo egunetan eskolan egunero egiten ditugun ekintzen zerrenda bidali genien errutina moduan, ideiak eta proposamenak bideratuz. Orain, bi egunean behin material zehatzagoa bidaltzen ari gara; ipuin bat gehi eskulanak, fitxaren bat, matematika era manipulatiboan lantzeko proposamenak, hizki saldak, hizkiekin jolasak, bideo edo abestiren baten esteka eta abar”. Orain arte horrela moldatu badira ere, argi daukate egoera aldakorra dela eta malgutasun osoz jokatu behar dutela egoerara egokitzeko. Familiekin komunikatzeko eta materiala bidaltzeko orain arte ikastetxean erabili izan duten plataforma erabiltzen ari dira eta une jakinetan telefonoa ere erabili dute.

 

Erandioko Altzaga eskola publikoko Haur Hezkuntzako hezitzaileek ere egoera ahalik eta eramangarrrien egiteko proposamenak luzatu dizkiete familiei, baina batez ere jolastea gomendatu diete, “jolasa baita ikasteko tresnarik onena”. Familiei igorritako mezuan argi diote: “Ez da komeni umea gidatutako jarduerekin gogaitzea, inprobisaziorako eta aspertzeko tarteak ere interesgarriak dira. Zaindu bereziki pantailen gehiegizko erabilera eta batez ere, jolastu”. Sasoi honetan, “galduko ote dutenagatik” kezkatu beharrean, irabaziko duten eta dugun horretan fokua jartzeko azpimarratzen dute: elkar topatzeko, etxekoen arteko espazioak eta kontakizunak berreskuratzeko, pazientzia garatzeko, eguneroko erritmo zoroa gelditzeko, sormena eta irudimena lantzeko, zaintza pertsonal eta kolektiboa egiteko eta abar.

 

Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailan gurasoen posta elektronikoaz baliatzen ari dira zentro gehienetan ikasleei lanak bidaltzeko. Batzuek egunero bidaltzen dute lana eta beste batzuek astean behin. Zenbait material inprimatu egin behar zirenez, ikastetxeak erabat itxi aurretik familiei ikastetxera joateko eta materiala hartzeko aukera eman zitzaien hainbat lekutan. “Gure kasuan, familia batzuk ez ziren etorri eta herria txikia denez, irakasleok joan ginen materiala buzoian uztera”, dio Olaberriko eskola txikiko ikasketaburuak.

 

Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrera, DBHn eta Batxilergoan egoera bestelakoa da. Lehen Hezkuntzako azken bi edo hiru kurtsoetan batzuk chromebook-a edo online lana egiten hasiak daude eta beraz, horien kasuan, modu horretara egiten ari zaie jarraipena. Gauza bera DBHn eta Batxilergoan. Beasaingo institutu publikoko Matematikako irakasle Aloña Azpirozek azaltzen duenez, “zuzendaritzatik jarraibide nagusiak jaso ditugu, gero mintegi bakoitzak bere antolaketa egin du eta hortik aurrera irakasle bakoitza bere eskolak prestatzen ari da: azalpen teorikoak idatzita edo bideoz bidaliz, egiteko ariketak bidaliz, zuzendutakoak ondoren...”.

 

Lina Andueza San Fermin ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendariak dio DBHko antolaketa ikaragarria izan dela: “Guk DBH digitalizatuta daukagu Eki plataformaren bitartez, ikasle bakoitzak bere chromebook-a dauka eta badugu halako kultura bat gure material propioa sortzeko, partekatzeko... Normaltasunean metodologia honen kontrakoak eta aldekoak daude, baina zalantzarik gabe, horrelako egoera batean oso-oso lagungarria da ikasle bakoitzak etxean ordenagailua izatea eta ohituta egotea lanak partekatzen beraien artean, gurekin...”. Dinamika ez da guztiz arrotza ikasleentzat eta ezohiko egoera honetan eguneroko egitura horrek asko lagundu diela aitortzen du Anduezak. “Egin behar izan duguna izan da antolatu”. Antolaketa horretan hiru ardatz markatu dituzte Zizur Txikiko ikastolan: arloko irakasleek lanak prestatu, bideratu eta dosifikatzea; ikasleei etxean denboraren kudeaketan laguntzea; eta ikasleen jarraipena egiteko tresnak diseinatzea.

 

Gasteizko Zabalgana Bigarren Hezkuntzako institutuan DBH 3. mailatik aurrera erabiltzen dituzte chrombook-a, liburu digitalak eta moodle eta classroom plataformak. “Salbuespen egoera dela kontuan hartuta, ez da aldaketa handirik izan, ohituta zeudelako ikasle horiek modu digitalean lan egiten. Horiekin arazorik ez dugula izan esan dezakegu”, dio Miren Fernandez de Betoño ikasketaburuak. “DBH 1. eta 2. mailan, ordea, ez dute halako plataformarik erabiltzen eta ikasle jakin batzuekin kostatzen ari zaigu ez daukatelako ordenagailurik edo Interneterako sarbiderik etxean. Orduan, astelehenero lana prestatzen dugu, irakasle guztiek partekatutako drive dokumentu batean jartzen dugu eta hori bidaltzen zaie familiei e-postaz. Momentuz, gehienak ari dira jasotzen eta lanean ari dira”.

 

Kanboko Xalbador kolegioan Easycol plataforma erabiltzen zuten lehendik; batetik familiek euren seme-alaben agenda ikusteko, hutsegiteen berri emateko eta diziplina mailako gorabeheretarako, eta bestetik, irakasleek ebaluazioak egiteko, datu-base bat edukitzeko eta irakasleen artean komunikatzeko. “Oraingo egoerarekin, beste urrats bat egin dugu eta bi zentzuetara komunikatzeko aukera jarri dugu”, azaltzen du Eñaut Elosegi kolegioko zuzendariak. “Barne mezutegi bat izanen da, beraz, familia bakoitzak idazten ahal dio irakasle bakoitzari edo zuzendariari, eta irakasle bakoitzak ikasleei, familiei edo gelari”. Tresna horren bitartez ari dira bideratzen komunikazio guztia eta etxerako lanak igortzen ere bai. “Ostiral arratsaldeko 5etan irakasle bakoitzak bere gela guztiari komunikatuko dio ondoko asterako zer etxerako lan ematen dieten. Astebeteko lana izango da”, azaltzen du Elosegik. “Hori bai, irakasle arduradunak aurretik lan horien informazio guztia jasotzen du eta ziurtatzen du guk finkatu ditugun irizpide batzuk beteak direla”. Irizpide horiek maila bakoitzean zenbat orduko lana eman behar zaien finkatzeko jarri dituzte, “hori baino gehiago gehiegi da eta hori baino gutxiago ez da komeni”. Horrez gain, zurkaitz bakoitzak (maila desberdinetako 12 ikasleren segimendua egiten duen irakaslea) astean behin egingo du kontaktua familiarekin ikaslea ongi doala ziurtatzeko.

 

Lanbide Heziketako ikastetxeetan egoera berezian harrapatu ditu irakasleak eta ikasleak, bereziki erdi eta goi zikloetako 2. mailakoak. Une honetan praktikak egiten ari ziren enpresa eta erakundeetan eta denak bertan behera geratu dira. Ondorioz plan aldaketak egin dituzte, hala dio Iurretako Lanbide Eskolako zuzendari Tomas Maguregik: “Ezin dugu praktikekin segi, beraz, alderdi teorikoari heldu diogu. Ikasgai guztiek dute alderdi teorikoa ere, eta une honetan modu telematikoan ikasleei azalpen teorikoak bidaltzen ari gara. Irakasleak buru-belarri zentratu dira horretan eta gure arteko koordinazioa ere modu horretan ari gara bideratzen; bideo-konferentziekin, hangouts-ekin eta horrelako erremintekin”.

 

Lanbide eskolen asmoa da konfinamenduak iraun bitartean alderdi teorikoa egitea eta normaltasunera bueltatzen direnean praktikak egitea. Ikasleek praktika kopuru bat egin behar izaten dute, eta egoerak ez du ziurtatzen 2. mailako ikasleak gai izango ote diren ordu kopuru horiek egiteko eta titulua eskuratzeko. “Gutxi gorabehera 380 ordu egin  behar izaten dituzte, eta badirudi Hezkuntza Ministerioa kopuru hori 220 ordura jaistea aztertzen ari dela”, dio Maguregik. “Maiatza bukaeran edo ekaina hasieran bukatu ohi dituzte praktikak, baina aurten luzatu egin beharko da ekaina bukaera edo uztaila hasiera arte modulua osatzeko behar dituzte orduak egin ahal izateko. Horretarako, ez dela eragozpenik egongo uste du Maguregik, ikastetxearen eta enpresaren artean egiten den hitzarmena luzatzearekin nahikoa izango dela.

 

Irakasleak ikasten eta prestatzen

 

Makinaria digitala martxan jartzeko eta egoerari aurre egiteko irakasleek ezinbestean prestatu behar izan dute, helburua argi edukita, Xalbabor kolegioko Eñaut Elosegi zuzendariak azpimarratzen duen moduan: “ondoko asterako lanak prestatzea; konsigna aski argiak izatea parez pare egon gabe ulertuak izateko; manera egoki eta argi batean idaztea ikasleentzako bidali behar dituzten lanak eta materialak; eta ikasleen jarraipena egitea”.

 

San Fermin ikastolako Bigarren Hezkuntzako ikasketaburuak  azaltzen du “jarraipen orokorra egiteko site bereziak sortu behar izan ditugu, ikasleek ikasgai guztiak gune bakar batean zentralizatuta izateko, informazio guztia bateratuta edukitzeko” dio. Gasteizko Zabalganako ikasketaburuak ere ikusten du bateratzeko behar hori: “Bestela ikasleak zoratu egingo dira. Dokumentu bat bidali zaie zehaztuz irakasle bakoitzak zein plataforma erabiliko duen. Irakasleriaren erdiak moodle erabiltzen du eta beste erdiak classroom. Baina hurrengo ikasturteari begira, plataforma desberdinekin ibili beharrean bateratu beharra dagoela konturatu gara. Hori da hurrengo ikasturtera begira egin beharko dugun hausnarketa”.

 

Azpirozek ere ikasle bakoitzaren jarraipena egiten ari direla dio, bakoitzaren galderak erantzunez eta zalantzak argituz, galdera horiek ikasle denei bidaliz eta partekatuz eta abar. “Behar bereziak dituzten ikasleen kasuan haien irakasle laguntzailearekin harremanetan gaude, hark egiten dio jarraipena. Eta gauza bera etxez etxeko zerbitzua jasotzen duen ikasleekin. Denok koordinatuta egon behar dugu jarraipena ongi egiteko”.

 

Irakasleek batzuek lehendik ere erabiltzen zituzten horrelako plataformak. Beasaingo institutu publikoko Azpirozek dio hainbat formazio saio jasotzeko aukera izaten dutela ikasturtean zehar horrelako plataformak ezagutzeko eta nola erabiltzen diren ikasteko. Zabalganako Fernandez de Betoñok gehitzen du irakasleen artean denetarik dagoela: “Institutua irekita dagoenean eta normaltasunez aritzen garenean ere ikusten da hori; batzuk trebeagoak dira eta beste batzuk ez. Baina orain denok asumitzen ari gara behar dugula. Badaude asko dakiten irakasle batzuk eta pila bat ari dira laguntzen gainerakoei”. Erronka berri batean aurrean, beti ikasten.

 

San Fermin ikastolan erronkatzat hartu dute irakasleen artean komunikatzeko moduak diseinatzea. Anduezak dioenez, “oso ohituta gaude taldeka lan egitera, tutore taldeak gara, ez gara gela bakoitzeko tutoreak, baizik eta maila bakoitzeko sei edo zazpio tutore gara. Baina irakasle guztiok etxetik ari gara lanean eta ondorioz etxetik bilerak egiteko tresnak asmatu behar izan ditugu. Ez da erraza aldiero zortzi pertsona etxetik komunikatzea, baina era berean, ikasleei jarraipena egiteko oso garrantzitsua da irakasleon arteko koordinazioa. Horretarako, gmaileko meet edo hangouts erabiltzen garai gara. Plataforma hori berria da guretzat, ikastolan presentzialki geundenean ez genuelako erabiltzen, bilerak aurrez aurre egiten genituelako. Hiru egunetan denok aditu digitalak bihurtu gara”. Olaberriko eskola txikiko irakasleak ere whatsappa eta e-posta erabili dituzte lehen egunetan, baina google meet aplikazioa erabiltzera pasa dira beraien arteko bilerak egiteko.

 

Iurretako Lanbide Eskolako Tomas Maguregi zuzendariak azpimarratzen du egoera kezkagarri honetatik alde positiboa ere ateratzen ari direla: “Guretzat esperientzia berria den honetan izugarrizko bidea deskubritu dugu eskolak ere telematikoan emateko. Irakasleok prestatzen ari gara eta potentzialitate handiak deskubritzen ari gara. Zoritxarrez behartuta, baina ikasteko aukera eman digu”.